Reza Pahlevi xaha
Irango iraultza islamikoa (1979)
Ekialde Hurbileko egonkortasuna
galtzeko lehen faktorea Israelgo estatua sortzea izan zen; bigarren faktore
nagusia, 1979ko Irango iraultza islamikoa.
Iran ez da lurralde arabiarra, Turkia bera ez den bezala (bertako
hizkuntza ez da arabiera: Iranen persieraz hitz egiten da nagusiki, eta
Turkian, turkieraz), baina bada musulmana,
jakina. Musulmana bai, baina xii-adarra da nagusia Iranen; hain zuzen
ere, suni-adarraren mendetako
aurkaria (suniak dira gehiengoa Turkian eta Arabiar Penintsulako herrialdeetan,
eta orohar islamean).
1953an, Estatu Batuek eta
Erresuma Batuak estatu-kolpe bat antolatu zuten Iranen, Reza Pahlevi
enperadorea (xah, persieraz) bera ere
nahastuta zegoelarik, eta handik aurrera Mendebaldeko herrialdeen txotxongilo
nagusia bilakatu zen Iran, Mendebaldearen Ekialde Hurbileko interesen
zerbitzura jokatzen zuena.
Mendebaldeko korporazioek
ustiatzen zuten Irango aberastasun-iturria: petrolioa. Iranek jasotzen zuen
mozkinen zatia, diru-sarrera oparoak izan arren, ez zen erabili herrialdea
garatzeko: kontrara, errejimenaren ustelkeriagatik, xahak berak eta haren
lagunek beren mesederako pilatu zituzten dirutza haiek.
Gizartean handitzen zihoan
desparekotasunak ondorio hau ekarri zuen: xaharen
aurkako oposizioa gero eta handiagoa izatea herritarren artean. Neurri handi batean aiatolek (musulman xiiten buruzagi erlijiosoek) gidatu zuten
oposizioa, eta erlijioaren bitartez bideratu; hori dela eta, erlijioa ikur
indartsua bihurtu zen, ezaugarri nazionala, Mendebaldeko balioei eta haien
zerbitzuaren pean zegoen errejimen ustelari kontrajarria. 70eko hamarkadan
protesta-mugimenduak asko ugaritu, eta azkenean xaha boteretik botatzea lortu zen; 1979ko urtarrilean, erbesterako hartu behar izan zuen xahak.
Errepublika
Islamikoaren Alderdiaren propaganda (1979):
«Islama
da langilearen babes bakarra».
Handik gutxira, Jomeini aiatola, xaharen aurkako
oposizio politiko-erlijiosoaren buruzagi nagusia, Paristik Iranera itzuli zen
(Parisen zegoen deserriratuta). Jomeiniren zuzendaritzapean, Errepublika Islamiko fundamentalista[1]
bat ezarri zen Iranen, hasiera-hasieratik Estatu
Batuen eta Mendebaldearen aurkako borroka erradikalean jardun zuena:
aiatolek aldarrikatzen zuten islamaren interpretazio zorrotzaren aurrez aurre,
Estatu Batuek eta Mendebaldeak guztiz kontrako balioek islatzen zituzten, eta
xaharen errejimena babestu zuten aurreko urteetan.
Jomeini aiatola
Beraz, Iran mutur batetik bestera
pasatu zen: Mendebaldeko herrialdeen interesen gotorlekua izatetik fundamentalismo islamikoaren hedapen-fokua
izatera, hain zuzen ere.
Iran-Irak Gerra
(1980-1988)
Irak suniek gobernatutako
herrialde arabiarra zen, nahiz eta Iranen bezala herritar gehienak (% 60)
xiiak izan. Petrolioa esportatzeko funtsezko atea Persiar Golkoa dute, baina
Irakek oso kostalde txikia dauka bertan, Kuwait-en eta Iranen arteko zerrenda
estu-estu bat baino ez.
Saddam Hussein-ek, 1979tik Irakeko diktadoreak, ikusi zuen
Jomeiniren Irango errepublika oso arriskugarria izan zitekeela bere
errejimenarentzat, baldin eta Irakeko xiitak Irango iraultza Irakera zabaldu
nahian hasiz gero; baina, aldi berean, ikusi zuen aukera izan zezakeela Irani
indarrez kentzeko Persiar Golkoaren inguruko lurraldea, aprobetxaturik Iran
nazioartean bakartuta zegoela, bertako petrolioa ustiatzeko baina baita
itsasorako irteera handitzeko ere.
1980an hasi zen Iraken eta Iranen
arteko gerra, hiru arrazoi hauengatik:
a.
Arabiarren eta persiarren arteko
etsai-giroa, mendetakoa.
b.
Sunien eta xiien arteko lehia
erlijiosoa.
c.
Persiar Golkorako irteera zabaltzeko
interesa.
Saddam Hussein-en probetxuaren
alde jokatu zuen Jomeiniren errejimena nazioartean bakartuta egon izanak; are
gehiago: Estatu Batuek eta herrialde arabiarrek laguntza eman zioten Hussein-i.
Baina alferrik, zeren eta irabazle argirik gabeko gerra luze suntsitzaile hura
hutsala gertatu baitzen amaieran: milioi bat soldadu hildako, ezin konta ahala
elbarri, eta hondamendi material ikaragarria izan ziren ondorio bakarrak bi
herrialdeentzat.
[1] Fundamentalismoa.
Erlijio baten testuen edo doktrina baten arauen interpretazio
eta aplikazio hertsi eta zorrotzaren aldeko mugimendua edo doktrina.
No hay comentarios:
Publicar un comentario