viernes, 30 de octubre de 2020

Frantziako Iraultza

 





FRANTZIAKO IRAULTZA

Frantziako Iraultza, 1789 eta 1799 urteen bitartean Frantziak bizi dituen aldaketa politiko eta sozial sakonen garai gatazkatsu eta korapilatsua da. Prozesu honetan, Frantzian dagoen egitura politikoa irauli egingo da modu azkar batean. Monarkia abolituko da, harreman sozial berriak eratuko dira eta kultura politiko berria sortuko da, hala nola nazioarekiko lotura eta errepublikanismoa. Gizakiaren eta hiritarren eskubideak izango dira oinarrizko printzipioak eta burgesia izango da prozesu osoaren aitzindaria.

Frantziako Iraultza Estatu Orokorren ekimenarekin hasten da 1789ko maiatzean eta ekainaren 17an Estatu Orokorrek organo autonomo bat eratzen dute Biltzar Nazionala deituko dutena. Hauxe uste dute: Botere legitimoa (zilegia) ez dago jada erregearen esku nazio ordezkaria den Biltzarraren esku baizik. Data horretatik aurrera esan daiteke Iraultza garaian gaudela. Era berean iraultza amaitutzat jotzen da Napoleon Bonapartek estatu kolpea egiten duenean 1799ko azaroan Kontsulatua eta Inperioa deituriko erregimenak indarrean ezartzen dituenean.

 

Aldaketa sakon hau Europan eta Ipar Ameriketan ematen den korronte orokorraren lehen kate-begia da. Azpimarratu behar da biolentzia handiko garaia dela, aldaketa oro bortizkeria askorekin garatzen baita. Sarraskiak, exekuzioak, estatu kolpeak, konplotak, intrigak, iraultzaile eta kontra iraultzaileen artean baina baita ere iraultzaileen baitan ugariak izango dira. Hamar urteko garai gatazkatsu hau tendentzia berak markatua dago hau da, sistema politiko berri baten sorrera eta frantziar nazioaren indartzea.

 



Frantziako egoera 1789. urte bezperatan

Iraultza kontraesan eta hausturen kateaketa bat bezala ulertu beharra dago gertakari batek bestea aktibatzen duelarik. Botere borrokak, haserre eta altxamenduak herritar guneetan, prentsa eta propagandaren indarra, guztiak ideologia berriei baturik eragina izango du gertakarien kateaketan. Halere Iraultza ahalbidetu duten faktore objektibo batzuk aipatu ditzakegu.

 

 Antzinako Erregimenaren kontraesan eta krisia

 

Hierarkia soziala hiru ordenu edo estamentuen arabera antolatua dago. Noblezia eta kleroa dira ordezkaritza politikoa duten bakarrak. Beraiek dituzte pribilegioak justizian eta arlo militarrean eta ez dute zergarik ordaintzen. Hirugarren ordenuan, Heren estatuan, Noble eta Eliz gizon ez diren gizarteko beste jende oro daude, txiroak, lur bajeak baserritarrak, merkatariak, burgesia ... jende mota oso ezberdina eta botere ekonomiko eta kultural oso ezberdinarekin. Burgesiak gero eta garrantzi ekonomiko handiagoa hartzen du bere eskuetan baitaude finantzak, merkataritza eta produkzio bideak. Nobleziak kezkaturik ikusten du burgesiaren de facto-zko boterea. Gainera, haiek dira ikasketak egiten dituztenak eta berdintasun politikoaren eta gobernu eta gizarte arrazionalen ideiak garatzen dituztenak. Duten lekuaren kontzientzia hartzen hasten dira eta oraindik ez duten ordezkapen politikoa eskatzen hasten dira.

Egoera intelektuala erabat aldatuta dago. Iritzi publiko bat sortu eta garatzen da. Gizarteak irizten du gai sozial eta politikoen inguruan, eztabaida librerako ohitura txertatzen ari da, pentsamendu korronteak martxan daude, absolutismoa eta feudalismoa kritikatzen dira. Amerikako Estatu Batuen sorrerak eztabaidak pizten ditu esklabutzaren zilegitasunaren inguruan, Eliza eta Nazioaren izaeraz eta konstituzio baten beharraz mintzatzen da.

 

Frantziak kapitalismo merkatari politika espantsionista indartsua garatzen du. Baina garapen hau Frantzia iparraldean ematen da bereziki eta klase sozial batek soilik eskuratzen ditu onurak. Gizartea eraldaketa sakon batean murgildurik dago, kontraesanak bizi biziak daude eta estatuaren krisia oso sakona da. Uztak txarrak dira eta Estatuko kutxa hutsik dago. Ondorioz, irtenbide fiskalak aurkitu behar dira. Finantza egoera hobetzeko modu bakarra klase pribilegiatuek ere zergak ordaintzea litzateke. Baina Erregeak eta estatu gizonek ez diote irtenbide argirik bilatzen eta egoera ezegonkortzen da. Gainera, krisi ekonomiko sakon hori are larriago bihurtzen da Frantziak AEBen independentziako gerraren alde egiten duelarik, gastu asko eta onura gutxi ekartzen baitio ekimenak.

 


Estatu Orokorrak

 

Estatu Orokorrak, krisiari irtenbidea emateko

Maiatzaren 4 eta 5ean Versaillesen hasten dira Estatu Orokorrak baina Erregeak ez ditu biltzarkideen esperantzak asetzen eta ez dago barne arau definiturik. Bozka sistema nola egin ez da adosten eta poliki-poliki korronte politiko ezberdinak finkatzen dira. Maiatza eta uztaila bitartean bi iritzi korronte nagusi agertzen dira Aristokratak eta patriotak. Azken hauek bere garrantzia eta tokia politikan aldarrikatzen dute, burgesak dira eta gehiengoa direla badakite.

 

Hilabete bateko eztabaiden ondotik, Heren estatuak indarra hartzen du eta biltzarreko kideak Nazioaren ordezkari izendatzen dute beren burua. 1789ko ekainaren 17an, Estatu Orokorrak Biltzar Nazionalaren izaera izango duela erabakitzen dute. Beste bi estamentuei bat egiteko gonbitea luzatzen zaie, eta ekainaren 19an, apaiz zenbaitek eta nobleziako 47 kidek bat egiten dute Heren estatuarekin. Ekimen horrek estatuko sistema guztia kolokan jartzen du, Biltzar horrek ordu-arteko estatu ereduari aurre eginez, egoera irauli eta zilegitasun osoa aldarrikatuz estatu eredu berri bat eratze bidean jartzen du. Iraultza egoeran gaudenaren kontzientzia gero eta errotuagoa dago gizartean. Erregea eta Estamentuka antolatutako gizartea ez da mugiezina, are gehiago beste gizarte mota bat posible da.

 

Ekainaren 20an, erregeak biltzeko lekua itxi egiten du ekimena ekiditeko asmoz. Hala ere, Biltzarra aldameneko pilotaleku batean biltzen da eta zin egiten dute bildurik jarraituko dutela herriak konstituzio bat eduki arte. Ekimen honi Pilotalekuko zina deitzen zaio eta herriaren botere, eskubide eta zilegitasunaren ikur bihurtzen da.

 

Konstituzio bat Frantziar Nazionarentzat: Estatu orokorretatik Konbentzioa arte (1789-1792).

Estatu Orokorrak, nazioaren ordezkari


Maiatzaren 4 eta 5ean Versaillesen hasten dira Estatu Orokorrak baina Erregeak ez ditu biltzarkideen esperantzak asetzen eta ez dago barne arau definiturik. Bozka sistema nola egin ez da adosten eta poliki-poliki korronte politiko ezberdinak finkatzen dira. Maiatza eta uztaila bitartean bi iritzi korronte nagusi agertzen dira Aristokratak eta patriotak. Azken hauek bere garrantzia eta tokia politikan aldarrikatzen dute.


 Hilabete bateko eztabaiden ondotik, Heren estatuak indarra hartzen du eta biltzarreko kideak Nazioaren ordezkari izendatzen dute beren burua. 1789ko ekainaren 17an, Estatu Orokorrak Biltzar Nazionalaren izaera izango duela erabakitzen dute. Beste bi estamentuei bat egiteko gonbitea luzatzen zaie, eta ekainaren 19an, apaiz zenbaitek eta nobleziako 47 kidek bat egiten dute Heren estatuarekin. Ekimen horrek estatuko sistema guztia kolokan jartzen du, Biltzar horrek ordu-arteko estatu ereduari aurre eginez, egoera irauli eta zilegitasun osoa aldarrikatuz estatu eredu berri bat eratze bidean jartzen du. Iraultza egoeran gaudenaren kontzientzia gero eta errotuagoa dago gizartean. Erregea eta Estamentuka antolatutako gizartea ez da mugi ezina, are gehiago beste gizarte mota bat posible da.

 

Ekainaren 20an, erregeak biltzeko lekua itxi egiten du ekimena ekiditeko asmoz. Hala ere, Biltzarra aldameneko pilotaleku batean biltzen da eta zin egiten dute bildurik jarraituko dutela herriak konstituzio bat eduki arte. Ekimen honi Pilotalekuko zina deitzen zaio eta herriaren botere, eskubide eta zilegitasunaren ikur bihurtzen da.

 


Giza Eskubideak Konstituzioaren oinarri

Mugimendu hauek egoera azkartzen dute eta Erregeak proposatu erreformak baztertuak dira. Uztailaren 9an Biltzar Nazionalak, Biltzar Nazional Konstituziogile izena hartzen du. Necker Finantza ministroa Heren estatuaren babesle agertzen da eta herrian fama ona hartzen du. Baina Artois-ko kondea (erregearen anaia) eta beste aristokraten presioari erantzunez, Erregeak Necker kanporatzen duelarik, klase herrikoietan haserre eta altxamenduak sortzen dira eta uztailaren 14ean herritarrak matxinatu eta armen bila Bastillara sartzen dira indarrez. Matxinatuek Bernard de Launay markesa erailtzen dute eta bere burua hiri osoan zehar erakusten dute makil batean iltzaturik. Bastille Antzinako Erregimenaren aurkako gorrotoaren ikur bilakatzen da. Erregeak, egoerak gaindituta, Versaillesetik Parisa etorri behar du eta iritzi publiko eta Biltzar Nazionalari zilegitasuna eman. Noblezia berriz, Frantziatik alde egiten hasten da bere egoera kinka larrian baitago eta kanpotik kontra-iraultza antolatzen saiatuko da Europako beste estatuei laguntza eskatuz.

 

Biltzar Nazional Konstituziogileak, abuztuaren 4an, pribilegioen abolizioa aldarrikatzen du. Hortaz noblezia zein kleroen jaun-eskubideak desagertzen dira. Ameriketako Estatu Batuetako independentziaren aldarrikapena eredu hartuta, abuztuaren 26an, Giza eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onartzen da Konstituzioaren oinarri izango dena. Ondorioz, jende oro berdina da legearen aurrean eta Estatua eta Eliza banaturik daude.

Aldaketa politikoek, ezegonkortasunak, krisiak, altxamenduek egoera iraultzen dute eta urriaren 4 eta 5ean, goseak eta bizi baldintza kaskarrak bultzatuak, emakumez osaturiko martxa bat Versaillesera doa Erregearen aurka egitera jauregitik botatzeko. Biolentzia handiz sartzen dira Versaillesen, guardiak erailak dira, erregina bere gelatik bortxaz ateratzen dute eta Erregea Parisa joatea behartzen dute. Izan ere, egoera ekonomiko larri horretan, ogi errazionamenduak indarrean daude, eta bitartean erregeak eta gorteak afari eta jai erraldoiak ospatzen jarraitzen dute. Urriaren 6an, atzean Guardia Nazionaleko 20.000 soldadu dituztela, erregea eta sendia Parisa mugitzen dira, eta honela Biltzar Konstituziogileari zilegitasuna ematen diote. Erregea Tuileries jauregian preso kontsideratua da. 1791ko ekainaren 2an Erregeak eta bere familia berriz ihes egiten saiatuko dira baina ez dute lortzen eta zaintzapean atxikiak daude.

 

Kleroari dagokionez, Antzinako Erregimenean, Eliza herrialdeko lur-jabe nagusia izan zen. 1790ean elizak uzten gaineko zergak eskatzeko zeukan eskubidea bertan behera geratzen da, kleroaren pribilegio bereziak deuseztatzen dira, eta Elizaren ondasun ugari bahitu. Estatuak behartzen dio halaber, Kleroaren Konstituzio Zibilaren bidez Konstituzioari fideltasun zina egitea eta bere menpe egotea. Aita Santuak ez du ituna onartzen eta ondorioz, zina egin eta egoera berria onartu dutenen eta onartu ez dutenen artean banaketa egongo da. Hurrengo urteetan apaizeriak errepresio bortitza pairatuko du bereziki zin egin ez dutenek, kontra-iraultzailetzat joak izanen direlako.


 

Monarkia Konstituzionala (1791-1792)

Biltzarrean alderdiak agertzen hasten dira: Jacques Antoine Marie de Cazalès aristokrata eta Jean-Sifrein Maury apaiza eskuinaren buru (biltzarrean eskuin aldean kokatuak dira), iraultzaren oposizioa dira. Erregezale demokratek Jean Joseph Mounier, Lally-Tollendaleko kondea, Clermont-Tonnerreko kontea, edo Victor Malouet, Virieuko kontea, Neckerrekin batera, Erresuma Batuaren gisako monarkia konstituzionala defendatzen dute. Alderdi Nazionalean, ezker-erdialdean, Honoré Mirabeau, Lafayette, eta Bailly daude lerrokatutak. Adrien Duport, Barnave eta Alexandre Lameth ikusmolde erradikalagoen ikurra irudikatzen dute. Azkenik are ezkerrago, Maximilien Robespierre. Klub politikoak ere eratzen dira, haien artean klub monarkiko eta famatua klub Jakobindarra Menditarrak eta Girondinoak batzen dituena, Bertan burutuko dira eztabaida sutsuenak.

 

1791ko irailean Biltzar Nazional Konstituziogileak Konstituzioa aurkezten du beraz eta Biltzar legegilea eratzen du. Biltzarra erregezale konstituzionalek (Feuillants), Girondinoek (moderatu liberalak) eta Menditarrek ezkerrean osatzen dute gehien bat. Denek erregimen berria onartzen dute. Kontra daudenak aldiz ez dute bozketan parte hartzen edo emigratzen dute. Biltzarraren gehiengoa Monarkia konstituziogilearen aldekoa da, Luis XVI.a estatuburua baino ez da eta Konstituzioaren baldintzapean dago. Ondorioz Biltzarrak Monarkia konstituzionala onartzen du sistema politiko gisa. Lehengo aldiz Erregeak herriak hautatutako Biltzar batekin partekatu behar du boterea.

Frantziako egoera politiko eta soziala kaxkarra izaten jarraitzen du. Biltzar legegileak ez du egonkortasuna lortzen eta erregeak beto eskubidea erabiltzen du oztopoak jartzeko eta erreformak atzeratzeko. Erregearen aldeko egunkariek erresistentziara deitzen duten bitartean Iraultzaileek Erregearen zilegitasuna zalantzan jartzen dute. Horrez gain, zergak denentzat eskatzen dira eta apaizen aurka egiten da. Gerra zibil giroa dago herri osoan. Talde politiko bakoitza indartzen da eta bere aldarrikapenak gero eta argiago plazaratzen ditu. Honetaz gain estatuko altxorra hutsik dago eta armada diziplinarik gabe.

 

Gerra kanpoan eta barruan

Artois-ko kondea erbestean dago eta Europako monarkien sostengua lortzen du. Erromatar-Germaniar Inperio Sainduko enperadoreak eta Prusiako erregeak Frantziako erregearen egoera ez dute onartzen eta Iraultzaren aurka aliatzen dira. Frantziako iraultzaileek mehatxutzat hartzen dituzte beraien adierazpen eta ekimenak. Halere, alde guztiek Robespierrek ez ezik, interes bat ikusten diote gerra egiteari eta horrek giroa okertzen du. Erregeak, eta erregezaleek espero dute gerrak Iraultza ahultzea, Girondinoek, alderantziz, iraultza Europa osoan zehar hedatuko duela uste dute eta Robespierre eta bere jarraitzaileek hobe dela gerra egitea baino etxe barruan iraultza egonkortzea.

 

1792ko apirilaren 20-ean Biltzarrak gerra deklaratzen dio Austriari eta Prusiak Austriarekin bat egiten du. Lehen erasoak Frantziarentzat oso txarrak dira eta armada ahuldua dago intrigen ondorioz. Halere, Frantzia osoan zehar boluntarioak mugak defendatzeko mobilizatzen dira eta iraultza defendatzeaz gain kontra iraultzaileen eta apaizen kontra zigor neurriak hartzen dituzte. Gerrak iraultzaileen alde egiten du eta irailaren 20-an Valmyko batailarekin amaituko da.


Estatutik kanpo dagoen gerlaz gain, barne mailan egoera gero eta gatazkatsuagoa da. Sans-Culottes deitutakoak, Iraultzako alde erradikalena bultzatzen dute. Sans-Culottes-ak, erabat antolaturik ez dagoen mugimendu bat da jende xehe eta herrikoiez osatua, onura sozialak eskatzen dituzte eta aldarrikapenak ez badira beti oso argiak, aurrerakoiak badira: emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte adibidez, baina batez ere erregearen kentzea bultzatzen dute. Eragin handia izango dute klase politikoan, kalean presentzia azkarra baitute. Mugimendu hauek Parisen dute indarra bereziki eta altxamendu ugari antolatzen dituzten giroa ezegonkortuz.


1792ko abuztuaren 10ean, Kanpo Monarkien mehatxuek eta Luis XVI.aren traizio arriskuek bultzatuta, iraultzaile erradikalak eta Sans-Culottes-ak altxamendua antolatzen dute eta Pariseko Komuna Legala (Pariseko udal gobernu iraultzailea 1789an Bastillaren hartzearen ondotik sortua) kendu eta Pariseko Altxamenduzko Komuna ezartzen dute. Bertatik Girondinoak kanporatuak dira. Giro honetan Erregea eta bere Familiaren aurka altxamenduak daude baina baita Biltzar legegilearen aurka ere. Ondorioz, presioen eraginez Biltzar legegileak Monarkia abolitu behar du eta Erregea eta bere familia atxilotu. Krisialdi honek herri guzia hunkitzen du eta puntu gorena irailaren 3 eta 6 bitartean izango da. Sans-Culottes-ak mila apaiza eta kontra iraultzaile baino gehiago erailko dituzte. Azkenean eta giro kalapitatsuan, gobernuak iniziatiba galdurik, Konbentzio Nazionala eratzen da konstituzioa berritzeko eta Errepublika aldarrikatzeko helburuarekin. Errepublika irailaren 21-ean ezarriko da.

Lehen Errepublikatik Napoleonen estatu-kolpea arte (1792-1799)




Konbentzio Girondinoa

Abuztuaren 10eko egunak ondorengo giro politikoa aldatu egingo du. Biltzar legegileak egoerak bultzatuta hainbat neurri hartu behar ditu: Erregearen botereak kentzen ditu eta atxilotu egiten du Luxenburgoko jauregian; herriak Konbentzio Nazional bat hautatu beharko du eta bera izango da Konstituzio berri bat egingo duena, Frantziarentzat instituzio berriak eratuko dituena eta erregearen geroaz arduratuko dena. Ministro erregezaleak (Feuillants) kanporatuak dira eta Konbentzio Nazionala Girondinoak eta Menditarrek osatzen dute. Hasiera batean Girondinoak dira nagusi eta Erregearen aurkako epaiketa saihesten saiatzen dira. Girondinoak probintziako burgesia eta moderatuen sostengua dute eta Menditarrek Sans-Culottes-ena. Hauek Erregearen aurkako auziari tinko eusten diote, traizioagatik kondenatzea lortzen dute eta hiltzera kondenatua da. Erregea, 1793ko urtarrilaren 21ean gillotinatu zuten. Erregina urriaren 16an.

 

Europak ez du begi onez ikusten Frantzian gertatzen ari dena. Izan ere, Europako erregeek Koalizio bat osatzen dute 1793ko otsailean. Horri aurre egiteko, Konbentzioak 300.000 gizon bidaltzen ditu mugak defendatzera, baina herritar asko ukatzen dira eta erresistentzia dago neurri iraultzaileen aurka. Errepresioa oso bortitza izango da eta kontra iraultzailetzat hartua den oro legez kanpo ezarria da eta zuzenean exekutatua. Landa matxinadak sortzen dira Alsazian, Bretainian eta beste hainbat tokitan. Vendéeko eskualdean izango da iraultzaile eta kontra iraultzaileen arteko talka ikusgarri eta bortitzena, nobleak, zin egin ez duten apaizak eta laborariak erregimen berriaren aurka batera altxatzen baitira.

Luis XVI. ejekuzioa

Izualdia

Girondinoen eta Menditarren arteko talkak gero eta nabarmenagoak dira eta Parisen ez ezik Frantziako beste lurraldeetara hedatzen da. Eztabaida boterearen antolaketa motan zentratzen da baina bi tendentzia politiko horien atzean boterearen kontrolaren guda dago. Gainera, gerraren porroten eta prezioen igoeren aitzinean, Sans-Culottes-ek matxinadak antolatzen dituzte Parisen 1793ko maiatza amaieran. Menditarrak horretaz baliatzen dira boterea hartzeko Parisen nahiz eta probintzietako hainbat tokitan Girondinoek duten oraindik indarra. Konbentzioa beraz, Menditarren esku geratzen da eta Konstituzio berri bat onartzen dute 1793ko ekainaren 24ean. Konstituzio horrek botere gehiago emango die herri batzarrei, baina ez da lortuko indarrean jartzen bake egoera ez delako lortzen. Konbentzioak izendatutako botere beterazle nagusia Osasun Publikoko Komitea izango da. Legeak eratu, betearazi eta funtzionarioak izendatzeko gaitasuna du. Hasieran Danton izango da Komitearen buru, geroago Robespierre. Egutegi errepublikanoa eratzen da data horretatik aurrera.

Horrekin batera, ideia erradikalak indartuz doaz prentsa eta propaganda bidez eta tendentzia berriak sortzen dira. Tendentzia batzuk emakumeen parte hartzea politikan aldarrikatuko dute, baina hori ez da XIX. mende arte esanguratsua izango (ez dugu ahaztuko Olimpia de Gougesen historia!). Gune katolikoek erasoak jasaten dituzte, apaizak exekutatuak dira, elizak suntsituak. Sans-Culottes-ek daramate eraso gehiena baina ez du arrakasta bera leku guztietan.

Une berean, gorago aipatutako Vendéeko altxamendua, mendebalderantz hedatzen da indartsu. Erregezaleek ez ezik, Konbentziotik baztertuak izan diren Girondinoek ere Pariseko boterearen aurka altxamenduak antolatzen dituzte. Bestalde kanpo erresumetako armadak indartuz doaz eta mehatxu dira mugetan. Espainia, Piemonte, Prusia, Austria eta Ingalaterrako armadak aurrera egiten dute.

 

Gerrak alde batetik eta Izuaren agintaldiak bestetik jarrera eta politika bortitzak ahalbideratuko ditu. 1793ko abendua eta 1794ko otsaila bitartean milaka pertsona erailak izango dira: Nantesen; Lyonen, Toulonen eta Nîmesen 3700 pertsona espetxeratuak dira eta 30 mila alsaziar inguru ihesi doaz Alemaniara. Euskal Herrian milaka biztanle deportatuak dira Espainiaren alde egin dutenaren susmoa dagoelako.


Robespierre: Botere asko bere esku.



Iraultzaren konsignek justifikatu egiten dituzte neurri bortitz horiek: arerio politikoak estigmatizatu (markatu, guztiok jakiteko etsaiak direla) egiten dira eta legez kanpo jarri. Kultu askatasuna bozkaraziko du besteak beste giroa baretzeko seguruenik, baina botere guztia bere inguruan metatzen du eta 1793ko abenduaren 4an Konbentzioari Iraultzaren gidaritza osoa ematen dio. Salbuespen gobernua ezartzen du eta honek tokian tokiko iniziatiba oro mugatzen du. Horrekin batera Konbentzioak eta Osasun Publikoko Komiteak bere funtzio osoa berreskuratzen dute. Bestalde, Parisko Epaitegi Iraultzailearen bitartez, botere judiziala kontzentratzea lortzen du Estatu gizonak eta Izualdi handia hartzen du martxan babes judizialarekin. Prozedura judizialak sinplifikatzen ditu dekretu bidez eta exekuzioak azkartzen.


 

Bide horretan, Herbert Iraultzaren mantentzearen aldekoa edota Danton moderatu eskuindarra gillotinara bidaltzen ditu. Aste batzuetan 1400 pertsona exekutatuak izango dira. Politika moralista bilakatzen da, ekintzez gain intentzioak ere kondenatzen dira eta Kontra- Iraultzailearen definizioa zabalduz doa. Hizkuntza bat kontra-iraultzaile izan daiteke adibidez; bretoiera, alsaziarra edo euskararen kasuak dira.

 


Bitartean, Robespierrek gero eta arerio gehiago ditu Konbentzioko eta Parisko politikarien artean. Botere osoa bereganatu nahi duenaren zurrumurruak zabaltzen dira eta Sans-Culottes-ak eztabaidatik baztertuak dira. Intrigak sortzen dira eta Robespierre kontra-iraultzailetzat akusatua da eta aste batzuetarako eszena politikotik aldentzen dela baliatuz, arerio politikoak bere aurka antolatzen dira. Konbentzioaren eztabaida batean, Robespierre salatua da eta atxilotua. Hurrengo egunean, uztailaren 28an, gillotinatzen dute, bere aldeko batzuekin batera. Honekin Izualdia amaitutzat ematen da.


Direktorioa (1795-1799)

Klandestinitatean zeuden Girondino asko bueltatzen dira eta moderatu eta Menditar batzuekin batera Konbentzioa kontrolatzen dute. Boterea zentralizatua dago eta indar armatuak kontrolpean daude. Halere egoera ekonomikoa kaskarra da eta maila sozialean desilusio asko dago iraultzarekin. Robespierren figura kulpa guztiak botatzeko erabiltzen da eta azkar indar erregezaleak eta kleroa indartuz doaz. Ondorioz, kontra-iraultzaileek altxamenduak antolatzen dituzte. Gainera, 1794. urtearen bukaeran Iraultzak kontziliazio politika martxan jartzen du erregezale eta moderatuekin eta Antzinako Erregimenaren aldeko gune garrantzitsuak indartzen dira herri osoan. Aldi berean, Menditar erradikalak eta Sans-Coulottes-ak aldarrikapen sozialekin jarraitzen dute, baina Konbentzioak armada jartzen die parean.

Konstituzio berria 1795eko abuztuaren 17an onesten du Konbentzioak, eta irailean herriak berretsi. Bi biltzar dituen sistema adosten da: Bostehunen kontseilua eta Antzinakoen kontseilua eta botere betearazlea bost Direktore edo Zuzendariren esku uzten da. Irailaren 26an sartzen da indarrean Direktorioa (Directoire frantsesez) deitutako erregimen berria. Sistema honek Izualdia itzultzea ekiditen du eta erregezaleen indarra ahultzen. Nahiz eta gune erregezale garrantzitsuak egon Frantzian zehar, ez dute lortuko gizartearen haserrea berpizten.

1795. urtetik aurrera, Frantzia birmoldaketa orokor batean murgiltzen da. Eskola sistema eta osasun sistema berrantolatzen da. Ekonomia aldiz kinka larrian da kudeaketa politika kaxkar baten ondorioz. Zuzendaritzako erregezaleen eta liberalen artean eztabaida bizia jarraitzen du eta gerrak jarraitzen du Austria eta Ingalaterraren aurka. Baina Bonapartek Austriaren aurka irabazten du Itailan eta horrek dirua sarrarazten du Frantziako kutxetan.

 

1797ko hauteskundeetan Erregezaleen gorakada nabarmena da. Baina Zuzendaritzan bost zuzendariren gain 3 errepublikarrak dira. Halere erregezaleen gorakadaz beldurturik, Estatu kolpe bat antolatzen dute errepublikarrek Italiako armadaren laguntzaz (non Bonaparte den buru) eta 53 diputatu eta 2 zuzendari deportatuak dira. 1798an, jakobinoek hauteskundeak irabazten dituzte eta moderatuak boterean jarraitzen dute baina zilegitasunik gabe. Horrez gain, indar politiko ezberdinek Zuzendaritza ezegonkortzen dute.

 


Aurreko urteetako Europako mapa… Monarkietatik Errepubliketara igarotzen ari dira…

Europako gerrek Errepublikak sortzen dituzte Italian, Suitzan eta Holandan besteak beste. Bertako nazionalisten sostenguari esker lortzen du hori Frantziak, baina azkar indarra erabili behar du Frantziaren okupazioak sortzen duen haserrea baretzeko. Bitartean Ingalaterrak abantaila hartzen du itsas aldean. Azken hau ahultzeko asmoz (Indietako bidea moztuz) baina baita ere bere fama indartzeko, Bonapartek Egiptora egiten du espedizioa baina porrot egiten du. Bitartean Turkia, Ingalaterra, Austria, Errusia eta Napolik koalizio berria osatzen dute Frantziaren aurka. Belgika, Suitza, Italia eta Holandan altxamenduak daude. Frantzian kontra-iraultza indartzen da eta erregezaleak kanpoko monarkiekin botere hartzea prestatzen dute. Halere, 1799ko irailean Frantziak errusiar eta ingeles armadak atzera botatzea lortzen du. Gerra, negoziaketa batzuen ondorioz amaitzen da.

 


Seyes abadea

1799ko azaroan, Seyès iraultzaile moderatua Zuzendaritzako kide izendatua denean, erreformak bultzatu nahi ditu eta Konstituzioa aldatu. Estatu Kolpe bat antolatu behar dela uste du. Horretarako Bonaparteren laguntza izango du baina azkenean ,Napoleonek boterea bereganatzeko erabiliko du ekimena eta estatu kolpea burutu ondoren hiru kidek osatutako Kontsulatua deituriko erregimen politikoa ezartzen du eta Napoleon berak izendatzen du bere burua Kontsul nagusi. Iraultzaren aroa amaitutzat ematen du ekimen honekin.

 

Ondorio gisa

Frantzia eraldatuta irteten da Iraultzako hamar urtetan.

1.      Antzinako erregimena desagertzen da, honekin batera absolutismoa eta monarkia bera.

2.      Konstituzio bat eratzen da, estatua bozkatutako lege batzuen arabera antolatzen da lehen aldiz.

3.      Botereen banaketa ematen da. Botere legegilea, betearazlea eta judiziala gero eta argiago marrazten dira.

4.      Subiranotasun nazionala: Boterea herritik datorrenaren ideia nagusitzen

5.      Demokraziaren kontzeptuak garatzen hasten dira.

6.      Homogeneizazioa, zentralizazioa:  Estatuaren izaera politikoa indartzen da eta homogeneizatzen, legeen berdintasunaren ondorioz. Probintziak kendu eta departamenduak sortzen dira estatua gero eta gehiago zentralizatuz. Armada nazionala sortzen da.

7.      Jabetzari dagokionez, ordea, ez dira hain aldaketa handiak gertatzen eta desoreka handiak mantentzen dira aberats eta pobreen artean. Aberatsenek mantentzen dute jabetzaren %75-80ª nahiz eta biztanleen %6-7 izan.

8.      Finantza sistema birmoldatzen da, banku zentral bat sortuz eta moneta ezarriz.

9.      Ideia politikoak, sinbologia, kultura sozial, ekonomiko eta politiko berria hurrengo mendeko oinarri izango dira. Iritzi publikoa sinbolo berrien inguruan antolatua dago (eskuina/ezkerra). Horrekin batera prentsa eta publikazio politikoak eta kultura politikoa garatzen dira.

 

Pilota Jokoa

Burgesiak zuzendutako Iraultza da eta ekonomiako erreformak bere interesen araberakoak dira. Lurren birbanaketa egiten da, joandako nobleen eta kleroaren lurrak Burgesiaren esku geratzen direlarik. Zergak biltzeko modu berria ezartzen da, non estatuak kontrolatzen duen zergen bilketa eta hiritar orok duen ordaintzeko betebeharra. Nobleziak bere oinarrizko funtzioak eta pribilegioak galtzen ditu, estatuko bizian ez du eraginik nahiz eta botere ekonomiko zerbait mantentzen dituen, Kleroak ondasunak galdu ditu eta duen eragina dagokion eremura mugatuko da, hau da erlijiora, Estatua laikoa baita. Baserritar gutxi batzuk aberastu egin dira baina gehienek ez dute beren egoera aldatu. Irakaskuntza zentralizatu eta homogeneizatu egingo da, Frantsesa Iraultzako hizkuntza nagusia bilakatuz.

 

Cazadores Vascos. Año 1793

Frantziar iraultza sistema politiko batetik beste sistema politiko baterako trantsizioa dela esan daiteke: ordenuetan antolatutako gizarte batetik, non pribilegioak gutxi batzuk dituzten gehiengoaren kalterako, gizakiaren berdintasun kontzeptua defendatzen duen eta ekonomia kontrolatzen duen burgesia merkatariaren gizarte mota batetara pasatzen gara. Heren estatuan dagoen burgesia merkatariak, gizarte feudala irauli eta klaseetan oinarritutako gizarte mota baten oinarriak eraikiko ditu, non bera den sistema berriaren kudeatzailea. Alabaina, sistema politiko hau indartzeko, Estatuaren izaera ideologikoa indartu egin beharko du. Iraultzaren bitartez, Estatua eta Nazio kontzeptua batu egingo ditu sistema ekonomiko eta politiko berriaren oinarriak sendotzeko asmoz. Europa osoan ematen den Estatu-Nazioen sorrera garaia izango da eta horren parean estaturik gabeko nazioen agerpena.

 

Iraultza eta Euskal Herria

Euskal instituzioen desagerpena. Lapurdiko Biltzarraren kasua

Estatu Orokorrak biltzen direnean 1789an, Euskal Herrian Kexa kaierak osatzen dira estamentuka. Lapurdiko Biltzarra dugu aipagai esanguratsuena. Heren estatua ordezkatzen du eta Garat Anaiak juristak doaz Parisera Estatu Orokorretan Lapurdiko nahiak eta eskaerak defendatzera. Hasiera batean ez doaz Lapurdiko instituzio berezia defendatzeko, orduan ez baita Biltzarraren izaera arriskuan ikusten. Kexa kaierak lau gai nagusi lantzen ditu, sarreran laburbiltzen dituenak:

 

"Escaldun Francesen botuac içanen dire lehenic Nacionearen Constitucionearen, Erresumaco Tresoren, eta Justiciaren Partitcearen gainean: Objet handi eta important horietz mintçatu ondoan baicic, ez dituzte nahi adiarazi laohurdireb onetan eguinen tuzten bere galde particularrak: Laphurdic Erresumaco frontera edo azquen muguerri beçak¡la, mereçi duen arren, Gobernamenduak behar dioçon begui atçarri, eta samur batçuez".

 

Baina, abuztuaren 4eko gauean Pribilegioen abolizioa aldarrikatzen denean eta abuztuaren 11ean Lapurtarrek dekretuaren berri jasotzen dutenean, Lapurdiko antolaketa instituzionala deuseztatua geratzen dela eta beraz Biltzarra desegina dela ohartzen dira. Dekretuaren 10. artikuluak hala dio:

 

"...tous les privilèges particuliers des provinces, principautés, pays , cantons, villes et communautés d'habitants, soit pécuniaires, soit de toutes autres natures, sont abolis sans retour et demeureront confoncus dans le droit commun de tous les Français".

 

Lapurtarrek Frantziar konstituzioa eta Zuzenbide Orokorra onartzen zuten eta Pilotalekuko zinarekin bat egin zuten eta beraien ustez ez zegoen kontraesanik "Escual Naçione" antolaketa instituzionalarekin. Biltzarreko kideen ustez Frantziar nazioa federazio gisa ulertzen zen, non bere baitan nazio ezberdinak zeuden eta Iraultzak guztia indartu eta berpiztuko zuen. Berantago, Robespierren manupean, federazioaren ideia Erregezaleen ideiatzat hartua izango da eta beraz kontra iraultzailea. Baina argi utzi beharra dago Biltzarraren kasuan ezin dela federalismoa feudalismoarekin nahastu, Biltzarra beti kokatu baitzen feudalismoaren aurka. Pribilegioen abolizioak federalismoa eta feudalismoaren nahasketa ahalbidetzen ditu eta Lapurtarrak daramaten prozesu iraultzailea tranpa batean erortzen da. Lapurtarren eskaera ez da ulertua izango Parisen eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Euskal Instituzioak desagertuko dira.

 

Monumento en recuerdo del Biltzar de Lapurdi

Euskal departamenduaren afera

Biltzarrak bere izaera galdu ondoren, Lapurtarrak egoerari egokitzen dira eta Frantzia osoan 1789ko azarotik aurrera ematen ari den zatiketa administratibo berriari beren ekarpena egiten diote. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko dituen Departamendua eratzea proposatzen dute Biarnotik eta Landetatik banatua. Biltzar Nazionalean Euskal probintziek beraien diputatuen bidez plazaratzen dute eskaera baina 1790eko urtarrilaren 12an Biltzar Nazionalak atzera botatzen du eta Biarnoa eta Euskal Herria batuko lituzkeen departamendua eratzea erabakitzen du, Biarnokoen sostenguarekin. 1790eko otsailaren 26an Pirinio Apaletako departamendua (Département des Basses-Pyrénées frantsesez) deituriko departamendua osatzen da euskaldunen borondatearen aurka.

 

Euskara eta Iraultza

Dominique-Joseph Garat

Iraultzaren lehengo urteetan dokumentu ofizialak euskarara itzuliak ziren. Gorago aipatutako Kexa Kaiera adibidez, bi hizkuntzetan egina izan zen eta Departamenduari buruzko eztabaida izan zenean Biltzar Nazionalean Garat anaiak Hizkuntzaren irizpidea jarri zuten argumentu nagusitzat Biarnorekin batera ez egoteko. Baina 1793tik aurrera hizkuntza politika aldatuz joan zen Frantziar Gobernuan. Frantziar Iraultzak nazionalismo sutsuaren itxura hartzen hasi zen. Konbentzioan aurkeztutako bi txosten honen adierazle dira. Lehena Grégoire apaizak 1794ko ekainean aurkeztutakoa eta bigarrena Barère jaunak uztailean. Grégoire txostenak honakoa dio besteak beste:

 

"chez les basques, peuple doux et brave, un grand nombre est accessible au fanatisme, parce que l'idiome est un obstacle à la propagation des lumères (...) sans pouvoir assigner l'époque fixe à laquelle ces idiomes (basque , breton) auront entièrement disparu, on peut augurer qu'elle est prochaine. (...)".

 

Barère Jaunak hizkuntza eta izaera batzen ditu:

 

"Le fédéralisme et la superstition parlent bas-breton; l'émigration et la haine de la République parlent allemand; la contre-révolution parle l'italien, et le fanatisme parle le basque. Brisons ces instruments de dommage et d'erreur.(...)".

 

Konbetzioak frantsesaren irakaskuntza sustatzeko neurriak hartuko ditu horrekin batera frantziar nazionalismoa indartzeko asmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...