KEYNES-en proposamen ekonomikoa:
ESTATUAREN INTERBENTZIONISMOA ETA
ONGIZATE-ESTATUA
John M.
Keynes-ek,
eskarien beherakadak sortutako atzeraldietan jarduera ekonomikoa sustatzeko, kontsumo
pribatuaren ahulezia gastu publikoa handitzearekin orekatu behar zela
proposatzen zuen. Hala, Estatuak ekonomian esku hartuz gero (inbertsioen,
diru-laguntzen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintza eta eskariaren bitartez),
atzeraldia gainditu eta hazkunde-aldira itzul zitekeen ekonomia, nahiz eta
behin-behinean Estatua asko zorpetu. Nola edo hala esanda, eredu komunistaren
–Estatuak kontrolatutako ekonomia– eta kapitalismo liberalaren eredu
klasikoaren bitarteko formula da keynesianismoa (kapitalismo liberalaren eredu
klasikoaren arabera, ekoizleen/eskaintzaren eta kontsumitzaileen/eskariaren
arteko lehia askeak gidatu behar du ekonomia, Estatuak ahalik eta gutxien esku
hartuta).
Gastu
publikoaren politikarekin batera (azpiegiturak eraikitzea,
enpresentzako diru-laguntzak eta kredituak, zerbitzu sozialak…), gehienbat
Europan, nazionalizazioak izan ziren
zenbait sektoretan, hala nola energian, garraioan eta banku-sisteman. Estatuak,
enpresaria balitz bezala, bere egiten zituen –erosi egiten zituen– zenbait
konpainia, sektore horien interes estrategiko eta sozialagatik, errentagarriak
izan zein galerak ekarri. Keynes-en ereduak, behin kapitalismoaren ortodoxia
berria bilakatuta, hazkunde ekonomikoa bultzatu zuen, bai eta enplegu betea sustatu ere. Ez hori bakarrik: hari esker, Ongizate-estatua eraikitzea lortu zen (welfare state), batez ere Europan,
Estatuak gero eta gastu sozial handiagoa bereganatuta: populazio osora hedatu
ziren osasun-laguntza, erretiro-, langabezia-, zahartzaro- eta alarguntza-sariak,
eta doako oinarrizko hezkuntza; eta gizatalde behartsuenek errazago eskuratu
zitzaketen etxebizitza eta bestelako gizarte-prestazioak.
Labur esanda, aurreko mendeko 50eko eta 60ko
hamarkadetan, mundu kapitalista aurreratuko estatuetan, eta gizartearen
sumindura eta komunismoaren tentazioa saihestearren, aberastasuna modu
bidezkoagoan banatu zen, aberatsenei zerga handiagoak ezarrita populazio
osoaren oinarrizko premiak asebetetzeko.
Beste alde batetik, oparotasun ekonomikoaren,
kontsumo-ondasunen ekoizpen masiboaren, enplegu betearen eta gizarte-maila
guztietan erosteko ahalmena handitu izanaren ondorioz, mundu kapitalista
aurreratuko estatuetan bizi-mailak
eta kontsumo-mailak gora egin zuten nabarmenki.
Irudi honetan ikus daiteke keynesianismoa arlo politiko eta ekonomikoan zabaldu baino lehenagoko egoeraren irudi kritikoa: langileen klaseak bizkarrean eramaten ditu aberatsak. Bost aberats famatu dira eta langileak, ugari. Ikusten dugunez, gizartearen injustizia salatzen du marrazkigileak. Eta horrexegatik, hartzen du zentzu betea haierako irudiak.
|
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario