Otxandio pandemian, ostutako
hizkuntza bat
eta Gerra Zibileko kontuak
2020ko Gabonek
Otxandiora eraman gintuzten, ibiltari eta kirolarientzako Koikili izeneko ostatura.
Mendian ibiltzen, Otxandioko kalexka hotzetan paseoan, ukelelek lagunduta
kantuka, gauetan literetan barreka… hala eman genituen oporretako egun batzuk,
familia-giroan. 2020ak, pandemiaren eta musukoen urte arraro horrek, neguko
ekaitz batekin esan zigun agur, elur-malutak Otxandioko teilatu gainean emeki-emeki
jausten zirelarik. Pozik geunden leihotik begira, azken neguak nahiko berotsuak
izanik ez baikenuen gogoratzen zer sentitzen zen elurra egiten duenean.
Ongi etorri, etorkinak! Gu ere, migranteak izan ginen Gerra garaian. Otxandioko etxe baten horman
Otxandioko
bidaiatxo hartan, Durangaldean, familiaren aztarnak bilatu nahi genituen,
arbasoen pausoak, eta historian utzitako arrastoa. Urkiolan eta elurraren
gainean ibiltzeaz gain, XX. mendeko –zein urrun daukagun dagoeneko!– urte
ilunetan murgildu ginen.
Besteak bezalako euskal familia arrunt baten historia:
nire lagun Anaren familia
Isabel, Anaren amama, 1906an jaio zen. Hiru neba-arreba izan zituen:
Teofila, bi urte lehenago jaioa; Lidia, gazteena, 1910ekoa; eta Doroteo. Roque
eta Teresa ziren gurasoak. Lau neba-arrebek Otxandion eman zituzten haurtzaroko
urteak.
(http://www.euskalnet.net/laviana/gen_bascas/mendia.html)
Euskara ostu
ziguten
Neba-arreben
ama-hizkuntza, eta gurasoena, etxean egiten zena, euskara izan zen. Lau
neba-arrebak ziren, beraz, euskaldun zaharrak, eta elebakarrak: ez zekiten
erdaraz. Aurreko mendeko 10eko hamarkadan eskola-adinean egonik, ordea,
gaztelaniaz eskolatu ziren hiru ahizpak, beste ume guztiak bezala, garai hartan
derrigorrezkoa baitzen erdaraz ikastea eskolan Espainia osoan, baita
ama-hizkuntza gaztelania ez zuten haurrentzat ere: ez zegoen modurik euskaraz
ikasteko. Anaren izebek gogoratzen zuten, zahartzaroan sartuta, zein gogorra
egiten zitzaien eskolara joan behar izatea lezioak hizkuntza ezezagun batean
jasotzeko, eta zein txarto pasatu zuten hasieran.
Amama Isabel
koskortu zenean, ia-ia gaztetxoa zelarik, aita Roquek Galdakaora aldatu behar
izan zuen, “Dinamita” esaten zioten bertako lehergai-fabrikan lan egiteko. Eta
berarekin batera familia osoa joan zen. Nahiz eta Otxandiotik Galdakaora –XXI.
mendeko begiekin ikusirik behinik behin– distantzia handirik ez egon,
kulturaren aldetik bi mundu oso desberdinak ziren, Otxandioko baserri bateko
familia batentzat: Galdakaok hiri-tankera zeukan, nahikoa handia izanik. Hiru
ahizpek sentitzen zuten Otxandiotik etorritakoak abarkaduntzat (jebo,
artaburu/borono, kaxero…) hartzen zituztela galdakaoztar kalekumeek.
Bizi-bizi sentitzen zuten Galdakaoko jendeak bidegabe jokatzen zuela berekin,
gutxietsi egiten zituela, baserri-girotik etortzeagatik. Baina eurak ez ziren
sentitzen baserritar kaikuak, ez ziren sentitzen beste inor baino gutxiago, eta
ez zuten jendeak sartzea koitadu eta kirtenen taldean.
(https://ahotsak.eus/gaiak/020203/?page=1).
Esteka honetan testigantza asko aurkituko dituzu, altxor historikoa, bizirik!
Hori dela eta, erdaraz lehenbailehen ikastea erabaki zuten hiru
ahizpek. Nabarmendu behar da emakume adoretsuak zirela,
beren garaiari aurrea hartu ziotenak, telefonista jardun baitzuten
hirurek enpresa banatan, emakume ia guztiek gehienetan
etxean bakarrik lan egiten zuten garaian.
Behin ezkondu eta seme-alabak edukita –Anaren aita Carlos,
kasurako–, erabaki zuten ez irakastea euskara,
ez zezaten hiru ahizpek bezala sufritu,
inguru ia guztia gaztelaniadun bihurtuta.
Anaren amamak eta izeko zaharrek, ordea,
Otxandion emandako txikitako urte zoriontsuak gogoan,
ama-hizkuntzarekiko maitasuna gorde zuten,
batez ere etxe barruko giroan.
Eta euskarazko esapide eta berba ugari ere bai,
hurrengo belaunaldietakoei transmititu zizkietenak;
hala, Anak gogoratzen du nola irakatsi zion aitak esaten,
ume-umetan: “no seas ganorabaco”, “estoy larri”,
“me he comido los ondaquines”…
Isabelen
seme-alabek, beraz, ez zuten euskara ikasi. Eta Carlosek ezin izan zien transmititu
Ana eta Bego bere alabei. Gaur egun, Ana, ama bera ere, euskara ikasten ari da,
buru-belarri, ahaleginean eta interes handiarekin, iruditzen baitzaio ostu egin
zaiela euskara hiru belaunaldiri. Gainera, uste osoa dauka edozein hizkuntza,
minoritarioa izanik ere, sekulako altxorra dela, herri baten nortasuna, izaera
eta pentsaera islatzen dituen kultura-adierazpidea. Anarentzat, gaur egun
euskara ikasten aritzea da, nola edo hala, beraren jatorria berreskuratzea,
beraren zuztarrak: orain dela 100 urte baino gehiago Euskal Herriko bihotzean
bizi izan zen familia harekiko lotura.
Osaba zahar
Doroteo irakaslearen familia-historia
Ahizpak ez bezala,
ikasi ahal izan zuen Doroteok –Isabelen neba, bera baino zaharragoa– euskara,
sakon ikasi ere, apaiztegian jaso zuen prestakuntzari esker. Euskara
maite-maitea zuenez, jende askori irakatsi zion orduko sasoian; besteak beste, erbesteko
Eusko Jaurlaritzan eta bai berrogei urte geroago ere Eusko Jaurlaritzan goi-karguak
izango zituzten zenbaiti, diktadura-garaian eta trantsizioaren hasieran.
1936-1037an, berriz, oso bestelakoa zen egoera. Gerra Zibila borborrean zegoen
Euskal Herrian.
(http://hemerotecadigital.bne.es/pdf.raw?query=id:0000563228&lang=es&log=19351104-18441-00012/El+Siglo+futuro)
Gerra Zibila
Otxandion. Nazi eta faxisten erasoa. Hegazkinetan etorri zitzaigun heriotza.
2020ko Gabonetan
Otxandiora joan, eta aprobetxatu genuen ikusteko zer-nolako arrastoa utzi zuen
Gerra Zibilak herrian. Hala, ikuspegi historikotik nahiko irudi interesgarriak
aurkitu genituen Andikona plazako hormetako grafitietan. Haietako batean, milizianoak
ikusten dira balkoi batean; beste alde batetik, hegazkin naziak ikusten dira, Otxandio bera eta gero Durango eta Gernika bonbardatuko zituztenak.
Grafitian, irudiez gain, bada mezu bat esperantzari eta bakeari dei egiten
diena: “Atzoko gure malkoek bixerko zuen
irribarre bihurtu daitezen”.
Grafitien parez
pare, kartel batek azaltzen digu zer gertatu zen hantxe bertan, plaza txiki
hartan, 1936an:
“Faxismoaren ankerkeriaren lekuko, etorkizun
justu eta baketsu baterako ikur”
Andikona plaza hau Europan
zibilen aurka burututako bonbardaketaren lekuko izan zen. 1936ko uztailaren
22an, 61 lagun erahil zituzten bertan, indar frankistek emandako estatu
kolpetik lau egunetara. Hauetatik gehienak zibilak eta asko umeak.
Gaur egun, ia mende bat geroago,
egile zuzenak zein hauen arduradunak epai bidean jarri gabe jarraitzen dute.
Eta otxandiarrontzako are mingarriago dena, bonbardaketaren egilea izan zen
Angel Salas Larrazabal, Juan Carlos de Borbon erregearen eskutik kondekoratua
izan zen 1991. Urtean, Felipe Gonzalez Gobernuko Presidentearen onespenarekin.
Gerra osteko diktadurak ez zuen
lortu plaza honetan gertatutakoa ahazterik, eta diktadorea hil geroztik
bonbardaketan hildakoei omenaldi sentitua eskaintzen diote Otxandioko
herritarrek urtero jaietako bigarren igandean.
2011. urtean Andikona plaza
eraberritu eta omenaldi berezia antolatu zen bonbardaketaren 75. Urteurrena
gogoratuz. Aurrean duzun Nestor Basterretxearen Heriotza
zerutik etorri jakun eskulturak sarraski haren oroigarri izan nahi du. Egun
berean, Otxandioko Udalak Andikonako Adierazpena onartu zuen, Euskal Herriaren
bakerako eskubidea aldarrikatuz (…)”
Xalotasunak
ekarri zuen traizio baten historia: Gerra Zibila familian
Itzuli gaitezen
gure familiaren historiaren istorioetara.
Berriz ere kokatuko gara 1936an. Tropa frankisten matxinadaren eta
Errepublikaren aurkako estatu-kolpearen ondoren, Espainia osoa gerran zegoen.
Halabeharrez,
Roquek –Doroteoren eta amama Isabelen aitak–, xalo-xalo, zoritxarreko ohar
bat bota zuen Doroteoren euskara-ikasle
baten aurrean –familiaren aspaldiko laguna ere bazena–. Honela gertatu zen: Galdakaoko
zeruan, Otxandio eta Durango bonbardatu baino lehen, hegazkin nazi batzuk agertu
ziren. Roqueren lagun batek, hegazkinak ikustean, nazien indar militarraren eta
gerra-gosearen gaineko albiste kezkagarrien berri izanda, esan zuen: “Ez dira,
ba, hauek etorriko gu hiltzera!”. Hori entzunda eta berak ere hegazkinak
ikusita, hau erantzutea bururatu zitzaion Roqueri, xalo-xalo: “Ez, gizona!
Nolatan?! Ez dakizu horiek ere kristauak direla?”. Elkarrizketa hartan lekuko,
Roque eta haren lagunaz gain, Doroteoren euskara-ikaslea zegoen.
Roque karlista
izanik, Doroteoren ikasleak ideia politiko desberdina zuen: jakina zenez, oso
nazionalista zen. Roqueren ateraldia entzun, eta salatu egin zuen, bando
nazionalaren kolaborazionista zelakoan. Izan ere, tentsio handiko garai zen
hura. Mundu guztiak kokatu behar zuen mutur batean edo bestean; dena zen zuri
edo beltz: edo nazionalen aldeko, edo nazionalista-errepublikanoen aldeko. Batzuek ez zuten ideia politiko definiturik,
baina gerrak polarizatu egin zuen gizartea, eta zatitu egin zituen familiak
zein lagunarteak. Hala, Roque eta Lidia atxilotu egin zituzten. Familiak, zer
gertatu zen jakin nahian ikertzen hasi, eta “familiaren lagun zahar” hark
jarritako salaketa ikusi zuten, hegazkinak pasatu zirenean zalantzarik gabe
beste biekin zegoen lagunak berak eskuz sinatuta.
Horren guztiaren
ondorioz, Larrinagako espetxera eraman zuten Roque, Santutxu aldera; haren
alaba Lidia, berriz, Aingeru Jagoleen komentura, hura ere Santutxu aldera.
Handik gutxira askatu zuten Lidia; baina Roqueren patua oso bestelakoa izan
zen: 1937ko urtarrilaren 4an, frankistek Bilbo bonbardatu ostean eta errepresalia
modura, miliziano eta Bilboko herritar batzuek nahastean, Larrinagara eta
Bilboko beste hiru espetxetara sartu, eta 224 preso eskuindar hil zituzten;
besteak beste, Roque.
(https://www.bilbohiria.eus/45692)
Behin bando
nazionala gerran garaile irtenda, gudari nazionalistak eta miliziano
errepublikanoak preso edukitzeko erabili zuten Larrinagako espetxea, bai eta
haietako batzuk exekutatzeko ere, zentzurik gabeko anaiarteko gerra baten
izenean.
Larrinagako
erasoaldi haren 80. urteurrenean, Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu zuen
“zuzengabekeria” izan zela bando nazionaleko 224 preso haiek pairatu behar izan
zutena, garai hartan Jose Antonio Agirrek lehendakaria buru zuen Eusko
Jaurlaritzaren ardurapeko lau espetxe haietan gertatutakoa. Horrela, memoria
historikoa aldarrikatzeko ekimena sustatu, eta ”familia haiek jasan behar izan
zuten bidegabeko sufrikarioa dela-eta elkartasuna” agertu zuen, “gertaera
haiengatik instituzio demokratikoen autokritika” egin beharra onartuta eta
familiei egia historikorako eta memoriarako eskubidea aitortu behar zaiela
aldarrikatuta. Esperantza bat geratzen zaigu: Roquek, Lidiak eta Anaren familiako guztiek pairatu behar izan zituzten iraganeko bidegabekeria haiek baliatzea haietatik zerbait ikasteko, berriz ere gertatu ez daitezen. Kontu haien gainean hitz egitean Anaren osabak esaten zuenez: “Gerretan, laztana, armagileek baino ez dute irabazten”.
Hala ere, ezin dugu sarrera hau amaitu beste zerbait gehiago gogoratu gabe: Gerra Zibila amaitu eta gero 40 urteko diktadura krudela ezarri zen: Otxandion, Euskadin, Espainian. Francorena- militar faxista eta eskuindarrekoa-, alegia. Diktaduraren ondorio lazgarriak abertzale eta miliziano horien familiek sufritu zituzten, galtzaileak izan ziren eta. Ezkerrekeko ideologia zutenak eta abertzaleak izan ziren galtzaileak. Horietako asko exekutatua, errepresaliatua, edo eta erbesteratua izan ziren. Askori jabetzak kendu zizkieten gerraren irabazleek. Eta ondorengoei tristezia eta pobrezia geratu zitzaizkien galtzaileen familietan.
2020ko Gabonak
Otxandioko egunak
pasatuta, herri baten memoria eraman genuen gurekin itzuleran, familia
historiaren zati bat, eta uste oso bat: gerrak ezin duela inoiz ezer onik
ekarri. Espero dugu gure seme-alabek ikasbide hori inoiz ez ahaztea, gure
herriak pairatu duen pasarterik triste eta ilunena ez dadin egundo errepikatu.
Eta zerutik, 2020 urte zoro honetako Gabonetan bezala, elurra baino ez
etortzea, emeki-emeki etorri ere.