miércoles, 3 de febrero de 2021

Txina historian

 

2016-2021

Txina: mehatxuka ari zaizkio AEBak militarki, edo gidatzen ari zaigu pandemia honetan?




Kaixo, historialariok!

Zuekin nago berriro ere. Gaur, Wuhan ikusi dut albisteetan. Oso hiri ospetsua bihurtu da azken urtean, bertan hasi omen zelako COVID-19aren pandemia, orain dela urtebete, luze-luzea egin zaigun urtebete pasatxo. Harrigarria badirudi ere, hilak daramatzate han COVID-19aren kasurik gabe. Itxaropentsua da ikustea hobeto daudela eta normaltasunera itzuli direla; gu, berriz, COVID-19aren hirugarren olatuan gaude bete-betean. Wuhan-go biztanle guztiei gutxienez PCR bat egin diete, guzti-guztiei, eta ematen du gaitza desagertzea ekarri dutela itxialdi gogorrek. Txertoen kanpainak ikusten ditugu guk telebistan eta sare sozialetan, egunero. Politikari batzuen ustelkeria ikusten ari gara, dagokien momentua heldu baino lehen txertoa jarri dutelako; ‘negazionistak’, ‘arduratsuak’, ‘gel hidroalkoholikoa’ eta ‘itxialdi perimetralak’… denetarik ikusten eta ikasten ari gara pandemia honetan. Pandemiaren negu gorrian gaude eta nik pentsatu dut interesgarria izan litekeela gaur, berriz ere, begirada Txinara itzultzea. Bazatozte nirekin?

Horretarako, John Pilger-en dokumental hau ikusiko dugu: The coming war on China [Txinari aurki datorkion gerra].




Ez pentsatu dena gustatu zaidanik, ez: momentu batzuetan, apur bat apokaliptikoa iruditu zait filma; gainera, 2016koa da, eta dokumentalean iragarritako gerra ez da oraindik agertu etorkizun ilun horretan irudikatzen zuten moduan. Trump-ek Etxe Zuria utzi berri du, eta idazten ari naizen egun honetan, Joe Biden-en agintaldia hasi da Ipar Amerikan. Beraz, agian, ez da beteko dokumentalean aurreikusten den etorkizun katastrofikoa. Hala ere, ikustea merezi duelakoan nago. Goazen, ba, eta has gaitezen ikusten!

1.       Txina gaur: estatubatuarren hesi militarra Hego Txinako itsasoan



John Pilger-ek, dokumentalaren hasieran, Txinako itsasoko eskualde batera hurbilarazten gaitu, gaur egun lurralde-gatazkan dauden irla txiki batzuetara: Txinak beretzat hartzen ditu, eta AEBek ez dute onartzen Txinaren jabetzea. AEBek, izan ere, interes handia daukate irla horietan, haien kokapen estrategikoagatik, bermatu nahi baitute Hego Txinako itsasoan daukaten kontrol militarra. Lehen minutuetan, CNN Kateko informatiboek mezu hau igortzen die estatubatuar herritarrei (gogoratu 2016an gaudela): “Bai mundua, bai AEBetako gobernua, munduaren segurtasunaren bermatzaile gisa, prest daude Txina etsaitzat hartzeko”. Dokumentalaren lehen zatian, erakusten digute non dauden kokatuta estatubatuarren base militarrak, eta nola osatzen duten halako babes-hesi bat –edo urka-bilurra, nondik begiratzen diogun–, AEBek Txina isolatu eta kontrolatzeko erabiltzen dutena: base militarrak, Txinarantz begira dauden misilak, bonbaketariak, gerraontziak… Gero, hainbat gertaera historiko zerrendatzen ditu. Baina, XIX. mendeko Txinaren historia sakon aztertu aurretik, gaur egungo munduaren errealitateari heltzen dio. Hala, aditzera ematen du Txina munduko bigarren ekonomia izatera heldu dela azken urteotan, baina oraindik AEBak direla lehen potentzia ekonomikoa, eta, zer esanik ez, lehen potentzia militarra. Dena dela, Txinak hurbil dauka lehen postua ekonomian, pauso sendoak ematen ari da horretan, eta, beraz, Washington mehatxatuta sentitzen da. Baina galdera bat datorkigu…: Zein da mehatxu hori, eta non dago?  Azken finean, zein zeinentzat da mehatxua?  

 

2.       Historia gogoratzen: (1946-1958) Saio nuklearrak Bikini atoloian

  Goazen urte batzuk atzera historian.  Japoniarrek, II. Mundu Gerran, Marshall uharteak konkistatu zituzten, Ozeano Barean. Gero, bertan ezarri ziren AEBak, ingurua kontrolatzeko leku estrategikoa delako. Hainbat saio nuklear egin zituzten 1946 eta 1958 artean itsaso hartan. Uhartedi hartako biztanleek, ordura arte benetako paradisuan bizitzen ohituta, patu gaiztoa pairatu behar izan zuten, infernurako bidea: giza akuri modura erabili zituzten estatubatuarrek, aztertzeko zer-nolako kalteak ekar zitzakeen erradiazio nuklearrak lurrean, itsasoan eta gizakiengan. Ondorio ikaragarri latzak utzi zizkieten uharteetako biztanleei proba haiek: tiroideetako minbiziak eragindako heriotza goiztiarrak, proba nuklearrak garatu bitartean eta ondoren jaiotako haurrengan malformazioak, bizi-itxaropena erabat gutxitzea, erredura garratzak  erradiazioagatik…



Dokumentalean, esperimentu lazgarri hartatik bizirik irten ziren pertsona batzuek esaten dute patu gaizto haren erruduna AEBetako gobernua dela, ondo baino hobeto baitzekien zer gertatzen ari zen, eta hala eta guztiz ere esperimentuekin jarraitzeko baimena eman baitzuen, sekulako arrazismoa eta ankerkeria agertuta; gordin esanda: jarrera erabat kriminala agertuta. Estatubatuar armada han aritu zen bonba nuklearren ondorioak aztertzen, eta 2015-2016 urteetan ere jarraitzen dute aztertzen estatubatuarrek. Aitzakia, uharteetako jendeari laguntzea: osasun-etxe moduko batzuetan, edonor joan daiteke doako probak egitera neurtzeko zenbat plutonio daukaten gorputzetan. Dohainik neurtu bai, baina inork ez du erantzukizunik hartzen giza eskubideen urratze hark sortu dituen gaixotasunen eta sufrikarioaren aurrean. Nola arraio liteke?


Bonbak bota baino lehengo irudiak

3.       AEBek independentzia mugatua eman zieten Marshall uharteei (1986)

1986an, Marshall Uharteek EABetatik independizatzea lortu zuten… neurriz. Independentzia gorabehera, uharteetako biztanle autoktonoen errealitateak oso gordina izaten jarraitzen du: miseria gorrian bizi dira, egurrezko etxeetan, elektrizitate eta ur korronterik gabe. Aldamenean, kontrasterik krudelenean, estatubatuarren base militarrak eraiki zituzten, punta-puntako gerra-teknologiarekin. 



Izan ere, 1986an independentzia onartu zutenean, marshalldarrek baldintza izugarri bat onartu behar izan zuten ezinbestean: saio nuklearrengatik sortutako kalteak direla-eta AEBek eman behar zieten ordaina 150 milioi $-ekoa baino ez izatea. Baina diru hori huskeria bat da, kontuan harturik zer egoeratan bizi diren marshalldarrak, zer desparekotasun sortu den marshalldarren eta irletan finkatutako estatubatuarren artean, zer demaseko kutsadura dagoen bertako naturan (itsasotik ezin da baliagairik atera)... 



Zalantzarik gabe, sortu duten kalterako, urri-urria da kalte-ordain hori. Lau txakur txiki horiekin, ez dago inolaz ere miseriatik irteteko modurik. Gainera, kontrastea ikaragarria da: bertakoek bizirik irauteko ezer gutxi daukate; base militarretan lan egiten duten estatubatuarrek, ostera, ia-ia luxuzko bizi-estandarra dutela esan genezake, AEBetan bizi diren herritarrena baino hobea. Baina, zergatik daukate AEBek interesa Txinako Itsasoan horrenbesteko indar militarrari eusteko? 




Erakuts dezake historiak zer dela-eta Txinaren eta Mendebaldearen arteko harreman gaizto hori? Itzul gaitezen XIX. mendera: kolonizazioaren, industrializazioaren eta ondasunen pilaketaren garaira.

4.       Opioaren Lehenengo Gerra (1839-1842 ): dirua Ipar Amerikako (eta Britainia Handikorako, Frantziakorako…) industria-iraultzarako, eta opioa txinatar herriarentzat.



XIX. mendeko estatubatuar elitearentzat, urre-meategia bezalakoa zen Txina, baina drogei dagokienez. Hala, Warren Delano Jr., Franklin Delano Roosevelt-en aitita, opioaren erregea zen Txinan, eta AEBetako opio-trafikatzailerik handiena, britainiarren atzetik. Berak hartu zuen lehen estatubatuar itsasontzia Opioaren Gerretan laguntzeko. Britainiarrek bultzatu zituzten gerra haiek, Txinarekin zeukaten merkataritza-balantzak defizita baitzuen Txinaren alde (te ugari erosten zieten txinatarrei). Indiako opioa hasi ziren Txinan sartzen, eta ondorio latzak ekarri zizkien herritarrei. Txinatarrak opioaren salerosketa debekatzen ahalegindu zirenean, Erresuma Batuak gerra piztu zuen, eta irabazi. Ondorioz, Hong Kong britainiarren mendean geratu zen, eta Kanton eta beste itsas portu batzuk zabaldu behar izan zituzten kanpoko merkataritzarako; Shanghai, besteak beste. Handik bi urtera, AEBek Txinarekin bere hitzarmena sinatu, eta merkataritza-berme sendoak eta onura handiak lortu zituzten. Opioaren Bigarren Gerraren (1856-1860) ondoren, portuak merkataritzara zabaltzea, lur-sailak alokairuan ustiatzea eta trenbideen emakidak lortu zituzten mendebaldarrek, bai eta Txinako Inperioa lau eragin-eremutan banatzea: errusiarrentzat, iparraldea; alemanentzat, ipar-ekialdea; britainiarrentzat, Yangzi ibaiaren harana; eta frantsesentzat, hego-ekialdea.

AEBetako kostaldeko leku ugari, hala nola Columbia, Harvard, Yale eta Princeton (gaur egun oso unibertsitate entzutetsuak kokatzen dira bertan), opioaren diruari esker sortu ziren. Negozio ilun horretatik zetorren dirutza ikaragarritik finantzatu zen, neurri handi batean, Estatu Batuetako industria-iraultza. Opioaren negozioarekin, britainiarrak aberastu, eta estatubatuarrek beren industrializazioa finantzatu zuten.



Dokumentaleko 44. minutuan, James Bradley-k, The China Mirage: The Hidden History of American Disaster in Asia [Txinako ispilatzea: Asiako amerikar hondamendiaren historia ezkutua] liburuaren egileak, azaltzen digu nondik zetorkion Roosevelt familiari aberastasun itzel hura: F.D. Roosevelt-en aititarentzat oso onuragarria izan zen legez kanpoko negozio batetik. Txundituta geratzen gara jakitean Franklin Delano Roosevelt liberal, demokrata eta Estatu Batuetako New Deal-aren bultzatzaile hark gerratik eta drogatik eratorritako dirutza zeukala. Forbes familiaren ondasunak ere jatorri ilun berbera du. Opioaren diruarekin finantzatu zen Massachusetts hiri industriala eraikitzea, bai eta AEBetako lehen bost trenbideak ere, eta Ekialdeko kostaldea ere diru horrexekin garatu zen. Historiako kapitulu hau ez da harrotzeko moduko gertaera Mendebaldearentzat, eta horrexegatik ozta-ozta hitz egiten da horretaz: ezkutatu egiten da iraganeko pasarte hori. Edonola ere, AEBek txinatar herriarekin duten harremana ulertu nahirik, beste galdera hau datorkigu gogora: Onartu zituzten txinatarrak ‘askatasunaren Amerikan’? Joan gaitezen 1882ra galderari erantzun egokia emateko. 

Txinatarrak, egia esan, Estatu Batuetako lehen industria-hazkundeko urteetan hasi ziren kokatzen bertan, XIX. mendean. Baina James Bradley-k dokumentalean dioenez, esan liteke XIX. mende osoan ia-ia legez kanpokoa zen txinatar batekin harremanak edukitzea Estatu Batuetan. Enpresari modura heldu ziren batzuk, eta urre-meategietan lan egitera eta trenbideak eraikitzera beste batzuk; beraz, esan liteke haien laguntzarekin garatu zela, ziztu bizian garatu ere, herrialdea. Baina estatubatuarrek ez zuten nahi txinatarrak edukitzea bertan lehian, eta 1882an kanporatze-lege batzuk ezarri zituzten, gutxienez 100 urtean txinatarrak AEBetatik mugetatik kanpo mantendu zituztenak. Bidenabar esanda, garai hartantsu eraiki zen Askatasunaren Estatua (1886). 



Estatua harekin, ematen zuen honelako mezua zabaldu nahi zutela estatubatuarrek: “mundu guztia da ongi etorria askatasunaren lurraldera”. Baina mezua ez omen zitzaien aplikatzen txinatarrei. Beraz, beste galdera batzuk datozkigu gogora: Nork idazten du historia? Badago halako propaganda Txinaren aurka Mendebaldean?

 



James Bradley-ren arabera, hain da Mendebaldea txinatarren gaitasunaren beldur, ezen gaur egun ere pelikuletan-eta ume modukoak eta zakarrak, edo maltzurrak eta arriskutsuak balira bezala jarraitzen dute txinatarrak irudikatzen. Mendebaldeko herri-kulturaren eta politikaren begietan, urte askoan “arrisku horia” izan ziren txinatarrak. 



Zinema mutuaren garaian, haien arraza-klixea zerbait mehatxugarriarekin eta beldurgarriarekin identifikatzen zen; eta 60ko hamarkadan, etsaiarekin edo gaiztoarekin. Irrigarri uzten zuen herri oso bat karikatura horrek, baina aldi berean egia latz bat ezkutatzeko balio zuen: Mendebaldearen aberastasunaren iturri garrantzitsuenetako bat Opioaren Gerra izan zela. Hala, itzul gaitezen historiara…

5.       Txinako kolonizazio partziala. Britainia Handia, Japonia, Frantzia eta AEBak (1894-1900)

Beraz, konturatzen gara lasai asko hitz egin daitekeela tearen edo zetaren merkataritzaren gainean, baina ezin dela horren lasai esan opioak sekulako onura ekarri ziela Mendebaldeko potentziei XIX. mendean, eta atzerapen ekonomiko handia eta sufrimendua eragin zituela horrek Txinan. Opioaren Gerren ondorioz, Txina inbaditzea eta kolonizatzea lortu zuten garai hartako potentziek: Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Japonia eta AEBak.



1894an, Txinaren aurkako gerra bat hasi zuen Japoniak. Txinaren aliatua, Korea kontrolatu nahi zuten japoniarrek. Txina galtzaile atera zen gerran, eta Korearen independentzia onartu zen, nahiz eta praktikan Japoniaren mendean geratu.

Hala, hainbat eta hainbat hiri konkistatu zituzten atzerritarrek, hala nola Shanghai. Leku horiek, kasu askotan, atzerritarrei kontzesio modura eman zizkieten. Luxuzko bizimodua eramaten zuten, pribilejioz betea; txinatarrak, ostera, miseria gorrian bizitzera behartuta zeuden.

Japoniak eragindako umiliazioagatik eta Mendebaldeko potentzien gero eta esku-hartze handiagoagatik, talde nazionalistak sortzen hasi ziren atzerritarren aurka egiteko. Boxer-en matxinada (1898-1900) Qing dinastiaren garaian sortutako mugimendu bat izan zen, atzerritarren eragin komertzial, politiko, erlijioso eta teknologikoaren aurka altxatu zena, Pekinen, Cixi enperatrizaren babesarekin: 1900ean, milaka txinatar kristau eta Mendebaldeko hainbat misiolari hil zituzten matxinoek, eta atzerritarrak bizi ziren auzo diplomatikoko eraikinak setiatu zituzten zenbait hiletan. Amaieran, Mendebaldeko zazpi potentziak eta Japoniak osatutako espedizio militar batek Pekin menderatu zuen, eta milaka eta milaka matxinatu akabatu. Berriz ere, kalte-ordainak pagatu behar izan zizkien Txinak, eta abantaila ekonomiko gehiago atera zituzten atzerritarrek (dokumentalean, 45. minutuan). Beste behin ere, gerrak markatu zuen Historia. 

Txina zapaltze hark erakutsi zuen zer ereduren arabera jokatu behar zuen Mendebaldeak Txinarekin XX. mendea ondo aurreratuta egon arte.

6.       Txinako Errepublika, Gerra Zibila eta Iraultza Komunista (1911-1949)

Txinan, porrot haiek guztiek Inperioaren amaiera ekarri zuten: 1911n, Errepublika ezarri zen. 1927an, gerra zibil bat piztu zen, oso odoltsua, Kuomingtan-eko nazionalisten eta komunisten artean. Azkenean, Mao Zedong buru zuten komunistek irabazi, eta Txinako Iraultza Komunista hasi zen1949an. Chiang Kai-Shek, Kuomingtan-eko burua, argi eta garbi zen estatubatuarren interesen defendatzailea. Hori dela eta, Mao-ren aurkako propaganda nabarmen areagotu zen Mendebaldean; izan ere, mundua bete-betean zegoen murgilduta Gerra Hotzean (1945-1989). Testuinguru hartan, Mendebalde demokratikoaren etsai nagusiak Txina eta Sobietar Batasuna izanik (komunismoa, oro har), estatubatuar presidenteek uko egin zioten, bata bestearen atzetik, Txinarekin berdinerik berdinerako harremanak ezartzeari. Hala, joan den mendeko 70eko hamarkadan, Mao-k “AEBek Asian dituen arazo guztiak” irudikatzen zituela adierazten zuen Nixon-ek (dokumentalean, 48. minutuan).

7.       “Goitik” ezarritako boterea eta “behetik” ezarritako boterea: herrien erresistentzia



Orain, alde batera utziko dut John Pilger-en dokumentala. Kitzikatu nahi izan zaituztet, gaur egungo munduarekiko zuen jakin-mina pizteko, orain dela urte asko eta asko hasi zen historia baten segida baino ez baita XXI. mendeko mundu hau. Laburregia izan da analisi hau, eta ezin die erantzun pilatzen zaizkigun galderei. Baina abiapuntua izan liteke botere militarraren historiaren azpian erresistentzia-historia batzuk deskubritzeko. Eta beste koska bat izatea nahi nuke buruan kendu ezinik dudan auzi sozial eta pertsonalarekin: Nola defendatu gaur egun giza eskubideak? Eta, amaitzeko, erronka bat botako dizuet: amaitu dokumentala ikusten, eta saiatu galdera hauei erantzuten: 

1.       Zer ekarpen positibo eskaintzen du Txinako ekonomia-motak?

2.       Zer gertatu zen Tiannanmen-en 1989an?

3.       Gaur-gaurkoz, desparekotasun handiko herrialdea da Txina, edo ekitate-maila handia lortu dute han?

4.       Zer esan nahi du zuretzat ‘estatu-kapitalismo’ak edo Txinan esaten duten moduan "Merkatu Ekonomia Sozialista"?

5.       Bizirik dirau protesta-mugimenduak/erresistentziak Txinan?


Fumiko Shimabukuro

6.       Zer gertatu da Okinawa Japoniako uhartean? ‘Erresistentzian’ ari dira han? Kontatu Fumiko Shimabukuro-ren historia.

7.       Nola ikusten duzu gaurko Txina? AEBek jazarrita dago? Lider da COVID-19aren pandemian? Zer da: arriskua, herri ezezaguna, potentzia ekonomiko geldiezina…? Garatu itzazu ideiak testu koherente bat osatuta.



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...