miércoles, 10 de noviembre de 2021

Arauak apurtzen

 

Antzerkia

Estatua, zertarako?

1.     Lapurreta

Naroa —Kaixo, Miren. Zelan?

Miren Ondo, badakizu, apur bat kezkatuta nago lehenengo partzialak txarto egin ditudalako. Etxean errieta egin didate, ezin duzu imajinatu…!

Naroa —Joe, zein zorte txarra! Baina, zergatik kontatu diezu? Gero azken azterketak gaindituko dituzu, eta kitto! Ez dute zertan enteratu!

Miren Ezetz, Naroa! Aurten, batxilergoko lehen mailan gaudenez, oso adi ibiltzen dira, eta arreta handiagoa jartzen diote egutegiari. Ez dira memeloak! Gainera, esan didate batxilergoa ez dela derrigorrezko hezkuntza, eta horregatik, ez badut gainditzen, familiaren tabernan lan egiten jarriko nautela..!

Naroa —Baina esan diezu ez duzula nahi? Gainera, zer egin ahal dizute? Bost axola zuri!

Miren Momentuz, erabaki dute nire irakasgai guztiak gainditu arte ez didatela asteko pagarik emango. Naroa! Beraz, gaur ezin dut erosketarik egin zurekin: ez daukat dirurik! Zelako kaka zaharra!

Naroa —Bueno, ez larritu, Stradivarius-era joango gara paseoan. Ikusiko dugu arropa edo bitxiak, eta badago! Edo nahiago duzu auzoan geratzea eta txinatarren denda batera joatea? Nik bi euro, gutxienez, badauzkat.

Miren Berdin dio, sartu gaitezen honetan, Naroa!



Narratzailea Naroa eta Miren produktu merkeak saltzen dituen denda batean sartu dira. Txinatarrak dira denda horren jabeak. Momentu horretan, mostradorean dagoen dendariak ez du arreta jartzen, beste erosle bati kobratzen ari zaiolako.

 Naroa —Miren, hartu zeozer, eraman itzazu belarritako batzuk eta karteratxo hori. Ez da enteratuko! Nik, bitartean, patata-poltsa ordainduko diot eta arreta galtzen ari dela aprobetxatuta, lapurtu itzazu gauzatxo batzuk biontzat, bale? Penak ahazteko… kar-kar-kar!

Miren Joe, tia, ez dakit! Hik flipau eiteden! Ze heavy…!

Naroa —Ezetz, Miren, zoaz eta hartu zeozer polita kobratzeko unean dendariari kaka ematen diodan bitartean. Irtetean, mese, ez begiratu atzera! Zuk ez nauzu ezagutzen!

Miren Okei! Banoa! Barre batzuk egingo ditugu!

Narratzailea Mirenek diru-zorro txiki bat bat hartu du, belarritakoen poltsa bi, eta burua bi aldeetara begira, lapurtutakoa motxilan sartu du. Geroago, motxila bizkarrean jarri, eta irten da dendatik. Kanpoan, Naroa du zain. Oso barregarria iruditu zaie biei. Batu direnean, oraindik apur bat urduri, auzo horretatik alde egin, beste leku batera joan, eta banku batean jesarri dira. Ez dute ikusi andre batek dena kontatu diola dendariari, bien artean poliziari deitu, eta nesken deskripzioa eman diotela. Gauzen bilgarriak apurtu baino lehen, lapurtutakoari begiratu bat eman, eta tripak botatzen egon dira denboratxo batean. Bitartean, ertzain bi, abisua entzunda, autoa aparkatu eta jaitsi egin dira. Atzetik hurbildu zaie ertzain bat bi neskei, lapurtu berri dituzten gauzatxoak ikusi, eta eskatu egin dizkie. Erzainak leku zuhurrago batera joateko eskatu die. Oso beldurturik egon dira bi nerabeak. Eta han...

 

2.     Ertzainarekin. Botere betearazlea

Ertzaina —Zuen izen-abizenak eman behar dizkidazue, mesedez. Eta erakutsi NANak.

Naroa eta Miren —Naroa Perez Urkidi / Miren Elba Martinez —biek, dardarka.

Miren —Nik ez dut ekarri NANa… Ekarri ahal didate gurasoek?

Ertzaina —Egin duzuena ez da txikikeria bat. Denda horretan familia batek bizimodua ateratzen du, kostata. Gauzak ez dira errazak inorentzat, eta are gutxiago auzoko denda txikientzat. Zuek egin duzuena mundu guztiak egingo balu, denda txiki horien amaiera izango litzateke. Eta familia batek hortik ateratzen du bizimodua. Egin duzuena jabetzaren kontrako falta bat baino ez da izango, lapurtutakoaren balioa gutxi delako. Dena dela, salaketa bideratzea da gure eginbeharra. Eta auzoko andrearen eta dendariaren testigantzarekin, guk bideratutako salaketa epaitegietara joango da. Bata lapurra eta bestea laguntzaile ezinbestekoa izan zarete. Lehenengoa, zu, Miren, eta bigarrena zu, Naroa. Hilabete bat barru, etxera helduko zaizue zitazio bat epaitegietara joan zaitezten, gurasoekin batera. Han, epaile batek aztertuko du egin duzuena, eta epaia emango du. Gutxi-gorabehera 600-700 euroko isuna (edo handiagoa) jarriko dizuete epaileek, zuei edo zuen gurasoei. Gainera, aurrekari penalak izan ditzakezue, adin nagusiak bazarete. Zenbat urte dituzue?

Miren eta Naroa —16 / 15… —biak erdi-negarrez, xuabe-xuabe, garrasi barik.

Ertzainak —Zorionez, libratu zarete. Baina pentsatu behar duzue nagusiak izan bazinate, aurrekari penalak edukita, ate asko itxiko zitzaizkizuela. Adibidez, funtzionarioak izateko aukera: irakasleak, medikuak edo poliziak, arlo publikoan. Eta enpresa edo leku askotan, aurrekari penalak eskatzen dituzte pertsona bat kontratatu baino lehen… Etorkizuna jartzen ari zarete kolokan.




 3.     Epaitegietako lana. Botere judiziala

Narratzailea Momentu horretan, Miren negarrez hasi da. Naroa ere, kopetilun egon da, eta oso lotsatuta. Bitartean, ertzainek gurasoei deitu diete, eta dena azaldu. Gurasoen zain egon diren bitartean, Mirenek ezin izan dio negarrari eutsi. Naroa lasaiago egon da, eta galdetu dio ertzainari ea barkatuko zieten dendariek. Ezetz esan zion ertzainak. Gurasoak heldu, eta berehala joan dira bi familiak etxera. Neskek egun asko igaro dute epaitegietako deiaren zain. Urduri, lotsati eta kezkatuta egon dira. Batzuetan, amets ere egin dute gertatutakoarekin. Ertzainarekin eduki zuten elkarrizketa grabatuta daukate memorian. Halako batean, gutun bat heldu zaie bi nesken gurasoei, epaitegietatik.

(Ekintza hau epaitegian gertatzen ari da)

Epaileak Ju Kai Txen andrea: Berretsi egiten duzu zeure erabakia?

Ju Kai Txen Bai, ez dut salaketa honekin jarraitu nahi. Buruko min ugari ditut nik negozioarekin, gure ume txikiarekin eta dudan lan eskergarekin. Lapurtutako gauzen bilgarriak ez zeuden apurturik, eta salgai jarriko ditut berriro. Neska gazteak dira, kontzientzia gabekoak. Ertzainarekin hartu duten sustoarekin nahikoa izango dela espero dut.

Epaileak Kasua artxibatuta geratzen da!



 

(Ekintza hau Mirenen etxean gertatzen ari da)

Mirenen ama Miren, etorri hona! Berri onak heldu zaizkigu. Epaitegietatik eman digute abisua. Ju Kan Txenek ez du salaketarekin jarraitu nahi izan. Oso eskuzabala izan da egin duen horrekin. Nik uste dut zeozer egin beharko zenuketela auzoko dendariarekin Naroak eta biok txarto egin duzuena konpontzeko.


 

4.     Zergak ordaintzea, ongizate-estatua eta zintzotasuna

Miren Naroa, ondo iruditzen zaizu gurasoekin komentatu duguna egiten badugu?

Naroa —Jakina, tia, ni oso txarto sentitu naiz egun hauetan…

(Dendariarengana hurbildu dira. Eta berarekin hitz egin nahi dute)




 

Miren —Kaixo, Naroa eta Miren gara. Lapurtu genizkizun gauzak ordaintzera etorri gara, eta barkatzeko eskatzera. Gainera, laguntza eskaini nahi dizugu denda zuekin garbitzeko eta ordenatzeko, astean behin, zuek esan arte… Jakina, ezer kobratu barik egingo dugu lan zuentzat. Pentsatu, mesedez, ea ondo etor dakizuekeen… Gertatu denarekin asko akordatu gara zuekin. Orain oso txarto iruditzen zaigu lapurtzea. Gure adineko jendeak egiten duena, askotan, oso bidegabea da zuentzat. Zuek jende langilea zarete, gure auzoetara zerbitzu bat eskaintzera etorri zarete, eta guk pentsatu gabe egiten ditugu lapurretak noizbehinka. Asko sentitzen dugu.

Ju Kai Chen —Ondo dago, neskak. Onartzen dugu zuen laguntza. Pentsatuko dugu zenbat aste. Agian bi hilabete izan daitezke, astean behin. Horrela, ikusi ahal izango duzue zein zaila den dendari baten bizitza, oso berandu arte geratzen baikara denda txukuntzen, egokitzen edo garbitzen. Eta mesedez, ez egin berriro egin duzuena… Konfiantza eduki behar dugu zuengan!

Narratzailea —Garbitzera joan diren bakoitzean, elkarrizketa ederrak izan dituzte Ju Kai Txenek eta bi neskek. Apurka-apurka elkarrenganako konfiantza eraiki dute. Behin, erratza pasatzen ari direla, Ju Kai Txeni zeozer galdetzea bururatu zaie:

Miren —Eta zergatik etorri zineten familia osoa Txinatik?

Ju Kai Txen —Nire familia ez zen ondo bizi Txinan. Gobernuak senarraren eta bion ideia politikoak debekatzen zituen. Txina ez da oso estatu demokratikoa. Komunismoaren askatasun falta du, eta kapitalismoaren akats asko ere bai. Bizimodua aurrera ateratzeko eta merkatarien lana egiteko etorri gara, besterik gabe. Ea hemen hobeto bizi gaitezkeen.

Miren —Eta hemen, ordaintzen dizkiozue zergak gure Ogasunari, guk bezala?

Ju Kai Txen —Jakina, Miren! Horretarako, oso zintzoak gara. Gure enpresa txikia edukitzeagatik, guk hemengo zerga guztiak ordaintzen ditugu. Eta gainera, oso pozik gaude gure seme txikitxoa haurtzaindegi publiko batean dagoelako. Oso zintzoak izan behar dugu guztiok. Guk geure betebehar fiskalak ordaintzen baditugu, zergatik ez digu guri ordainduko jendeak saltzen duguna?

Miren (Apur bat lotsatuta)  —Jo, egia da. Orain beste modu batean ikusten dut Naroak eta biok egin genuena. Baina zuri, bene-benetan ondo iruditzen zaizkizu zergak?

Ju Kai Txen —Bai… Jakina kostatzen zaidala ordaintzea! Baina umetxoak bronkiolitisa eduki zuenean, Gurutzetako ospitalean oso ondo zaindu zuten. Edo COVID-19aren txertoa… Zuk, ordaindu behar izan duzu?

Miren —Ez, jakina!

Ju Kai Txen —Edo zure eskola… diru publikoa jasotzen du zure ikastetxeak, zure familiak parte bat ordaintzen du eta beste parte bat, askogatik handiena, diru publikoa da! Ulertzen duzu? Gutako bakoitzak dagokiona egin behar du! Nik neure beharrak ditut, eta zuek zeuenak!

Miren —Bai! Gaur oso ondo amaitu dut garbiketa. Ju Kai, banoa etxera, bale?

 

Narratzailea :

Historia hau gure artean gerta daiteke. Askotan ez ditugu gure ekintzen ondorioak kontuan hartzen. Ez dugu ulertzen “Ongizatearen Estatua”-k ahulenak defendatu behar dituela, eta guztiok garela arduradunak eta behartuak. Modu honetan, Miren eta Naroa estatuaren funtzionamendua hobeto ulertzen hasi dira.

Eta zuek? Jarraituko duzue esaten “berdin dio nik txarto egiten badut, guztiek txarto egiten dute eta?; Izan gaitezen arduratsuak!”


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...