FEMINISMOAREN LEHEN PAUSOAK
1. Emakumearen eskubideak Frantziako Iraultzan
Mary Wollstonecraft
britainiarrak, 1792an argitaratutako Emakumeen eskubideen
aldarrikapena obran, aldarrikatzen zuen senar-emazteek eskubide
berberak eduki behar dituztela, emakumea gizonaren berdintzat hartu behar zela sozialki,
eta emakumeek eskubidea zutela heziketa hobea jasotzeko. Olympe Gougesek
bezala, ez zuen arrakasta handirik izan bere garaian.
2. Banakako ekintzaileetatik mugimendu sufragistetara
XIX. mendearen erdialdean, emakumeen eskubideen aldeko testigantza bakanek lehen mugimendu feministak ekarri zituzten; hasieran, ordea,
gutxienen jarrera izan zen, baina apurka-apurka indarra hartzen hasi ziren
batez ere Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan.
Mugimendu haietan, liderrek eta jarraitzaile leialenek
ondo definitutako profila zuten: erdi
mailako klasekoak, ideologia liberal
progresistakoak eta kultura-maila
altukoak.
Langile-klaseko emakumeak –sozialistak eta
anarkistak, hain zuzen ere–, ostera, ez ziren nahastu feminismoaren borrokan.
Haien helburuak bi hauek ziren: berdintasun soziala eta haien klaseko kide
guztien emantzipazioa, gizonena zein emakumeena. Eta nekazariek,
gehien-gehienak landaguneetako bizimodu tradizionaletan murgilduta egonik, ez
zuten jartzen zalantzan emakumeari ordura arte esleitutako rola.
3. Estatu Batuetako lehen feminismoa
Estatu Batuetan, hasiera-hasieran, esklabotzarekin amaitzeko borrokan ari
ziren mugimendu protestanteekin lotuta egon zen feminismoa. Borroka hartan
sartuta zeuden emakume asko, erdi mailako klasekoak eta kultura-maila altukoak
izanik, berehala jabetu ziren oso antzekoak zirela emakumeen eta esklaboen
egoerak: emakumeei eta esklaboei ez zitzaizkien aitortzen hainbat eta hainbat
eskubide.
Hala, 1848an,
emakumeen eskubideen aldeko Estatu Batuetako lehen batzarra antolatu zen, New
York estatuko Seneca Falls izeneko
herrixkan. Esklabotzaren Aurkako Konbentzioan (Londres, 1840) elkar ezagutu,
eta abolizionismoaren aldeko bi aktibista izan ziren batzar haren
bultzatzaileak: Lucretia Mott eta Elizabeth Cady Stanton.
Ehun lagunetik gora bildu ziren Seneca Fallsean; haietatik
heren bat, gutxi gorabehera, gizonak. Seneca Fallseko Adierazpena izan zen
batzar haren fruitua, 68 emakumek eta 32 gizonek sinatua; bertan, salatzen
zuten zapalkuntza eta gizarte-bazterketa jasaten zutela emakumeek, eta
eskubideak ukatzen zitzaizkiela.
60ko hamarkadan esklabotza abolitu ostean, boto-eskubidea
aitortu zitzaien gizonezko herritar guztiei –baita esklabo izandakoei ere–,
baina ez emakumeei.
Horrexegatik sortu zen, 1869an, Estatu Batuetako mugimendu
sufragista: hasieran bi elkarte izan ziren, baina bat egin zuten 1890ean, National
American Woman Suffrage Association osatuta.
Emakumeen boto-eskubidea onartu zuen lehen estatua Wyoming izan zen,
1869an; hurrengo biak, Utah (1870) eta Colorado (1893). Emakumeen boto-eskubidea
Estatu Batuetako estatu guztietara hedatuta, prozesu horren amaiera 1920an
gertatu zen, Konstituzioari erantsi zioten Hemeretzigarren Zuzenketaren
bitartez.
4. Erresuma Batuko lehen
feminismoa
XIX. mendearen bigarren erdian, Erresuma Batuan, feminismoaren funtsezko
eragilea gizon bat izan zen, bitxia bada ere: John Stuart Mill filosofoa eta liberalismo ekonomikoaren teorialari
nagusietakoa. Inolako zalantzarik gabe, eragin handia izan zuen berarengan
Harriet Taylor Mill emazteak. John Stuart Mill bizi guztian egon omen zen emakume
bikain harekin maiteminduta, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako
harremana izan zuten; garai hartan guztiz ezohikoa zen harreman-mota, hain
zuzen ere.
Hala, Erresuma Batuko Parlamentuko Komunen Ganberako bere aulkitik, John
Stuart Millek proposamen bat aurkeztu
zuen emakumeei boto-eskubidea emateko, baina atzera bota zuten. 1869an, Emakumearen
menpekotasuna liburua argitaratu zuen, non gizarte patriarkal
tradizionalaren aurka egiten duen, eta aldarrikatzen duen gizonek eta emakumeek
guztiz berdinak izan behar dutela eskubideei begira; bereziki,
boto-eskubidearen arazoa nabarmentzen zuen. Berehala zabaldu zen liburua
Europan eta Estatu Batuetan –baita Australian eta Zeelanda Berrian ere–, eta
egundoko eragina izan zuen nonahi mugimendu sufragisten gainean.
Beste alde batetik, 1867an, National
Society for Women’s Suffrage elkartea sortu zen; beraz, esan liteke britainiar
eta estatubatuar sufragismoak garaikideak izan zirela, baina hasieran
britainiarra ez zen estatubatuarra bezain errotuta egon gizartean.
Benetako bultzada XX. mendearen hasieran jaso
zuen, entzute handiko aktibista batzuek emanda; besteak beste, Emmeline Pankhurst (1958-1928) Women's
Social and Political Union elkartearen sortzaileak (1903).
Lehen Mundu Gerra amaitutakoan, guztiz zaila egin zen emakumeen bazterketa
politikoa justifikatzea emakumeak gizonezkoak baino gutxiago zirela
argudiatuta, zeren eta, gizonezkoak frontean borrokatzen ziren bitartean,
emakumeek sektore guztietan haiek ordezkatu eta halaxe frogatu zuten
gaitasun-maila berbera dutela.
Edonola ere, 1918an boto-eskubidea eman zitzaien zenbait emakumeri: botoa
emateko, 30 urtetik gorakoak izan behar zuten, eta ondasunen bat izan behar
zuten (emakumeek berek edo haien senarrek). Hamarkada bat geroago, 1928an, 21
urtetik gorako emakume guztiei aitortu zitzaien boto-eskubidea azkenean ere,
gizonei aitortzen zitzaien bezala.
Lehen Mundu Gerra hasi baino lehen, munduko lau estatutan baino ez zen
lortu emakumeen boto-eskubidea (Estatu Batuetako zenbait estatuz gain):
Zeelanda Berria (1893), Australia (1901), Finlandia (1906) eta Norvegia (1913).
5. Eta, ba al zegoen emakumerik langileen mugimenduan?
Industria-kapitalismoaren lehen faseetan, langile-klaseko emakumeen bizimoduak eta lanak esplotazio-baldintza bereziki gogorrak zekartzan –haurren lanaren mailakoak–: soldata oso txikiak, eskubide-gabeziak... Langile-mugimendua gizarte-aurrerapen txikiak lortzen joan zen esparru horretan, apurka-apurka: Erresuma Batuan, 1842an, debekatu egin zen emakumeek meatzetan lan egitea, eta 1847an, lanaldia hamar ordu eta erdira jaitsi zen emakumeentzat. 1891n, emakumeen lanaldia asteko hirurogei ordukoa zen Alemanian; eta Erresuma Batuan, 1901era arte ez zitzaien legez onartu emakumeei igandeko atsedena.
Langile-mugimenduan, hainbat joera kontrajarri agertu ziren emakumeen emantzipazioaren inguruan. Sozialista utopikoen artean, hauek dira Fourierren hitzak: "gizarte-aurrerapenak emakumeek askatasunerantz emandako aurrerapausoen proportzioan gertatzen dira". Aitzitik, beste batzuek –Proudhonek, kasurako–, etxeko lanetara eta etxean senarraren menpera baztertzen zituzten.
sss |
Hainbat gizataldek
iritsi duten zibilizazio-maila bertako emakumeek daukaten independentziaren
araberakoa da.
Flora Tristan (1803-1844) |
Flora Tristán-ek langile-klasearen esplotazioaren adierazletzat jo zuen emakumearen egoera, Langileen Batasuna (1843) erakundean lanean zegoela.
Langileen Nazioarteko Erakundean (LNE), Marxek eta Engelsek emakume langileei gizonenak bezalako eskubideak aitortu nahi zizkieten. Eta hau esan zuten: "Emakumearen emantzipazio-maila, guztion emantzipazioaren neurri naturala da". Hala ere, orokorrean, Internazionalak (LNEk, alegia) emakumeak soldatapeko lanetik baztertu nahi zituen, etxean gera zitezen. Hala izan zen 1867ko deklarazioan.
CLARA ZETKIN (1857KO UZTAILAREN 6A-1933KO
EKAINAREN 20A) “Nazio guztietako emakume sozialistok herriak beren artean borrokatzera daramatzan etsaitzat jotzen dugu inperialismoa”
|
|
Horregatik, Clara Zetkin politikari ezkertiarrak hau lortu zuen II. Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarrean: emakumezkoen sufragioa sozialisten batzarretan, emakumeak alderdian afiliatu ahal izatea eta emakumeen taldeak sortzea. Zetkinek Berdintasuna aldizkaria zuzentzen zuen (1910), eta han idazten zuen zer-nolako egoeran zeuden emakumeak eta zein eskubide sozial nahi zituzten. Aurreko irudian ikusten dugun moduan, emakume feminista askoren ustez, emakumea bera ez zen gai bakarra: horregatik, menderatutako herrien alde eta kolonialismoaren kontra altxatu zuten ahots kritikoa. Ezkerrean kokatuta, kapitalismoaren krudelkeria edota kontraesanak ere salatu zituzten.
|
Kapitalistek ez zuten jo emakumeen lana bereziki interesgarritzat soldata
baxuak irabazten zituztelako bakarrik, baizik emakumeak manukorragoak direlako.
—Clara Zetkin |
No hay comentarios:
Publicar un comentario