domingo, 23 de febrero de 2020

Sahara



   
 SAHARA



Hau Krikiba da, lagun mina. Esteka honetan duzue, zuentzat, ikasleontzat, bere agurra eta azalpena.


       Estekak:



1.      Kokapena





Sahara Espainiarra Espainiaren kolonia izan zen. Afrikan dago, Sahara basamortuaren mendebaldean, Ozeano Atlantikoko kostaldean. Marokok okupatzen du gaur egun Saharako herriarenak ziren lur asko.  






Emakume saharauiak

Baina, zer gertatu zen historian Saharako herrialde honetan?

Espainiak kolonizazioa abian jartzeko, Sociedad Española de Africanistas y Colonistas izeneko elkartea kokatu zen 1884an Saharan; Rio de Oroko badian, hain zuzen ere. Hango biztanleekin hitzarmen batzuk egin ondoren, Espainiako gobernuak eremu hura bere babespeko lurralde hartu zuen. Espainiarren kolonizazioak oztopo batzuk izan zituen; gehienbat, Frantzia, interes handia baitzuen lurralde horretan (1904an).

1916-1934 bitartean hartu zituen Espainiako armadak Sahara Espainiarreko lurralde guztiak (Rio de Oro eta Sakia-el-Hamra). 1957an beretzat eskatu zuen Marokoko estatuak lurraldea; baina, gatazka armatua izan ondoren, Espainiak irabazi zuen. 1958an, Espainiako gobernuak ‘Sáhara Español’ (Sahara Espainiarra) izeneko herrialdea sortu zuen, Espainiako gobernuburua Franko diktadorea zela. Horretan oinarritzen dute sahararrek Espainiaren ardura Saharan, urte haietan sahararrek Espainiako nortasun agiria eduki zuten eta. Hala, saharar askok gaztelania ikasi zuten eskolan.
1963an fosfatoak aurkitu ziren Sahara Espainiarreko iparraldean (Bukraa), eta 1972an hasi ziren espainiarrak Bukraako fosfato meatzeak ustiatzen. Urte haietan, independentzia gogoa handiagotzen zihoan bertakoen artean. Espainiak, koloniari eusteko ahaleginetan, probintzia autonomoaren estatusa eman zion. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ukatu egin zuen egoera hori, eta 1965ean “saharar herriaren autodeterminazio eskubidea” onartu zuen.


Saharako Frente Polisario

Garai hartantxe hasi ziren sortzen lehen independentzia mugimenduak, eta 1973. urtean sortu zen Fronte Polisarioa, sahararrek beren nazioaren independentziaren alde eratu zuten erakunde politiko-militarra. Berehala aurkeztu zen Fronte Polisarioa iritzi publikoaren aurrean: zenbait lehergailu jarri zituen Aaiunen, eta, 1974. urtearen hasieran, patruila militar batzuei eraso zieten. Gauzak horrela, Marokok eskaera formala egin zuen Sahara eskuratzeko. Baina NBEk ez zion baimen ofiziala eman.


Espainiak, 1975eko azaroan, Maroko eta Mauritania onartu zituen Saharako administrazioa eramateko.  Urte hartan, Franco oso gaixorik zegoen eta azaroaren 20an hil zen. Marokok Francoren ahulezia eta gobernuaren zalantzak aprobetxatu zituen ‘Martxa Berdea’ aurrera eramateko, azaroaren 14an, Franco hil baino sei egun lehenago. 1976ko otsailean, Espainiak kolonia utzi ondoren, bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak. Hil berean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak (NBEko 70 estatuk onartu zuten errepublika berria), eta Maroko eta Mauritania bi estatuen eta saharar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen.


1975ko Marokoko martxa berdea


1979an, Mauritaniako gobernuak bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere armada eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldean. 1980. urtetik aurrerako urteetan, gerran jarraitu zuten sahararrek Marokoko armadaren aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen NBEk Sahara Espainiarrean, abiapuntu gisa 1974an espainiar agintariek egin zuten errolda hartuta.
Hala eta guztiz ere, ez da oraindik erreferendumik egin. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. 1992an, NBEko ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma prestatzeko, baina oraindik ez da egin.


3.      Nortzuk ziren gatazka honetan protagonistak?


Sahararren alde

Fronte Polisario eta Espainia Francoren garaian (50eko hamarkadatik Franco hil arte, 1975an). Sobietar Batasuna, hasieran, neutral mantendu zen. Baina 1979ko Afganistango gerran Maroko Estatu Batuekin lerrokatu zenez, handik aurrera Sobietar Batasunak ikasteko bekak eta hornikuntza zibila eman zizkien sahararrei –baina ez armak Fronte Polisariori–.


Marokoren alde

Frantzia, Espainia (1975tik Aurrera, errege Juan Carlos Iak kargua hartu zuenetik Aurrera) eta gaur egun, Europar Batasuna, kide komertzialtzat jotzen dute eta. Eta urrunago, baina konplize axolagabekeriaz, Estatu Batuak (batez ere, Marokoren aldekoa da eta).



Mariano Rajoy españako presidentea eta Mohamed VI Marokoko erregea.





4.      Zeintzuk dira gaur egun lurralde honetan dauden interes ekonomikoak edo politikoak?


Gaur egun, Marokok okupatuta dauzkan lurraldeek produktu baliotsu hauek dituzte: 

  • gasa,
  • petrolioa
  • eta mota askotako mineralak; adibidez, zirkonita (harri preziatua, diamanteen antzekoa) edo uranioa, arma nuklearrak egiteko erabiltzen den mineral oso garestia.
  • Saharak dituen bi aldeen artean lurralderik aberatsena da Marokorena. Beste aldea, kontinentala dena, kostalderik gabekoa, askoz pobreagoa da, ordea.
  • Horrez gain, aurreko plataforma kontinentalean –itsasoan– arrantzatzeko akordio bat sinatu zuen Europar Batasunak Marokorekin, 1988an (berritu egiten dute aldian-aldian; hala, 2019ko urtarrilean sinatu dute azken akordioa). Fronte Polisarioak ez du onartzen, baina indarrean jarraitzen du.
  • Presidenteak edo erregeak batzartzen diren guztietan terrorismoaren gaia aipatzen dute, elkar-kooperazioa egiteko.
  • Politika maila altuko batzar haietan etorkinen kontrolari buruz ere hitz egiten dute.


 Esteka: La UE renueva acuerdo pesca en Marruecos. 2018-19




No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...