domingo, 3 de enero de 2021

Chicago seven

 

Chicago Seven



-69CR180 kasua:

Se levanta la sesión, es el 26 de septiembre de 1969 y en el juzgado del distrito norte de Illinois da comienzo el juicio 69CR180, Los Estados Unidos de America contra Abbie Hoffman, Jerry Rubin, David DellingerTom HaydenRennie DavisJohn FroinesLee Weiner, y Bobby Seale”.

William Kunstler eta Leonard Weinglass dira defentsaren abokatuak eta akusatu guztiak errepresentatzen dituzte Bobby Seale (afroamerikarren eskubideen aldeko aktibista) izan ezik. Bobbyren abokatua ondoezik dago eta ordezkapen legala ez eduki arren, epaiketak jarraitu egiten du. Bobbyren eskubideen lehenengo bortxaketa argia.

Fiskaltzak zortzi kideak konspirazioa egiteagatik salatzen ditu, Rap Brown-en legea aplikatzen. Baina, zer da “Rap Brown-en legea? Estatu Batuetako hegoaldeko kongresista zuriek aktibista beltzen eskubideak murrizteko idatzi zuten lege bat. Epaiketa hau izan baino lehen ez zen inoiz aplikatu; beraz, lege honek ez zuen aurrekaririk.  Fiskaltzak leporatu zien zazpiei liskarrak sortzea zela mobilizazioaren helburua, eta horren ondorioz, Estatu Batuetako gobernuaren kontrako konspiratzailetzat jo nahi zituzten. Konpiratzeko errudunak zirela zazpiak esan zuen akusazioak.

Fiskala salatu guztiak (zazpi kideak, alegia) saku berean biltzen saiatu zen, ezker muturreko aktibistak zirela esanez. Egia esateko zazpi kide hauek batzen zuen ezaugarri bakarra hauxe zen: 1968an Chicagon egon zen mobilizazio istilotsuan parte hartu izana.


 Alde batetik, Tom Hayden eta Rennie Davis “Estudiantes por una Sociedad Democrática” taldearen liderrak ziren. Bestetik, Abbie Hoffman eta Jerry Rubin Gazteen Alderdi Internazionalaren buruak ziren, los yippies.



Baita ere David Dellinger zegoen eserita “errudunen” jezarlekuan, familiako aita dena eta Vietnamgo Gerraren Amaieragatiko Mugimenduaren liderra.



Azkenik, Bobby Seale epaitzen da, “Pantera Beltzen” Alderdiaren presidentea eta John Froines eta Lee Weiner-ri, azken bi hauen partaidetza mugimenduan txikiagoa zen. Guztiok uste zuten azken bi hauek amaieran absolbituak izango zirela eta modu horretan epaiketaren krudelkeria “zurituko” zuten arduradunek. Baina, zergatik zen oso epaiketa gogorra? Nixonen garaian gaude. Vietnamgo gerra gobernuaren ardura da. Horren kontrako mobilizazioak eta manifestaldi baketsuek Nixonen popularidadea eta ondo-egina kolokan jartzen dituzte. Gobernuak ezin ditu salaketak onartu eta epaiketa politikoa bihurtzen da.

Epaiketaren hasieratik, epailearen akusatuen kontrako jarrera  nabarmena da. Argi eta garbi ikusten da epaileak hitz egiten duen bakoitzean fiskalaren tesiak partekatzen dituela eta ez dela batere neutrala. Epaiketan zehar, defentsaren protesta ugari dira eta epaileak ia gehienetan uko egiten dio protesta egiteko eskubidea. Gainera, lekuko erabakiorraren testigantza ez du onartzen epaileak.


Egunak igaro ahala, haien hitzen bitartez zenbait lekukok fiskaliaren tesia babesten dute modu inkondizionalean eta protagonisten defentsak lekukoen baieztapenetan “zulo” edo inkoherentziak topatzen dituenean, epaileak subjetibitate
  handia adierazita ez ditu inoiz defentsaren alegazioak ontzat hartzen.

Auzitegian hitz egiten duen lehenengoa alkatearen idazkaria da. Honek nahiz eta baimena ez eman, Chikagoko hirian protestak egongo zirela esan ziotela dio. Sekretariak hau mehatxu moduan ulertzen du, oharpen soila izan arren.


Honen ostean, manifestazio barruan inkogniton zeuden zenbait polizia hitz egiten dute eta azaltzen dute salatuen erantzukizuna egon zela, beraiek antolatutako istiluak gertatu zirela. Gehienek exageratu egiten dute gertatu zena eta errua manifestaldien alde kokatzen dute, nahiz eta kontrakoa izan. Beste polizia batzuek zuzenean gezurra esaten dute. Beste behin ere, balantza fiskaltzaren aldera makurtzen da, eta honek garaipena ziurtzat jotzen du.



Epaiketaren 89. egunean, tentsioa puntu gorenera iritsi zen Bobby Seale eta Hoffman epailearen arteko beste eztabaida baten ondorioz, ekintzaile beltzak txerri faxista deitu baitzion epaileari. Honen ondoren, epaileak, aguazilek Bobby eramatea erabakitzen du eta, amordazatu ondoren, epaiketara itzultzen da. Hain da izugarria gizon beltz horren tratuaren irudia, non fiskaltzak epailearekin hitz egiten duen. Akusatuaren inguruko irregulartasunak direla eta (defentsarik ez izatea, ahoa estalita egotea…), fiskal nagusiak Las Panteras Negraseko presidentearen aurkako karguak bertan behera uzteko eskatzen dio epaileari. Hoffmanek auzitegi horretan epaitzen ari den akusazioak kentzea erabaki du, baina beste  delitu batzuk egiteagatik salaketak ditu eta Connecticuten egindako hilketa bategatik susmagarria izaten jarraitzen du.

Baina erabakirik hartu aurretik, eztabaidatu ondoren, defentsak lekuko bati deitzea erabaki zuen. Bera onartu ostean, Ramsey Clark fiskal nagusiak lekukotasuna emango du, defentsak eskatuta.

 



Hala ere, erretiratutako estatuko langileek informazioa ematea debekatzen duen lege bat dela eta, epaileak lekukotasunaren garrantzia frogatzeko eskatzen du, epaimahairik gabeko agerraldi baten bidez. Berak adierazi duenez, bere garaian ez zen salaketarik jarri Chicagoko istiluengatik; izan ere, Dibisio Penala txosten batean ondorioztatu zuen istiluak poliziaren erruz hasi zirela, eta ez manifestarien erruz. Datu garrantzitsu hori eman arren, epaileak ez zuen arrazoirik ikusi Clark jaunak epaimahaiaren aurrean lekukotza eman zezan, eta, gainera, ez zitzaien inoiz jakinarazi ex-fiskal deklaratu zuena.



Azkenik, 1970ean, Abbie Hoffman, Jerry Rubin, David Dellinger, Tom Hayden eta Rennie Davisek bost urteko kartzela-zigorra eta 5.000 dolarreko isuna jaso zuten, ez konspiratzeagatik, baizik eta estatuko arauak indarkeria bultzatzeko asmoz ez errespetatzeagatik. Hala ere, Zazpigarren Zirkuluko Apelazio Auzitegiak epaiketa baliogabetu zuen, epailearen partzialtasuna eta epaimahaiaren partzialtasun kulturalaren ondorioz. Epaiketa errepikatzea eskatu zen, baina ez zen inoiz egin, Justizia Departamentuak uko egin baitzion. Gainera, beste epaile batek Dellinger, Rubin, Hoffman eta Kunstler prozesuan zehar pilatutako karguak epaitu zituen. Eta errudun aurkitu arren, ez zituzten ez kartzelara ez isunik ordaintzera kondenatu.

-Sumarioa:

https://www.archives.gov/files/education/lessons/images/rg21-watching.pdf

 

Testuinguru Historikoa:

1914-an, Lehenengo Mundu Gerra piztu zenean, askok defendatu zuten gatazkaren beharra, gerrekin betirako amaituko zuen behin-betiko gerra zela pentsatzen zutelako. Baina 1918-19an amaitu izan arren, gizakiak ezin izan zuen saihestu Bigarren Mundu Gerra bat egotea hogei urte geroago. Parisko Bake Biltzarrean (1919) lortu ezin izan zutena buruan izanda Nurenberg eta Tokioko epaiketak egin ziren. Epaiketa hauen bitartez, gizateriaren kontrako krimenak epaitu zituzten, baina zoritxarrez bakarrik galtzaileak izan ziren epaituak: Nurenbergen naziak eta japoniarrak Tokion.


 


 

Baina 1940ko hamarkadaren bigarren erdian mundu mailako gatazka berri bat hasi zen. Eta 1945an amaitu, izua eta minaren aztarna sakon bat utzita munduko gizakumeengan. Aliatuek Bigarren Mundu Gerraren ondoren egin zituzten konferentzietan (Yalta, Postdam) ikusi  zen moduan, tentsio nahikoak egon ziren baita irabazleen artean ere. Garai berri bat hasia zen Gerra ondoren. Konkretuki bi blokeen arteko eztabaidak egon ziren, alde kapitalista eta alde komunista. Eta Gerra berezi honi “Hotza” ezizena jarri zioten, blokeko herrialderik handienetako lurraldeetan gatazka armatua piztu ez zelako.

Bi sistema ekonomikoen arteko gatazka argi geratzen da 1949-an, urte honetan Estatu Batuak Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (OTAN) sortzen duenean. Elkarte beliko honen bitartez, AEB-k Sobietar Batasunaren eragina Europan gelditu nahi du eta Aliantza/Itun Militar bat eraso baten aurrean. Filma 1968-9an kokatuta dago. Gerra Hotzaren erdia, hain zuzen. Eta garai horietan Vietnamgo Gerra (1955-1975) piztu zen. Gerra bera pelikulako beste protagonista isila bat dela esan dezakegu. Gatazka hau, Gerra Hotzeko testuinguru honetan agertu zen. Baina, zein zen Amerikako Estatu Batuetako egoera urte hauetan?

Gerra Hotzaren lehenengo zatian, Eisenhower izan ezik, AEB-ko gobernuak demokratak izan ziren. Nahiz eta betidanik herrialde honek kapitalismo gordin bat jarraitzeagatik ezaguna izan, urte hauetan (1933-73) sistema keynesiar bat erabili zuten errenten  birbanaketa hobea izateko eta Ongizatearen Estatua indartzeko. Azken finean, langileen presioak eta SESB-en existentziak berak kapitalismoa “biguntzen” lagundu zuten. Urte hauetan zehar, aberastasun maila zabaldu zen klase ertainen artean eta komunismoa saihesteko propaganda erabili zen; “American way of life” sloganaren urteak izan ziren.



Pantera Beltzak

Baina arlo makroekonomiko mesedegarriak izan arren, (ezin dugu ahaztu Gerraren ondorio ekonomiko positiboak Estatu Batuentzat) gizarteak oraindik hobekuntzak behar zituen. Pelikulan ere islatzen den moduan, gizon eta emakume beltzak oraindik botere zuriaren menpean daude eta ez dute bere eskubideak bermatuta ikusten. Eskubide zibilen aldeko mugimenduak sortu ziren. Batzuk oso baketsuak, (Marthin Luther Kingek bultzatua, esate baterako) eta beste batzuk bortitzagoak _Pantera Beltzak barne-.



 Honen ondorioz, gero eta mugimendu sozial handiagoak sortu ziren. Martin Luther King aktibista ikur beltza bihurtzen da. Nahiz eta J. F. Kennedyk eta L. B. Johnsonek beltzen diskriminazioaren kontra borrokatzeko legeak idatzi, kaleetan ez zen lege horien islada ikuste. Horregatik, gizartean asaldura eta urduritasuna gero eta handiagoa zen. Gainera 1968-an Martin Luther King hil egin zutenez, komunitate beltzen manifestazioak gero eta gogorragoak izan ziren.

Gerra Vietnam-en

1946-an, Bigarren Mundu Gerra amaitu bezain laster, Viet Minh-go tropak altxatu egin ziren frantsesen kontra; Indochina Frantziaren kolonia baitzen. Indochinako alderdi komunistaren kontra borrokatzeko, Frantziak AEBetako laguntza izan zuen, baina azkenean Vietnamek independentzia lortu zuen (bitan bananduta). Iparralde komunista eta hegoalde kapitalistaren arteko bakea ez zuen asko iraun eta gerra berri bat piztu zen berehala Vietnamgo kontrol osoa izateko. Iparraldeak Hồ Chí Minh lider komunista buru izan zuen eta Sovietar Batasunak Ipar Koreak, Kubak eta Txinako laguntza izan zuten. Beste aldetik, Hegoaldeari Estatu Batuek, Filipinak, Australiak, Zeelanda Berria eta Hego koreak eman zioten laguntza, batez ere.

 Izan ere, hegoaldeak ia  herrialde kapitalista guztien laguntza jaso zuen, baina kasu gehienetan oso kantitate gutxitan, esaterako Frankoren Espainiak 12 mediku bidali zituen Vietnamera.

 


 Gatazka luzea eta odoltsua izan zen, batez ere Vietnamgo biztanleentzat, 20 urte luzeko mina izan baitzuen. Gaurtik ikusita, sinestezina dirudi komunistek erraldoi estatubatuarrari aurre egin ahal izan ziotela. Hala ere, eta nagusitasun teknologiko eta numerikoa izan arren, euren “kartak ondo jokatzea” lortu zuen Ipar Vietnamgo armadak. Gerrilla-teknikak erabilita, lortu zuten komunistek eraso amerikarrari aurre egin. Vietcong-eko armadak tranpak erabiltzen zituen, oihanean izkutatzen zekien eta materiala zuhaitzen artean nola mugitu ere bai.



Hala ere, Estatu Batuen bonbardaketak eta napalm arma kimikoen erabilera oso krudela izan zen. Beste alde batetik, amerikarren gorpuak, kutxetan sartuta ikusi zituzten estatubatuarrek telebistan.



Puntu honetan, filma kokatzen den puntura ailegatzen gara. Lindon B. Johnson presidenteak tropen zenbakia handitzea erabaki zuenean, eta kontuan izanda soldadu nahikorik ez zegoela, erreklutamendu sistemak gero eta gazte gehiago Vietnamera bidali zituen. Bere legealdiaren amaieran, milioi erdi soldadu zeuden Vietnamen, Korean egon zirenen ia bikoitza.

Baina gizarteak orokorrean gero eta txarrago ikusten zuen gatazka hau, askok zentzugabekoa zela uste baitzuten. Gazteek ikusten zuten beren lagunak gobernuak errekrutatzen zituela eta infernura bidaltzen zituztela askatasunaren izenean. Horregatik izan ziren gehien mobilizatu zirenak eta mugimendu hippie eta bakezaleen hasiera ekarri zuen. Filmean ikusten zen moduan, 1968-ko Kongresu Nazional Demokrataren ospakizuna zela eta, Chikagoko hirian protesta sendoak egin ziren gehien bat gazteek bultzatuta. Pertsona ezagunak mugimendu bakezaletik gertu egon ziren; besyteak beste, oso famatua da John Lennon eta Yoko Onok egindako aldarrikapena, “Bed-ins for Peace” izenarekin ezagutu zena.


Herriak ez zuen ikusi Johnsonek egindako mugimenduak begi onekin eta nahiz eta hurrengo hauteskundetara ez aurkeztu, bere alderdiak boto beherapen oso handia izan zuen eta azkenean Richard Nixon aukeratuta atera zen. Honek bazekien jarauntsitako Vietnamgo gerrak oso onarpen gutxi zuela jendearen artean eta horregatik, ahal izan zuen moduan kapitulu beltz honi amaiera ematen saiatu zen, lehen aipatu dugun moduan. Hala ere, oso eztabaidatua izan da Nixonen gobernualdia gaur egun arte.

Vietnamtik bueltatutako milaka soldadu bergizarteratzeko zailtasun handiak izan zituzten. Soldadu horietako askok mutilatuta amaitu zuten eta hainbatek drogen menpekotasuna.

Baina hau ez zen izan AEB-ko interbentzoinismo bakarra garai hartan, gehien bat Hego-Amerikan erregimen komunisten sorrera saihesteko haien eskua sartu zuten herrialde hauetan:



Nire ondorioak, pelikula ikusi ondoren:

Beldurra, Historiaren motorra.


Gizarte-mailen arteko borrokak historiako motorra zela esaten zuen Karl Marx-ek. Nik pintzelkada bat emango nioke baieztapen horri eta esango nuke beldurra dela historiaren motorra. Sentimendu hau piztu egiten da gure integritate fisikoa kolokan jartzen dela ikusten dugunean. Lehenengo hominidoak orain dela 2,5 milioi urte baino gehiago bi hanketan jarri ziren haien etsaiak belar altuak zirela eta ikusi ezin zituztelako. Honek haien segurtasuna arriskuan jartzen zuen. 



Orain dela 1600 urte, haien bizi baldintzak gero eta txarragoak zirenez, herri germaniarrak haien beharrak asetzea kolokan ikusi zuten eta hegoaldera emigratzea erabaki zuten V. Mendearen hasieran. Honen ondorioz, mendebaldeko Erromatar Inperioak kolapsatu zuen eta amaiera ikusi zuen, Antzinako Aroarekin batera.

Historia igaro ahala, beldur honek lotura handiak aurkitu zituen ekonomia arloarekin, Mundu modernoan honek gizakien egoera erabakitzen baitzuen. Hemen sartu dezakegu Karl Marx azaldutako klase gizarteen arteko borrokak. Erdi Arotik aurrera, herri xeheak bere bizi baldintzak gero eta okerragoak zirela ikusi zuen eta orduan boteretsuen aurka altxatu ziren. Hau argi ikus daiteke 1789-ko Bastillaren Hartzean edo 1917-ko Iraultza boltxebikean.  Inkluso, 30-reko hamarkadan herri alemaniarrak kausa naziari emandako laguntzaren atzean, herriak I. Mundu Gerratik arrastakatzen zuen krisialdi ekonomikoa zegoen.



Baina beldurra oso sentimendu indartsua da eta pertsonen portaeran eta eginkizunetan inpaktu zuzena izan dezake. Honen ondorioz, historian zehar, liderrek sentimendu hau erabili dute hiritarren pentsaera eta ekintzak moldatzeko. Adibide argi bat ikusi dezakegu 1793-ko azaroaren hiruan, egun honetan Olympe de Gouges pentsalariaren ebazpena bete izan zen, gillotinan hil zutela. Lau urte lehenago, Gizon eta Hiritarren Eskubideen Aldarrikapena idatzi zuten iraultzaile burgesek Frantzian. Olympe girondino bat zen, hau da, moderatua, baina beti mugimendu iraultzailea defendatu zuen; horregatik emakumeen eskubideen defentsarako artikuluak idatzi egin zituen. Iraultza gizonen kontua zela argi utzi zioten berari, baina politika ez zuen utsi eta geroago, oso gogor kritikatu egin zuen Robespierre-n gobernua. Gauza bi honen ondorioz, gillotinan hiltzera kondenatu zuten. Eta zer ikasi zuten Frantziako emakumeek? Beldurraren bitartez, ikusi zuten urte horietako iraultza haientzat ez zela eta eskubiderik nahi bazituzten, itxaron beharko zuten.

Olympe de Gouges-en kasuarekin paralelismo bat aurki dezakegu filmean. Nixonek gerra ezatsegin bat jarauntsi egin du Johnsonengandik eta horregatik gatazka ahal duen bezain azkar moztu nahi du. Gerraren aurrean gizarteak dituen kexak isiltzeko, kopla-buruko (pagaburua) talde bat bilatzen eta epaitzen du. Chicago Seven taldearen epaiketaren bitartez erakusten dio herritarrei haien iritzia kaleetan ez dutela adierazi behar; bere momentuan Robespierrek egin zuen moduan.

Dudarik gabe, gure sistema demokratikoak dituen arazo guztien artean, boteren banaketa ez betetzea da arriskutsuenetariko bat. Oso erraza da, pelikulan ikusten den moduan, botere judiziala betearazlearen menpe egotea presioen bitartez. Argi daukat Hoffman epaileak nahiko arrazista zela, baina uste dut epaile txarra ez zela. Ia segurua da hark gobernutik presioak jaso zituela auzia eredugarria izatea lortzeko.

Gure herrialdea ez da kanpoan geratzen eta erreforma mordoak egin behar dira sistema judizialaren independentzia guztiz bermatzeko. Horrela izango balitz gobernuak ezin izango luke presiorik egin epaileengan ezta mezurik gizarteari bidali ere haien eskubideak zeharka murrizteko.

Lucas Gonzalo (1. Batxilergoa. 2020)

sábado, 2 de enero de 2021

Asian komunismoa, XX mendea

 

 XX. MENDEA: KOMUNISMOAREN HEDAPENA ASIAN

(Historia del Mundo Contemporáneo. Codigo Abierto. Casals argitaletxea. Itzulia eta moldatua)

  

1. Mongolia eta Ipar Korea

Asian, Mongolia eta Ipar Korea izan ziren lehen estatu komunistak. Mongolia, Sobietar Batasunaren laguntzarekin, 1921n independizatu zen Txinatik; handik lau urtera, erregimen komunista ezarri zen. Ipar Koreak II. Mundu Gerra amaitutakoan ezarri zuen komunismoa.

Baina 1949an Txinan iraultza maoistak irabazi izana izan zen, zalantza-izpirik gabe, inguru hartako garrantzi handieneko gertakizuna.




 2. Iraultza maoista Txinan

1911n azken enperadorea boteretik bota eta hurrengo urtean, errepublika ezarri zen Txinan. Ondoren, ezegonkortasun handiko garaia izan zelarik, Txina hainbat feudotan zatitu zen, zein bere “gerra-jauntxoaren” agindupean. Etengabeko liskarretan ibiltzen ziren beren artean, eta esan liteke praktikan independenteak zirela, errepublikako buruzagiek ez zutela aginpiderik feudo moduko haietan. 

Anarkia-giro hartan, Sun Yat-Sen Kuomintang-eko (Txinako Alderdi Nazionalista) buruzagiak gobernua ezarri zuen Kanton-en (Txinako hegoaldean), 1923an, SESBren eta Txinako Alderdi Komunistaren laguntzarekin. Besteak beste, Mao Zedong-ek sortu zuen Alderdi Komunista, 1921ean.

Kuomintang-en programak hiru ardatz zituen: 1)demokrazia, 2)nazionalismoa eta 3)herriaren ongizatea. 1926ra arte egon zen Txinako Alderdi Komunistarekin –artean, nahiko minoritarioa izan zen– elkar hartuta: 1926an hil zen Sun Yat-Sen, eta Chiang Kai-Shek jeneralak lortu zuen buruzagitza Kuomintang-en eta gobernuan.

Chiang Kai-Shek-en armadak “gerra-jauntxoak” menderatu, eta 1927rako Txinako lurralde gehiena haren agindupean geratu zen. Baina orduantxe apurtu zen Kuomintang-en eta komunisten arteko batasuna, eta armadak sarraskitu egin zituen komunista asko.




Gerra Zibila (1927-1936) hasi zen. Gerran, Mao Zedong-ek, behin Alderdi Komunistako buruzagi nagusia bihurtuta, bestelako estrategia iraultzailea ezarri zuen: iraultzaren protagonismoa nekazalgoan aritzen ziren jendetzek hartuko zuten, eta ez industriako eta hirietako proletarioek. Ezaugarri horretantxe bereizten dira nagusiki maoismoa eta teoria marxista-leninista klasikoa.

Jiangxi (Kiangsi, mapan) izeneko Txinako hegoaldeko eskualdeko zati txiki batean, Txinako Sobietar Errepublika ezarri zuten komunistek, Mao presidente izendatuta, baina nazionalisten erasoaren aurrean eskualdea utzi eta Martxa Luzea (1934-1935) hasi zuten iparraldeko Yunan (Yenan, mapan) eskualderaino; Txina zeharkatzen 10.000 km-tik gora egin zuten, behin eta berriro erasoak jasanda eta muturreko egoeretan.

1937an, Japoniak indarrez hartu zuen Txina. Etsai bera zeukatelarik, berriz batu ziren Mao Zedong-en komunistak eta Chiang Kai-Shek-en nazionalisten gobernua, nahiz eta gobernu gero eta diktatorialagoa izan. Baina, behin II. Mundu Gerra amaituta, Japonia galtzaile irten zelarik, berriz hasi zen bien arteko gerra zibila, komunistak SESBren babesarekin eta gobernua Estatu Batuen babesarekin. 

Gobernuaren autoritarismoak (ideologikoki nazionalistak ziren) eta ustelkeriak ekarri zuten gizarteak gero eta babes handiagoa ematea Maoren armadari; batez ere, nekazariek. Azkenean, komunistak irten ziren garaile gerran, eta, 1949ko urriaren 1ean, Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten Pekinen. Chiang Kai-Shek-ek eta haren jarraitzaileek Formosa (Taiwan) irlara erbesteratu behar izan zuten, eta han gobernua edukitzeari eutsi zioten Estatu Batuen laguntzarekin.


 

MAO ZEDONG (1893-1976)

Hunan probintzian jaio zen, Txinako hegoaldean, nekazari dirudunen familia batean.

Gurasoen etxea utzi, eta irakasle-ikasketak egiten jarri zen. Pekingo unibertsitatean jardun zuen liburuzain-lanetan, eta orduantxe hasi zen harremanetan zenbait intelektual iraultzailerekin.

1919an, Japoniaren aurkako ikasleen matxinadan hartu zuen parte, eta Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, 1921ean; antolamendu-arduraduna izan zen hasieran alderdian. Gero, jaioterrira itzuli, eta bertan ohartu zen Txinan –non nekazaritzak zuen pisurik handiena ekonomian– nekazariek osatzen zutela iraultza bultzatzeko indar sozial bakarra, gehien-gehienak zapalduta zeudelarik.

 


TXINAKO HERRI-ERREPUBLIKAREN LEHEN URTEAK (1949-1957)

Nekazaritza-erreforma herrialde osora hedatzea eta Txina lehenbailehen industrializatzea izan ziren Herri Errepublika berriaren lehen asmoak:

a.      Lur-jabe handiei lur-sailak desjabetu, eta nekazari pobreei eman zitzaizkien; jabeko txiki eta ertainak, ordea, errespetatu egin zituzten.

b.      Industriak nazionalizatu, eta Bost Urteko Plana (1953-1957) ezarri zuten, sobietarren eredura industria astunari lehentasuna emateko.

Baina industrian aritzeko gero eta populazio handiagoa behar zen hirietan, eta berehala konturatu ziren nekazaritza-soberakinak ez zirela nahikoak hirietako populazioaren beharrak asetzeko.

Hala, nekazaritzaren produktibitatea handitzeko, presazko kolektibizazioari ekin zioten. Horretarako, jabego pribatu txikiak elkartu, eta kooperatiba edo etxalde estatal bihurtu zituzten, sobietarren kolkhoz eta sovkhozen eredura.

 


Beste alde batetik, 1956 eta 1957 artean, Maok Ehun Loreen Kanpaina («ehun lore loratzen utzi, ehun pentsamendu-eskola lehiatzen utzi») jarri zuen abian: Txinako arazoen gainean intelektualek beren artean aske eztabaidatzea bultzatzen zuen kanpainak, eta erregimen berriari buruzko beren ideiak plazaratzea.

Baina hasieran ideia-plazaratze askearen klima berria zirudiena laster bilakatu zen errepresio bortitza, batez ere Alderdi Komunista eta Estatu berria gogorren kritikatu zituztenen aurka: eskuindarrak izateaz eta iraultza deusezteko asmoa edukitzeaz akusatu zituzten.

Aldi berean, Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko tentsioa gora egiten joan zen etengabe, eta behin betiko haustura etorri zen azkenean: 1956an, Gerra Hotzean, Khrustxov SESBko presidenteak desestalinizazioa hasi zuen, bai eta halako ‘bizikidetza baketsuaren politika’ ere, baina Maok eta Txinako Alderdi Komunistako buruzagitza osoak interpretatu zuten aldaketa haiek printzipio marxisten errebisionismoa baino ez zirela, guztiz kontu onartezina haientzat. 



«AURRERAKO JAUZI HANDIA» (1958): GOSETE HANDIA

1958an, Txinaren ekonomia eraldatzea lortze aldera ibilbide propioa aukeratu behar zuela sinistuta, Mao Zedong-ek «Aurrerako Jauzi Handia» izeneko proiektua jarri zuen abian. Ekonomiaren modernizazioa eta hazkundea azaleratzea ziren asmoak; horretarako, populazio gehiena herri-komunetan ezartzea erabaki zuen. Komuna horiek estatuaren lehenagoko kooperatiba eta etxaldeetan oinarritzen ziren, baina askoz ere handiagoak: 20.000 nekazari hartzen zituen bakoitzak, eta egitura ia militarrekoak izanda, antolamendu sozioekonomiko berria zekarten.

a.      Jabetza kolektiboa zen, eta komunitatearen arauek zorrotz markatzen zituzten harreman sozialak zein bizitza pribatua. 

b.      Eskulangintza tradizionalarekin eta landa-eremuko behe-teknologiako industria txikiarekin uztartzen zuten nekazaritza-jarduera, bi helburu ekonomikorekin: autosufizientzia lortzea eta ekoizpena nabarmen handitzea.

Hitz gutxitan esanda: Txinak pairatzen zuen kapital-gabezia langile nekazarien ugaritasunarekin berdintzea zen Maoren asmoa –ugaritasun hura zen Txinaren benetako aberastasuna–, garapen ekonomikoa azeleratzearekin batera elkartasun sozialeko loturak indartzeko. Baina emaitzak ezin txarragoak izan ziren, honako arrazoi hauengatik:


a.      Lan-indarren zati handi bat produktibitate gutxiko industria-jardueretara desbideratu zen. Horren erakusgarri, komuna guztiek eskuz eraiki behar izan zituzten derrigorrean beren labeak, oso landugabeak, eta nekazariek bertan galdatu behar izaten zituzten metalezko objektuak, askotarikoak, inolako prestakuntzarik gabe, nola egin ondo jakin gabe, altzairua ekoizteko; baina, hain kalitate txarreko altzairua izanda, ezin izaten zuten gero ezertarako ere erabili.


b.      Nekazaritzaren ekoizpena, asmoa nabarmen handitzea bazen ere, gutxitu egin zen, bai planifikazio txarragatik giza baliabideak gutxiegi erabili zirelako, bai urte haietako klima-egoera oso txarra izan zelako; hori dela eta, uztak oso eskasak izan ziren.

 


Agintariek, dena dela, ekoizpen-helburu oso altuak markatzen jarraitu zuten, eta komunek, helburuok ez lortzeagatik zigortuko zituztelakoan, neurriz gain ezarritako kuotak ordaintzen zizkioten Estatuari, eta Estatuak, bere aldetik, esportaziorako gordetzen zituen, SESBrekin zeukan kanpoko zorra kitatzearren.

Gosete handi bat izan zen horren ondorio ezin lazgarriagoa, gizateriaren historian gertatu den goseterik handiena: azken ikerketen arabera, 45 milioi biztanle hil ziren Txinan 1958. eta 1962. urteen artean.

Aurrerako Jauzi Handia abian jarri eta lehen urtean baziren ordurako ageri-agerikoak proiektuaren akatsak; beraz, Maok errepublikako presidentetza utzi behar izan zuen, baina jarraitu zuen Alderdi Komunistako buru izaten.

Liu Shaoqik, Maoren ondorengo presidenteak, politika ekonomiko errealistagoa aplikatzea erabaki zuen. Behin betiko utzi zuten alde batera industria astuna lehenestea –sobietarren eredua–, eta askoz ere diru gehiago lerratu zuten industria arinera eta batez ere nekazaritzara: herri-komunak desegiten joan ziren, eta berriz etorri zen kooperatiben sistema; batzuetan, jabego pribatu txikiak ere onartu ziren.

 


IRAULTZA KULTURALA (1966-1969)

Mao Zedong-ek ez zuen etsi gobernutik zokoratu eta Alderdiko buru hutsa izatera. Hala, 1966an beste kanpaina bat jarri zuen abian: Iraultza Kulturala izenekoa.

Kanpaina justifikatzeko, aldarrikatu zuten ezinbestekoa zela gizartean eta Alderdian kide kontrairaultzaileen eta kapitalisten garbiketari ekitea, eta gertatzen ari ziren desbideratze ideologikoei aurre egitea. Baina benetako arrazoia beste bat zen: Maok berreskuratu egin nahi zuen boterea eta bere aurkarietatik libratu, ikasleen eta armadako sektore gogaideen laguntzarekin.

Horretarako, batzorde iraultzaileak sortzea bultzatu zuen herrialde osoan, eta Guardia Gorriak izeneko ikasleen mugimendua sustatu. Alderdian, eskoletan, unibertsitateetan eta oro har gizartean sator-lanetan ari ziren ustezko kontrairaultzaileak salatu eta zapaldu zituzten batzorde iraultzaileek zein Guardia Gorriak.

Ortodoxia ideologikoaren izenean (Maoren Liburu Gorria esakune-liburuan laburbiltzen da zertan zen ortodoxia hura), izugarrizko gehiegikeriak izan ziren: liburutegiak, artelanak eta tenpluak suntsitu, iragan feudalaren erakusgarri zirelakoan; mendebaldeko literatura eta musika klasikoa debekatu, kontrairaultzaileak zirelakoan; lurjabeak eta irakasleak laidotu, zanpatzaileak edo eskuindarrak zirelakoan; hainbat funtzionario kargugabetu; bortxazko lanaren bidezko berreziketarako esparruetara deportatu; baita hainbat eta hainbat txinatar atxilotu eta heriotza-zigorra aplikatu ere. Milioika herritarrek pairatu zituzten gehiegikeria horiek guztiak; besteak beste, intelektual, artista eta Alderdiko militante ugarik.

Hain zabala eta gogorra izan zen Txina osoko kaos-giroa (gehienbat Guardia Gorriek sortutakoa), ezen Maok berak erabaki zuen armadak gizartean esku hartzea, ordena berriz ezartzearren.

1968an, Liu Shaoqi Errepublikako presidente-kargutik kendu, eta Maok Estatuaren kontrola berreskuratu zuen Alderdi Komunistaren barruan zeukan kargu gorenetik. Handik urtebetera, Iraultza Komunista amaitu egin zela aldarrikatu zuen, eta jarduera guztiak eteteko agindu zien Guardia Gorriei.

Iraultzaren urteurrena Txinan

KANPORA IREKITZEKO POLITIKA 70eko HAMARKADAN

Txinako Herri Errepublikak, sortu eta lehen hamarkadan, oso herrialde gutxirekin izan zituen harremanak. Batez ere Sobietar Batasuna izan zuen aliatu, eta ia-ia beste guztiak ere komunistak ziren. Izan ere, mendebaldeko herrialde gehienek eta bai NBEk berak ere Txina Nazionalistako gobernua (Taiwan-goa) baino ez zuten legitimotzat jotzen.

60ko hamarkadan, Maok Khrustxev-en garaiko Sobietar Batasunarekin harremanak apurtu, eta Txina isolatuta geratu zen nazioarteko joko politikoan. 1971n hasi zen bakartze hartatik irteten, NBEk Maoren gobernua onartu baitzuen Taiwango erregimenaren kaltetan.

1973an, Richard Nixon AEBetako presidenteak bidaia ofiziala egin zuen Txinara. Txinari nabarmen komeni zitzaion kanpora irekitzea, eta balizko aliatutzat jotzen zituen estatu batuarrak sobietar blokeari aurre egiteko. Dena dela, hainbat arrazoirengatik, Txinaren eta Estatu Batuen arteko harreman diplomatikoa ez zen 1979ra arte ezarri.

MAOren HERIOTZATIK TIANANMENgo SARRASKIRA (1976-1989)

1976an Mao Zedong hil eta gero, barne-borrokak izan ziren gobernuko bi fakzioren artean: maoismoarekin jarraitzearen aldekoak ziren batzuk (“Lauren Banda”; kideetako bat Maoren alarguna zen) eta Txinari ziaboga ekonomikoa eta politikoa emateko asmoa zuten besteek. Azken horiek nagusitu ziren. Buruzagi nagusi berria Deng Xiaoping izan zen, Iraultza Kulturalean errepresalia jaso eta gero birgaitu zuten komunista historikoa.

Txinako historian garai berri bat hasi zen orduan, bere ezaugarri funtsezkoetan gaur egun arte dirauena:

a.      Erregimen politikoaren immobilismoa: Alderdi Komunistak erabateko kontrola ezartzen du, baina Maoren garaiko doktrinatze ideologiko hertsi hura inposatzeko asmorik gabe.

b.      Kanpora irekitzea eta SESBrekin izandako liskarrak amaitzea.

c.      Pragmatismo ekonomikoa: «Merkatu-ekonomia sozialista» ezarri zen, izenak dakarren kontraesanagatik nahiko bitxia, nolabait esanda ekimen pribatua eta Estatuaren esku-hartzea bateratzen baititu. Garapen izugarria ekarri zuen horrek ekonomian, baina baita desberdintasun sozialak areagotzea ere.

Beraz, ekonomiaren liberalizazioak ez zuen berekin ekarri sistema politikoaren liberalizazioa. Hala, gobernuak gogor erreprimitu zituen demokraziaren alde ikasleek eta intelektualek egindako aldarrikapenak. Errepresio-ekintza horietan guztietan entzutetsuena Pekingo Tiananmengo Plazako sarraskia da, 1989koa, Europan komunismoa gainbeheran hasi zen garaitsukoa.

 

1989ko apirilean hasi ziren manifestazioak egiten herrialdearen egoerarekin bat ez zetozen bi kolektibo: batetik, ikasleak eta intelektualak, erregimena demokratizatzeko ametsa zutenak (Gorbatxov-ek SESBn eta Ekialdeko Europan bideratu zuen bezala); eta, bestetik, industriako langileak, joera kapitalistako politika ekonomiko berriak zerkartzan inflazioaren eta langabeziaren mehatxuarekin arduratuta.

Protesta-mugimendua handitzen joan zen, eta hilabete eta erdian izan ziren manifestazioak; batez ere, Pekingo Tiananmen plaza handian.


Amaiera tragikoa izan zen. Gobernuak, gerra-legea ezarri, eta armada mobilizatu zuen ekainaren 3tik 4ra bitarteko gauean: tankeak kaleetara atera, eta jendearen kontra egin zuen tiro. Ikaragarrizko sarraskia izan zen: 2017an desklasifikatu ziren zenbait dokumenturen arabera, 10.000tik gora hildako gertatu ziren, eta ezin konta ahala zauritu.

 


Komunismoaren hedapena Indotxinako penintsulan (apunte batzuk…)

Txinaren ondoren, Vietnam-en ere irabazi zuten komunistek, iraultzaren ondoren boterea eskuratuta. Prozesua luzea izan zen: Frantziaren aurkako Indotxinako Gerran (1946-1954) hasi, eta, Estatu Batuen aurkako Vietnam-go gerra entzutetsuan behin garaituta eta estatubatuarrak kanporatuta, 1975ean amaitu zen, vietnamdar guztiak, hegoaldekoak eta iparraldekoak, berriz batu zirenean.

Txinako eta Vietnamgo esperientzia komunistak eredutzat hartu zituzten Indotxinako penintsulako gainerako herrialdeek, eta haien antzera jokatu nahi izan zuten:

1.      1974an, estatu-kolpe bat jo zuten militarrek Birmanian, eta herrialdea errepublika sozialista gisa definitu zen Konstituzio berrian.

2.      1975ean, gerra zibila amaitu, eta Khmer Gorrien gerrilla komunistak hartu zuen boterea Kanbodian, Pol Pot buru zutela. Khmer Gorriek diktadura krudel bat ezarri zuten, txinatar maoismoan oinarritua: ezeztatu egin zituzten dirua eta jabetza pribatua; milioika kanbodiar eraman zituzten bortxaz hirietatik landa-eremuetara, berreziketa-esparruetara; bi milioitik gora hil zituzten, kontrairaultzaileak edo traidoreak zirela leporatuta. 1979an, Vietnam-ek babestutako gerrilla batek Pol Pot boteretik kendu, eta beste erregimen komunista ezarri zuten, Vietnam-en eta SESBren aldekoa. Dena dela, Khmer Gorriek hamarkadetan jarraitu zuten aurka egiten.

3.      1975eko abenduan, Pathet Lao izeneko mugimendu komunistak, Vietnam-en eta SESBren laguntzarekin, monarkia boteretik bota, eta herri-errepublika ezarri zuen Laos-en.

Sobietar Batasunaren eta Europako komunismoaren lur-jotzearen ondoren, aipatu ditugun Asiako zazpi herrialdeetatik lautan eutsi diote alderdi bakarreko erregimen komunistari: Ipar Korean, Txinan, Vietnamen eta Laosen. Dena dela, azken hiruretan gero eta pisu handiagoa hartzen ari da merkatu-ekonomia.

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...