lunes, 11 de enero de 2021

kapitalismoa, katuzarrak, garraioak eta izurriak

 IZURRIAK* HISTORIAN ZEHAR...

*(Pandemiak)

Kaixo, historiagileok!!

Gaur berriro zuekin. Honetan, erakutsi nahi dizuet zer nolako bilakaera eduki duten pandemiek historian zehar. Batez ere, XIX. mendean ikusiko dugu gai hau. Horretarako, hemen gainean ageri den liburu honen zati bat itzuli dugu (Irale kontsulta zerbitzuari esker!) , eta apur bat moldatu ere bai. Andreas Malm-en liburu horretan, kapitalismoak aldaketa klimatikoan duen eragin zuzena  aztertzen du egileak; baita deforestazioaren gainekoa ere, eta nola sabaldu den  Sars Cov-2 birus berri hau animalia basatien estresarekin batera...
Baina, momentuz, bakarrik zatitxo hau bakarrik ekarri nahi izan dut klasera.

Egon al dira beste pandemia batzuk hau gertatu baino lehen? Nola? Zer egin zuten orduan? Nola kutsatu eta zabaldu ziren garai horietan?




Lurrun-makina asmatu zen garaitik aurrera, izurriak beste modu batean zabaltzen hasi ziren: munduko beste leku batzuetara hedatu ziren, eta bizkorrago. Hona adibide batzuk:

·  1832an, Europa sarraskitzen ari zen kolera-pandemiak ozeanoa zeharkatu zuen; ondoren, bi berragertze izan zituen, 1848an eta 1866an. Kroniken arabera, “inoiz ez bezalako abiaduran” hedatu zen Mekatik (Saudi Arabia) Mississippira (AEB).

·   Sukar horiak 1849an zeharkatu zuen aurreneko aldiz Atlantikoa lurrunontzi batean; Rio de Janeiro eta New Orleans hirietan, esaterako, egundoko epidemiak sortu zituen.

  • 1890eko hamarkadan, Kanton-dik (Txina) abiatuta, beste izurri bat hedatu zen opioaren bide-sarean barrena –garai hartan, bapore armadunek babesten zuten sarea– mundu osora, Sidney-tik (Australia) Santos-era (Brasil).


·   Belaontziak baino ez balira egon, elgorria ez zen inoiz iritsiko Fiji uharteetara: belaontzietan Indiatik Fijira zihoazen langileak –azukre-plantazioetan larrua galtzeko moduan lan egiteko kontratatuta– elgorriak jota igoz gero, edo guztiz sendatuta heltzen ziren Fijira hiru hilez nabigatu ondoren, edo ozeanoaren sakonean zeuden gorpu, itsasaldian hilda. Baina, britainiarrak baporeak erabiltzen hasi zirenean, Indiatik Fijira bitarteko itsasaldia hilabetera murriztu zen, eta halaxe lortu zuen elgorriak Fijira heltzea.

Dena dela, aipatutako epidemia horiek guztiek (XIX. mendekoek, alegia) hildako gutxiago ekarri zituzten izurri beltzaren (XIV. mendea) eta Kolon Amerikara heldu ondoren zabaldu ziren izurrien aldean (XV. mendearen amaiera aldetik aurrera). Beraz,  XIX. mendekoak historikoki esanguratsuak badira, ez da hildako ugari sortu zituztelako, baizik eta espazioan eta denboran bestela hedatu zirelako: lurrunaren goraldiaren aurreko izurriak ez bezala, munduaren luze-zabaleko fenomenoak izan ziren, eta oso azkarrak. Eta heltzear zeuden hondamendien iragarle izan ziren.





1918an, birus batek hegaztien erreserborio batetik  –seguruenik, ahate basatiena– gizakietara egin zuen salto, Kansas-en dirudienez, eta ziztu bizian hedatu zen mundu osoan baporeen bidez. ‘Gripe espainiarra’ izena jarri zitzaion, Espainiako prentsa izan baitzen lehena haren berri ematen: garai hartan, Lehen Mundu Gerrako azken txanpan sartuta zeuden herrialde gehienak, baina ez Espainia, eta horrexegatik ez zegoen zentsurarik Espainiako prentsan. Berez, egokiagoa litzateke ‘gripe estatubatuarra’ deitzea, edo baita ‘lurrun-gripea’ ere. Hiru aldiz munduari buelta eman, eta berrogeita hamar milioi pertsonatik gora hil zituen hamazortzi hilean: gizateriaren historian gertatutako heriotza-kopuru izugarriena izan zen. Bigarren agerraldia izan zen lazgarriena: 

1918ko abuztuan, birusak mutatu, eta aldaera berria biriketako barru-barruraino sartzen zen, eta gizakien larruazala urdinez tindatu; lau infektatutako bat hil zen, gorputzaren barrualdetik ateratzen zen jariakin apardun eta odolduan itota. Andui horrek hiru itsas porturi erasan zien aldi berean: Boston (AEB), Brest (Bretainia, Frantzia) eta Freetown (Sierra Leona). Freetown funtsezko geltokia zen ozeanoan zeharreko bidaiak egiten zituzten lurrunontzientzat, bertan kargatzen baitzuten ikatza (inguru hartan ustiatzen zituzten britainiarrek ikatz-meategiak). HMS Mantua gurutzaontziko nabigazio-egunkariak honela dio, lakonikoki: abuztuaren 1ean Plymouth-etik itsasoratu zirenean, lau marinel zeuden gaixorik; handik hamabost egunera, Sierra Leonara heltzean, 124 («Hasi da ikatz-zamaketa; Sierra Leonako langileak erabili behar izan ditugu»). Handik bost egunera, lehen heriotza jaso zuen egunkariak: marinel bat hil da pneumoniak jota. Denbora gutxira, marinelak dozenaka hitzen hasi ziren, eta, sierraleonarrak HMS Mantuan ikatza kargatzen ari ziren bitartean, gripea Afrikan lehorreratu zen: lehenengo eta behin, Freetowngo zamaketariak eta meatzariak hil zituen, eta gero kontinentearen barrualderantz zabaldu zen trenaren bitartez. Afrikako beste portu batzuetan ere gertatu zen gauza bera, eta bertatik ziztuan hedatu zen kontinente osora; trenez, betiere. «Garraio-sare koloniala pandemia barreiatzeko diseinatuta balego bezala» gertatu zen dena, hondamen hura deskribatu zuten historialarien hitzetan. Saharaz hegoaldeko Afrikan bi milioi lagun hil ziren guztira, hura ere garai hartako katastrofe demografikorik izugarriena, oso denbora-tarte laburrean kontzentratua. Lurrun-makinek, itsasoz eta lehorrez, munduko bazter guztietara eraman zuten pandemia –berrogeialdi-neurri zorrotz-zorrotzak ezarri zituzten oso urrutiko irla gutxi batzuetara izan ezik–; hori dela-eta ondorioztatu zuen historialari batek: «hitz gutxitan esanda, lurrun-makinak sustatutako pandemia izan zen».



Edonola ere, baporeen nabigazioaren eragina ez da ezer hegazkinenaren aldean, erregai fosilen bidezko garraioaren gailurra baita hegazkina. 




Hegazkinak, oktanaje handiko erregaia erabilita, –ikatzaren bidezko garraioen aldean– amen batean eraman ditzake infektatutako pertsonak noranahi. Izan ere, kontinente batetik besterako hegaldiak hain dira azkarrak, non patogeno-bektore batzuek –gehienbat, artropodoak: zomorroak, armiarmak…– lurreratu eta gero oharkabean gaindi ditzaketen sarbide-kontrol guztiak eta beste kontinente batean sartu. Baina ohikoagoa da gizakiek berek garraiatzea birusa kontinente batetik bestera, ordu gutxiren buruan, inkubazio-aldia hasi berritan. Zenbat eta aireportu gehiago, hainbat eta sarbide gehiago birusentzat; zenbat eta bidaiari gehiago, gizatalde gehiago arrisku latzean; zenbat eta hegazkin gehiago airean, itxitegi gehiago: alboan jesarrita daukazun bidaiariak eztul egin, eta arriskua dago bota dituen germenek zu infektatzeko, eta ez dago arrisku horretatik gordetzeko modurik, ezin baitira leihoak ireki. Troposferako birus-superautobide horrek errukigabe hedatu ditu pandemiak, garai batean lurrun-garraioak hedatu zituen bezain errukigabe, baina goragoko maila batean. Azken bi mendeotan zazpikoiztu egin da giza populazioa; mendebaldeko herrialdeetako mugikortasuna, berriz, mila aldiz handiagoa da; gorakada hori, gehienbat, 1960tik aurrera gertatu da. XIX. mendeko bigarren erdian bezala, baina beste eskala batean.




2002an, SARSek erakutsi zuen aurreneko aldiz zein eraginkorra den superautobide hori: ordu edo egun gutxian, birus batek jauzi egin zuen saguzarretatik zibetetara, zibetetatik azoketara, eta azoketatik, hegazkinen bitartez, Torontora (Kanada), Hong Kong-era (Txina) eta Singapur-era. Gure zorion bakarra hau izan zen: infektibitatearen maximora heldu baino lehen nabariak zirela sintomak. SARS-CoV-2 koronabirusa, berriz, are hilgarriago gertatzen ari da: Wuhan-en sortu, eta, Txinako hiri hori hamaika milioi bidaiari potentzialen bizitokia izanda, inor konturatu gabe sartu zen Bangkok-era zihoan hegazkin batean –han gertatu zen Txinatik kanpo ezagutzen dugun lehen kasua– , eta Bangkok-etik –besteak beste– Tokio (Japonia), Seattle (AEB), Seul (Hego Korea) eta Stockholm-era (Suedia) bidaiatu zuen; behin lurreratuta, infektatutako bidaiariek agerraldi berriak sortu zituzten. 2020ko urtarrilaren amaierarako, nazioarteko hegaldietan sasiko bidaiari saihestezin bihurtuta zegoen birusa.

Jakina, hegaldi-sarea ez da uniformea munduaren luze-zabal osoan; oso urria da, esate baterako, Balutxistan-en (Pakistan) edo Somalilandian. Aberatsek besteek baino gehiagotan erabiltzen dute hegazkina, eta horrek azaltzen du zergatik izan den horren ezohikoa COVID-19aren pandemian izan den biktimen kronologia. Kontrara, Txinako Herri Errepublikan sortu beharrean –adibide bat jartzearren– Kongoko Errepublika Demokratikoan sortu balitz, birusa ez zen hain urrun iritsiko, Txina berebiziko protagonista baita kapitalismo globalizatu honetan, eta, beraz, hegazkin bitarteko garraioan. Sare horretatik kanpo, ezinezkoa izango zen saguzar izutu batek edo pangolin batek ezer transmititzea. Gripe espainiarrak ikatz eta lurrunaren bitartez bidaiatzen zuen; COVID-19ak, ostera, petrolio eta hegazkinen bitartez: argi dago zerk lotzen dituen bi fenomenoak.




No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...