jueves, 20 de febrero de 2020

Shock Doktrina (3)


Shock Doktrina herrialde anglosaxoietan:
Britania Handia eta Estatu Batuak

XX.mendeko 1970-80 hamarkadetan: Margareth Thatcher eta Ronald Reagan.



Aurrekari batzuk...

4.1 Baina, Zer gertatu zen lehenago EEBBetan Nixonen garaian?


Nixon (USAko presidentea 1969-1974)

70eko hamarkadan, Milton Friedmanen ideiak diktadurek bakarrik jarri zituzten martxan. Nixon Estatu Batuetako presidenteak babes guztia eskaintzen zien Hego Amerikako diktadurei, muturreko liberalismoa inposatzeko. Estatu Batuetan, berriz, beste upeleko sagardoa izan zen: Nixonek berriz aurkeztu behar zuen hauteskundeetara. Beheraldi ekonomiko gordinean, 1971n, Milton Friedmanen ideiak bazterrean utzi, eta prezioak eta soldatak Estatuak kontrolatzearen politika ezarri zuen Nixonek. Keynesena bezalako politika hura arrakastatsu suertatu, eta berriz aukeratu zuten presidente Nixon, erabateko garaipena lortuta. Beraz, ikusi dugun moduan, Nixonek barne politikan keynesianismoa eta Ongizatearen estatuko politika ekonomikak ezarri zituen, kanpo politikan kapitalismo basatia eta gordina ezarazten zuen bitartean. Horrela egin zuen aurreko puntuan ikusi dugun moduan, Txilen. Honela, hauteskundeak irabazi ahal zituen EEBBetan, eta horrekin batera beharrezko laguntza ematen ari zen Txilen diktadura berri bat ezartzeko. Bi gauzak denbora berean, zoritxarrez. “Moral bikoitza” deitzen duguna. Alde batetik, Estatu Batuetako barne politikan Ongizatearen Estatua defendatzearekin batera, Txilen babesa ematen zion diktadura bat (Pinochetena) ezartzeari.



Ronald Reagan. USAko presidente 1981-1989

Ronald Reaganen hitzetan: «Askatasunaren eta demokraziaren aurrerakadak zokoratu dezala marxismoa Historiako zabortegira, askatasuna murriztuta jendeak nahieran adieraztea eragozten duten bestelako tiraniekin egin duen bezala».
Oso hitz dotoreak, agian. Baina zalantza asko sortarazten dute: Berak aplikatutako arautu gabeko kapitalismoak biztanleei askatasuna eta ongizatea ekarri zizkien?
Galdera hau erantzuteko, lehenengoz aztertu behar dugu bere politika ekonomikoa. Margaret Thatcherrena bezalakoa denez, hurrengo ataletan egingo dugu.


Ronald Reagan eta Margareth Thatcher


Ronald Reagan EEBBetako presidetea izan zen 1981tik 1989ra bitartean. Margaret Thatcherren lagun mina eta arlo politiko eta ekonomikoan, M.Thatcher bezala, kontserbadorea eta “friedmanita” (Milton Friedmanen jarraitzaile sutsua).


4.2 Eta, Britania Handian, zer gertatu zen Margaret Thatcherrekin?


Margaret Thatcher bost puntu hauetako programarekin heldu zen boterera 1979an. 

Neo-liberalismoaren neurri ekonomiko ohikoenak dira, alegia. "El Ladrillo" izeneko liburuan agertzen direnak. "Chicago boy"-s taldekoak. Milton Friedman-ek bultzatutako neurri neoliberalak, alegia.


1. Gastu publikoa murriztea. Jendea poztu zen Estatuaren zorpetzea gutxituko zela uste zuelako.
2.  Zergak gutxitzea. Guztiontzat, klase baxu, ertain eta altukoei. Inolako bereizketark gabe. Batez ere, enpresen irabazien gaineko zergak murrizten dira. Horrela, aberastasunaren birbanaketa ez da egiten. Enpresek diote "lehiakortasuna" irabazten dutela, produktuak merkatu egiten direlako.
3. Estatuaren enpresen kopurua murriztea. Estatuarenak ziren enpresak pribatizatu zituen eta salmentan, enpresa horiek oso prezio txikietan erosi zituzten kapitalistek.
4. Industria desarautzea. Enpresei estatuak egiten zizkieten kontrolak kenduz, "merkatu askatasuna"-enpresen askatasuna- bultzatuz, araudiak -kontratatzeko, kaleratzeko, produktuen kalitatea bermatzeko, etabar- ezabatuz edota estatuko dirulaguntzak gutxituz.
5. Inflazioa kontrolatzea, politika monetario egonkor baten bidez. (Neurri hau ez da "liberala", azken finean Estatuaren esku hartze ekonomikoa baita prezioak Estatuak kontrolatzen zituen eta).




Margaret Thatcher, BHko politikari kontserbadorea. Lehenengo ministra 1979tik-1990ra bitartean.

Margaret Thatcher boterean egon zen lehen urteetan, langabezia bikoiztu egin zen hainbat sektoretan, eta, ondorioz, grebak bata bestearen atzetik izan ziren. Thatcherren onarpen-maila % 25era jaitsi zen. Britainia Handiko hiririk garrantzitsuenetan istilu handiak gertatu ziren.  Pinocheten shock-politika ekonomikoak aplikatzera premiatu zutenean, honela erantzun zuen: «Britainia Handiko erakunde demokratikoak kontuan hartuta, guztiz onartezinak dira Txilen hartutako zenbait neurri».


Meatzarien Greba, BH.




 Baina lortu zuen azkenean amildegitik eta onarpen-maila baxu hartatik irtetea eta bere proiektuarekin jarraitzea; horretarako, baina, krisi bat sorrarazi behar izan zuen, krisi batek izan dezakeen aurpegi latzenarekin: gerra; Malvinetako gerra, hain zuzen ere. Hiru hilabete pasatu baino lehen, amaitu zen gerra, Britainia Handiaren garaipenarekin. Ospakizun patriotikoak ugariak izan ziren bazter guztietan. Eta Margaret Thatcherrek berriz irabazi zituen hauteskundeak, 1983an, gehiengo zabalarekin.




Hauteskundeak irabazita, eskuak libre izan zituen Txilekoa bezalako shock ekonomikoaren terapia aplikatzeko. […] Egundokoa izan zen meatzarien greba: ia urtebetekoa. Margaret Thatcherrek baliabide guztiak erabili zituen meatzarien sindikatu nagusia suntsitzeko. Chicagoko Eskolako iraultza ezarri zuen, bere erresuman. Pribatizazio masiboak: altzairuaren industria, ura, argindarra, gasa telefonoa, hegazkin-enpresak eta petrolioa… dena saldu zuen; etxebizitza publikoak pribatizatu, eta udal-zerbitzuak lehiaketaren bidez jarri ziren esku pribatuetan. 1986an, finantza-zerbitzuak eta banketxeak desarautu egin ziren, eta Estatuak esku ez hartzea ekarri zuen horrek. ‘Big Bang’ esan zioten egoera-iraultze horri. Britainia Handian, Margaret Thatcherren aurretik, enpresa bateko kudeatzaile nagusi batek erdi-mailako langile batek baino hamar aldiz gehiago irabazten zuen; 2007an, berriz, 100 aldiz gehiago. Estatu Batuetan, Reagan-en aurretik, kudeatzaile nagusi batek erdi-mailako langile batek baino 43 aldiz gehiago irabazten zuen; 2005ean, berriz, 400 aldiz gehiago.



Ronald Reaganen hitzetan: «Askatasunaren eta demokraziaren aurrerakadak zokoratu dezala marxismoa Historiako zabortegira, askatasuna murriztuta jendeak nahieran adieraztea eragozten duten bestelako tiraniekin egin duen bezala».


GALDERAK:

1. Zein izan zen M. T-ren politika ekonomikoa? Zein neurri aplikatu zituen? Neo-liberalismoa aplikatu zuen?

2. Zer gertatu zen hori egitean? Zergatik berak dio Txilen aplikatutato neurriak ezin direla BHandian aplikatu?

3. Naomi Kleinen ustez, zein izan zen "Thatcher amildegitik atera zuena? Beraz, zein izan zen "Shock"-a?

4. Zer gertatu zen geroago?

5. Gerra Hotzaren testuinguru politiko horretan, nortzuk ziren Ronald Reaganen ustez etsaiak? Zein sistema politiko-ekonomikoaren adekoa zen?


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...