GERRA: Ausardia, trebezia edo
sufrimendua?
Kaixo!! Itziar Villanueva Etxeberria naiz, irakaslea. Hemen duzu urte askotan egin dudan lana, zuretzat. Erabili, ikusi eta ikasi! bakarrik gauza bat eskatuko dizut: erabiltzen baduzu materiala, aipatu mesedez nondik atera duzun. Eta hobetzeko proposamen bat baduzu...Idatz iezadazu posta elektroniko bat!
GERRA: Ausardia, trebezia edo
sufrimendua?
SUFRAGISTAK
Pelikula honetan
historia hau kontatzen digute: 1912an, Londresen, nola borrokatu ziren emakume
batzuk, Emmeline Pankhurst-ekin batera, emakumeen boto-eskubidea lortzeko. Sufragistak esaten zaie, eta aktibistak
izan ziren emakumeek botoa gizonezkoen baldintza berberetan eman ahal izateko.
Londresko
langile-auzo batean kokatzen da pelikula; bertan, emakume langileen eguneroko
bizimodua ikaragarri latza da: miseria gorrian bizi dira, soldata urriak
kobratzen dituzte, lanaldi amaitezinak pairatzen dituzte, ezin konta ahala
eginkizunetan jardun behar izaten dute eta lantegiaren jabearen apeten
pentzutan egoten dira. Kontakizuna hasi bezain laster, emakume sufragista
horiek adreiluak jaurtitzen ikusten ditugu hiriguneko dendetako kristalak
apurtzeko. Beren aldarrikapenen gainean jendearen eta prentsaren arreta
ekartzeko jo dute eraso hori.
Pelikulako lehen
eszenetan, ikusten dugu nola heltzen dion prentsak sufragisten mugimenduari: urrunetik
eta hotz-hotz. Esaterako, prentsa idatzian, honela laburbiltzen da lerroburuetan
gertatutakoa: “Sufragisten bidegabeko erasoa. Pankhurst anderea, ezkutatuta”.
Eraso hura gertatu
eta gero, David Lloyd George ministro kontserbadoreak audientzian hartu zituen
emakume langile batzuk, oso une garrantzitsua emakume sindikalisten borrokan. Audientzia
hartan, Maud Watts aktibistak, eta hark bezala mugimenduko beste hainbat
emakumek, politikariek aintzat hartuko zituela espero zuten, jaramon egingo
zietela. Itxura batean entzuteko prest zeuden politikari haien aurrean, hau da
Maudek emandako testigantza: “Amak 14 urte zituenetik egin zuen lan garbitegi
batean. Bizkarrean lotuta eramaten ninduen. Nagusiak bazekien hori, eta
onartzen zuen amak baldintza horretan lan egitea. 18 urterekin hil zen ama,
lan-istripu batean, ur irakina gainera jausita. Ez dut inoiz ezagutu aita.
Zazpi urte nituenetik lanaldi erdian ibili naiz garbitegian, eta hamabi urte
bete nituenetik, lanaldi osoan. Arduradun izendatu ninduten hamazazpi urterekin,
eta langileburu hogeirekin. Gure lana izugarri latza da: garbitzean dugun
gorputz-jarrera dela eta, gerriko min kronikoa pairatzen dugu; eztul kronikoa
eta zangoetan ultzerak, erabiltzen ditugun likidoak direla eta. Garbiketan eta
lisaketan arnastu behar ditugun gas toxiko beroak direla eta, buruko min ugari
izaten ditugu. Astean 13 txelineko soldata kobratzen dugu, baina gizonezkoek
19koa, nahiz eta gu haien lanaldia baino heren bat gehiago lanean egon, zeren gizonezkoek
lehenago amaitzen baitute laneguna; gainera, osasun-baldintza hobeak izaten
dituzte, aire zabalera irteten baitira arropa-fardelak banatzera”.
Zeharka bada ere,
neskatoek jasaten dituzten sexu-abusuena da pelikulak jorratzen duen beste gai
bat. Protagonistak berak, eta haren lankide eta borrokakidearen alabak, biek
jasaten dute abusua lantegiaren jabearengandik. Tamalez, uste izan den baino
ohikoagoak izan ziren kasu horiek, emakume langileen gainean agintea zeukaten
gizonek egindako abusu ikaragarriak. Garai hartako moralak aurpegi biko zigorra
ezartzen zien emakumeei: eraso mingarri hura jasan, eta gainera isilean gorde
behar izatea, inork ez zezan emakumea gezurtitzat jo, edo gizarteak –baita
familiak ere– estigma ezarri.
Itzul gaitezen
politikara. Audientzian, langileen testigantza entzun, eta ministroak hitz
hauekin hauspotzen du emakumeen esperantza: “Lege-proiektuaren zuzenketa batek
ekar lezake legea aldatzea emakumearen botoaren alde”. Handik denboragarrenera,
bera entzutera bildu den emakume-saldoaren aurrean berriz ere, ministroak
jakinarazten die legea ez dela aldatuko, eta beraz emakumeek ez dutela izango
boto-eskubidea eta juridikoki adingabeak balira bezala jarraituko dutela.
Etxera itzuli,
senarrarekin topo egin, eta Maud konturatzen da senarrak ez diola babesik
emango. Maudek “eskubideak erabiltzea” aipatu, eta senarrak erantzuten dio “zaindu”
egin nahi duela. Maudek ea semea izan beharrean alaba eduki izan balute zer
gertatuko zen galdetzen dionean, senarrak erantzuten dio alabaren bizimodua
Maudena bezalakoa izango zela. Senar-emazteen eszena horietan, arian-arian
jabetzen gara nola garai hartako legeriak ezartzen zuen seme-alabak aitaren
jabetza zirela, ez amarena: senar-emazteak ados jarri ezean, amari ez zitzaion
aitortzen inolako eskumenik seme-alaben gainean. Amaieran, Maudek ezinbestean
eta betiko banandu behar du semearengandik, senarrak hala ebatzita.
Emmeline Pankhurstek
emakumeen boto-eskubidearen aldeko 50 urteko borroka baketsuaren berri ematen
du bere hitzaldian. Baina ondorio honetara heltzen da: indarkeria erabili gabe,
borrokak ez du onurarik ekarri. Hona pelikulak jasotzen dituen Pankhursten hitz
batzuk: “Badakit zuetako batzuk lehen
eramaten zenuten bizimodutik oso urrun zaudetela. Indarkeria erabili gabe egin
dugu borroka 50 urte hauetan. Baina barregarri utzi gaituzte, gaizki tratatu,
erdeinatu… Jaiotzen diren neskato guztiek beren nebek dituzten eskubide
berberak izan ditzaten borrokatu behar dugu. Jakina, ez ditugu legeak urratu
nahi; kontrara, idatzi nahi ditugu legeak. Izan zaitezte oldartsuak –premiatzen
ditu entzuleak–: ahal izanez gero, apurtu erakusleihoak; behar izanez gero, suntsitu
jabetzaren idolo sakratua”.
Horrela, beste bide
bati ekiten diote aktibistek, prentsak beren borroka aitortu eta gizarteak
hobeto ezagutzeko: lehergailuak jartzen dituzte leku enblematikoetan. Baina
gobernuak isilarazi egiten du prentsa. Eta, horren bidez, legeak ez dira
aldatzen. Maudek, konpromiso politikoaren heldutasun betera iritsita,
sufragisten ardura duen poliziarekin mezuak trukatzean, hitz hauek idazten
dizkio: “Legeak badio ezin dudala semea ikusi, borrokatuko naiz legea aldatze
aldera. Zein bere erara, biok gara soldaduak. Biok borrokatzen ari gara ideal
bategatik. Nik ez diet traiziorik egingo neure ahizpei; salduko zenituzke zuk anaiak?”.
Mugimendu
sufragistan, zatiketa gertatzen da lehergailuak erabiltzea dela eta. Mugimendua
erradikalizatu egiten da. Esaterako, lehergailuak jaurtitzen dituzte Lloyd
George ministroaren etxearen aurka; orduan, poliziak galdetzen dio Maudi ea zer
gertatuko zen lehergailuak eztanda egin eta eskularruen bila itzuli zen garbitzailea
–emakumea– hil izan balu. Gero, konpromiso handiena erakusten duten emakumeek
erabakitzen dute kolpe efektista ikaragarri bat jotzea erregea ikusten egongo den
zaldi-lasterketa batean. Emily Wilding Davison, pistara irten, eta zaldi batek
azpian harrapatzen du. Aktibistaren heriotzaren albistea mundu osoan zabalduta,
emakumeen eskubideen aldeko aldarriari entzute handia ematen hasi zitzaion
nonahi.
Borroka hargatik, milatik
gora britainiar emakumek pasatu behar izan zuten espetxetik. Haietako askok eta
askok gose-grebari ekin zioten preso politikoen estatusa lortzearren. Askok eta
askok irainak, laidoak eta tratu txarrak jasan behar izan zituzten.
1918an,
boto-eskubidea aitortu zitzaien 30 urtetik gorako zenbait emakumeri. 1925ean,
emakumeek seme-alaben gainean eskubideak zituztela onartu zuen legeak Britainia
Handian. Azkenik, 1928an, gizonena bezalako boto-eskubidea lortu zuten emakumeek.
1893: Zeelanda Berria
1902: Australia
1913: Norvegia
1917: Errusia
1918: Austria,
Alemania, Polonia
1920: Estatu Batuak
1931: Espainia
1932: Brasil
1934: Turkia
1944: Frantzia
FEMINISMOAREN LEHEN PAUSOAK
1. Emakumearen eskubideak Frantziako Iraultzan
Mary Wollstonecraft
britainiarrak, 1792an argitaratutako Emakumeen eskubideen
aldarrikapena obran, aldarrikatzen zuen senar-emazteek eskubide
berberak eduki behar dituztela, emakumea gizonaren berdintzat hartu behar zela sozialki,
eta emakumeek eskubidea zutela heziketa hobea jasotzeko. Olympe Gougesek
bezala, ez zuen arrakasta handirik izan bere garaian.
2. Banakako ekintzaileetatik mugimendu sufragistetara
XIX. mendearen erdialdean, emakumeen eskubideen aldeko testigantza bakanek lehen mugimendu feministak ekarri zituzten; hasieran, ordea,
gutxienen jarrera izan zen, baina apurka-apurka indarra hartzen hasi ziren
batez ere Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan.
Mugimendu haietan, liderrek eta jarraitzaile leialenek
ondo definitutako profila zuten: erdi
mailako klasekoak, ideologia liberal
progresistakoak eta kultura-maila
altukoak.
Langile-klaseko emakumeak –sozialistak eta
anarkistak, hain zuzen ere–, ostera, ez ziren nahastu feminismoaren borrokan.
Haien helburuak bi hauek ziren: berdintasun soziala eta haien klaseko kide
guztien emantzipazioa, gizonena zein emakumeena. Eta nekazariek,
gehien-gehienak landaguneetako bizimodu tradizionaletan murgilduta egonik, ez
zuten jartzen zalantzan emakumeari ordura arte esleitutako rola.
3. Estatu Batuetako lehen feminismoa
Estatu Batuetan, hasiera-hasieran, esklabotzarekin amaitzeko borrokan ari
ziren mugimendu protestanteekin lotuta egon zen feminismoa. Borroka hartan
sartuta zeuden emakume asko, erdi mailako klasekoak eta kultura-maila altukoak
izanik, berehala jabetu ziren oso antzekoak zirela emakumeen eta esklaboen
egoerak: emakumeei eta esklaboei ez zitzaizkien aitortzen hainbat eta hainbat
eskubide.
Hala, 1848an,
emakumeen eskubideen aldeko Estatu Batuetako lehen batzarra antolatu zen, New
York estatuko Seneca Falls izeneko
herrixkan. Esklabotzaren Aurkako Konbentzioan (Londres, 1840) elkar ezagutu,
eta abolizionismoaren aldeko bi aktibista izan ziren batzar haren
bultzatzaileak: Lucretia Mott eta Elizabeth Cady Stanton.
Ehun lagunetik gora bildu ziren Seneca Fallsean; haietatik
heren bat, gutxi gorabehera, gizonak. Seneca Fallseko Adierazpena izan zen
batzar haren fruitua, 68 emakumek eta 32 gizonek sinatua; bertan, salatzen
zuten zapalkuntza eta gizarte-bazterketa jasaten zutela emakumeek, eta
eskubideak ukatzen zitzaizkiela.
60ko hamarkadan esklabotza abolitu ostean, boto-eskubidea
aitortu zitzaien gizonezko herritar guztiei –baita esklabo izandakoei ere–,
baina ez emakumeei.
Horrexegatik sortu zen, 1869an, Estatu Batuetako mugimendu
sufragista: hasieran bi elkarte izan ziren, baina bat egin zuten 1890ean, National
American Woman Suffrage Association osatuta.
Emakumeen boto-eskubidea onartu zuen lehen estatua Wyoming izan zen,
1869an; hurrengo biak, Utah (1870) eta Colorado (1893). Emakumeen boto-eskubidea
Estatu Batuetako estatu guztietara hedatuta, prozesu horren amaiera 1920an
gertatu zen, Konstituzioari erantsi zioten Hemeretzigarren Zuzenketaren
bitartez.
4. Erresuma Batuko lehen
feminismoa
XIX. mendearen bigarren erdian, Erresuma Batuan, feminismoaren funtsezko
eragilea gizon bat izan zen, bitxia bada ere: John Stuart Mill filosofoa eta liberalismo ekonomikoaren teorialari
nagusietakoa. Inolako zalantzarik gabe, eragin handia izan zuen berarengan
Harriet Taylor Mill emazteak. John Stuart Mill bizi guztian egon omen zen emakume
bikain harekin maiteminduta, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako
harremana izan zuten; garai hartan guztiz ezohikoa zen harreman-mota, hain
zuzen ere.
Hala, Erresuma Batuko Parlamentuko Komunen Ganberako bere aulkitik, John
Stuart Millek proposamen bat aurkeztu
zuen emakumeei boto-eskubidea emateko, baina atzera bota zuten. 1869an, Emakumearen
menpekotasuna liburua argitaratu zuen, non gizarte patriarkal
tradizionalaren aurka egiten duen, eta aldarrikatzen duen gizonek eta emakumeek
guztiz berdinak izan behar dutela eskubideei begira; bereziki,
boto-eskubidearen arazoa nabarmentzen zuen. Berehala zabaldu zen liburua
Europan eta Estatu Batuetan –baita Australian eta Zeelanda Berrian ere–, eta
egundoko eragina izan zuen nonahi mugimendu sufragisten gainean.
Beste alde batetik, 1867an, National
Society for Women’s Suffrage elkartea sortu zen; beraz, esan liteke britainiar
eta estatubatuar sufragismoak garaikideak izan zirela, baina hasieran
britainiarra ez zen estatubatuarra bezain errotuta egon gizartean.
Benetako bultzada XX. mendearen hasieran jaso
zuen, entzute handiko aktibista batzuek emanda; besteak beste, Emmeline Pankhurst (1958-1928) Women's
Social and Political Union elkartearen sortzaileak (1903).
Lehen Mundu Gerra amaitutakoan, guztiz zaila egin zen emakumeen bazterketa
politikoa justifikatzea emakumeak gizonezkoak baino gutxiago zirela
argudiatuta, zeren eta, gizonezkoak frontean borrokatzen ziren bitartean,
emakumeek sektore guztietan haiek ordezkatu eta halaxe frogatu zuten
gaitasun-maila berbera dutela.
Edonola ere, 1918an boto-eskubidea eman zitzaien zenbait emakumeri: botoa
emateko, 30 urtetik gorakoak izan behar zuten, eta ondasunen bat izan behar
zuten (emakumeek berek edo haien senarrek). Hamarkada bat geroago, 1928an, 21
urtetik gorako emakume guztiei aitortu zitzaien boto-eskubidea azkenean ere,
gizonei aitortzen zitzaien bezala.
Lehen Mundu Gerra hasi baino lehen, munduko lau estatutan baino ez zen
lortu emakumeen boto-eskubidea (Estatu Batuetako zenbait estatuz gain):
Zeelanda Berria (1893), Australia (1901), Finlandia (1906) eta Norvegia (1913).
5. Eta, ba al zegoen emakumerik langileen mugimenduan?
Industria-kapitalismoaren lehen faseetan, langile-klaseko emakumeen bizimoduak eta lanak esplotazio-baldintza bereziki gogorrak zekartzan –haurren lanaren mailakoak–: soldata oso txikiak, eskubide-gabeziak... Langile-mugimendua gizarte-aurrerapen txikiak lortzen joan zen esparru horretan, apurka-apurka: Erresuma Batuan, 1842an, debekatu egin zen emakumeek meatzetan lan egitea, eta 1847an, lanaldia hamar ordu eta erdira jaitsi zen emakumeentzat. 1891n, emakumeen lanaldia asteko hirurogei ordukoa zen Alemanian; eta Erresuma Batuan, 1901era arte ez zitzaien legez onartu emakumeei igandeko atsedena.
Langile-mugimenduan, hainbat joera kontrajarri agertu ziren emakumeen emantzipazioaren inguruan. Sozialista utopikoen artean, hauek dira Fourierren hitzak: "gizarte-aurrerapenak emakumeek askatasunerantz emandako aurrerapausoen proportzioan gertatzen dira". Aitzitik, beste batzuek –Proudhonek, kasurako–, etxeko lanetara eta etxean senarraren menpera baztertzen zituzten.
sss |
Hainbat gizataldek
iritsi duten zibilizazio-maila bertako emakumeek daukaten independentziaren
araberakoa da.
Flora Tristan (1803-1844) |
Langileen Nazioarteko Erakundean (LNE), Marxek eta Engelsek emakume langileei gizonenak bezalako eskubideak aitortu nahi zizkieten. Eta hau esan zuten: "Emakumearen emantzipazio-maila, guztion emantzipazioaren neurri naturala da". Hala ere, orokorrean, Internazionalak (LNEk, alegia) emakumeak soldatapeko lanetik baztertu nahi zituen, etxean gera zitezen. Hala izan zen 1867ko deklarazioan.
CLARA ZETKIN (1857KO UZTAILAREN 6A-1933KO
EKAINAREN 20A) “Nazio guztietako emakume sozialistok herriak beren artean borrokatzera daramatzan etsaitzat jotzen dugu inperialismoa”
|
|
Horregatik, Clara Zetkin politikari ezkertiarrak hau lortu zuen II. Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarrean: emakumezkoen sufragioa sozialisten batzarretan, emakumeak alderdian afiliatu ahal izatea eta emakumeen taldeak sortzea. Zetkinek Berdintasuna aldizkaria zuzentzen zuen (1910), eta han idazten zuen zer-nolako egoeran zeuden emakumeak eta zein eskubide sozial nahi zituzten. Aurreko irudian ikusten dugun moduan, emakume feminista askoren ustez, emakumea bera ez zen gai bakarra: horregatik, menderatutako herrien alde eta kolonialismoaren kontra altxatu zuten ahots kritikoa. Ezkerrean kokatuta, kapitalismoaren krudelkeria edota kontraesanak ere salatu zituzten.
|
Kapitalistek ez zuten jo emakumeen lana bereziki interesgarritzat soldata
baxuak irabazten zituztelako bakarrik, baizik emakumeak manukorragoak direlako.
—Clara Zetkin |
Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua aurkeztu nahi dizuet gaur. H...