XX. MENDEA: KOMUNISMOAREN HEDAPENA ASIAN
(Historia del Mundo Contemporáneo. Codigo Abierto. Casals argitaletxea.
Itzulia eta moldatua)
1. Mongolia eta Ipar Korea
Asian, Mongolia eta Ipar Korea izan ziren lehen estatu komunistak. Mongolia, Sobietar
Batasunaren laguntzarekin, 1921n independizatu zen Txinatik; handik lau urtera,
erregimen komunista ezarri zen. Ipar Koreak II. Mundu Gerra amaitutakoan ezarri
zuen komunismoa.
Baina 1949an Txinan
iraultza maoistak irabazi izana izan zen, zalantza-izpirik gabe, inguru hartako
garrantzi handieneko gertakizuna.
1911n azken
enperadorea boteretik bota eta hurrengo urtean, errepublika ezarri zen Txinan.
Ondoren, ezegonkortasun handiko garaia izan zelarik, Txina hainbat feudotan
zatitu zen, zein bere “gerra-jauntxoaren” agindupean. Etengabeko liskarretan
ibiltzen ziren beren artean, eta esan liteke praktikan independenteak zirela,
errepublikako buruzagiek ez zutela aginpiderik feudo moduko haietan.
Anarkia-giro hartan,
Sun Yat-Sen Kuomintang-eko (Txinako
Alderdi Nazionalista) buruzagiak gobernua ezarri zuen Kanton-en (Txinako
hegoaldean), 1923an, SESBren eta Txinako Alderdi Komunistaren laguntzarekin.
Besteak beste, Mao Zedong-ek sortu
zuen Alderdi Komunista, 1921ean.
Kuomintang-en
programak hiru ardatz zituen: 1)demokrazia, 2)nazionalismoa eta 3)herriaren
ongizatea. 1926ra arte egon zen Txinako Alderdi Komunistarekin –artean, nahiko
minoritarioa izan zen– elkar hartuta: 1926an hil zen Sun Yat-Sen, eta Chiang Kai-Shek jeneralak lortu zuen
buruzagitza Kuomintang-en eta gobernuan.
Chiang Kai-Shek-en armadak “gerra-jauntxoak” menderatu,
eta 1927rako Txinako lurralde gehiena haren agindupean geratu zen. Baina
orduantxe apurtu zen Kuomintang-en eta komunisten arteko
batasuna, eta armadak sarraskitu egin zituen komunista asko.
Gerra Zibila (1927-1936) hasi zen. Gerran, Mao Zedong-ek, behin Alderdi
Komunistako buruzagi nagusia bihurtuta, bestelako estrategia iraultzailea
ezarri zuen: iraultzaren protagonismoa nekazalgoan aritzen ziren jendetzek
hartuko zuten, eta ez industriako eta hirietako proletarioek. Ezaugarri
horretantxe bereizten dira nagusiki maoismoa
eta teoria marxista-leninista klasikoa.
Jiangxi (Kiangsi,
mapan) izeneko Txinako hegoaldeko eskualdeko zati txiki batean, Txinako
Sobietar Errepublika ezarri zuten komunistek, Mao presidente izendatuta, baina
nazionalisten erasoaren aurrean eskualdea utzi eta Martxa Luzea (1934-1935) hasi zuten iparraldeko Yunan (Yenan,
mapan) eskualderaino; Txina zeharkatzen 10.000 km-tik gora egin zuten, behin
eta berriro erasoak jasanda eta muturreko egoeretan.
1937an, Japoniak indarrez hartu zuen Txina. Etsai bera zeukatelarik, berriz batu ziren Mao Zedong-en komunistak eta
Chiang Kai-Shek-en nazionalisten gobernua, nahiz eta gobernu gero eta
diktatorialagoa izan. Baina, behin II. Mundu Gerra amaituta, Japonia galtzaile
irten zelarik, berriz hasi zen bien arteko gerra zibila, komunistak SESBren
babesarekin eta gobernua Estatu Batuen babesarekin.
Gobernuaren
autoritarismoak (ideologikoki nazionalistak ziren) eta ustelkeriak ekarri zuten
gizarteak gero eta babes handiagoa ematea Maoren armadari; batez ere,
nekazariek. Azkenean, komunistak irten ziren garaile gerran, eta, 1949ko
urriaren 1ean, Txinako Herri Errepublika
aldarrikatu zuten Pekinen. Chiang Kai-Shek-ek eta haren jarraitzaileek Formosa
(Taiwan) irlara erbesteratu behar izan zuten, eta han gobernua edukitzeari
eutsi zioten Estatu Batuen laguntzarekin.
MAO ZEDONG (1893-1976)
Hunan probintzian
jaio zen, Txinako hegoaldean, nekazari dirudunen familia batean.
Gurasoen etxea utzi,
eta irakasle-ikasketak egiten jarri zen. Pekingo unibertsitatean jardun zuen
liburuzain-lanetan, eta orduantxe hasi zen harremanetan zenbait intelektual iraultzailerekin.
1919an, Japoniaren
aurkako ikasleen matxinadan hartu zuen parte, eta Alderdi Komunistaren
sortzaileetako bat izan zen, 1921ean; antolamendu-arduraduna izan zen hasieran
alderdian. Gero, jaioterrira itzuli, eta bertan ohartu zen Txinan –non nekazaritzak
zuen pisurik handiena ekonomian– nekazariek osatzen zutela iraultza bultzatzeko
indar sozial bakarra, gehien-gehienak zapalduta zeudelarik.
TXINAKO HERRI-ERREPUBLIKAREN LEHEN URTEAK (1949-1957)
Nekazaritza-erreforma herrialde osora hedatzea
eta Txina lehenbailehen industrializatzea
izan ziren Herri Errepublika berriaren lehen asmoak:
a.
Lur-jabe handiei lur-sailak
desjabetu, eta nekazari pobreei eman zitzaizkien; jabeko txiki eta ertainak,
ordea, errespetatu egin zituzten.
b.
Industriak nazionalizatu,
eta Bost Urteko Plana (1953-1957)
ezarri zuten, sobietarren eredura industria astunari lehentasuna emateko.
Baina industrian
aritzeko gero eta populazio handiagoa behar zen hirietan, eta berehala
konturatu ziren nekazaritza-soberakinak ez zirela nahikoak hirietako
populazioaren beharrak asetzeko.
Hala, nekazaritzaren
produktibitatea handitzeko, presazko kolektibizazioari
ekin zioten. Horretarako, jabego pribatu txikiak elkartu, eta kooperatiba edo
etxalde estatal bihurtu zituzten, sobietarren kolkhoz eta sovkhozen
eredura.
Beste alde batetik,
1956 eta 1957 artean, Maok Ehun Loreen
Kanpaina («ehun lore loratzen utzi, ehun pentsamendu-eskola lehiatzen
utzi») jarri zuen abian: Txinako arazoen gainean
intelektualek beren artean aske eztabaidatzea bultzatzen zuen kanpainak,
eta erregimen berriari buruzko beren ideiak plazaratzea.
Baina hasieran
ideia-plazaratze askearen klima berria zirudiena laster bilakatu zen errepresio
bortitza, batez ere Alderdi Komunista eta Estatu berria gogorren kritikatu
zituztenen aurka: eskuindarrak izateaz eta iraultza deusezteko asmoa edukitzeaz
akusatu zituzten.
Aldi berean, Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko
tentsioa gora egiten joan zen etengabe, eta behin betiko haustura etorri
zen azkenean: 1956an, Gerra Hotzean, Khrustxov SESBko presidenteak
desestalinizazioa hasi zuen, bai eta halako ‘bizikidetza baketsuaren politika’
ere, baina Maok eta Txinako Alderdi Komunistako buruzagitza osoak interpretatu
zuten aldaketa haiek printzipio marxisten errebisionismoa baino ez zirela,
guztiz kontu onartezina haientzat.
«AURRERAKO JAUZI HANDIA» (1958): GOSETE HANDIA
1958an, Txinaren
ekonomia eraldatzea lortze aldera ibilbide propioa aukeratu behar zuela
sinistuta, Mao Zedong-ek «Aurrerako
Jauzi Handia» izeneko proiektua jarri zuen abian. Ekonomiaren modernizazioa
eta hazkundea azaleratzea ziren asmoak; horretarako, populazio gehiena herri-komunetan ezartzea erabaki zuen.
Komuna horiek estatuaren lehenagoko kooperatiba eta etxaldeetan oinarritzen
ziren, baina askoz ere handiagoak: 20.000 nekazari hartzen zituen bakoitzak,
eta egitura ia militarrekoak izanda, antolamendu sozioekonomiko berria
zekarten.
a.
Jabetza kolektiboa zen, eta
komunitatearen arauek zorrotz markatzen zituzten harreman sozialak zein bizitza
pribatua.
b.
Eskulangintza
tradizionalarekin eta landa-eremuko behe-teknologiako industria txikiarekin
uztartzen zuten nekazaritza-jarduera, bi helburu ekonomikorekin:
autosufizientzia lortzea eta ekoizpena nabarmen handitzea.
Hitz gutxitan
esanda: Txinak pairatzen zuen kapital-gabezia langile nekazarien
ugaritasunarekin berdintzea zen Maoren asmoa –ugaritasun hura zen Txinaren
benetako aberastasuna–, garapen ekonomikoa azeleratzearekin batera elkartasun
sozialeko loturak indartzeko. Baina emaitzak
ezin txarragoak izan ziren, honako arrazoi hauengatik:
a.
Lan-indarren zati handi bat
produktibitate gutxiko industria-jardueretara desbideratu zen. Horren
erakusgarri, komuna guztiek eskuz eraiki behar izan zituzten derrigorrean beren
labeak, oso landugabeak, eta nekazariek bertan galdatu behar izaten zituzten metalezko
objektuak, askotarikoak, inolako prestakuntzarik gabe, nola egin ondo jakin
gabe, altzairua ekoizteko; baina, hain kalitate txarreko altzairua izanda, ezin
izaten zuten gero ezertarako ere erabili.
b.
Nekazaritzaren ekoizpena,
asmoa nabarmen handitzea bazen ere, gutxitu egin zen, bai planifikazio
txarragatik giza baliabideak gutxiegi erabili zirelako, bai urte haietako
klima-egoera oso txarra izan zelako; hori dela eta, uztak oso eskasak izan
ziren.
Agintariek, dena
dela, ekoizpen-helburu oso altuak markatzen jarraitu zuten, eta komunek,
helburuok ez lortzeagatik zigortuko zituztelakoan, neurriz gain ezarritako
kuotak ordaintzen zizkioten Estatuari, eta Estatuak, bere aldetik,
esportaziorako gordetzen zituen, SESBrekin zeukan kanpoko zorra kitatzearren.
Gosete handi bat izan zen horren ondorio ezin lazgarriagoa,
gizateriaren historian gertatu den goseterik handiena: azken ikerketen arabera,
45 milioi biztanle hil ziren Txinan 1958. eta 1962. urteen artean.
Aurrerako Jauzi Handia
abian jarri eta lehen urtean baziren ordurako ageri-agerikoak proiektuaren
akatsak; beraz, Maok errepublikako presidentetza utzi behar izan zuen, baina
jarraitu zuen Alderdi Komunistako buru izaten.
Liu Shaoqik, Maoren
ondorengo presidenteak, politika ekonomiko errealistagoa aplikatzea erabaki
zuen. Behin betiko utzi zuten alde batera industria astuna lehenestea
–sobietarren eredua–, eta askoz ere diru gehiago lerratu zuten industria
arinera eta batez ere nekazaritzara: herri-komunak desegiten joan ziren, eta
berriz etorri zen kooperatiben sistema; batzuetan, jabego pribatu txikiak ere
onartu ziren.
IRAULTZA KULTURALA (1966-1969)
Mao Zedong-ek ez
zuen etsi gobernutik zokoratu eta Alderdiko buru hutsa izatera. Hala, 1966an
beste kanpaina bat jarri zuen abian: Iraultza
Kulturala izenekoa.
Kanpaina
justifikatzeko, aldarrikatu zuten ezinbestekoa zela gizartean eta Alderdian
kide kontrairaultzaileen eta kapitalisten garbiketari ekitea, eta gertatzen ari
ziren desbideratze ideologikoei aurre egitea. Baina benetako arrazoia beste bat
zen: Maok berreskuratu egin nahi zuen boterea eta bere aurkarietatik libratu,
ikasleen eta armadako sektore gogaideen laguntzarekin.
Horretarako,
batzorde iraultzaileak sortzea bultzatu zuen herrialde osoan, eta Guardia
Gorriak izeneko ikasleen mugimendua sustatu. Alderdian, eskoletan,
unibertsitateetan eta oro har gizartean sator-lanetan ari ziren ustezko
kontrairaultzaileak salatu eta zapaldu zituzten batzorde iraultzaileek zein
Guardia Gorriak.
Ortodoxia
ideologikoaren izenean (Maoren Liburu Gorria esakune-liburuan
laburbiltzen da zertan zen ortodoxia hura), izugarrizko gehiegikeriak izan
ziren: liburutegiak, artelanak eta tenpluak suntsitu, iragan feudalaren
erakusgarri zirelakoan; mendebaldeko literatura eta musika klasikoa debekatu,
kontrairaultzaileak zirelakoan; lurjabeak eta irakasleak laidotu, zanpatzaileak
edo eskuindarrak zirelakoan; hainbat funtzionario kargugabetu; bortxazko
lanaren bidezko berreziketarako esparruetara deportatu; baita hainbat eta
hainbat txinatar atxilotu eta heriotza-zigorra aplikatu ere. Milioika
herritarrek pairatu zituzten gehiegikeria horiek guztiak; besteak beste,
intelektual, artista eta Alderdiko militante ugarik.
Hain zabala eta
gogorra izan zen Txina osoko kaos-giroa (gehienbat Guardia Gorriek sortutakoa),
ezen Maok berak erabaki zuen armadak gizartean esku hartzea, ordena berriz
ezartzearren.
1968an, Liu Shaoqi
Errepublikako presidente-kargutik kendu, eta Maok Estatuaren kontrola berreskuratu zuen Alderdi Komunistaren
barruan zeukan kargu gorenetik. Handik urtebetera, Iraultza Komunista amaitu
egin zela aldarrikatu zuen, eta jarduera guztiak eteteko agindu zien Guardia
Gorriei.
Iraultzaren urteurrena Txinan
KANPORA IREKITZEKO POLITIKA 70eko HAMARKADAN
Txinako Herri
Errepublikak, sortu eta lehen hamarkadan, oso herrialde gutxirekin izan zituen
harremanak. Batez ere Sobietar Batasuna izan zuen aliatu, eta ia-ia beste
guztiak ere komunistak ziren. Izan ere, mendebaldeko herrialde gehienek eta bai
NBEk berak ere Txina Nazionalistako gobernua (Taiwan-goa) baino ez zuten
legitimotzat jotzen.
60ko hamarkadan, Maok Khrustxev-en
garaiko Sobietar Batasunarekin harremanak apurtu, eta Txina isolatuta
geratu zen nazioarteko joko politikoan. 1971n hasi zen bakartze hartatik
irteten, NBEk Maoren gobernua onartu baitzuen Taiwango erregimenaren kaltetan.
1973an, Richard Nixon AEBetako presidenteak bidaia
ofiziala egin zuen Txinara. Txinari nabarmen komeni zitzaion kanpora
irekitzea, eta balizko aliatutzat jotzen zituen estatu batuarrak sobietar
blokeari aurre egiteko. Dena dela, hainbat arrazoirengatik, Txinaren eta Estatu
Batuen arteko harreman diplomatikoa ez zen 1979ra arte ezarri.
MAOren HERIOTZATIK TIANANMENgo SARRASKIRA (1976-1989)
1976an Mao Zedong
hil eta gero, barne-borrokak izan ziren gobernuko bi fakzioren artean:
maoismoarekin jarraitzearen aldekoak ziren batzuk (“Lauren Banda”; kideetako
bat Maoren alarguna zen) eta Txinari ziaboga ekonomikoa eta politikoa emateko
asmoa zuten besteek. Azken horiek nagusitu ziren. Buruzagi nagusi berria Deng
Xiaoping izan zen, Iraultza Kulturalean errepresalia jaso eta gero birgaitu
zuten komunista historikoa.
Txinako historian
garai berri bat hasi zen orduan, bere ezaugarri funtsezkoetan gaur egun arte
dirauena:
a.
Erregimen politikoaren immobilismoa: Alderdi Komunistak erabateko kontrola ezartzen du, baina Maoren garaiko
doktrinatze ideologiko hertsi hura inposatzeko asmorik gabe.
b.
Kanpora irekitzea eta SESBrekin izandako
liskarrak amaitzea.
c.
Pragmatismo ekonomikoa: «Merkatu-ekonomia sozialista» ezarri zen, izenak dakarren
kontraesanagatik nahiko bitxia, nolabait esanda ekimen pribatua eta Estatuaren
esku-hartzea bateratzen baititu. Garapen izugarria ekarri zuen horrek
ekonomian, baina baita desberdintasun sozialak areagotzea ere.
Beraz, ekonomiaren
liberalizazioak ez zuen berekin ekarri sistema politikoaren liberalizazioa.
Hala, gobernuak gogor erreprimitu zituen demokraziaren alde ikasleek eta
intelektualek egindako aldarrikapenak. Errepresio-ekintza horietan guztietan
entzutetsuena Pekingo Tiananmengo
Plazako sarraskia da, 1989koa, Europan komunismoa gainbeheran hasi zen
garaitsukoa.
1989ko apirilean
hasi ziren manifestazioak egiten herrialdearen egoerarekin bat ez zetozen bi
kolektibo: batetik, ikasleak eta intelektualak, erregimena
demokratizatzeko ametsa zutenak (Gorbatxov-ek SESBn eta Ekialdeko Europan
bideratu zuen bezala); eta, bestetik, industriako
langileak, joera kapitalistako politika ekonomiko berriak zerkartzan
inflazioaren eta langabeziaren mehatxuarekin arduratuta.
Protesta-mugimendua
handitzen joan zen, eta hilabete eta erdian izan ziren manifestazioak; batez
ere, Pekingo Tiananmen plaza handian.
Amaiera tragikoa
izan zen. Gobernuak, gerra-legea ezarri, eta armada mobilizatu zuen ekainaren
3tik 4ra bitarteko gauean: tankeak kaleetara atera, eta jendearen kontra egin
zuen tiro. Ikaragarrizko sarraskia izan zen: 2017an desklasifikatu ziren
zenbait dokumenturen arabera, 10.000tik gora hildako gertatu ziren, eta ezin
konta ahala zauritu.
Komunismoaren hedapena Indotxinako penintsulan (apunte batzuk…)
Txinaren ondoren, Vietnam-en ere irabazi zuten
komunistek, iraultzaren ondoren boterea eskuratuta. Prozesua luzea izan zen:
Frantziaren aurkako Indotxinako Gerran (1946-1954) hasi, eta, Estatu Batuen
aurkako Vietnam-go gerra entzutetsuan behin garaituta eta estatubatuarrak
kanporatuta, 1975ean amaitu zen, vietnamdar guztiak, hegoaldekoak eta
iparraldekoak, berriz batu zirenean.
Txinako eta
Vietnamgo esperientzia komunistak eredutzat hartu zituzten Indotxinako penintsulako gainerako herrialdeek, eta haien antzera
jokatu nahi izan zuten:
1.
1974an, estatu-kolpe bat jo
zuten militarrek Birmanian, eta
herrialdea errepublika sozialista gisa definitu zen Konstituzio berrian.
2.
1975ean, gerra zibila
amaitu, eta Khmer Gorrien gerrilla komunistak hartu zuen boterea Kanbodian, Pol Pot buru zutela. Khmer
Gorriek diktadura krudel bat ezarri zuten, txinatar maoismoan oinarritua:
ezeztatu egin zituzten dirua eta jabetza pribatua; milioika kanbodiar eraman
zituzten bortxaz hirietatik landa-eremuetara, berreziketa-esparruetara; bi
milioitik gora hil zituzten, kontrairaultzaileak edo traidoreak zirela
leporatuta. 1979an, Vietnam-ek babestutako gerrilla batek Pol Pot boteretik
kendu, eta beste erregimen komunista ezarri zuten, Vietnam-en eta SESBren
aldekoa. Dena dela, Khmer Gorriek hamarkadetan jarraitu zuten aurka egiten.
3.
1975eko abenduan, Pathet Lao
izeneko mugimendu komunistak, Vietnam-en eta SESBren laguntzarekin, monarkia
boteretik bota, eta herri-errepublika ezarri zuen Laos-en.
Sobietar Batasunaren
eta Europako komunismoaren lur-jotzearen ondoren, aipatu ditugun Asiako zazpi
herrialdeetatik lautan eutsi diote alderdi bakarreko erregimen komunistari:
Ipar Korean, Txinan, Vietnamen eta Laosen. Dena dela, azken hiruretan gero eta
pisu handiagoa hartzen ari da merkatu-ekonomia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario