martes, 8 de diciembre de 2020

Memoria mendirik mendi

 Memoria historikoa

mendirik mendi



Kaixo, historiagileok!!

Gaur erakutsi nahi dizuet mendi ibilbide bat, inguru honetako iraganeko gertaera triste batzuk gogorarazten dizkiguna. 1937an, tropa frankisten erasotik Bilbo defendatzeko, Bilbo inguruko mendietan "Burdin Hesia" eraiki zuten bi hilabetetan, kilometro askotako lubaki-lerroen sistema bat, bunkerrekin, metrailadore-habiekin...

Sistema hori, besteak beste, Goikoetxea ingeniariak diseinatu zuen. Geroago, mapak pasatu zizkien tropa faxistei, Francoren aldera pasatu zelako urte berean. Horrela  galdu zuen  euskal gudarosteak gerra. Hala ere, oso sistema zaharkitua zen lubakiena, eta gauza gutxi egin zezakeen hegazkinen erasoen kontra. 1937ko ekainaren 19an, frankistek Burdin Hesia suntzitzea lortu zuten  eta Bilbo bereganatzea. Ibilaldian nirekin zihoanak gogoratzen zuen nola Francoren garaian, artean bera umetxo bat zelarik,agintari frankistek egun hori ospatzen zuten  Bilboren "liberazioa" izenarekin. Eta zein mingarria egiten zitzaizkion bere familiari izena eta ospakizuna, gerran galtzaile irten baitziren.

Egin dezagun, beraz, ibilbide historiko bat Lemoatxa mendiko magalean.  






1. Lehen lubaki-lerroa. 

Hegoaldera dago orientatuta eta bertatik Arratia bailara ikusi daiteke. Lurrean dago hondoratuta zuzenean eta soldaduek babesteko erabiltzeaz gain, su-armekin tiro egiteko ere erabiltzen zuten. Lubakiak defentsa-eraztuna osatzen du. Lubaki hauek lur-zakuen eta alambre-hesien bidez babestu zituzten erasoak zailtzeko. Kasu batzuetan ikus daiteke lurraren topografia defentsa-lerrora egokitzen dela, eta, horrela lubakietako okupatzaileen ikuseremua handitzen dela. 
Lehen hondeatze eta errehabilitazio-lanak 2013 eta 2014 artean garatu ziren: orduan hasi zen Lemoan memoria historikoaren berreskurapena herriaren iraganeko une dramatikoenei dagokienez. Ehun metroko luzerako lubakien berreskurapenarekin eman zitzaien amaiera lanei.


Lubakiaren tamainaz jabetzeko, "milizianoa"




2. Bigarren Lubaki-lerroa

Bigarren sektoretik modu argian ikus daiteke ekialdea, hau da, ibaizabal ibaiak osatzen duen bailara. Defentsa-lerro hori gazteek hondeatu eta berreskuratu zuten 2016ko eta 2017ko udarako kanpainetan. Landutako 100 metroetan lubakiak, soldaduentzako gotorleku bat, metrailadore batentzako posizio bat eta posizio aurreratu batekin komunikatzeko irekidura aurkitu dituzte. Hautemandako materialari dagokionez kalibre desberdinetako munizioaz eta Mauser fusil batez gain, burdinazko pikotxak antzeman dira, eta beraz, ondoriozta daiteke lubakien aurrean alambre-hesiak zeudela. Horiekin batera eguneroko objetu pertsonalak topatu dituzte, hala nola txapel bat, beroki bat, platerak, mahai-tresnak eta abar. Horretarako, borroka-eremuetarako erabiltzen den hondeatze-metodo arkeologikoa erabili da.




3. Lubakien Ipar-mendebaldeko defentsa-linea

Hemen objetu pertsonalak topatu dituzte; armada euskalduneko gerriko-belarri bat eta oinetako militarrak, objetu beliko ugarirekin batera. Baldintza latzetan bizi ziren soldadu horiek alde egin baino lehen. Eremu honetan heriotza eta desagerpenak ere bizi izan ziren. 2011n bi soldadu eta haien objetuak berreskuratu zituzten. Bigarrena identifikatu ahal izan zuten uniformean zeraman identifikazio-xaflari esker, eta horri esker, pertsona horrek atzean utzi zuen anonimatua.




Amaitzeko, erakutsiko dizkizuet paseoan hartutako argazkiak, gaur egun dagoen lekuan. Hortik nenbilela burura etortzen zitzaidan behin eta berriro nola bizi behar izan zuten soldaduek pasadizo horietatik euria ari zuenean.


Lemoatxatik paseoan, 2020ko abenduan




No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...