lunes, 25 de enero de 2021

Emakume aristokrata eta burgesak

 EMAKUME ARISTOKRATA ETA BURGESEN GIZARTE-ROLA

(Musika entzun esteka honetan)

Familiaren erretratua (1730). Nicolas Largilliere


XVIII. mendean, ez zen funtsean ezer aldatu tradizioak emakumeari eransten zitzaion kontzeptuan. Nagusi zen iritziaren arabera, emakumea ahula zen izatez, eta gizona baino gutxiago bai moralari, bai adimenari begira. Hori dela eta, gizonaren mendean egon behar zuen bizitan zehar (aurrena, aitaren mendean; gero, senarrarenean), eta patu saihetsezina zeukan markatuta jaiotzetik: ezkondu, seme-alabak izan, eta alabei heziketa egokia eman emazte eta amak izan zitezen, bera bezala.

Emakume bat ezkondu gabe geratzen bazen, pentsatzen zen porrot egiten zuela bizitzan (neskazahar, mutxurdin…), eta gizarteak onartutako hiru aukera baino ez zitzaizkion geratzen:

1. Neba baten edo gizonezko senide baten babes eta ardurapean bizitzea.

2. Beste etxe batean neskame jardun (pobreenek eta nekazaritza-mundutik zetozenek).

3. Moja bihurtuta, komentuan bizi (batez ere, erdi-mailako klaseko emakumeak, ezkontzeko besteko ezkonsaria biltzerik eduki ezean).

Nahiz eta ilustratu batzuek zalantzan jarri emakumeak gutxiago direlako iritzi hura (areago: zenbaitek sexuen arteko berdintasuna defendatu zuten), oso gutxi izan ziren, eta oso mugatua haien idatzien oihartzuna.

XVIII. mendeak aurrera egin ahala, ordea, mendebaldeko Europako herrialde batzuetan, bizitza sozial aktiboagoa edukitzea lortu zuten emakume aristokrata eta burgesek.

Ane- Therese de Marguenat de Courcelles. Marquesa de Lambert, saloniere.


Hala, salonnière izeneko emakumeek jokatutako rola nabarmendu behar dugu: beren jauretxeetara idazleak, intelektualak eta artistak gonbidatu, eta haien arteko hizketaldiak antolatzen zituzten. Egia esan, aurreko mendean sortu zuen emakume batek lehen literatura-aretoa, Parisen sortu ere: Rambouillet-eko markesak.

Aldi berean, emakumeek emakumeentzat sortutako lehen aldizkariak ere hasi ziren argitaratzen: Journal de Dames, Madame de Beaumer-ena (Frantzia, 1761); Pomona, Sophie von La Roche-rena (Alemania, 1783); La Pensadora Gaditana, Beatriz de Cienfuegos-ena (Espainia, 1786)… Idazki haietan arakatuta, lehen aldarri feministen aztarnak topatu daitezke, artean oso moderatuak, gehienbat emakumeen  heziketaren gainekoak.

Amaitzeko, aipatu behar dugu permisibitate handiagoa izan zela emakumeen moda eta ohiturekin, baina betiere goi-mailakoentzat murriztua.

Laburbilduta: aurreko garaietakoen aldean, XVIII. mendeko emakume aristokrata eta burgesek mugitzeko aukera gehixeago lortu zuten, askatasun handiagoa, baina oraindik oso urrun egon ziren gizonekiko parekotasuna lortzetik.

Rambouillet-eko markesak, Catherine de Vivonne-k (1588-1665), intelektualen arteko bilerak antolatzen zituen Hôtel de Rambouillet-eko areto nagusian; bertan, Parisko elite sozial, artistiko eta intelektualak solasaldiak izaten zituen ekonomia-, filosofia- eta politika-gaiei buruz. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...