jueves, 25 de febrero de 2021

Keynesianismoa

 

KEYNES-en proposamen ekonomikoa:

ESTATUAREN INTERBENTZIONISMOA ETA ONGIZATE-ESTATUA




John M. Keynes-ek, eskarien beherakadak sortutako atzeraldietan jarduera ekonomikoa sustatzeko, kontsumo pribatuaren ahulezia gastu publikoa handitzearekin orekatu behar zela proposatzen zuen. Hala, Estatuak ekonomian esku hartuz gero (inbertsioen, diru-laguntzen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintza eta eskariaren bitartez), atzeraldia gainditu eta hazkunde-aldira itzul zitekeen ekonomia, nahiz eta behin-behinean Estatua asko zorpetu. Nola edo hala esanda, eredu komunistaren –Estatuak kontrolatutako ekonomia– eta kapitalismo liberalaren eredu klasikoaren bitarteko formula da keynesianismoa (kapitalismo liberalaren eredu klasikoaren arabera, ekoizleen/eskaintzaren eta kontsumitzaileen/eskariaren arteko lehia askeak gidatu behar du ekonomia, Estatuak ahalik eta gutxien esku hartuta).

Gastu publikoaren politikarekin batera (azpiegiturak eraikitzea, enpresentzako diru-laguntzak eta kredituak, zerbitzu sozialak…), gehienbat Europan, nazionalizazioak izan ziren zenbait sektoretan, hala nola energian, garraioan eta banku-sisteman. Estatuak, enpresaria balitz bezala, bere egiten zituen –erosi egiten zituen– zenbait konpainia, sektore horien interes estrategiko eta sozialagatik, errentagarriak izan zein galerak ekarri. Keynes-en ereduak, behin kapitalismoaren ortodoxia berria bilakatuta, hazkunde ekonomikoa bultzatu zuen, bai eta enplegu betea sustatu ere. Ez hori bakarrik: hari esker, Ongizate-estatua eraikitzea lortu zen (welfare state), batez ere Europan, Estatuak gero eta gastu sozial handiagoa bereganatuta: populazio osora hedatu ziren osasun-laguntza, erretiro-, langabezia-, zahartzaro- eta alarguntza-sariak, eta doako oinarrizko hezkuntza; eta gizatalde behartsuenek errazago eskuratu zitzaketen etxebizitza eta bestelako gizarte-prestazioak.




Labur esanda, aurreko mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan, mundu kapitalista aurreratuko estatuetan, eta gizartearen sumindura eta komunismoaren tentazioa saihestearren, aberastasuna modu bidezkoagoan banatu zen, aberatsenei zerga handiagoak ezarrita populazio osoaren oinarrizko premiak asebetetzeko.

Beste alde batetik, oparotasun ekonomikoaren, kontsumo-ondasunen ekoizpen masiboaren, enplegu betearen eta gizarte-maila guztietan erosteko ahalmena handitu izanaren ondorioz, mundu kapitalista aurreratuko estatuetan bizi-mailak eta kontsumo-mailak gora egin zuten nabarmenki.



Irudi honetan ikus daiteke keynesianismoa arlo politiko eta ekonomikoan zabaldu baino lehenagoko egoeraren irudi kritikoa: langileen klaseak bizkarrean eramaten ditu aberatsak. Bost aberats famatu dira eta langileak, ugari. Ikusten dugunez, gizartearen injustizia salatzen du marrazkigileak. Eta horrexegatik, hartzen du zentzu betea haierako irudiak.



 

domingo, 21 de febrero de 2021

Karlisten gotor lekuak (Arraiz)

 

Karlistaldiak Arraiz mendian

Arraizetik dagoen ikuspegi zabala. Ezkerrean eta azpian, meategi baten arrastoak ikus ditzakezue. 

Kaixo, historiagileok!!

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, txango hurbilak egitea erabaki dugu. Haietako batzuetan, historiaren aztarnak topatu ditugu, eta horregatik gonbidatzen zaituztegu gurekin berriro etortzera. Horrela, gure lurraldearen historia ezagutzeko beste aukera bat izango duzue. Zuen interesa piztea da gure helburua! Historiak orainaldia markatzen digu eta -batek daki!- ez al da izango historia etorkizuneko giltza ere?

Bilbotik oso gertu gaude; beraz, ez duzue aitzakiarik bisitatxo bat ez egiteko. Goazen, ba!



XIX. eta XX. mendeetan zehar, Bilbon eragina izan zuten hainbat gerratako gatazkak gertatu ziren. Lehen karlistaldian (1833-1839), liberalek Bilboko hiria kontrolatu zuten, eta Don Carlos-ek -erregea izan nahi zuen- 1835eko ekainean hiria setiatzea erabaki zuen, nazioarteko ospea lortzeko garrantzia duen hiria bereganatzeko helburuarekin.



Faktore hori funtsezkoa izan zen bere kausarako laguntza ere lortzeko, mailegu moduan. Bilbok aurre egin zion erasoari, etsaien artean biktima ugari eraginez. Haietako nagusia Tomas Zumalakarregi jenerala bera izan zen, bala batek hankan jo eta bizia galdu baitzuen zauri horren ondorioz. 1836. urtearen amaieran berriro piztu zen gerra, eta berriz ere karlistek ez zuten arrakastarik izan. Era berean, 1876an, azken karlistaldian (1872-1876), Bilbo setiatu zuten karlistek, oraingoan ere beren aldeko emaitzarik gabe, eta horregatik "oso noble, oso leial eta garaitu gabea" titulua lortu zuen hiribilduak.


Hona hemen karlisten esku egon zen gotorlekua, 1876ko urtarrilaren amaiera arte. Eta interesa handiagoa duzuen guztiok: zoazte esteka honetara!



Amaitzeko, gure historia bidaia honetan egin genuen argazki bat jarriko dut: lagun arteko argazkia. Segurtasun distantzia gordeta, jakina!



Bilboko Hesia Avril mendian

Lubakiak Avril mendian 


Kaixo, historiagileok!!
Hemen nauzue berriro zuekin mendiz-mendi. Neguak guztiok harrapatu gaitu konfinamendu perimetral arraro honetan. COVID-19aren pandemia dela eta, Bilbao eremu "gorrian" dago, kutsatze-tasa oso handia baitugu. Beraz, ezin gara udalerritik irten, eta Bilboko mendi magalak eta mendi tontorrak auzokide mendizalez beteta daude perretxikoak izango bagina bezala. Gaurko txangoan pare bat kontu azalduko dizut bakarrik. Letra gutxiko sarrera egin nahi dizuet, mendira joatean nire asmorik inportanteena  zuen gogoa piztea da-eta, besterik gabe!




Gaur Avril mendira igotzera gonbidatu nahi zaituztet. Bilbotik oso gertu, Artxandatik abiatuta, berehala ikusiko duzue Avril mendia. Hango bideetan Gerra Zibileko aztarnak ikusteko aukera paregabea izango duzue. Beste mendi irteeretan bezala, gaur Bilboko burdin hesia non kokatu zen eta nolako babeslekuak eduki zituen ikusiko dugu. Zatozte gurekin! Eta adi entzun bideo honetan Andonik kontatuko diguna:


1937an, tropa nazionalen erasoa geldiarazteko nazionalistek eta errepublikanoek (garai hartan, gorriak deiturikoak) Bilbo defendatzea erabaki zuten. Eta, horretarako, lubakien sistema diseinatu zuten; eta, tarteka "bunker" moduko babeslekuak eraiki zituzten, argazki honetan ikusten dugun moduan:


Geroago, bidean jarraituko dugu berriztu duten lubaki zatirik ikusgarrienera heltzeko. Gure ibilaldi honetan, ume batzuk aurkitu genituen, eta sarrera honetara ekarri ditugu: gerraren iluntasunaren eta tristeziaren aurrean, gazte alaitxo haiei protagonismo apur bat emateko asmoz utziko dizuegu irudia.


Lerro hauen azpian irudikatuta duzue burdin hesiaren garaiko mapa bat. Horrela ikus dezakezue zein eremutatik eraiki zuten defentsa lerro hau.


Lubakien eremu honi "Iturritxualde mendia" deitu diote betidanik. Litekeena da metrailadore habiak eta lubaki hauek Bilbo erori baino aste batzuk lehenago eraiki izana. Gotortze lanetan langile kualifikatuek egin zuten lan. Baina horiez gain, adin guztietako boluntarioak ere egon ziren; kasu gehienetan, emakumeak. Gorago ikusi dugun lubakia pikotxari eta palari eraginez eraiki zen.

Lubaki hauetan emakumeen lana gogoratu nahi dugu

Eta, agur esan baino lehen, 4.000 urte atzera egingo dugu, eta, kalkolitikora abiatuta, Avril mendiko trikuharri bat erakutsiko dizuegu, etxera bazkaltzera etorri baino lehen ikusi beharrekoa!

A! Et a zurekin egiten ari garen txango txiki honetatikez dut oraindik joan nahi guri gertatu zitzaigun gauza polit bat aipatu gabe: irteera horretan, lagun batzuk topatu genituen, guztiok Bilbon konfinatuta -COVID-19aren pandemiagatik- eta denbora bidaia hau haiekin batera egiteko aupera ederra izan genuen. Lagun arteko topaketa hauek, zalantza barik, txango historikoei xarma paregabea ematen diete! Ezta?



 Avril mendiko trikuharria


 

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...