“Rosa Luxenburg:
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen”
N - Narratzailea
R - Rosa Luxemburg
K - Karl Liebknecht
L - Langilea
P - Polizia
- 1. Rosa Luxemburg-en historia
N- 1914an gaude. Rosa Luxemburg Karl
Liebknecht bikotekidearekin dago, etxean.
Austriako artxiduke Frantzisko Fernando Habsburgokoaren kontrako atentatua
gertatu denez, oso kezkatuta dago. 15 urte zituenetik, aktibista komunista izan
da Rosa. Betidanik konfiantza handia izan du saihestuko dela gerra. Baina orain
ez du batere argi. Hiru aldiz egon da Rosa jadanik kartzelan. Badaki boterearen
aurrean iritzi politikoak plazaratzen dituenean, arazoak izaten dituela
poliziarekin. Alemaniako sozialdemokraziak ez du Rosa gustuko. Gobernuaren
etsaitzat jotzen dute eta kontrolatzen diote bizitza.
R- Karl, artxidukearen kontrako
atentatu hau aitzakia perfektua izango da gerra hasteko. Oso garai arriskutsuan
gaude. Badakigu zein den Alemaniako Weltpolitik:
bikoiztu egin da armamentua erosteko gastatu den dirutza.
K- Latinez esaten den moduan, Rosa:
“si vis pacem, para bellum”. Bakea nahi baduzu, prestatu gerra.
R- Biok dakigu hori gezur hutsa dela,
Karl. Lurraldeak konkistatzeko prestatzen ari dira gerra, ez bakea lortzeko.
Eta gerra horretan ez dira hilko gerra jauntxoak edo koronelak: proletarioek
jarriko dute gerraren odola mahai gainean, ondo dakizu. Beste alde batetik, Karl,
norentzat nahi dute bakea? Zenbat langile dago Alemaniako gobernuan?
Hauteskundeak egiten dira Alemaniako inperio zahar honetan, bai. Konstituzioa
ere badugula esaten dute, baina… noren aldeko legeak ditugu? Zenbat langile
izan dira hautatuak? Zergatik lortzen dute beti gehiengoa kontserbadoreenek?
K- Bai, Rosa, arrazoia duzu. Inperio
hauek ez dira batere demokratikoak. Eta nazioarteko politikan…, zer?
Alemaniaren politika espantsionistarekin, Polonia jan egingo du Alemaniako
gobernuak. Eta Austria-Hungariako Inperioak gauza bera egingo du, laster.
Inperioaren garaian gaude. Langileak baztertuak izan gara; ahaztu egin dira
gurekin.
R- Horregatik, Karl. Soilik mugitzen
ez denak ez ditu kateak sentitzen. Mugitu behar dugu proletariook!
K- Baina, nola, Rosa? Gerrarako
tropak osatuta?
R- Ez, Karl, ez. Desobeditzen! Goazen
langileen batzarrera! Han egingo dut desobedientziarako deia!
(Karl eta Rosa ikasgelatik irtengo
dira, eta laster berriro sartu)
K- Arratsaldeon, alderdikideak,
espartakistak, benetako komunistak: Gaur, berriro ere, Rosaren hitzak entzungo
ditugu. Dakizuenez, gerra-hotsak hasi gara entzuten. Frantzisko Fernandoren
heriotzaren berria izan dugu azken egun hauetan. Gavrilo Princip bosniarrak hil
duela diote, baina horren atzean serbiarren nazionalismoaren aztarnak ikus
daitezke. Eta Serbia tartean baldin badago, Errusiak interesa adieraziko du.
N- Utz ditzagun apur batean Rosa,
Karl, eta batzar komunista Polonian. Gogora dezagun, lagunok, zer gertatzen ari
zen Europan aurreko urteetan. Bi bloke armatu osatzen ari ziren. Alde batetik,
1882an Aliantza Hirukoitza osatu zuten Austriak, Errusiak eta Prusiak (gaur
egungo Alemaniaren lurralde bat). Alemaniak bere aldeko ordena lortu nahi zuen
Europan, Frantzia isolatuz, Frantzia bakarrik utziz. Baina, besteak ez ziren
geldirik geratu. Hasieran, Frantziak eta Erresuma Batuak Entente Cordiale
sinatu zuten. Horren atzean, beren interesak babestu nahi zituzten kolonietan:
Egipto, Maroko…
(Rosa Luxenburgok eten egiten du
narratzailearen diskurtsoa)
R- Ulertzen duzue? Entente Cordiale
[gero (1907an) Entente Hirukoitza bihurtuko da] horretan, Erresuma Batua,
Frantzia eta Errusia batu dira. Eta orain gertatu den atentatuarekin, oso gerra
arriskutsua dugu aurrean.
L- Baina nor da gure etsaia, Rosa?
Gure lurraldea, Polonia, Inperio bat izan zen, baina gaur egun ez da agertzen
ezta mapetan ere! Alemaniak hartu du gure lur gehiena. Austriak beste zati bat…
Sakabanatu egin gaituzte. Gu poloniarrak gara! Nazio bat osatu nahi dugu! Nork
babestuko gaitu gerrara ez bagoaz? Gure lurraldea zatitu egin dute… Gerra izan
liteke gure irtenbide bakarra.
R- Poloniarrak? Nazioa? Zer kontzeptu
dira horiek, kideok? Langileak gara! Klase kontzientzia izan behar dugu! Nor
joango da gerrara? Burgesak, aristokratak, aberatsak? Ez! Langileoi deituko
dizuete! Frontera eramango zaituztete, kamioietan, bizitza ematera! Eta noren
alde? Zuen bizitzak hobetzeko edo burgesen inperioen alde? Esnatu! Desobeditu!
L- Ez! Egia da! Geuk utzi beharko
ditugu familiak gerrara joateko! Gure emakumeak utzi egin beharko dituzte
seme-alabak lan egiten hasteko! Armen fabrika batera lan egiteko deitu nahi
diote andreari… Okindegian kobratzen duena baino apur bat gehiago eskaini
diote, eta baietz esatea pentsatzen ari gara.
K- Kamarada, horixe baietz! Pobreziak
edozein lanbide onartzera bultzatzen gaitu, edozein baldintzatan, edozein
soldatarekin…
L- Egia da! Etxean zortzi gara:
emaztea eta biok, emaztearen aita elbarritua eta bost seme-alabak. Andrea
goizeko lauretan altxatzen da okindegian bi orduz egiteko lan. Horren truke,
lau sos ematen dizkiote, egunero. Askotan, etxean ez dago janari nahikorik,
nahiz eta ni bi fabrikatan lan egin, goizean sei ordu eta arratsaldez beste
sei. Burdinaren beroak sikatu egiten dizkit birikak goizean, eta arratsaldez
ikatzaren hautsak estaltzen. Etxera heltzean, seme-alabak ohean ditut eta
goizean, altxatzean, oraindik lo. Eta lanordu horiek guztiak eman arren, gosea
pasatzen dugu! (Arnasa hartzen du) Etxeko zirrikituetatik airea sartzen da, eta
batzuetan euria eta elurra sartzen zaizkigu gure etxeko teilatuko
zulotxoetatik. Bai bizitza latza gurea, langileona! Lan eta lan, bai bizitza
miserablea!
R- Eta orain, zer? Ez joan gerrara!
Desobeditu! Ez izan burges nazionalistak! Aberriak ez dira existitzen, gizarte
klaseak baizik! Zer desberdintasun dago zuen eta langile aleman baten artean?
Edo austriar pobre batekin? Non dago aldea? Nortzuk joango zarete gerrara?!
Gobernu sozialdemokratak kapitalismoa eta inperialismoa bultzatzen ditu! Horiek
ez dira gure lagunak! Desobeditu! Ez izan armadako soldaduak, lankideok!
Helburua ez da Polonia, gizarte talderik gabeko esperantza komunista baizik!
Gerra ez da benetako iraultza!
P (eta N)- (Atea gogor jotzen) Rosa
Luxemburg? Karl Liebknecht? (Isiltasuna. Karl ez da agertzen) Zuen dokumentazioa,
mesedez. Eta zuek (taldeari begiratuta eta pistolarekin apuntatuta): Egon
geldi! Batzar hau egiteko ez duzue baimenik! Luxemburg andrea atzemango dugu,
bultzatzaile izateagatik. Zuek isilik eta geldi, arazorik nahi ez baduzue…
R- Ez naiz hain erraz joango zuekin!
(Eta taldeari) Kamaradak! Laguntza! (Poliziak kolpe gogor bat ematen dio
pistolaren kulatarekin. Gero, poliziaren kideak Rosa kanpora eramaten ari dela
besoetan, polizia nagusiak erremateko tiroa emango dio).
No hay comentarios:
Publicar un comentario