Kaixo, ikerlariok!!
Gaur ekarri nahi dizuet gelara oso gai interesgarria. "Fake"-ek eta "egi-ostea"-ak betetzen dituzte gure mundua, gure informazioa, errealitatea ezagutzeko gure moduak. Ez dakigu non dagoen egia, eta askotan sinesten dugu ergelkerietan. Ramon Nogeras-en liburua irakurri ondoren, "zatitxo" bat ekarri nahi izan dizuet (mokokadotxoa, besterik ez, zuen interesa pizteko). Historian sakontzeko, errealitatea ezagutzeko...jakin nahi duzue zelan funzionatzen duen gure burmuinak? Nola interpretatzen dugu errealitatea bizirik irauteko? Eta, badauka horrek zerikusia sinesten ditugun ergelkeriekin ("mierdas", egilearen hitzetan)?.
Zatozte!!
Isuri kognitiboak: zer diren eta nola
saihestu
Ramón Nogueras
Ramón Nogueras psikologo konduktistak[1]
(behavioristak) modu errazean azaltzen
digu bere bideo eta artikuluetan zertan diren isuri kognitiboak eta zergatik
sinesten dugun “ergelkerietan”. Hemen, Noguerasen ekarpen batzuk bilduko
ditugu, hobeto ulertzeko nola prozesatzen dugun gizakiok informazioa, nola
partekatzen dugun, eta nola hartzen ditugun erabakiak, eta zer gertatzen zaigun
hori guztia egiten dugunean. Baina, ezer baino lehen, aipatu behar dugu Ramón
Noguerasen ustez Psikologia giza jokabidearen zientzia dela.
1.
1.
Isuri kognitiboak. Guztietan
garrantzitsuena: berrespen-isuria
Bouba
eta Kiki. Kiki eta Bouba
Inguruan gertatzen
zaizkigun fenomenoak ulertzeko azalpen bila joatea gustatzen zaigu gizakioi, eta ez gara lasai geratzen
erantzuna “ez dakit” izaten denean. Hori dela eta, errealitatea azaltzeko
behin-behineko ideia batzuk eraikitzen ditugu, eta gero ideia horiek berresten
dituzten azalpenak bilatzen ditugu. Informazioa interpretatzeko modu oker horri
esaten zaio “isuri kognitibo”.
Isuri kognitiboa,
azken finean, fenomeno edo gertaera bat balioztatzean sistematikoki egiten
dugun hutsa da, ondorio okerrak ateratzera, uste ez-zuzenak eraikitzera edo
gertatzen dena desitxuratzera garamatzan efektu psikologiko bat. Isuri
kognitiboetan, eragin handia du gure irrazionaltasunak. Hala da: gizakiok ez
gara inola ere izaki arrazional pentsatzaileak, informazioa zuzen prozesatzen
dutenak eta erabakiak enpirikoki frogatutako datuen arabera hartzen dituztenak.
Ezta gutxiago ere…! Izan ere, itsu-itsuak izaten gara egiten ditugun hutsekin.
Inguruan gertatzen
dena gure aurreiritzien arabera interpretatzen dugu; gainera, behar dugun
informazio guztia ez dugu beti izaten eskura, edo ez dugu kontuan hartzen behar
genukeen bezala: modu arrazional eta koherentean, zuzen ulertzeko zer gertatzen
den edo zer esaten diguten.
Isuri ohikoenetako bat berrespen-isuria da, gure aurreiritzia berresten duen guztia sinesteko joera. Gaur egun, fake edo albiste faltsu ugariren biktimak izaten gara: benetako informazioa heltzen zaigu zenbaitetan, baina baita gezurrezkoa ere, nahita manipulatua… Hala, teknologia-enpresak konturatu dira ezen, zenbat eta errazago bete ekintza bat, hainbat eta gehiagotan betetzen dugula. Une honetan, munduko gauzarik errazena da gezur bat lagunekin partekatzen ibiltzea jakin gabe benetan zerbait faltsua dela.
Nortzuek daukate
joera isuri kognitiboak edukitzeko?
Isurien arabera pentsatzeko
eta erabakiak hartzeko joera mundu osoko fenomenoa da, bai herrialde
garatuetan, bai garatu gabeko herrialdeetan, hala ekonomia-maila altuko
jendearengan nola pobreengan, adimentsuenengan zein inozoengan gertatzen dena:
inor ez da libre informazioa bere isuri kognitiboek eraginda interpretatzetik.
Zientzialariek
ere, isuriak izaten dituzte?
Askotan ikusi ahal
izan dugun bezala, zientzialariak ere ezin dira libratu isuriak izatetik,
defendaezina defendatzeko modu horietatik. Zientzialari batzuk bikain-bikainak
izan litezke beren jakintza-arloetan, baina, hortik kanpo, sinesmen
lotsagarrienak gordetzen dituzte. Hala, baliteke norbait munduko aditurik onena
izatea arroka bolkanikoen zenbait osagaitan –adibide bat ematearren–, eta aldi
berean zurrumurru edo sinesmen arrazistak defendatzea; esaterako, adimenari
dagokionez aldea dagoela zurien eta beltzen burmuinen artean; jakina, nahiz eta
inoiz ikertu ez, horrelako iritziei eusten diete itsu-itsuan, sekula baieztatu
edo gezurtatu gabe.
Orduan, zergatik
sinetsi behar Zientzian?
Metodo zientifikoan,
gerta liteke zientzialaria bere hipotesi
batekin “maitemintzea”, eta hipotesi hori isuri kognitibo bihurtzea
zientzialari horrentzat, halako moldez non galarazi egingo dion gauzak argi
ikustea edo ikerketa nahigabe bideratzea aurrez pentsatzen duen hori
berresteko. Baina esperimentu enpiriko batean, gauzak ez dira horren sinpleak:
inkestak egiten dira, beste zientzialari batzuek –hipotesiarekin “maiteminduta”
ez daudenak eta beraz isuriak baldintzatu gabe daudenak– ere parte hartzen dute
prozesua baieztatzeko edo gezurtatzeko…
Hala, berdinen
artean metodo zientifikoa zorrotz aplikatuta egiaztatu behar da ea benetakoa
den lehen hipotesia, eta horrela saihesten da isuri kognitibo edo sinesmen
faltsu bihurtzea. Denbora batez, behinik behin: ondotxo dakigu zientziak
aurrera egiten duela denborarekin, eta gerta liteke benetakotzat hartzen zen
teoria bat faltsutzea eta beste batek haren lekua hartzea, edo teoria bat
zenbait kasutan bakarrik aplikatu ahal izatea eta beste batzuetan ez.
2.
Disonantzia kognitiboa
Batzuetan, denok
izan dugu esperientzia hau: aurrez sinetsi dugun zerbait erabat ukatzen bide
duela heldu zaigun iritzi edo informazio batek. Horrelakoetan, txarto
sentitzeko joera izaten du gure burmuinak: disonantzia kognitiboa agertzen da,
bi baieztapenenen arteko krisia, bi egia
kontraesankorren artekoa.
Adibidez:
1)
Uste osoa daukat “hildakoen
espirituek” eragina daukatela nire bizitzan; eta haiekin harremanetan jar
gaitezkeela ouija-taula baten
bitartez.
2)
Halako batean, irakurtzen dut
liburu fidagarri batean espiritismoa asmatu egin zutela New York-eko Fox
ahizpek, eta gero aitortu ere egin zutela dena izan zela iruzur galanta.
Bi baieztapen
horiek bi kognizio bateraezin dira, bi egia
kontrajarri. Horretaz jabetzean sentitzen dugu disonantzia kognitibo izeneko ezinegon hori. Eta gure baitan halako
inkoherentzia-irudi bat sortzen da: Ezin sinetsi bi gauza horiek aldi berean!
Gehienetan, disonantzia
horien aurrean, pertsona batek, nahiz eta adimentsua izan, bere isurien arabera
jokatzen du. Pentsa dezakegunaren aurka, zientifikoki frogatutako egia onartu
beharrean, ahalegintzen da arrazoitzen edo justifikatzen zergatik jarraitzen
duen benetakoa izaten aldez aurretik sinetsi duenak, nahiz eta ageri-agerian
egon faltsua dela. Adimen handiko pertsonak oso adimentsuak izan daitezke
justifikaezina justifikatzeko!
3.
Heuristikoak eta eskuragarritasun-heuristikoa
Erabaki bat
hartzeko orduan erabiltzen dugun halako “lasterbide”
bat da heuristikoa. Erabaki arinak hartzen ditugunean, oso ohikoa da
heuristikoak baliatzea. Izan ere, inor ez da gai egunean zehar jasotzen dituen
informazio guzti-guztiak egiaztatzeko, guztiz ezinezkoa baita; are gutxiago
gaur egungo gizartean, hiperkonektagarritasunaren eta
informazio-gehiegikeriaren sasoi honetan, albisteetatik hasi, lagun eta
senideen gomendioetatik pasatu, eta memeetara heldu arte. Nork egiazta dezake heltzen zaion informazio-bolumen
ikaragarri hori? Heuristikoek errazten digute bidea, arin erabakitzeko
irizpideak izanik. Jakina, ez dira zertan izan beti okerrak. Izan ere, gehienetan
zuzen jokatzen dute gure irizpideek, zeren askotan gure esperientzien fruitu
izaten baitira. Gure etxean, umetan, hondartzan egoten ginenean, honako
heuristiko hau erabiltzen zuten gurasoek gurekin: “Galtzen bazara, jo ezazu
umeekin dauden emakumeengana”. Zergatik? Uste osoa zutelako profil horretako
emakumeak, behinik behin, “fidagarriak”
izaten direla, eta prest egoten direla galdu den neskato edo mutiko bati
laguntzeko.
Zer da eskuragarritasun-heuristikoa? Normalean,
informazio “nabarienean” ipintzen dugu arreta handiagoa, gogoratzen errazenean.
Eskurago daukagulako informazio hori. Hori dela eta, informazio horri garrantzi
handiegia emateko joera izaten dugu. Adibidez, jende askori gertatzen zaio
bizi-bizi gogoratzen dituela migranteek egiten dituzten delituak. Mehatxua
dakarrenez, esan dezakegu “informazio nabaria” dela delitu bat, baina baita
migrante batek egin izana, zeren ez baita “gutako” bat: norbait gugandik
desberdina da. “Mehatxua” eta “desberdina”… informazio nabariak dira. Horrexegatik
izaten dugu joera gertaera horiei gehiegizko garrantzia emateko, eta sinesteko
benetan baino ohikoagoak izaten direla horrelako delituak.
4.
Eta nola saihestu isuriak,
sinesmen faltsuak….?
Ezinezkoa da isuri
kognitibo guztietatik libre izatea, gizakion eboluzioan informazioa
prozesatzeko garatu ditugun baliabideak direlako. Informazioa prozesatzeko gure
modua akatsez beteta egoten da. Uste usteletan sinestea saihesteko, oso
interesantea izango litzateke informazioa ahalik eta zuzenen zabaltzea; onena,
jakina, egiazkoa dena baino ez zabaltzea, eta egiaren aurkako interesen izenean
–dela zure alderdi politikoari mesede egitearren, dela zure salmentak
areagotzearren, dela zure edo enpresaren ekonomia hobetzearren– fake edo albiste faltsuak sortzeak
ondorio negatiboak ekartzea. Baina gure gizartean gezurrak sortzeak eta
zabaltzeak ez dakar inolako ondorio txarrik, zigorrik jasan gabe sortzen eta
zabaltzen dira gezurrak, talde edo pertsona jakin batzuen onurarako, edo
iritzia manipulatzeko.
Adibide erraz bat:
nahiz eta behin eta berriro gezurtatu den, jendeak uste izaten du migranteek
sekulako dirutzak jasotzen dituztela migrante izate hutsagatik. Baina eskatu iezaiozu
norbaiti uste ustel hori frogatzen duten datuak edo estatistikak erakusteko,
edo zehazteko non ageri den BOEn (Estatuko Aldizkari Ofiziala) migranteentzat
horren onuragarria den legea…; nahiz eta mila frogarekin agerian utzi uste
ustela dela, norbait horrek tinko-tinko jarraituko du atxikitzen sinesmen
zentzugabe hori, seguru sentitzeko eta krisi-sasoietan errua nori leporatu
edukitzeko.
Hona hemen “aholku”
batzuk, bereizteko noiz gauden isuri kognitibo baten, edo uste ustel baten, edo
faltsua izan daitekeen sinesmen baten aurrean:
1. Lehena, oso erraza: informazioa WhatsApp bitartez
badatorkigu, iturria ez da fidagarria.
2. Komunikabide eta berri-agentzia batzuek beste batzuek baino gezur edo
albiste faltsu gutxiago zabaltzen dituzte. Oso garrantzitsua da iturriak ondo
ezagutzea, zein ideologia duten, zer-nolako interes politikoak: lagungarria
izango zaigu esaten dutenari buruz pentsatzeko.
3. Zerbait asko gustatzen bazaizu, oso lasai eta zoriontsu uzten bazaitu…
baliteke egiazkoa ez izatea (adibidez: “Ez da existitzen COVID-19aren birusa”
mezua). Irtenbide arinak eskaintzen dituzten uste eta sinesmenak, errua
gutxiengoei egozten dietenak, arazo konplexuentzat konponbide errazak ematen
dituztenak, mezuak goitik behera sinplifikatzen dutenak… horiek guztiak,
gutxienez, zalantzan jarri!
4. “Niri on egiten dit” delakoa ez da izaten irizpide egokia. Zalantzarik
gabe, zientzialarien arteko adostasuna askoz ere irizpide hobea da. “Plazebo”
izeneko efektuak erraz nahastu gaitzake.
Eta amaitzeko…:
kontuz koerlazioarekin eta kausalitatearekin!
Adibidez: Ume
txikitxoek ez dute musukoa eramaten aldean, eta COVID-19 gaitzak oso-oso arin
jotzen ditu. Bi datu horiek koerlazionaturik daude, nolabait: musukoa ez
eramatea eta COVID-19a ez izatea batere larria. Baina bata ez da bestearen
zergatia: Zergatik jotzen ditu oso arin COVID-19ak umetxoak, musukorik ez
duteLAKO eramaten? Ez! Bata (musukorik ez eramatea) ez da bestearen zergatia
(COVID-19ak arin jotzea). Faktore erabakigarria (benetako zergatia) oso
bestelakoa da, zientzialarien arteko adostasunaren arabera: kasu horretan,
adina.
Beraz, gizakiok ez gara informazioa zuzen prozesatzen dugun makina arrazionalak, baizik eta erabakiak hartzeko eta bizirauteko ondorio arinak ateratzen saiatzen garen organismo akastunak.
[1] Konduktismoa:
Psikologiaren korrontea, gertaera psikologikoen eta gizakiaren funtzionamendu
psikikoaren azterketa kanpotik beha daitezkeen ezaugarri eta datuetatik
bakarrik egin daitekeela pentsatzen duena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario