domingo, 23 de febrero de 2020

Kolombia gaur



   
 Gaur eguneko gatazkak.
      KOLOMBIA



1.      KOKAPENA

Hego Amerikako ipar-mendebaldeko estatua da. Mendebaldean, Ozeano Barearekin, Panamarekin eta Karibe itsasoarekin du muga; ekialdean, Venezuela eta Brasilekin; eta hego-mendebaldean, Peru eta Ekuadorrekin. 1.141.748 km2-ko azalera du, eta 48 milioi biztanle zituen 2015ean. Beraz, Hego Amerikako laugarren herrialderik handiena da azaleran, Brasil, Argentina eta Peruren ondoren; eta bigarrena biztanle kopuruan­­, Brasilen ondoren. Hiriburua Bogota da.



  2.      HISTORIA apur bat

Herrialde bateko gatazkak aztertzean, eztabaidatzeko gaia izaten da noiz hasi zen zehaztea. Hala, askok esaten dute Kolonbiako gatazka 1929an hasi zela, United Fruit Company izeneko enpresa Kolonbiara heldu zenean (bananak esportatzen zituen). Bananak ekoizteko, lurrak behar zituen, eta, horretarako, nekazari pobreen lurrak okupatu zituen; are gehiago: zoritxarrez, milaka nekazariren sarraskia eragin zuen hori lortzeko.
Baina historia hobeto ezagutzeko, apur bat lehenagorantz jo behar dugu. Espainiako kolonia izan zen 1499tik  1819 arte; Simon Bolivar kapitain nazionalistak Espainiatik independentzia aldarrikatu zuen arte, hain zuzen ere. Independentziaz geroztik, alderdien txandakatzea egon da beti Kolonbiako gobernuetan: kontserbadoreak eta liberalak. Boterean txandakatu, baina ez da bipartidismo baketsua izan beti. Askotan, gatazka armatuak eta gerra zibilak sorrarazteko iturria izan da txandakatze hori. Kontserbadore eta liberalen arteko desberdintasun ideologikoa ez da inoiz oso handia izan, familia boteretsuen arteko lehiaren ondorioa baizik. Kontserbadoreek sufragio zentsitarioa defendatzen zuten, eta liberalek, berriz, sufragio unibertsala. Hala ere, bi alderdion interesak oso klase altukoenak izan dira beti; oligarkiarenak, hain zuzen ere.




XX. mendeko lehenengo urteetan, gerrilla asko sortu ziren. Liberalismo politikoaren kutsuarekin, demokrazia zen haien aldarrikapen handiena. Esportaziorako herrialdea izanik, oligarkia lurjabearen eta nekazari pobre askoren herrialdea izanik, demokrazia lortzeko urratsak oso zailak ziren eta erregimen politiko diktatorialak edo autoritarioak -batek ere latifundisten laguntzarekin boterean zeudenak- egon ziren Kolonbian. Aurrerago, XX. mendeko azkenengo urteetan, bi alderdi nagusien arteko akordioak sortzen hasi ziren, boterean hainbeste liskarrik gabe txandakatzeko. Hala ere, herrialde honetako gehiengo pobreak ez zuen inoiz entzuten parlamentuan bere abotsa, alderdi nagusiek gutxiengoaren (klase aberatsen) interesak defendatzen zituzten eta.
Historia politika ulertzeko, ekonomiaren historia ulertu behar da. Beraz, beste galdera batzuk egin behar ditugu. Horrela egingo dugu hurrengo atalean.


3.      IDEOLOGIEN OINARRIAN, ABERASTASUNAREN BANAKETA DESOREKATUA DAGO: OLIGARKIA LIBERALA ETA GERRILLA KOMUNISTAK


Nola dago banatuta aberastasuna Kolonbian?



Kolonbia, nahiz eta independentzia politikoa lortu, betidanik izan du esportaziorako ekonomia, eta lurra izan du aberastasun iturririk funtsezkoena. Lurraren jabetza beti egon da oso txarto banatuta: gutxiengo batek (% 6k edo 7k) lurraren % 85 baino gehiago izan du betidanik. Nekazari asko miseria gorrian bizi ziren, ia-ia esklabotzan oinarritutako erregimen batean. Eta XX. mendearen hasieran, lehen aipatutako sarraskitzearekin, oso argi geratu zen Kolonbiako oligarkiaren eta kapital atzerritarraren arteko lotura estua.
Horregatik, komunismoak eta askapenaren ametsak sustraiak errotu zituen nekazari pobreen artean. “Lurra, lantzen duenarentzat” leloa bere bihurtu zuten. Hala, 60ko hamarkadan, gerrillari talde komunistak sortu ziren: FARC (Fuerzas Armadas Revolucionarias de Colombia) eta ELN (Ejército de Liberación Nacional). FARCen ideologia komunista da, eta ELNrena ere bai. ELNk, ordea, sustrai sakonak ditu Elizako “askapen teologia”n. Teologia horrek azaltzen du Jesusen mezu salbatzailea lurrean eta gaur (ez zeruan, hil ondoren) ezarri behar dela pobreek bizi duten zapalkuntzaren kontra borrokatzeko, Jainkoaren Erreinua lurrean bihurtzeko egia. Gerrillariek hau eskatzen zuten: komunismoaren gizartea, orekatua, aberatsik eta pobrerik gabekoa, berdintasunean oinarritua, guztientzat aukera berdinak eskaintzen dituena. Gizarte justua lortzeko, gerrillariek ez zuten politikaren bidea ikusten.



70ko hamarkadan, arlo politikoan oso inportantea izan zen M19 mugimendua. Talde gerrillariak ziren, unibertsitateko ikasleek osatuak, helburuak sozialismoa eta demokrazia zituztenak. Hauteskundeak ez ziren Kolonbian oso garbiak, eta iruzurra susmo hutsa baino gehiago zela esaten zuten talde horiek. Zoritxarrez, demokrazia aldarrikatzen ari ziren bitartean, atentatu batzuk ere egiten hasi ziren. Eta gobernuak, bere aldetik, gerra zikina erabili zuen haien kontra: M19ko lider gehienak erailak izan ziren urte haietan (1970-1990). Hilketa haien atzean gobernua zegoela salatu zuten beti M19ren aldekoek, estatu terrorismoa zelakoan.
1974ko hauteskundeetan, alderdi politiko liberal bakoitzak bere aldetik jo zuen, hautesleen konfiantza berreskuratzearren. Liberalak izan ziren berriro garaile, eta haiek izan ziren agintari 80ko hamarkadara arte. Tarte horretan, izugarri areagotu ziren gerrillen jarduera eta haien kontrako zapalkuntza. Bai gerrillak, baita gobernuek ere, bortizkeria krudela erabili zuten. Zifra ofizialetan, ordea, gobernuen ardura ez zen agertzen.




Gerra Hotzaren testuinguru hartan, erabakigarria izan zen Estatu Batuen jokabidea. Batetik, oso gogor ezarri zuten Kolonbian ‘Monroe doktrina': “Amerika, amerikarrentzat”. Amerika osoaren jabe bihurtu nahi zuten Estatu Batuek; Hego Amerikako estatu askotan (Kolonbian, besteak beste), gobernuak Estatu Batuetako txontxongiloak izan ziren. Bestetik, 1945etik 1953ra bitartean ‘Truman doktrina’ hasi zen aplikatzen, antikomunismo sutsuan oinarritua. Totalitarismo sobietarraren kontrako borrokan, Estatu Batuek laguntza eskaintzen zieten herrialde kolaboratzaileei; batez ere, komunismo kutsua zeukan edozein mugimendu suntsitzeko. Hala, Estatu Batuetako “laguntza” hori eskuratzeko nahian, Estatu Batuen aginduetara jarri ziren Kolonbiako gobernu liberalak gerrillen kontra. Pobreen esperantzak, beraz, ez ziren inon defendatuak izan, haien aliatu armatuak gerran sartuta zeuden eta. Urte haietan guztietan, gobernu kolonbiarren irudia ustelkeriak eta gerra zikinak markatu zuten. Horrez gain, FARCen zilegitasuna kolokan jarri da askotan, haiek ere bortizkeria gogorra eta atentatuak erabili izan zituztelako.



Gatazka hau ulertzeko azken urratsa egin behar dugu: Zein lehengai eta baliabide natural daude Kolonbian?

4.      LEHENGAIAK, BALIABIDE NATURALAK ETA MEGAPROIEKTUAK




Oso herrialde aberatsa da Kolonbia: 

  • frutak, 
  • haziak, 
  • oihana eta egurra,
  • lehengai hidraulikoak, petrolioa…
  • Azken urteetan, Kolonbiako lurretan koltan minerala dagoela aurkitu dute.
 Eta horietan guztietan, noski, enpresa multinazional handi askok interesa adierazi dute betidanik. Horregatik megaproiektuak ezartzen hasi ziren 80ko eta 90ko hamarkaden bitartean. Megaproiektu haien propagandak mezu hau zabaltzen zuen: herrialdearentzat garapena eta aberastasuna ekarriko zutela. Baina petrolioa zegoen lur horietan, indigena, beltz eta nekazari mestizoak (denak pobreak) bizi ziren. Presa hidraulikoak eraikitzeko aproposak ziren lurretan ere, biztanle pobreak bizitzen ziren betidanik. Proiektuak jendearen erresistentziarik gabe ezartzeko, paramilitarismoa erabili zuten multinazionalen aldeko interes ekonomikoak sostengatzen zituzten agintariek. Eta horregatik esan daiteke paramilitarrak -soldadu ez ofizialak- gerra zikinaren isla izan direla. Nekazarien lurretan sartu, eta sarraskiak, liderren hilketak eta gerrilen kontrako erasoak egiten zituzten. Gerrillen eremuak zirenean, armada izaten zen protagonista; biztanle zibilak baino ez zeuden lurretan, ostera, paramilitarrek egiten zituzten erasoak.


Beraz, oso estatu interesgarria da Kolonbia, zalantzarik gabe: kokagune estrategiko oso ona du Hego Amerikan, eta baliabide natural itzelak. Gainera, ezin da ahaztu droga ekoizlea ere izan dela. Droga trafikoan, Estatu Batuak dira kontsumitzaile naguasiak, eta Kolonbia ekoizlerik handienetako bat. Gobernu askoren historian, gobernu narkotrafikatzaile izatearen salaketa agertu da, eta epaiketa asko izan dira horren kontura. Ustelkeriak, beraz, zerikusi handia du droga trafikoarekin. Beste alde batetik, behin eta berriro salatu dute gobernu kolonbiarrek FARCek drogei esker lortu duela finantziazioa. Estatu Batuek, 90eko hamarkadan, diru asko eman zion Kolonbiako gobernuari ‘Kolonbia Plana’ izenekoarekin. Ofizialki, drogaren eta gerrillen kontrako borrokarako dirua izan zen. Giza eskubideen defendatzaile batzuek, berriz, gerra zikina eta interes ekonomiko ezkutuak defendatzeko ere erabili zela salatu zuten. 
  



5.      BIZIRIK DAGO GATAZKA?

Oso luzea izango litzateke gatazka osoaren historia egitea, bake hitzarmenak barne. Hala ere, esan dezakegu bakearen aldeko urrats nabariak egin dituztela, eta su etena dagoela gaur egun. Biktima guztien aldarrikapenak betikoak dira, giza eskubideetan oinarrituak: lehenik, jakin nahi dute nortzuk diren krimenen egileak (beraz, egia aldarrikatu nahi dute); bigarrenik, erreparazioak nahi dituzte; eta hirugarrenik, zigor penala errudunentzat eta krimenak etorkizunean errepikatuko ez direlako bermea.

Aztertu Plan Colombiaren gaineko bi irudi hauek...eta atera ondorioak:








No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...