BURUKO ESTIMULAGAILUAK
Kaixo, ikasle maiteok!!
Gaur nire hausnarketa aurkeztu nahi dizuet. Yuval Noah Harari-ren liburua irakurtzen ari nintzela, pasarte honek -azpian duzuenak- txunditu egin ninduen. Iruditu zitzaidan egilea etorkizuna idazten ari zela. Eta oso gogorra egin zitzaidan "distopia" horren irudia imaginatzea. Alde batetik, teknologiaren aurrerapenek itxaropena piztu ahal dute, agian. Baina beste alde batetik, ematen du gure bizitzak guztiz aldatu ditzaketela. Horrela, galdera hauek etorri zitzaizkidan burura: atea irekitzen dio teknologiak Homo sapiensen amaierari? "Supergizakia" sortzea ekarriko al du teknologiak?
(YUVAL NOAH HARARI-ren HOMO DEUS liburutik)
"[Gizakion burua ikertzeko zenbait esperimentu esanguratsutan, kasko berezi batzuk erabiltzen dira (garunean zeharreko korronte jarraituko estimulagailuak), kanpoaldetik buruko larruazalera finkatzen diren elektrodoak dituztenak.]
Estatu Batuetako armadak horrelako kaskoak erabiltzen dituzte, soldaduek –bai prestakuntza-saioetan, bai gerran– kontzentrazioa zorrozteko eta errendimendua hobetzeko esperimentuetan. Giza Eraginkortasunerako Zuzendaritza Orokorrean egiten dira esperimenturik garrantzitsuenak, Ohioko aireko indarraren base batean. Oraindik ere ondorioak batere argiak ez badira ere, eta publizitate-kanpainetan garunean zeharreko estimulagailuekin lor daitekeenaz esajeratzen bada ere, ikerketa batzuen arabera jakinarazi da badirela aski eraginkorrak luzaroan arreta betean egon behar dutenekin (drone-operadoreak, aire-kontrolatzaileak, frankotiratzaileak…).
Behin hala, baimena eman zioten Sally Adee New Scientist aldizkariko kazetariari frankotiratzaileak trebatzeko kuartel bat bisitatu zezan, eta han aukera izan zuen efektuak bere larruan esperimentatzeko. Hasieran, kaskorik gabe (estimulagailurik gabe) sartu zen gerra-simulagailuan. Sallyk deskribatzen du nola sentitu zen itota izu-ikaragatik, hogei gizon ikusi zituenean berari eraso egiten, aurpegia estalita zutela, lehergailuak gorputzari itsatsita eta errifleak eskuan. “Hiltzen dudan gizon bakoitzeko —idatzi zuen Sallyk—, beste hiru soldadu agertzen dira, ezerezetik sortuak. Bistan dago ez dudala behar bezain azkar tirokatzen, eta izuagatik eta gaitasun faltagatik behin eta berriro trabatzen zait erriflea”. Erasotzaileak, Sallyren zorionerako, inguratzen zuten pantaila erraldoien gainean proiektatutako bideo-irudiak baino ez ziren. Hala eta guztiz ere, hain etsita zegoen errendimendu gutxi erakusteagatik, non bere arma utzi eta simulagailutik irteteko puntuan egon zen.
Gero, estimulagailua jarri zioten buruan. Ez zuen aparteko ezer sentitzen, salbu eta inurridura arin bat, eta metal-zapore bitxi bat ahoan. Baina terroristak banan-banan akabatzen hasi zen, hotz eta metodikoki, Rambo edo Clint Eastwood balitz bezala. «Beren armak airean haietako hogei niganantz korrika hasten dira, eta nik, lasai asko, erriflea destatu, eta tartetxo bat hartzen dut arnasa sakon hartzeko, tiro egiten diot hurbilen daukadanari, eta patxada handiz aukeratzen dut zein izango den hurrengoa. Irudipena dut ez dela pasatu apenas denbora, eta ahots ozen bat entzuten dut halako batean: “Ederto. Amaitu da”. Pizten dira simulazio-gelako argiak… Bat-bateko isiltasun hartan, inguratzen nauten gorpuen artean, erasotzaileak gehiago izango zirela espero nuen, eta apur bat zapuztuta sentitzen naiz elektrodoak kentzen hasten direnean. Gorantz begiratu, eta neure artean galdetzen dut ea inork aurreratu ote dituen erlojuak. Harrigarria bada ere, hogei minutu pasatu dira guztira. “Zenbat aldiz jo dut helburuan?”, galdetzen diot laguntzaileari. Zur eta lur begiratzen dit. “Guztietan”.»
Esperimentu hark errotik aldatu zuen Sallyren bizitza. Hurrengo egunetan sentitu zuenaren arabera, bere hitzetan: «Esperientzia ia espiritual bat bizi izan nuen […]; ez zen azkarragoa sentitzen nintzela edo arinago ikas nezakeela: oin azpian hutsune handi bat sentitu banuen, nire bizi guztian aurreneko aldiz buruan dena isildu zitzaidalako izan zen. […] Burmuinetik segurtasun-eza erabat desagertzea agerkunde bat bezalakoa izan zen niretzat. Bat-batean, erabateko isiltasun hura buruan […]. Espero dut ulertuko didazuela: esperientzia hura pasatu eta hurrengo asteetan, irrika bizian egon nintzen bueltatzeko eta elektrodoekin konektatuta egoteko. Eta hainbat galdera etortzen zitzaizkidan burura: Alde batera utzita nire burmuina populatzen duten gnomo sumindu eta bihozgabe haiek, zerbait desberdina probatzeko beldur handiegia izaten dudalako porrotera eramaten nauten gnomo haiek, nor nintzen ni? Eta nondik zetozen ahots haiek?».
Ahots haietako batzuek gizartearen aurreiritziak islatzen dituzte; norberaren historiaren oihartzuna izaten dira beste batzuk; eta areago: gure herentzia genetikoa artikulatzen dute beste batzuek. Denek batera, Sallyk dioenez, kontakizun ikusezin bat osatzen dute, nekez ulertzen ditugun gure erabaki kontzienteak modelatzen dituena. Zer gertatuko litzateke aldian behin aukera bagenu gure barneko monologoak berriz idazteko edo –areago– erabat isiltzeko?
2016an, garunean zeharreko estimulagailuak oraindik ere haurtzaroan zeuden, eta ez dago argi denborarekin teknologia guztiz garatua bihurtuko ote diren, ez eta, gertatzekotan, noiz gertatuko den ere. Gaur-gaurkoz, tarte laburretarako baino ez dute eskaintzen gure gaitasunak hobetzea; Sally Adee-ren hogei minutuko esperientzia hura ohiz kanpoko zerbait izan liteke (edo, besterik gabe, plazebo-efektu famatuaren ondorio hutsa). Estimulagailu horien gaineko ikerketa gehienetan –argitaratu direnetan, behinik behin–, laginak txikiak dira (lagun gutxik eta gainera oso baldintza berezietan aritutakoek osatzen dituzte), eta ez dakigu ezertxo ere estimulagailuek epe luzera ekar ditzaketen ondorioei eta arriskuei buruz. Baina teknologia hori nabarmen garatuko balitz edo burmuinaren jokabide elektrikoak manipulatzeko beste metodoren bat aurkituko balitz, zer-nolako eragina edukiko luke gizataldeetan eta gizakietan?
Gure burmuineko zirkuitu elektrikoak aldatu genitzake… ez terroristak akabatzeko bakarrik, baizik eta helburu liberal apalago batzuk lortzeko: eraginkorragoa izateko ikasteko eta lan egiteko orduan, joko eta denbora-pasetan murgiltzeko, edo unean uneko gure interesgunean arreta osoa jartzeko –matematika izan zein futbola izan–. Edonola ere, manipulazio horiek eguneroko praktika bihurtuko balira, bezeroen ustezko aukeramena edo buruaren jabetasuna eros litekeen beste produktu bat besterik ez litzateke izango. Piano-jotzaile apartak izan nahi dugula, baina praktikatzeko ordua heltzen den bakoitzean telebista ikusi dugula nahiago? Arazorik ez: kaskoa jarri, programa egokia instalatu, eta sekulako gogoa izango genuke pianoa jotzeko.
Norbaitek argudia lezake buruko ahotsak isildu edo hobetu ahal izateak indartu egingo lukeela aukeramena, ez ahuldu. Orain, askotan, kanpoko zerbaitek arreta galarazten digunez, ez gara gai izaten gure amets benetakoenak eta gutiziatuenak betetzen. Kaskoaren edo antzeko gailu baten laguntzarekin, berriz, apaizen, manipulatzaileen, publizitatearen eta ingurukoen ahots arrotzei askoz ere errazago entzungor eginez, nahi dugun horretantxe kontzentra gintezke. Baina ‘ni’ bakarra daukagulako ideia –eta, beraz, gure benetako desirak eta kanpoko ahotsak bereizi egin ditzakegula– beste mito liberal bat baino ez da; berriki argitaratu diren ikerketa batzuetan frogatu denez, faltsua."
Y.N.H
Buruko abots horiek...Zer dira? Psikologiako korronte batzuetan agertzen dira. Esate baterako, S. Freud-ek super-niaz hitz egin zuen. Gizarteko superegitura barneratua, beste korronte filosofiko batzuen ustez. Azaldu zure hitzekin.
Kendu ahal diogu gizakiari “enpatia”, beste norbaiten larruan jartzeko gaitasuna? Zer lekarke horrek? Zer gertatuko litzateke gerran? Eta terrorista kalifikatzean akatsak egingo balituzte?
Zein aplikazio positiboa eduki dezake? (Medikuntzan, arreta handia eskatzen duten beste lanbide batzuetan?)
Zer gara ugaztunok, emoziorik gabe? Nora eramango du honek historia, zure ustez?
No hay comentarios:
Publicar un comentario