EMMELINE PANKHURST (1858-1928)
Kaixo!! Itziar Villanueva Etxeberria naiz, irakaslea. Hemen duzu urte askotan egin dudan lana, zuretzat. Erabili, ikusi eta ikasi! bakarrik gauza bat eskatuko dizut: erabiltzen baduzu materiala, aipatu mesedez nondik atera duzun. Eta hobetzeko proposamen bat baduzu...Idatz iezadazu posta elektroniko bat!
EMMELINE PANKHURST (1858-1928)
Antzerkia
Estatua, zertarako?
1. Lapurreta
Naroa —Kaixo, Miren. Zelan?
Miren —Ondo, badakizu, apur bat kezkatuta nago lehenengo partzialak txarto
egin ditudalako. Etxean errieta egin didate, ezin duzu imajinatu…!
Naroa —Joe, zein zorte txarra! Baina, zergatik kontatu diezu? Gero azken
azterketak gaindituko dituzu, eta kitto! Ez dute zertan enteratu!
Miren —Ezetz, Naroa! Aurten, batxilergoko lehen mailan gaudenez, oso adi
ibiltzen dira, eta arreta handiagoa jartzen diote egutegiari. Ez dira memeloak!
Gainera, esan didate batxilergoa ez dela derrigorrezko hezkuntza, eta
horregatik, ez badut gainditzen, familiaren tabernan lan egiten jarriko nautela..!
Naroa —Baina esan diezu ez duzula nahi? Gainera, zer egin ahal dizute? Bost
axola zuri!
Miren —Momentuz, erabaki dute nire irakasgai guztiak gainditu arte ez didatela
asteko pagarik emango. Naroa! Beraz, gaur ezin dut erosketarik egin zurekin: ez
daukat dirurik! Zelako kaka zaharra!
Naroa —Bueno, ez larritu, Stradivarius-era joango gara paseoan. Ikusiko dugu
arropa edo bitxiak, eta badago! Edo nahiago duzu auzoan geratzea eta
txinatarren denda batera joatea? Nik bi euro, gutxienez, badauzkat.
Miren —Berdin dio, sartu gaitezen honetan, Naroa!
Narratzailea —Naroa eta Miren produktu merkeak saltzen dituen denda batean sartu dira.
Txinatarrak dira denda horren jabeak. Momentu horretan, mostradorean dagoen
dendariak ez du arreta jartzen, beste erosle bati kobratzen ari zaiolako.
Miren —Joe, tia, ez dakit! Hik flipau eiteden! Ze heavy…!
Naroa —Ezetz, Miren, zoaz eta hartu zeozer polita kobratzeko unean dendariari
kaka ematen diodan bitartean. Irtetean, mese, ez begiratu atzera! Zuk ez nauzu
ezagutzen!
Miren —Okei! Banoa! Barre batzuk egingo ditugu!
Narratzailea —Mirenek diru-zorro txiki bat bat hartu du, belarritakoen poltsa bi, eta
burua bi aldeetara begira, lapurtutakoa motxilan sartu du. Geroago, motxila
bizkarrean jarri, eta irten da dendatik. Kanpoan, Naroa du zain. Oso barregarria
iruditu zaie biei. Batu direnean, oraindik apur bat urduri, auzo horretatik
alde egin, beste leku batera joan, eta banku batean jesarri dira. Ez dute ikusi
andre batek dena kontatu diola dendariari, bien artean poliziari deitu, eta nesken
deskripzioa eman diotela. Gauzen bilgarriak apurtu baino lehen, lapurtutakoari
begiratu bat eman, eta tripak botatzen egon dira denboratxo batean. Bitartean, ertzain
bi, abisua entzunda, autoa aparkatu eta jaitsi egin dira. Atzetik hurbildu zaie
ertzain bat bi neskei, lapurtu berri dituzten gauzatxoak ikusi, eta eskatu egin
dizkie. Erzainak leku zuhurrago batera joateko eskatu die. Oso beldurturik egon
dira bi nerabeak. Eta han...
2. Ertzainarekin. Botere
betearazlea
Ertzaina —Zuen izen-abizenak eman behar dizkidazue, mesedez. Eta erakutsi NANak.
Naroa eta
Miren —Naroa Perez Urkidi / Miren Elba Martinez —biek,
dardarka.
Miren —Nik ez dut ekarri NANa… Ekarri ahal didate gurasoek?
Ertzaina —Egin duzuena ez da txikikeria bat. Denda horretan familia batek
bizimodua ateratzen du, kostata. Gauzak ez dira errazak inorentzat, eta are
gutxiago auzoko denda txikientzat. Zuek egin duzuena mundu guztiak egingo balu,
denda txiki horien amaiera izango litzateke. Eta familia batek hortik ateratzen
du bizimodua. Egin duzuena jabetzaren kontrako falta bat baino ez da izango,
lapurtutakoaren balioa gutxi delako. Dena dela, salaketa bideratzea da gure
eginbeharra. Eta auzoko andrearen eta dendariaren testigantzarekin, guk bideratutako
salaketa epaitegietara joango da. Bata lapurra eta bestea laguntzaile
ezinbestekoa izan zarete. Lehenengoa, zu, Miren, eta bigarrena zu, Naroa. Hilabete
bat barru, etxera helduko zaizue zitazio bat epaitegietara joan zaitezten,
gurasoekin batera. Han, epaile batek aztertuko du egin duzuena, eta epaia
emango du. Gutxi-gorabehera 600-700 euroko isuna (edo handiagoa) jarriko
dizuete epaileek, zuei edo zuen gurasoei. Gainera, aurrekari penalak izan ditzakezue,
adin nagusiak bazarete. Zenbat urte dituzue?
Miren eta
Naroa —16 / 15… —biak erdi-negarrez, xuabe-xuabe, garrasi
barik.
Ertzainak —Zorionez, libratu zarete. Baina pentsatu behar duzue nagusiak izan bazinate, aurrekari penalak edukita, ate asko itxiko zitzaizkizuela. Adibidez, funtzionarioak izateko aukera: irakasleak, medikuak edo poliziak, arlo publikoan. Eta enpresa edo leku askotan, aurrekari penalak eskatzen dituzte pertsona bat kontratatu baino lehen… Etorkizuna jartzen ari zarete kolokan.
Narratzailea —Momentu horretan, Miren negarrez hasi da. Naroa ere, kopetilun egon da,
eta oso lotsatuta. Bitartean, ertzainek gurasoei deitu diete, eta dena azaldu.
Gurasoen zain egon diren bitartean, Mirenek ezin izan dio negarrari eutsi.
Naroa lasaiago egon da, eta galdetu dio ertzainari ea barkatuko zieten dendariek.
Ezetz esan zion ertzainak. Gurasoak heldu, eta berehala joan dira bi familiak
etxera. Neskek egun asko igaro dute epaitegietako deiaren zain. Urduri, lotsati
eta kezkatuta egon dira. Batzuetan, amets ere egin dute gertatutakoarekin.
Ertzainarekin eduki zuten elkarrizketa grabatuta daukate memorian. Halako
batean, gutun bat heldu zaie bi nesken gurasoei, epaitegietatik.
(Ekintza hau
epaitegian gertatzen ari da)
Epaileak —Ju Kai Txen andrea: Berretsi egiten duzu zeure erabakia?
Ju Kai Txen —Bai,
ez dut salaketa honekin jarraitu nahi. Buruko min ugari ditut nik
negozioarekin, gure ume txikiarekin eta dudan lan eskergarekin. Lapurtutako
gauzen bilgarriak ez zeuden apurturik, eta salgai jarriko ditut berriro. Neska
gazteak dira, kontzientzia gabekoak. Ertzainarekin hartu duten sustoarekin
nahikoa izango dela espero dut.
Epaileak —Kasua
artxibatuta geratzen da!
(Ekintza hau
Mirenen etxean gertatzen ari da)
Mirenen ama —Miren,
etorri hona! Berri onak heldu zaizkigu. Epaitegietatik eman digute abisua. Ju
Kan Txenek ez du salaketarekin jarraitu nahi izan. Oso eskuzabala izan da egin
duen horrekin. Nik uste dut zeozer egin beharko zenuketela auzoko dendariarekin
Naroak eta biok txarto egin duzuena konpontzeko.
4. Zergak ordaintzea, ongizate-estatua
eta zintzotasuna
Miren —Naroa,
ondo iruditzen zaizu gurasoekin komentatu duguna egiten badugu?
Naroa —Jakina, tia, ni oso txarto sentitu naiz egun hauetan…
(Dendariarengana
hurbildu dira. Eta berarekin hitz egin nahi dute)
Miren —Kaixo, Naroa eta Miren gara. Lapurtu genizkizun gauzak ordaintzera
etorri gara, eta barkatzeko eskatzera. Gainera, laguntza eskaini nahi dizugu
denda zuekin garbitzeko eta ordenatzeko, astean behin, zuek esan arte… Jakina,
ezer kobratu barik egingo dugu lan zuentzat. Pentsatu, mesedez, ea ondo etor
dakizuekeen… Gertatu denarekin asko akordatu gara zuekin. Orain oso txarto iruditzen
zaigu lapurtzea. Gure adineko jendeak egiten duena, askotan, oso bidegabea da
zuentzat. Zuek jende langilea zarete, gure auzoetara zerbitzu bat eskaintzera
etorri zarete, eta guk pentsatu gabe egiten ditugu lapurretak noizbehinka. Asko
sentitzen dugu.
Ju Kai Chen —Ondo dago, neskak. Onartzen dugu zuen laguntza. Pentsatuko dugu
zenbat aste. Agian bi hilabete izan daitezke, astean behin. Horrela, ikusi ahal
izango duzue zein zaila den dendari baten bizitza, oso berandu arte geratzen
baikara denda txukuntzen, egokitzen edo garbitzen. Eta mesedez, ez egin berriro
egin duzuena… Konfiantza eduki behar dugu zuengan!
Narratzailea —Garbitzera joan diren bakoitzean, elkarrizketa ederrak izan dituzte
Ju Kai Txenek eta bi neskek. Apurka-apurka elkarrenganako konfiantza eraiki dute.
Behin, erratza pasatzen ari direla, Ju Kai Txeni zeozer galdetzea bururatu
zaie:
Miren —Eta zergatik etorri zineten familia osoa Txinatik?
Ju Kai Txen —Nire familia ez zen ondo bizi Txinan. Gobernuak senarraren eta bion
ideia politikoak debekatzen zituen. Txina ez da oso estatu demokratikoa.
Komunismoaren askatasun falta du, eta kapitalismoaren akats asko ere bai. Bizimodua
aurrera ateratzeko eta merkatarien lana egiteko etorri gara, besterik gabe. Ea
hemen hobeto bizi gaitezkeen.
Miren —Eta hemen, ordaintzen dizkiozue zergak gure Ogasunari, guk bezala?
Ju Kai Txen —Jakina, Miren! Horretarako, oso zintzoak gara. Gure enpresa txikia
edukitzeagatik, guk hemengo zerga guztiak ordaintzen ditugu. Eta gainera, oso
pozik gaude gure seme txikitxoa haurtzaindegi publiko batean dagoelako. Oso
zintzoak izan behar dugu guztiok. Guk geure betebehar fiskalak ordaintzen
baditugu, zergatik ez digu guri ordainduko jendeak saltzen duguna?
Miren (Apur bat lotsatuta) —Jo, egia
da. Orain beste modu batean ikusten dut Naroak eta biok egin genuena. Baina
zuri, bene-benetan ondo iruditzen zaizkizu zergak?
Ju Kai Txen —Bai… Jakina kostatzen zaidala ordaintzea! Baina umetxoak
bronkiolitisa eduki zuenean, Gurutzetako ospitalean oso ondo zaindu zuten. Edo
COVID-19aren txertoa… Zuk, ordaindu behar izan duzu?
Miren —Ez, jakina!
Ju Kai Txen —Edo zure eskola… diru publikoa jasotzen du zure ikastetxeak, zure
familiak parte bat ordaintzen du eta beste parte bat, askogatik handiena, diru
publikoa da! Ulertzen duzu? Gutako bakoitzak dagokiona egin behar du! Nik neure
beharrak ditut, eta zuek zeuenak!
Miren —Bai! Gaur oso ondo amaitu dut garbiketa. Ju Kai, banoa etxera, bale?
Narratzailea :
Historia hau gure
artean gerta daiteke. Askotan ez ditugu gure ekintzen ondorioak kontuan hartzen.
Ez dugu ulertzen “Ongizatearen Estatua”-k ahulenak defendatu behar dituela, eta
guztiok garela arduradunak eta behartuak. Modu honetan, Miren eta Naroa estatuaren
funtzionamendua hobeto ulertzen hasi dira.
Eta zuek?
Jarraituko duzue esaten “berdin dio nik txarto egiten badut, guztiek txarto
egiten dute eta?; Izan gaitezen arduratsuak!”
Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua aurkeztu nahi dizuet gaur. H...