sábado, 30 de noviembre de 2019

Giza eskubideen deklarazioa


1789ko Eskubideen adierazpena.





1.      Gizakiak aske eta eskubide beren jabe jaiotzen dira, eta hala irauten dute (…)
2.      Elkarte politiko guztiek dute helburu gizakiaren eskubide natural eta preskribaezinak gordetzea. Askatasuna, segurtasuna, jabetza eta zapalkuntzari aurre egitea dira eskubide horiek.
3.      Subiranotasun ororen printzipioa nazioan datza funtsean.
4.      Legea borondate orokorraren adierazpena da. (…) Legeak berdina izan behar du guztiontzat.
5.      Inori ez zaio trabarik egin behar bere iritziak direla-eta, ezta erlijio-iritziengatik ere. (…)”
Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen adierazpena,

1789ko abuztuaren 26a.



TESTUA AZTERTZEN:




·        Testua aztertzen hasteko, KOKAPENA egin behar dugu. Testu hau kokatzeko, hasiko gara lehenengo mailako iturri historiko batekoa dela esanez, testuan agertzen diren artikuluak eta adierazpen bera urte horretan idatzi zirelako, ez da geroko iruzkin historiografiko bat. Formaren aldetik, argi dago testu juridiko bat dela, adierazpen bat delako eta artikuluez osatuta dagoelako. Gaia gizarteari buruzkoa, soziala. Eskubideak aipatzen direlako, baina gaia politikoa ere bada izugarrizko aldakuntza politikoa -absolutismotik liberalismo politikora- izan zelako adierazpen hori. Frantziako Iraultzaren  testuinguruan. Egilea nor den jakin baio lehen, begiratu behar dugu zein urtetan idatzi zen eta zeri buruzkoa den. Urtea eta garaia: Frantziako Iraultza gertatu zeneko (1789) garaia da. Asanblada nazionala  maiatzean izan zen eta testua hau abuztuaren 26an idatzi zen, asanblada konstituzio bat idazten ari zenean. Nork idazten du? Egilea: Herriak, asanbladan, iraultzaileak dira. Jasotzailea, hartzailea…norentzat idatzi zen testu hau? Aldarrikapen publiko bat da. Beraz, bi hartzaile izan daiteke: alde batetik herria bera, kontzientzia hartzeko (orain eskubideak dituzue!) eta beste alde batetik Absolutismoko agintariak, gauzak aldatu direla ohartarazteko. Asmoa -idazlanaren helburua- eskubide naturalak aldarrikatzea da. Absolutismoari amaiera eman nahi diote iraultzaileek.



·        Kokapena egin ondoren, testua ANALIZATUKO dugu, testuaren ANALISIA/AZTERKETA, alegia. Testu hau ulertzeko, artikuluz artikulu azalduko dugu. Lehenengo artikuluanGizakiak aske eta eskubide beren jabe” jaio direla esaten du. Zer esan nahi du horrekin? Lehenengoz, hortik aurrera ez zirela onartuko esklabotzarik, inork ezin zizkiola uko egin pertsona orori bere eskubideak. Momentu horretan hori esatea oso aurrerakoia eta berria zen eta uko egiten zuen aurrez zegoen sistemaren oinarria: Absolutismoa. Absolutismoan, erregeak esaten zuen ea pertsona batek pribilegioak edo zamak zituen. Erregeak ematen zituen “dohainak” nahi bazuen eta nahi zuelako, eta ezin zuten herri xeheko kideek kexarik egin. Kexa koadernoak zituzten, baina ez zioten erregeari behartzen. Parlamentuak edo Estatu Orokorrak erakunde aholkulariak ziren, eta ez zegoen eskubide politikorik jendearentzat. Bigarren artikuluan eskubideak zeintzuk diren azaltzen du, eta fijatuko gara batez ere horietako bietan: Lehenengoa da “jabetza pribatua”. Eskubide hau burgesek defendatua zen. Gogoratu behar dugu Frantziako iraultza, iraultza burgesa eta liberala zela. Absolutismoan, jabetza komuna zen leku askotan eta burges batzuek negozioak egin nahi zituzten modu librean, Estatuko esku hartzerik gabe. Horregatik, jabetza pribatuaren defentsa egin nahi zuten burges horiek. Iraultza gertatu eta gero, eskubide hori aldarrikapen guztietan agertuko zen. Beste eskubide inportante bat zen “zapalkuntzari aurre egitea”. Honekin zer esan nahi zuten? Zilegia zela iraultza egitea monarka edo estatu burua tiranoa zenean. Honekin kritikatzen zituzten Antzinako Erregimeneko monarkia absolutuak eta adierazi nahi zuten egindako iraultza justua zela. Hirugarren artikuluan subiranotasunari buruz hitz egiten zuten eta “nazioan datza” zioen artikuluak. Hau, berriro ere, iraultzaren oinarrizko printzipioa zen: Absolutismoan subirano bakarra erregea zen. Iraultza liberal honetan, herria, nazioa zen subiranoa. Hau oso aldaketa inportantea zen, iraultzailea. Demokrazian, lehenengo urratsak ematen ari ziren. Laugarren artikuluan esaten zuen “legeak berdina (…)guztiontzat”. Beste aldaketa handi baten aurrean gaude. Absolutismoan, epaitegi bereziak eta araudi bereziak zituzten pertsona batzuek ( kleroak, nobleziak…). Aldarrikapen hau gertatu ondoren, argi geratzen zen berdintasuna lortzen saiatu nahi zutela. Pribilegioekin amaitu nahi zuten iraultzaileek. Azkenengo artikuluan erlijio askatasunari buruz hitz egiten zuten. Artikulu honetan ikusi ahal dugu beste aldaketa handi bat. Antzinako Erregimenean erlijioak erregearen botere absolutua justifikatzen zuen eta erregeek bakarrik erlijio bat onartzen zuten: kristautasuna. Momentu horretatik aurrera tolerantzia erlijiosoa ezarriko zuten iraultzaileek.



·        Baina testu hau ulertzeko, kokatu behar dugu TESTUINGURU historikoan. Zer gertatu zen testua idatzi baino lehen? Eta garai horretan? Eta gero?
*     Iraultza hasi baino lehen, absolutismoa zen sistema politiko nagusia Europan zehar. Testua aztertzean, sistema politiko Absolutistaren ezaugarri politikoak eta sozialak aztertu ditugu. Beraz, ez dugu berriro errepikatuko. Baina ez dugu ahaztu behar, garaiko monarkiak antzinako inperio hauetan, monarkia absolutuak edo despotismo ilustratuko monarkiak zirela. Beraz, botereen banaketa ez zen existitzen, herriak ez zuen abotsa arlo politikoan, burgesiak eragin politikoa zabaldu nahi zuen eta herri xehearen bizi eta lan baldintzak oso eskasak eta latzak ziren testuinguru kultural honetan. Beraz, faktore guzti hauek kontuan hartuta eta ilustrazioaren ideiekin batera, iraultzak eztanda egiteko momentua heldu behar zen.
*     Momentuko gertaerak aztertzean, testu hau Frantziako iraultzan idatzi zela esan dezakegu. Iraultza burgesa eta liberala deitu ahal diogu, nahiz eta iraultzan herri xeheko talde askok parte hartu. (Eta talde pribilegiatuko gutxik, ere bai). Absolutismoarekin amaitu nahi zuten iraultzaileek, Antzinako Erregimenari amaiera eman nahi zioten. Aitzindariak, 1787aren inguruan Estatu Batuetan gertatu ziren. Beraz, iraultza hauek ez ziren bakarrik gertatu Europan, Estatu Batuetan ere bai, itsasoz bestalde. Han, Erresuma Batuko erreginaren agintearekin amaitu nahi zuten 13 lurralde amerikarretan. Eta han, Frantzian bezala, konstituzio bat idatzi zuten. Frantziako egoeraren aurreko urratsak eman zituzten amerikarrek. Geroago, Frantzian iraultza gertatu eta berehala girondinoak eta jakobinoak txandakatu ziren boterean. Lehenengoak moderatuagoak ziren, kontserbadoreagoak. Bigarrenak, jakobino edo menditarrak, erradikalagoak ziren: sans culotts-engandik gertuago egon nahi zutenak ziren (sans culotts-ak behe mailako herri xeheko pertsonak ziren, oso pobreak eta gosea pasatzen zutenak). Jakobinoak edo menditarrak gizartean eta politikan aldaketa sakonak egiteko prest zeuden. Girondinoak poterean zeudela Luis XVI.a, erregea hil zuten, jakobinoek bultzatuta. La Vendeen nekazari batzuk matxinatu ziren monarkikoak zirelako, baina oso neurri errepresiboak egin zituen girondinoen gobernuak haien kontra. Herri xeheko pobreenek ogiaren gaineko prezio maximoa jartzeko legea eskatu zioten gobernuari, gosea saihesteko asmoz. Hori, jakobinoen gobernuarekin lortu zuten. Aztertzen ari garen testua, guztiok adostutako eskubideen adierazpena izan zen “Gizakiak aske eta eskubide beren jabe jaiotzen dira” dio testuak. Jakobinoen gobernuarekin sakondu zuten mota honetako adierazpen berri bat egiten eta beste adierazpen luzeago bat egin zuten. Ez dugu testu iruzkina amaitu nahi Olimpia de Gougesen ekintza gogoratu barik. Olimpia de Gouges girondinoa zen eta “emakume eta hiritarren eskubideen adierazpena” idatzi zuen. Zoritxarrez, gillotinan amaitu zuen jakobinoek erahilda. Hor amaitu zen emakumeen ametsa: haientzat ez zen iraultza izango. Jakobinoek, horregatik, alde oso ilunak izan zituzten gobernuan. Eta oso krudelak bihurtu ziren.


*     Zer gertatu zen Frantziako Iraultza egin eta gero? 1800-1815ren bitartean, Napoleonen garaia izan zen. Napoleonen ametsa Frantziako Inperio erraldoia sortzea zen. Napoleon inperialista eta beligerantea izan zen beti, nahiz eta bere doktrina politikoa liberalismoa izan, “berdintasuna, anai-arrebatasuna, eta askatasuna” lelo pean adierazi. Erresuma Batuak eta Errusiak, Napoleonen kontrako koalizioa eratu zuten eta gerra zabaldu zen. Ehun eguneko Inperioaren amaiera 1815an gertatu zen Napoleonek Europako gerra galdu zuenean, Waterloon. Bitartean, ondo dakigunez Europako potentzia absolutistak ez ziren geldirik geratu. 1814-15ean, Berrezarkuntzako sistema diseinatu zuten Vienako Biltzarrean. Haien helburua Europako potentzien arteko oreka berrezartzea zen. Bain “oreka” hori haientzat Antzinako Erregimena zen. Mapa politiko berria ezarri zuten eta horren ondorioz Germaniar konfederazioa sortu zen. Prusiak eta Errusiak lurralde gehiago eskuratu zuten. Polonia, Austriak, Prusiak eta Errusiak menderatu eta banatu zuten eta Frantziak 1790an zeuzkan mugetara murriztu behar izan zuen bere lurraldea. Geroago, Aliantza Santua eratu zuten Inperio horiek absolutismoari eusteko. Aliantza horretan eskua hartzeko eskubidea aitortzen zuten lurralde edo herrialde batean iraultza liberala gertatzen bazen.  Eta horren ondorioz, Españara “San Luisen 100.000 seme” ejertzitoa bidali zuten Riegoren altxamendu liberalarekin amaitzeko eta Fernando VII.ari tronua itzultzeko. Ikusten dugun moduan, Absolutismoak indar handia zuen. Hala ere, Europan, mugimendu iraultzaileek jo eta ke jarraitu zuten, testu honetan esaten duen moduan “zapalkuntzari aurre egitea” eskubidetzat jotzen zuten. Horregatik 1820, 1830 eta 1848ko iraultza boladetan borrokatu zuten. 1820. hamarkadako iraultzak Españan (baita itxasoz bestalde ere!), Alemanian eta Grezian gertatu ziren. Kutsu liberala eta nazionalista izan zituzten iraultza horiek baina absolutismoak arrakasta izan zuen azkenean. 1830ko iraultzek Frantzian gertatu ziren batez ere ( baita Belgikan ere). Han, Frantzian, Luis Felipe Orleanskoak liberalismoaren aldeko jarrera adierazi zuen Borboitarrek ez bezala; baina gero eta autoritarioagoa bihurtu zen eta itxaropenak ez zituen ase. Azkenengo iraultza Boladak, 1848koak, kutsu liberala eta sozialista izan zituen: Industria iraultza zabaldurik, lehenengo langileen mugimenduak agertu ziren eta. (Sozialismoa, anarkismoa, komunismoa…).



·        Testu honen iruzkinarekin amaitzeko, bere GARRANTZI historikoa nabarmendu behar dugu. Oso testu inportantea da historian. Testu honetan, ikusi ahal dugu jendea eta iraultzaileen esperantza. Eskubideen aldarrikapen honetan sistema absolutistaren lehenengo “zauri” sakona ikusten dugu. Iraultzaileek gizartea aldatu nahi zuten, absolutismoaren sistema amaitutzat jotzen zuten, gizakion eskubide naturalak eta saldu ezinak aldarrikatzen zituzten: erregeak ez zuen subiranotasuna, nazioak baizik. Testu honek, Estatu Batuetako aldarrikapenak bezala, mundua aldatu zuen, nahiz eta kontserbadoreenek eta pribilegiatuek itzelezko erresistentzia egin -armatua, gerra barne-, antzinako pribilegio horiek ez galtzeko eta aldaketak ez onartzeko. deklarazioa 1989



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...