GU ere, MIGRATZAILEAK izan ginen!!
Kaixo, historiagileok!
Berriro zuekin!
Aste honetan ikastetxean Bakea eta Elkartasunaren garaia ospatzen ari gara. Aurten "migratzaile klimatikoak" ezagutzeko ahalegina egin nahi dugu eta guztion etxea (lurra) zaintzean jarri nahi dugu begirada. Beraz, zer egin dezakegu historia irakasgai honetan migratzaileengana hurbiltzeko? Historia klasean zerbait berezia egingo dugu. Denboran zehar bidaiatuko dugu berriro ere! Bazatozte?
Hona hemen aste honetako erronkak:
1. Euskaldunen historian ezagutuko ditugu beste migrazio edo leku-aldaketen adibideak; horretarako, XIX. mendera joango gara. Eta artzain bihurtu.
2. Bigarrenez, XX. mendera joango gara, eta han gerra zibilaren ondorioz gerrako ume euskaldun batzuei gertatutakoa apur bat ezagutuko dugu.
3. Eta, amaitzeko, gure familietan ikertuko dugu. Ados? Egon al dira zuen familietan migrazio-esperientziak? Ikertu, mesedez, eta kontatu iezaizkiguzue!!
1. XIX.-XX. mendeetako euskal artzainak
XIX. mendea eta XX. mendearen hasiera dira Ameriketan artzain-lanetan ziharduten euskaldun gehien izan zireneko aldiak. Uruguay eta Argentinara joan ziren batez ere. Bizkaiko baserrietako gizon gazte asko; besteak beste, Pampako lautadetara joaten ziren lurralde mugagabe haietan abeltzaintzan lan egitera. Alde horretan euskaldunak eta irlandarrak ziren talderik ugarienak. Hasierako momentuetan alokatuta lan egin zuten hango ugazabentzat baina urteen buruan lortzen zuten soldatekin ugazaben menpetik alde egin eta bere beste senide eta herrikideekin artzain-talde berriak osatu eta artalde batzuen jabe egin ziren.
1850etik aurrera, artzain horietako batzuk familia osoarekin joan ziren Ipar eta Hego Ameriketara. Beren izaera eta ezaugarriak zirela eta, agintariek eta abeltzain nagusiek berariaz maitatzen zituzten migratzaile euskaldunak, haintzat hartzen zituzten. Dirudienez, langile ausartak, sutsuak eta trebeak ziren artzain horiek.
Hala ere, atzerritatutakoen gogoetan itzultzeko itxaropena mantendu zen. Askok, urteetan lan gogor nekagarrian jardun ondoren, dirutza baten jabe egin, eta Euskal Herrira itzuli ahal izan zuten. Beste asko betiko gelditu ziren han, eta ondo integratu bertako gizartean. Haietako batzuk Euskal etxeetan batzen ziren erroak, ohiturak eta euskara bera ez ahazteko.
Entzun kantu herrikoi baten ahapaldi bat:
Amerikara noa nere borondatez
hemen baño hobeto bizitzeko ustez
aspertuta bainago hemengo izatez
adios aita eta ama ondo bizi bitez (...)
Ipar Ameriketako mendebaldea osatzen duten hamaika estatuetako oihan, mendi eta lautadetan, XIX. mendearen erdialdez gero han etengabe izandako artzain euskaldunen gauzazko eta kulturazko zantzuak eta lekukoak aurki daitezke. Lertxun markak eta harri mutilak dira artzain euskaldunak han bizi izanaren ezaugarri nabarmenenak.
Lertxun-marrak lertxun-basoetako zuhaitzen enborretan labaina-muturrez egindako zizelketak dira. Gehienetan artzainaren izena, horren jatorria eta Ameriketara iritsi zeneko noizkoa adierazten dute. Batzuek marrazkiak dituzte: artzaina bera, animaliak eta abar. Zaharrenak 1880. urte ingurukoak direla ematen du, eta berrienak 1970.eko hamarkadakoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario