“Nik ez ditut zergak ordaindu nahi. Aske izan
nahi dut: askatasuna nahi dut neure diruarekin zer egin erabakitzeko. Diru asko
irabazi badut, merezi dudalako da.”
· Zergak ezinbestekoak dira ongizate-estatua edukitzeko.
Ongizate-estatua hainbat une historikotan sortu da munduan zehar. Estatuak
oinarrizko eskubideak bermatzeko –hala nola osasuna, hezkuntza, erretiro duina,
gosez ez hiltzeko gutxieneko diru-sarrerak…– esku-hartzeari deitzen diogu ongizate-estatua.
Zergak eta gizarte-segurantzako kotizazioak zaharren eta gazteen arteko
elkartasun-moduko zerbait dira, egoera zaurgarrietan –amatasuna, aitatasuna,
haurtzaroa, gaixotasuna, langabezia, zahartzaroa…– daudenei laguntzeko modua.
Denok igaroko gara horrelako egoeretatik, behar beste denbora bizitzeko zortea
badugu. Dirua partekatzearen arrazoia giza sufrimendua minimizatzea da.
· Langile pobreenei elkartasuna erakutsi eta laguntzeko
lehen mutualitateak Britainia Handian sortu ziren, langileak berak hasi baitziren
aurrezten alargunak babesteko. Horrela, amankomunean jarri zituzten aurrezki
horiek premia gorrian geratzen ziren familia zaurgarriak babesteko (1834).
· Lehen Mundu Gerraren amaieran (1918), gerran
hildako soldaduen alargunak babestu zituzten Europako estatuek. 1929ko crackean eta XX. mendeko 30eko
hamarkadako ondorengo krisian, Estatu Batuetako egoera hain izan zen kritikoa,
ezen New Dealekin, Roosevelt-ek erabaki
baitzuen enplegu publikoa sortzea eta herritarrei miseriatik salbatzeko enplegua
sortzeko eta ekonomia sustatzeko estatu-laguntzak ematea. Horretarako, zerga
altuak kobratu behar izan zitzaizkien herritarrei eta irabazi handiak zituzten
enpresei.
· Aberastasuna pertsonen artean birbanatzea berdintasun-maila handiagoa sortzea da. Horretarako, behar-beharrezkoa da ondasun handiak dituztenei zergak kobratzea, gizaki guzti-guztien gutxieneko eskubideak bermatzeko. Demokraziaren gakoa, beraz, hau da: dirua jaso behar dutenen eta dirua ordaindu behar dutenen ustelkeriaren eta iruzurraren aurka borrokatzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario