sábado, 28 de agosto de 2021

LGTBIQ+ kolektiboa Txilen

 LGTBIQ+ kolektiboaren jazarpena Txilen


Markel Unamuno

Aurreko ebalualdian Erresuma Batuko Margaret Thatcher gobernubura izan zenean homosexualen egoerari buruz egin nuen lan boluntario bat.  Klasean Itziri entzun eta gero, gai oso interesagarria iruditu zitzaidan lan  bat egiteko, hainbat gauza ikasteaz gain LGTBIQ+ kolektiboari buruzko historia ezagutzeko aukera izango zen eta.


Horregatik, ebalualdi honetan ildo beretik joatea erabaki dut. Hauxe izan zen pentsatu nuena: “bakarrik Britania Handiko egoera aztertzeak ez dit emango gai honen gaineko informazio guztia. Ebalualdi honetan ikasten ari garen politikariak Margaret Thatcher, Reagan, Gorvachov, eta Amerikan: Nixon, Allende edota Pinochet izan dira. Beraz, erabaki dut lan hau egitea gai berean -LGTBI+-sakontzeko. Zer gertatu zitzaien LGTBI-kolektibokoei momento hartan? Lan honetan ez dut Europan interesa jarri nahi izan, latinoamerikan baizik: Txilen, alegia. Zergatik Txilen? Erreza: Txile ikasten ari garen beste gai bat baita, Allende eta Pinocheten diktadura militarra aztertzen ari gara. Gauzak horrela, beraz, lan honen gaia hauxe da: homosexualen eta transexual/trasgenero-en egoera Txilen Allenderekin eta diktadura militarrean Pinochetekin.


Politikoak eta sexu-aniztasuna

Denok dakigun moduan, eta are gehiago XX. mendeko historia ikasten ari bagara, Allendek 1970an hauteskundeak irabazi zituen Unidad Popular alderdiarekin, Txileko presidentea bihurtu zen gehiegoaren botua eskuratuta eta demokratikoki erabakitako gobernua osatu zuen. Allendek ideologia sozialista-komunista zuen presidentea zen eta Txilen gizarte-eskubideak hobetzen saiatu zen. Hala ere, sexu-aniztasunari dagokionez, "norman-arauan" sartzen ez zirenek ez zuten aurrerapen nabarmenik lortu gobernu honekin. Ez zen politikarik egin egoera hobetzeko, diskriminazioa murrizteko edo eskubideak onartzeko. Aniztasuna ez zen onartzen. Dena den, esan behar da Allenderen lehendakaritzapean egin zela sexu-aniztasunaren mugimenduaren lehen martxa, eskubide horiek aldarrikatzeko. Latinoamerikan lehenengoetariko bat.


Víctor Hugo Roblesek azaltzen du protesta hori gertatzea ez dela kasualitatea izan.  Garai hartan homosexualitatea tabua baitzen, diskriminazio handia baitzegoen, poliziaren “sarekada diskriminatzaileak”, etabar. Nire ustez, urte horietan politikan eskuina eta ezkerra berdin homofoboak ziren. Allendek ez zuen bideratu homosexualek une hartan eskatzen zuten irekiera kulturalik, historiaren garai dramatikoa bizitzen ari zelako herrialdea; beraz, ezinezkoa da Allenderi aldaketak eskatzea. Gainera, ezkerreko eta eskuineko egunkariek protesta horri eman zioten erantzuna ikaragarri homofobikoa izan zen, gaur eguneko begiekin ikusita. Itzik esaten digun bezala, ezin dugu epaitu beste garaietan egindako gauzak gure garaiko egoera/pentsaera dutela pentsatzen. Baina honelako titularra - "Colipatos piden Chicha y chancho"- ez zitzaigun bidezkoa irudituko gaur egun.



Marcia Alejandra

Beste alde batetik, 1973ko martxoan, Santiagoko San Borja Arriarán Ospitalean, Marcia Alejandra izeneko emakume transexual bati sexu-berregokitzeko lehen ebakuntza egin zion Antonio Salas doktorearen taldeak.



Lehen esan dudan bezala, 1973ko apirilaren 22an, lehen martxa homosexuala egin zen Santiagon, eta martxa horretan hainbat lagunek parte hartu zuten. Hiriko arma-plazaren inguruan sexu-merkataritza egiten zuten trabestiak, ordura arte, lagun horiek ez zuten identitate-identifikazio argirik. Gure nortasun agiriarekin daude lotuta, askotan, gure eskubideak.  Beraz diskriminazioaren amaiera eskatzen zuten eta homosexualen arteko ezkontza-eskubidea, besteak beste.

Urte horretan bertan gertatu zen estatu-kolpea, eta dakigunez, 17 urtez luzatu zen Pinocheten diktadura. Diktadura garaian, garai hartako trabesti gehienek aurreko garaian egiten zituzten aktibitateak, hauek kaleko sexu-merkataritzan, atoi-etxeetan edo prostituzio-etxeetan lan egiten. Horren adibide, "izeba Karlinaren Etxea" izengoitiarena.. Etxe hartan sortu zen transformisten balet bat, "Blue Ballet" deitzen zen eta garai hartako futbol talde ezagun baten parodia egiten zuen. Horrelako tokiek aurre egin zioten Pinocheten erregimenak egindako garbiketa sozialari eta esparru askeak bihurtu ziren, denbora ilunetan. Aisialdia igaro zuten transformismoarekin edo trabesti ikuskizun artistikoekin. Gainerako hirietan trabestiek lan sexualak egiten jarraitu zuten, batez ere baliabide ekonomikoak eskuratzeko, merkataritza-guneetan batez ere; horrelako tokiak: portuko hiriak eta hiri merkatariak egokiak baitziren sexu-lanetarako. Aldi berean, sexu-berregokitze operazioak modu zuhurrean egiten jarraitu zituzten.


Baina ardura, politikoena baino ez da?

Estatuko gobernuek eta erakundeek ez ezik, homo/bi/transfobia bideratzen duen gizarte osoak ere baldintzatzen ditu sexu-aniztasuneko pertsonen bizitzak. Gainera, komunikabideek LGBTIen eskubideak ukatzen dituzte eta diskriminazioa sustatzen duen iritzi publikoa eratzen laguntzen dute. 1973ko apirilaren 22ko martxak kolektiboa agerian geratu zen, baina, hurrengo egunean, Vea aldizkariak "rebelión homosexual: los raros quieren casarse" izenburua jarri zion. Bestalde, Clarinek, Allenderen aldeko ezkerreko egunkariak, "Colipatos piden chicha y chancho" ("sexu-desbideraketak"), "Marakoak", "Behor solteak" eta "zoro galduak" aipatzen zituen. Ezkerreko zein eskuineko homofobiaren erakusgarri izan zen, Txileko gizarte osoari eragin baitzion.


Victor Hugo Roblesek, "Bandera Hueca" liburuan, bazterkeriak markatutako eguneroko bizitza ere kontatzen du. Lehenik, seme-alaben genero-identitatea edo sexu-orientazioa onartzen ez duten familiak aipatzen ditu. Baita poliziengandik jasotako tratu txarrak; izan ere, pertsona batzuek kontatu duten bezala, "Urte horietan, kalean bazeunden eta zeozergatik konturatu egiten baziren marikoia zinela, preso eramaten zintuzten, jo egiten zintuzten eta ilea mozten zizuten, marikoia izateagatik soilik" 

Pinocheten erregimenak Txileko gizartearen ikuspegi heteronormatiboa sustatzen zuen. Gabriel Salazar historialariak erakusten du gobernu militarrak gogortu egiten zituela maskulinitate eta feminitatea kontzeptuak. Presidentearen bikotea gurtzearen bidez emakumearen irudia etxekoandre gisa sustatzen da. Emakumeak bere lekua eremu pribatuan kokatu behar du, etxeko lanak egitera behartua eta etxean baztertua geratzen da. Gizona, hots, arra buruzagi, indartsu eta gizon gisa aurkezten dute. Erregimen militarretik zabaldutako eredu patriarkalak pertsonak bi roletan murrizten ditu: gizona eta emakumea, eta sexualitate bakarra: heterosexualitatea. Testuinguru horretan, ez dago sexu-aniztasunerako lekurik. Homofobia, lesbofobia eta transfobia esplizituki adierazten ez badira, eredu idealak ezartzen dituzte eta horiek markatzen dute normala dena eta "arraro" edo desegokia dena. Eta askotan, normala ez zen edozerren kontrako joera bultzatzen zuen Pinocheten erregimenak.



Kolpe militarraren ondorengo lehen egunak eta hilabeteak militarren muturreko indarkeria-erakustaldi bat izan ziren, Txileko biztaleek jasan behar zutena. Sexu-dibertsitatearen populazioa ez zen salbuetsia izan, eta aldi labur honetan gizarte-talde horren gainean gertatu ziren giza eskubideen urraketak ulertaraztea interesatzen zait.

Militarren ekintzak ez ziren umiliazio fisiko eta hitzezkoetara mugatu; horiez gain, tortura eta heriotza kasu asko egon ziren. Bereziki, transexualak eta trabestien kontrakoak, diktadura militarrak sustatutako ideal heteronormatibotik are gehiago urruntzen zirenen aurka, hain juxtu. Manzana de Adán liburuan, Paz Errazurizek (fotokazetariak) eta Claudio Donosok (testuaren egileak)  trabesti eta prostituten testigantzak bildu zituzten Talcan, 1984an. 


Pilar emakume horietako batek kolpe militarraren esperientzia zehazten du. "Lucho mutikoa eraman egin zuten eta gaur arte ez da agertu. San Pablo kaleko etxe baten jabea zen. Milikoek su eman zioten. Kolperako Valparaison geunden Leilarekin eta denok eraman gintuzten portura sustraitutako ontzi batean. Hara eraman gintuzten, begiak kamioneta batean estalita. Sei egunez egon nintzen han pilatuta, besteak zulo batean sartuta. Milikoek egin zuten lehen gauza ilea moztea izan zen, errotik erauzi eta gero gainean pixa egiten ziguten. Hainbeste jo gintuzten..! Tamara eta Tila zintzilikatu eta birarazi egin zieten. Itsasora botatzearekin mehatxatu gintuzten. Hogeita hamar homosexual ginen ontzian. Apurka-apurka askatu gintuzten. Batzuk hil zituzten kolpeen ondorioz. Mariliz, oso polita zena, Liz Taylor bezalakoa, hil egin zuten. Gabonetan gertatu zen. Bere gorpua Mapocho ibaian agertu zen, osorik baionetek eragindako zauriez josita. "Ez ziren luma-ebakiak, ez..! -Legezko Mediku Institutuan esan ziguten- "hauek ez dira luma-ebakiak. Baionetek eragindako zauriak dira."
(...)

Nire azkenengo hausnarketa

Seguru nago kontatu dizuedan guztia gaur egun ez dela modu berean gertatzen ari, imaginatzen dut gauzak asko aldatu direla bai Txilen baita gure inguruan ere. Eta aizu: zuk nire lan hau irakurri duzu. Zer pentsatzen duzu zuk? Seguru nago zure buruan zeozer aldatu dela eta erreflexionatzeko aukera izan duzula, ezta?
Gauza hauek historian zehar gertatu dira eta triste bada ere, oraindik gertatzen dira, egunero agresio homofoboak gertatzen dira hemen eta mundu osoan. Bilatzen baduzu “agresión homofoba” edozein sareko bilatzailetan kasu asko eta asko agertzen dira. Oraindik egoera injustu hau aldatzeko ibilbide luzea geratzen zaigu. Ematen du batzuk oraindik  aurreko mendeetan bizi direla..!
Eta gure artean? gure adineko askok barregarritzat hartzen dute gaia, eskerrak nik ez ditudala gauza hauek bizi!!, baina badakit beste lagun batzuek horrelakoak bizi izan dituztela. Sufrimendu horrek, benetan, triste jartzen dit, eta galdetzen diot neure buruari: Bene-benetan hau da nahi dugun mundua? Enpatia handiagoa izan dezakegu? Hori zuek hausnarketa egiteko utziko dizuet, eta espero dut lan hauek zerbait aldatzeko erabilgarriak izatea.


sábado, 15 de mayo de 2021

Zergatik sinesten ditugu ergelkeriak?

 




Kaixo, ikerlariok!!

Gaur ekarri nahi dizuet gelara oso gai interesgarria. "Fake"-ek eta "egi-ostea"-ak betetzen dituzte gure mundua, gure informazioa, errealitatea ezagutzeko gure  moduak. Ez dakigu non dagoen egia, eta askotan sinesten dugu ergelkerietan. Ramon Nogeras-en liburua irakurri ondoren, "zatitxo" bat ekarri nahi izan dizuet (mokokadotxoa, besterik ez, zuen interesa pizteko). Historian sakontzeko, errealitatea ezagutzeko...jakin nahi duzue zelan funzionatzen duen gure burmuinak? Nola interpretatzen dugu errealitatea bizirik irauteko? Eta, badauka horrek zerikusia sinesten ditugun ergelkeriekin ("mierdas", egilearen hitzetan)?.

Zatozte!!

Isuri kognitiboak: zer diren eta nola saihestu

Ramón Nogueras

 


 

Ramón Nogueras psikologo konduktistak[1] (behavioristak)  modu errazean azaltzen digu bere bideo eta artikuluetan zertan diren isuri kognitiboak eta zergatik sinesten dugun “ergelkerietan”. Hemen, Noguerasen ekarpen batzuk bilduko ditugu, hobeto ulertzeko nola prozesatzen dugun gizakiok informazioa, nola partekatzen dugun, eta nola hartzen ditugun erabakiak, eta zer gertatzen zaigun hori guztia egiten dugunean. Baina, ezer baino lehen, aipatu behar dugu Ramón Noguerasen ustez Psikologia giza jokabidearen zientzia dela. 

1. 

1.       Isuri kognitiboak. Guztietan garrantzitsuena: berrespen-isuria





Bouba eta Kiki. Kiki eta Bouba

 

Inguruan gertatzen zaizkigun fenomenoak ulertzeko azalpen bila joatea gustatzen zaigu  gizakioi, eta ez gara lasai geratzen erantzuna “ez dakit” izaten denean. Hori dela eta, errealitatea azaltzeko behin-behineko ideia batzuk eraikitzen ditugu, eta gero ideia horiek berresten dituzten azalpenak bilatzen ditugu. Informazioa interpretatzeko modu oker horri esaten zaio “isuri kognitibo”.

Isuri kognitiboa, azken finean, fenomeno edo gertaera bat balioztatzean sistematikoki egiten dugun hutsa da, ondorio okerrak ateratzera, uste ez-zuzenak eraikitzera edo gertatzen dena desitxuratzera garamatzan efektu psikologiko bat. Isuri kognitiboetan, eragin handia du gure irrazionaltasunak. Hala da: gizakiok ez gara inola ere izaki arrazional pentsatzaileak, informazioa zuzen prozesatzen dutenak eta erabakiak enpirikoki frogatutako datuen arabera hartzen dituztenak. Ezta gutxiago ere…! Izan ere, itsu-itsuak izaten gara egiten ditugun hutsekin.

Inguruan gertatzen dena gure aurreiritzien arabera interpretatzen dugu; gainera, behar dugun informazio guztia ez dugu beti izaten eskura, edo ez dugu kontuan hartzen behar genukeen bezala: modu arrazional eta koherentean, zuzen ulertzeko zer gertatzen den edo zer esaten diguten. 

Isuri ohikoenetako bat berrespen-isuria da, gure aurreiritzia berresten duen guztia sinesteko joera. Gaur egun, fake edo albiste faltsu ugariren biktimak izaten gara: benetako informazioa heltzen zaigu zenbaitetan, baina baita gezurrezkoa ere, nahita manipulatua… Hala, teknologia-enpresak konturatu dira ezen, zenbat eta errazago bete ekintza bat, hainbat eta gehiagotan betetzen dugula. Une honetan, munduko gauzarik errazena da gezur bat lagunekin partekatzen ibiltzea jakin gabe benetan zerbait faltsua dela. 

Nortzuek daukate joera isuri kognitiboak edukitzeko?

Isurien arabera pentsatzeko eta erabakiak hartzeko joera mundu osoko fenomenoa da, bai herrialde garatuetan, bai garatu gabeko herrialdeetan, hala ekonomia-maila altuko jendearengan nola pobreengan, adimentsuenengan zein inozoengan gertatzen dena: inor ez da libre informazioa bere isuri kognitiboek eraginda interpretatzetik.

Zientzialariek ere, isuriak izaten dituzte?

Askotan ikusi ahal izan dugun bezala, zientzialariak ere ezin dira libratu isuriak izatetik, defendaezina defendatzeko modu horietatik. Zientzialari batzuk bikain-bikainak izan litezke beren jakintza-arloetan, baina, hortik kanpo, sinesmen lotsagarrienak gordetzen dituzte. Hala, baliteke norbait munduko aditurik onena izatea arroka bolkanikoen zenbait osagaitan –adibide bat ematearren–, eta aldi berean zurrumurru edo sinesmen arrazistak defendatzea; esaterako, adimenari dagokionez aldea dagoela zurien eta beltzen burmuinen artean; jakina, nahiz eta inoiz ikertu ez, horrelako iritziei eusten diete itsu-itsuan, sekula baieztatu edo gezurtatu gabe.

 

Orduan, zergatik sinetsi behar Zientzian?




Metodo zientifikoan,  gerta liteke zientzialaria bere hipotesi batekin “maitemintzea”, eta hipotesi hori isuri kognitibo bihurtzea zientzialari horrentzat, halako moldez non galarazi egingo dion gauzak argi ikustea edo ikerketa nahigabe bideratzea aurrez pentsatzen duen hori berresteko. Baina esperimentu enpiriko batean, gauzak ez dira horren sinpleak: inkestak egiten dira, beste zientzialari batzuek –hipotesiarekin “maiteminduta” ez daudenak eta beraz isuriak baldintzatu gabe daudenak– ere parte hartzen dute prozesua baieztatzeko edo gezurtatzeko…

Hala, berdinen artean metodo zientifikoa zorrotz aplikatuta egiaztatu behar da ea benetakoa den lehen hipotesia, eta horrela saihesten da isuri kognitibo edo sinesmen faltsu bihurtzea. Denbora batez, behinik behin: ondotxo dakigu zientziak aurrera egiten duela denborarekin, eta gerta liteke benetakotzat hartzen zen teoria bat faltsutzea eta beste batek haren lekua hartzea, edo teoria bat zenbait kasutan bakarrik aplikatu ahal izatea eta beste batzuetan ez.

 



2.       Disonantzia kognitiboa

Batzuetan, denok izan dugu esperientzia hau: aurrez sinetsi dugun zerbait erabat ukatzen bide duela heldu zaigun iritzi edo informazio batek. Horrelakoetan, txarto sentitzeko joera izaten du gure burmuinak: disonantzia kognitiboa agertzen da, bi baieztapenenen arteko krisia, bi egia kontraesankorren artekoa.

Adibidez:

1)      Uste osoa daukat “hildakoen espirituek” eragina daukatela nire bizitzan; eta haiekin harremanetan jar gaitezkeela ouija-taula baten bitartez.

2)      Halako batean, irakurtzen dut liburu fidagarri batean espiritismoa asmatu egin zutela New York-eko Fox ahizpek, eta gero aitortu ere egin zutela dena izan zela iruzur galanta.

Bi baieztapen horiek bi kognizio bateraezin dira, bi egia kontrajarri. Horretaz jabetzean sentitzen dugu disonantzia kognitibo izeneko ezinegon hori. Eta gure baitan halako inkoherentzia-irudi bat sortzen da: Ezin sinetsi bi gauza horiek aldi berean!

Gehienetan, disonantzia horien aurrean, pertsona batek, nahiz eta adimentsua izan, bere isurien arabera jokatzen du. Pentsa dezakegunaren aurka, zientifikoki frogatutako egia onartu beharrean, ahalegintzen da arrazoitzen edo justifikatzen zergatik jarraitzen duen benetakoa izaten aldez aurretik sinetsi duenak, nahiz eta ageri-agerian egon faltsua dela. Adimen handiko pertsonak oso adimentsuak izan daitezke justifikaezina justifikatzeko! 

 

3.       Heuristikoak eta eskuragarritasun-heuristikoa

Erabaki bat hartzeko orduan erabiltzen dugun halako “lasterbide” bat da heuristikoa. Erabaki arinak hartzen ditugunean, oso ohikoa da heuristikoak baliatzea. Izan ere, inor ez da gai egunean zehar jasotzen dituen informazio guzti-guztiak egiaztatzeko, guztiz ezinezkoa baita; are gutxiago gaur egungo gizartean, hiperkonektagarritasunaren eta informazio-gehiegikeriaren sasoi honetan, albisteetatik hasi, lagun eta senideen gomendioetatik pasatu, eta memeetara heldu arte.  Nork egiazta dezake heltzen zaion informazio-bolumen ikaragarri hori? Heuristikoek errazten digute bidea, arin erabakitzeko irizpideak izanik. Jakina, ez dira zertan izan beti okerrak. Izan ere, gehienetan zuzen jokatzen dute gure irizpideek, zeren askotan gure esperientzien fruitu izaten baitira. Gure etxean, umetan, hondartzan egoten ginenean, honako heuristiko hau erabiltzen zuten gurasoek gurekin: “Galtzen bazara, jo ezazu umeekin dauden emakumeengana”. Zergatik? Uste osoa zutelako profil horretako emakumeak, behinik behin,  “fidagarriak” izaten direla, eta prest egoten direla galdu den neskato edo mutiko bati laguntzeko.

Zer da eskuragarritasun-heuristikoa? Normalean, informazio “nabarienean” ipintzen dugu arreta handiagoa, gogoratzen errazenean. Eskurago daukagulako informazio hori. Hori dela eta, informazio horri garrantzi handiegia emateko joera izaten dugu. Adibidez, jende askori gertatzen zaio bizi-bizi gogoratzen dituela migranteek egiten dituzten delituak. Mehatxua dakarrenez, esan dezakegu “informazio nabaria” dela delitu bat, baina baita migrante batek egin izana, zeren ez baita “gutako” bat: norbait gugandik desberdina da. “Mehatxua” eta “desberdina”… informazio nabariak dira. Horrexegatik izaten dugu joera gertaera horiei gehiegizko garrantzia emateko, eta sinesteko benetan baino ohikoagoak izaten direla horrelako delituak.

 

4.       Eta nola saihestu isuriak, sinesmen faltsuak….?



Ezinezkoa da isuri kognitibo guztietatik libre izatea, gizakion eboluzioan informazioa prozesatzeko garatu ditugun baliabideak direlako. Informazioa prozesatzeko gure modua akatsez beteta egoten da. Uste usteletan sinestea saihesteko, oso interesantea izango litzateke informazioa ahalik eta zuzenen zabaltzea; onena, jakina, egiazkoa dena baino ez zabaltzea, eta egiaren aurkako interesen izenean –dela zure alderdi politikoari mesede egitearren, dela zure salmentak areagotzearren, dela zure edo enpresaren ekonomia hobetzearren– fake edo albiste faltsuak sortzeak ondorio negatiboak ekartzea. Baina gure gizartean gezurrak sortzeak eta zabaltzeak ez dakar inolako ondorio txarrik, zigorrik jasan gabe sortzen eta zabaltzen dira gezurrak, talde edo pertsona jakin batzuen onurarako, edo iritzia manipulatzeko.

Adibide erraz bat: nahiz eta behin eta berriro gezurtatu den, jendeak uste izaten du migranteek sekulako dirutzak jasotzen dituztela migrante izate hutsagatik. Baina eskatu iezaiozu norbaiti uste ustel hori frogatzen duten datuak edo estatistikak erakusteko, edo zehazteko non ageri den BOEn (Estatuko Aldizkari Ofiziala) migranteentzat horren onuragarria den legea…; nahiz eta mila frogarekin agerian utzi uste ustela dela, norbait horrek tinko-tinko jarraituko du atxikitzen sinesmen zentzugabe hori, seguru sentitzeko eta krisi-sasoietan errua nori leporatu edukitzeko.    

 

Hona hemen “aholku” batzuk, bereizteko noiz gauden isuri kognitibo baten, edo uste ustel baten, edo faltsua izan daitekeen sinesmen baten aurrean:

1.       Lehena, oso erraza: informazioa WhatsApp bitartez badatorkigu, iturria ez da fidagarria.

2.       Komunikabide eta berri-agentzia batzuek beste batzuek baino gezur edo albiste faltsu gutxiago zabaltzen dituzte. Oso garrantzitsua da iturriak ondo ezagutzea, zein ideologia duten, zer-nolako interes politikoak: lagungarria izango zaigu esaten dutenari buruz pentsatzeko. 

3.       Zerbait asko gustatzen bazaizu, oso lasai eta zoriontsu uzten bazaitu… baliteke egiazkoa ez izatea (adibidez: “Ez da existitzen COVID-19aren birusa” mezua). Irtenbide arinak eskaintzen dituzten uste eta sinesmenak, errua gutxiengoei egozten dietenak, arazo konplexuentzat konponbide errazak ematen dituztenak, mezuak goitik behera sinplifikatzen dutenak… horiek guztiak, gutxienez, zalantzan jarri!

4.       “Niri on egiten dit” delakoa ez da izaten irizpide egokia. Zalantzarik gabe, zientzialarien arteko adostasuna askoz ere irizpide hobea da. “Plazebo” izeneko efektuak erraz nahastu gaitzake.

Eta amaitzeko…: kontuz koerlazioarekin eta kausalitatearekin!

Adibidez: Ume txikitxoek ez dute musukoa eramaten aldean, eta COVID-19 gaitzak oso-oso arin jotzen ditu. Bi datu horiek koerlazionaturik daude, nolabait: musukoa ez eramatea eta COVID-19a ez izatea batere larria. Baina bata ez da bestearen zergatia: Zergatik jotzen ditu oso arin COVID-19ak umetxoak, musukorik ez duteLAKO eramaten? Ez! Bata (musukorik ez eramatea) ez da bestearen zergatia (COVID-19ak arin jotzea). Faktore erabakigarria (benetako zergatia) oso bestelakoa da, zientzialarien arteko adostasunaren arabera: kasu horretan, adina. 

Beraz, gizakiok ez gara informazioa zuzen prozesatzen dugun makina arrazionalak, baizik eta erabakiak hartzeko eta bizirauteko ondorio arinak ateratzen saiatzen garen organismo akastunak.



[1] Konduktismoa: Psikologiaren korrontea, gertaera psikologikoen eta gizakiaren funtzionamendu psikikoaren azterketa kanpotik beha daitezkeen ezaugarri eta datuetatik bakarrik egin daitekeela pentsatzen duena.






miércoles, 21 de abril de 2021

Testuak (3 eb)

 TESTUAK (3 Ebalualdia)

 

S. Allende. Unidad Popular: kartela


“Funtsean, nahi dudana da langileak adi eta erne egotea eta probokazioak saihestea. Lehen etapa gisa, Aberriaren soldaduek emandako erantzuna ikusi behar dugu, positiboa izatea espero dudana; izan ere, ezarritako erregimena defendatuko dutela zin egin dute, herritarren borondatearen adierazpena baita. Espero dut militarrek Txileri eta Indar Armatuen prestigioa eman zion betebehar demokratikoa beteko dutela. Egoera honetan, ziur nago soldaduek beren eginbeharra betetzen jakingo dutela. 

Nolanahi ere, herriak eta langileek, funtsean, aktiboki mobilizatuta egon behar dute, baina beren lantokietan, egin diezaiokeen deia eta Errepublikako kide presidenteak emandako jarraibideak entzunda (…)”.

 

1973ko irailaren 11. Salvador Allenderen azken diskurtsoa Radio Magallanes-en



 

M. Thatcher eta A. Pinochet

Thatcherren hitzaldirik inportanteetako zati batzuk. ESTEKA

"Gaur Falklandseko (Malvinas) batailaren emaitzak ikusiko ditugu. Gure herrialdeak garaipen handia lortu du eta guk harro egoteko eskubidea dugu. Nazio honek guztiok dakiguna egitea erabaki zuen, hau da, zuzena zena egitea.

Borroka egiten dugu erakusteko erasoa ez dela probetxugarria, eta gaizkileei ezin zaiela beren harrapakina lortzen utzi. Munduan gauza asko babesteko borrokatzen gara: segurtasun Kontseilua, Commonwealth, Europako Erkidegoa eta Estatu Batuak. Hala ere, guk bakarrik borrokatzen dugu, gure herriaren eta gure lurralde subiranoaren alde borrokatzen dugu. (…)

Horrela frogatu genuen Britainia Handia zela Inperio bat eraiki eta munduaren laurden bat kontrolpean zuen nazioa”.

M. Thatcher. Hitzaldia. 1982

 

 

M. Gorvachov

Gorvachoven azken hitzaldia. ESTEKA.

"Iragan mendeurren eta milurtekoen historia gerra orokor eta gudu desesperatuen historia izan da, elkar suntsitzera zuzendutakoak. Interes sozial eta politikoen talkagatik eta liskar nazionalengatik gertatu ziren, bateraezintasun ideologiko edo erlijiosoagatik. Gauzak horrela ziren, eta oraindik ere askok diote iragan hori, gainditu ez dena, eredu aldaezina dela.

 

(…)Hori guztia kontuan hartuta, hauxe ondorioztatzen da: iraganeko ikasgaiak eta orainaldiko errealitateak kontuan hartu nahi baditugu, munduaren garapenaren helburu logikoa kontuan hartu behar badugu, beharrezkoa da nazioarteko egoera hobetzeko eta mundu berri bat eraikitzeko hurbilketa bat bilatzea eta elkarrekin bilatzea. Horrela bada, orduan ere merezi du jarduera horietarako printzipio unibertsaletan adostea. Argi dago, adibidez, indarra erabiltzearen indarra eta mehatxua ezin direla jada kanpo-politikarako tresna izan”.

Gorbatxov NBEn, 1988ko abenduaren 7an


 

Azoreetako hirurak.

Bushen mintzailda terrorismoaren kontrako gerra aldarrikatzen. ESTEKA

“Irailaren 11n, askatasunaren etsaiek gerra ekintza bat egin zuten gure herrialdearen aurka. Estatubatuarrek gerrak ezagutu dituzte, baina azken 136 urteetan gerrak atzerrian izan dira, 1941eko igande batean izan ezik. Estatubatuarrek gerraren biktimak ezagutu dituzte, baina ez hiri handi baten erdigunean, goiz baketsu batean.


Estatubatuarrek ezustean ezagutu dituzte erasoak, baina inoiz ez milaka zibilen aurka. Hau guztia egun bakar batean gure gainera bota zen, eta gaua beste mundu baten gainera erori zen, eta mundu horretan askatasuna bera erasotua izaten ari da. (…)

Eta terrorismoari laguntza edo asiloa ematen dioten nazioei jazarriko diegu. Eskualde guztietako nazio guztiek erabaki bat hartu behar dute orain: edo gurekin daude edo terrorismoarekin daude.(…)”

2001ko irailaren 21an. J. Bushen hitzaldia.


Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...