domingo, 6 de marzo de 2022

Liberalismo ekonomiko eta ondorio sozialak

 

 “Estatuari eskatzen diogu ekonomian ez sartzeko eskua, oso enpresari txarra da eta. Negozioak egiteko askatasuna eman behar die ekintzaileei, haiek eramaten baitute gizartea aurrera”


·      Adam Smith XVIII. mendeko ekonomialari eskoziarraren tesia da hori, 1776ko Nazioen aberastasuna bere liburuan islatu zuena. Haren ideien oinarria zen garai hartako estatu-monopolioak ez zirela onak nazioarteko merkataritzarako. Europako monarkiek nazioarteko merkataritza osoa kontrolatzen zuten, estatu-enpresa monopolistetan. Smithen ideien ondorioz, estatu askok merkataritza-ibilbideak ireki zizkieten hainbat pertsona eta enpresari –negozio horietan jartzeko beste kapital zutenei, jakina– Asian, Latinoamerikan eta Afrikan. Burgesek baimena lortu zuten enpresa berriak egiteko, enpresok akziotan banatu zituzten, eta nahikoa kapital bildu zuten itsasoa zeharkatuta negozioak egiteko. Mendebaldea industrializatzeko beharrezkoak ziren lehengai merkeak inportatu, eta XIX. mendean zehar diru asko irabazi zuten, eta, hala, garapen-maila handia lortu zuten beren herrialdeetan. Prozesuak batera joan ziren: inperialismoa eta mendebaldeko potentzien garapen industriala. Beraz, kapital handiak esku gutxitan metatu ahal izan ziren, eta gero eta industrializazio arrakastatsuagoa sortu zen, bai Europan, bai Estatu Batuetan.

·      Hala ere, XIX. mendean eta XX. mendearen zati handi batean, estatu liberalek ez zuten arlo ekonomikoan kontrol handirik egiten; horrela, lantegi eta industria askotan abusuak gertatu ziren. Europako langile askoren egoera oso gogorra zen, soldata modura huskeria jasotzen zuten, eta sufrimendu handiko baldintzetan bizi behar zuten. Pixkanaka, langile-mugimenduak antolatzen hasi ziren, lan-baldintza duinagoak eta bidezkoagoak lortzeko. Britainia Handiko lehen langile-mugimendua XVIII eta XIX. mendeko “ludismoa” izan zen (1799-1830). Mugimendu horretan, langileek eraso egin zieten makinei, uste baitzuten makinek lana lapurtuko zietela. XIX. mendeko borroken ondorioz, alderdi liberalek eta laboristek langileen eskaerak jaso zituzten legeetan, eta botere publikoa lan-eskubideak babesteaz hasi zen arduratzen.



Nepotismo-rik ez!

  “Gobernura helduko banintz, lekurik hoberenetan lagunak jarriko nituzke. Seguru nago oso ondo egingo luketela, ondo ezagutzen ditut eta!”.

·      Politika-modu horri "nepotismoa" deitzen zaio, eta demokraziaren aurkakoa da. Antzinako Erregimenaren eta Europako iraultza liberalen amaierarekin, Estatu Liberala eraikitzen hasi zen herrialde askotan. Prozesu hori hainbat unetan gertatu zen. Espainian, adibidez, 1812an, Napoleonen Inperioaren aurkako gerraren testuinguruan, lehen konstituzioa onartu zuten Cadizen, absolutismoarekin amaitzeko. Ondoz ondoko iraultza-boladek (1820, 1830, 1848…) Europako erregimen autoritarioekin amaitu zuten.

·      XIX. mendearen aurreko erregimen absolutistetan, erregeak bere lagunak jartzen zituen gobernu-postuetan, aberatsenak eta dirudunenak, egundo kontra egingo ez ziotenak. Iraultza liberal eta nazionalistekin iritsi ziren nazio-estatuak Europara XIX. mendean. Herritarrak konturatzen hasi ziren gizartea zuzentzeko prozesua herriak berak erabaki behar zuela, botoa emanez. Eta horrela sortu zen sufragioa, lehenik gutxi batzuentzat, eta gero gizon guztientzat (gizonentzat bakarrik). Eta esparru publikoko lanpostuak -politikoenak- demokratikoki aukeratzen ziren, hauteskundeetan. Eta administrazio publikoan funtzionarioa izateko  gaitasun-azterketa batean frogatuta lortu behar zituzten hautagaiek: halaxe sortu ziren mediku, maisu-maistra edo poliziaren plaza publikoak.






Habeas Corpus

 

  “Norbait preso hartzen badute, zeozer egin duelako izango da. Delitugile batek ez du eskubiderik, berak bortxatu ditu-eta eskubideak”


 

·      1688an, Ingalaterran, Bill of Rights izeneko giza eskubideen deklarazioan, erregimen absolutista amaitutzat eman zen Bretainia Handian. Demokrazia eraikitzea prozesu bat izan arren, urte hori mugarria izan zen, erregeak bere gain hartzen baitzuen Parlamentuak erabakitakoa errespetatzeko betebeharra. Urrats handia izan zen Britainia Handian demokrazia eraikitzeko. Eskubideen deklarazio horretan, puntuetako bat «habeas corpus» izenekoa zen.

·      Antzinako Erregimenean, botereak eta boteretsuek inolako eskubiderik eman gabe egozten zioten errua jendeari. Askotan, frogarik gabe akusatzen zituzten pobreak edo errebeldeak, defendatzeko eskubiderik eman gabe, abokaturik gabe eta epaiketarik gabe. Eta askotan, errugaberen batzuk modu bidegabean hil zituzten heriotza-zigorraren bidez. Antzinako Erregimeneko epaiketa gehienek ez zuten justiziarik ematen. Protestan ari zena isilarazi egiten zuten, eta herria izutzeko eta makurtuta mantentzeko erabiltzen ziren epaitegiak.

·      Norbaitek besteen eskubideak urratzen baditu ere, justiziak errespetatu egin behar du legearen esparrua. Gainerako guztia diktatoriala edo estatu-terrorismoa litzateke. Norbaitek delituren bat egin badu, kode penaletan ezarritako zigorra bete beharko du.

 



Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...