sábado, 14 de noviembre de 2020

Gerra

 



GERRA: Ausardia, trebezia edo sufrimendua?

    

Historian zehar, oraintsu arte behinik behin, jakin nahi zuenean gerra jakin bat bidezkoa ala bidegabea zen, jendeak Jainkoari galdetzen zion, edo Eskriturei, edo errege-erreginei, edo nobleei, edo apaizei. Bost axola zitzaizkien soldadu xehe baten edo zibil arrunt baten iritziak eta bizipenak. Lehengo gerra-kontakizunetan, enperadore, jeneral eta heroien egintzak izaten ziren ardatz; soldadu xeheak, berriz, bitara ageri ziren: edo Goliat batek sarraskitutako gorpu-pilo modura, edo David garaile bat bizkar gainean daraman jendetza gartsu modura.orren erakusgarri, har dezagun Gustavo II.a Adolfo Suediakoa Breitenfeld-eko Guduan izeneko pintura (1631ko irailaren 17an gertatu zen gudua). Bertan, Jean-Jacques Walter margolariak goretsi egiten du Gustavo II.a Adolfo erregea, erabakigarria izan omen baitzen Suediako armadak Breitenfeld-eko guduan garaipena lortzeko. Pinturan, erregea gerraren jainkoa balitz bezala ageri da, gudu-zelaiaren gainetik gailentzen dela. Esan liteke xake-jokalari batek peoiak mugitzen dituen bezalaxe kontrolatzen duela erregeak gudua. Peoiak berak, gehienetan, bigarren planoan ageri diren figura generikoak edo puntu ñimiñoak baino ez dira; Walter-i ez zaio interesatzen nola sentitzen ziren erasora jotzen zutenean, edo ihes egiten zutenean, edo hiltzen zutenean, edo hiltzen zirenean. Aurpegirik gabeko gizataldea da.




Orain, har dezagun beste koadro bat, Pieter Snayers-ena oraingoan, Mendi Zuriko Guduaren gainekoa. Hogeita Hamar Urteetako Gerrako gudu hartan, katolikoek garaipen entzutetsu bat lortu zuten, protestante heretiko matxinoak menderatuta. Margolanean, argi eta garbi ageri dira bereizita erregimentuak, zer arma zeramatzaten edo nola zeuden kokatuta gudu-zelaian. Berriz ere, soldadu xeheen sentimendu eta bizipenak islatzea alde batera utzi zuen Snayers-ek. Errege edo jainkoentzako kokagune olinpikotik begiratuta, ikuspegi pribilegiatuarekin, iruditzen zaigu xake-partida erraldoia besterik ez dela gudua. Handipen handiko lenteekin begiratuta, berriz, xehetasun esanguratsu batzuk ikus daitezke. Hala, kanoi-bala batek soldadu bat txikitu egiten duela ikusita, ulertu behar dugu katolikoen garaipenaren erakusgarri dela. Goialdean, aingeru batzuk ageri dira beren talaiatik so, gudu-zelaiaren gain-gainetik; horrek adierazten du Jainkoaren laguntza izan zuela Fernando II.a enperadoreak etsaiak menderatzeko 1620ko azaroaren 8 hartan.




Gorago esan bezala, milaka eta milaka urtetan, ‘gerra’ kontzeptua gogora ekarri, eta jainkoak, enperadoreak, jeneralak eta heroi apartak ikusten zituen jendeak. Azken bi mendeetan, ostera, errege eta jeneral horiek galtzen joan dira begirune moduko hori, eta arretagunea aldatuz joan da soldadu xeheenganantz eta haien bizipenetarantz.

Gerrari buruzko Dena lasai mendebaldeko frontean eleberrian eta Platoon pelikulan, protagonista soldadu gazte eta inozentea da hasieran, munduaz –eta are bere buruaz– ezer gutxi dakiena, baina esperantzaz eta ametsez beteriko zama astuna daramana. Gerra zerbait loriatsua dela uste du; bere kausa, guztiz bidezkoa, eta jenerala, jenio bat. Gerraren errealitatean zenbait astez murgilduta egon eta gero (lokatz, odol eta heriotzaren kirats artean), ordea, amets guztiak bata bestearen atzetik zapuzten zaizkio. Bizirik irautea lortuz gero, hasierako gazte xalo hark gizon askoz ere jakintsuago bihurtuta bukatuko du gerra, estereotipo eta idealetan zuen fedea zeharo galduta. “Gerra ez da pelikuletan ikusten dena bezalakoa!”: ikuspegi horrekin gaztigatzen digute, paradoxikoki, Hollywoodeko arrakasta biribileko hainbat obrak, hala nola Apocalyse Now, Full Metal Jacket eta Black Hawk Eraitsia pelikulek. 



Margolariei ere, dagoeneko, ez zaie interesatzen nola mugitzen diren zaldiak maniobra taktikoetan edo zer erabakitzen duten jeneral arranditsuek. Aitzitik, soldadu xeheak nola sentitzen diren islatzen ahalegintzen dira orain. Horren frogagarri, azter ditzagun beste bi margolan, arte belikoen arloan XX. mendeko maisulantzak jotzen direnak: Otto Dix-en Gerra eta Thomas Lea-ren The Two-Thousand Yard Stare [Bi mila yardako begirada].




Dix armada alemaneko sarjentu modura ibili zen Lehen Mundu Gerran, eta Lea berriemale-lanetan aritu zen 1944an Peleliu irlako guduan Life aldizkarirako. Biek ala biek emoziozko gertakaritzat jotzen zuten gerra, eta erakutsi nahi izan ziguten nola sentiarazten gaituen. Hala, Dix-en soldadua berdin egon zitekeen Verdun-en zein Somme-n: ez du axola zein lekutan, gerra beti eta edonon baita infernua; Peleliura bidalitako infanteriako soldadu estatubatuarra da Lea-rena, baina bi mila yardako haren begirada berdin-berdin ikus zitekeen Iwo Jima-ko japoniar soldadu baten aurpegian, edo Stalingrad-en soldadu aleman batengan, edo Dunkerque-n soldadu ingeles batengan. 

Dix-ek, Lea-k eta haiek bezalako beste artista batzuek irauli egin zuten gerraren ohiko hierarkia. Aspaldiko garaietan, gerrak XX. mendekoak bezain izugarriak izan zitezkeen, baina orduko esperientzia krudelenak ere bestelako testuinguru batean kokatzen ziren, nolabaiteko zentzu positiboa eransten zien testuinguru zabalago batean. Hala, Mendi Zuriko guduan borrokan ari zen soldadu katoliko batek honela esan zezakeen bere artean: “Bai, sufritzen ari naiz. Baina Aita Santuak eta enperadoreak diote kausa zuzen baten alde ari garela borrokan, eta beraz nire sufrimenduak zentzu betea dauka”. Otto Dix-ek aurkako logika darabil. Beraren ustez, norberaren bizipena da zentzuaren iturburua, eta, hortaz, pentsabide horren arabera honela mintzatu zitekeen soldadua: “Sufritzen ari naiz (eta hori gaizki dago); beraz, gerra guztiak dira gaiztoak. Eta hala eta guztiz ere kaiserra eta apaizak gerraren alde badaude, oker dabiltza ezinbestean”. 

Dix-ek, Lea-k eta haiek bezalako beste artista batzuek irauli egin zuten gerraren ohiko hierarkia. Aspaldiko garaietan, gerrak XX. mendekoak bezain izugarriak izan zitezkeen, baina orduko esperientzia krudelenak ere bestelako testuinguru batean kokatzen ziren, nolabaiteko zentzu positiboa eransten zien testuinguru zabalago batean. Hala, Mendi Zuriko guduan borrokan ari zen soldadu katoliko batek honela esan zezakeen bere artean: “Bai, sufritzen ari naiz. Baina Aita Santuak eta enperadoreak diote kausa zuzen baten alde ari garela borrokan, eta beraz nire sufrimenduak zentzu betea dauka”. Otto Dix-ek aurkako logika darabil. Beraren ustez, norberaren bizipena da zentzuaren iturburua, eta, hortaz, pentsabide horren arabera honela mintzatu zitekeen soldadua: “Sufritzen ari naiz (eta hori gaizki dago); beraz, gerra guztiak dira gaiztoak. Eta hala eta guztiz ere kaiserra eta apaizak gerraren alde badaude, oker dabiltza ezinbestean”.  




Orain arte, Harariren “Homo Deus” liburuko zati bat irakurri dugu. Hemendik aurrera, hausnarketa pertsonala proposatuko dizut puntu batzuk kontuan hartuta:

1. Aztertu ezazu Los desastres de la guerra [Gerraren hondamendiak] izeneko F. Goyaren obren bilduma. Bilatu zein garaitan pintatu zituen, eta zer islatu nahi izan zuen grabatu horietan.

2. CALL OF DUTY: Zoaz esteka honetara! Gaur egun, hainbat eta hainbat gazte ibiltzen dira etengabe izaera belikoko ordenagailu-jokoekin jolasean. Egizu haien gaineko gogoeta: Zer da joko horien funtsa? Nork egiten du aurrera eta nola menderatzen ditu aurkariak? Argi ikusten da irudietan zein diren gerraren ondorioak: zaurituen sufrimendua, hildakoak…? Sufritzen dute soldaduek? Nor da protagonista jokoetan?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...