domingo, 15 de noviembre de 2020

Feminismoa gaur


KAIXO, HISTORIAGILEOK!!

Gaur Esti D.-ren lana aurkeztu nahi dizuet. Hona hemen beraren ikerketatxoa eta atera dituen ondorioak:




Historiako heroiak, bai ala ez? 

Ilustrazioko "heroiek", herriaren eskubideak defendatzen zituzten gizon horiek, benetan herri osoa hartzen zuten kontuan? 1789an sortutako gizakiaren eta hiritarraren eskubideen deklarazioaren errealitateak biztanleriaren erdia baino ez zuen kontuan hartu, hau da emakumeak. Rousseau, Schopenhauer... bezalako ilustratuek, absolutismoaren aurka borrokatzen zutenek, garai hartarako oso ideia "modernoak" edo aurrerakoiak zituzten. Baina dena ez da zuria edo beltza, ona edo txarra... Herritarrak defendatzen zituzten gizon hauek gris-eskala bat irudikatzen dute: 

 

Rousseau oso aurreratua izan zen bere garaira, demokrazia eta ekitate ekonomikoa defendatzen lehena izan baitzen.  Orduan, nola egin ahal izan zituen honelako  adierazpenak?: "Emakumeak pasiboa eta ahula izan behar 

da. Emakumeak gizonari atsegin emateko daude bereziki. " "Emakumeen hezkuntzak gizonenarekin lotuta egon behar da, atsegina izan, baliagarria... Hau da haurtzarotik erakutsi behar zaiena". Rousseauk uste zuen emakumeak besteen epaiketen arabera gidatu behar zuela bere bizimodua, eta ez berak esaten zuelako, biologikoki horrela zelako baizik. Ilustratuak gizonen eskubideak defendatzen zituen soilik, pentsatzen baitzuen emakumeak ez zirela benetan herritarrak Bai, ordea, emazteak eta 

amak. Baina inoiz ez herritarrak. Honelako iritzi bera zeukaten Schopenhauer eta Kant adibidez esaten zuten emakumeen helburu bakarra ugaltzea eta ederra izatea zela. Engels edo Marx bezalako politikariek ez zuten hala pentsatzen. Horiek feminismoaren ideiak defendatzen zituzten (nahiz eta batzuetan kontzeptua gaur ulertzen dugun moduan haiek ez ulertu); emakumeek gizonek bezala lan bat izan behar zutela uste zuten.


 

Mary Wollstonecraft, ordea, emakumeen defendatzaile garrantzitsuenetarikoa izan zen. Rousseauk emakumeei egindako adierazpenak gogor kritikatu zituen eta iritzi hori bere hezkuntza eta ezjakintasunaren ondorio zela adierazi zuen. Berak beti defendatu zuen emakumeak gizonak bezala heziak izatea, eta ez erdizkako izaki gisa batek bezala: "Emakumeek ez dute gizonen gaineko botererik nahi, beren buruaren gainekoa baizik".


Feminismoaren eztabaida 

Historian zehar gu, emakumeok ez gaituzte kontuan hartu XVIII. mendera arte. Tristea, ezta? Ez nau harritzen, benetan miretsi ditudan pertsonaia historiko askok huts egin didate jarrera edo ekintza misoginoengatik. Nire ustez, tristea da oraindik ere jarrera misogino bera defendatzen duten edo justifikatzen saiatzen diren pertsonak egotea. Eta zergatik esaten dut? Hau bezalako gauzak entzuten direlako: "Ezin duzu duela hiru mendeko norbait kritikatu ekintza matxistengatik, lehen horrela uste zuten". Egia al da hori? Olimpia de Gouges eta Mary Wollstonecraft bezalako pertsonen bizitzak ezagutu ondoren konturatu naiz ezetz, ez da egia. Garai horretan bazeuden emakumeen aldeko jarrerak zituztenak. Gainera, zertarako erabiltzen du jendeak aitzaki hori gaur egun?

Nik ez ditut pertsonai historiko horiek gorrotatzen, benetan uste dudalako historian on egin zutelako, baina uste dut garaiko emakumeen errealitatea ez dugula alde batera utzi behar. 

Gainera, nekatuta nago feminismoari egiten zaizkion kritikekin, benetan pena ematen dit. Nola egin ahal dio iseka feminismoari gutxieneko hezkuntza duen (hobeto esanda, jakinduria-maila baxua duen) batek? Biztanleriaren erdiak defendatuko duen eta defendatu izan duen mugimendua da; eta hala ere, eztabaida edo iseka egiteko arrazoia da oraindik gure testuinguruan. Nire ustez, Feminismoa ez da politika, ez da azaleko eztabaida bat!. Emakume guztien askapenerako borroka da, goi-mailako lanpostuetara iristea lortzeko borroka, nahi dugun bezala jantzi ahal izateko, kaletik beldurrik gabe joan ahal izateko... Elkar babestearen ardura da (sororitatea)!. 


ESTI DAVILA.





sábado, 14 de noviembre de 2020

Gerra

 



GERRA: Ausardia, trebezia edo sufrimendua?

    

Historian zehar, oraintsu arte behinik behin, jakin nahi zuenean gerra jakin bat bidezkoa ala bidegabea zen, jendeak Jainkoari galdetzen zion, edo Eskriturei, edo errege-erreginei, edo nobleei, edo apaizei. Bost axola zitzaizkien soldadu xehe baten edo zibil arrunt baten iritziak eta bizipenak. Lehengo gerra-kontakizunetan, enperadore, jeneral eta heroien egintzak izaten ziren ardatz; soldadu xeheak, berriz, bitara ageri ziren: edo Goliat batek sarraskitutako gorpu-pilo modura, edo David garaile bat bizkar gainean daraman jendetza gartsu modura.orren erakusgarri, har dezagun Gustavo II.a Adolfo Suediakoa Breitenfeld-eko Guduan izeneko pintura (1631ko irailaren 17an gertatu zen gudua). Bertan, Jean-Jacques Walter margolariak goretsi egiten du Gustavo II.a Adolfo erregea, erabakigarria izan omen baitzen Suediako armadak Breitenfeld-eko guduan garaipena lortzeko. Pinturan, erregea gerraren jainkoa balitz bezala ageri da, gudu-zelaiaren gainetik gailentzen dela. Esan liteke xake-jokalari batek peoiak mugitzen dituen bezalaxe kontrolatzen duela erregeak gudua. Peoiak berak, gehienetan, bigarren planoan ageri diren figura generikoak edo puntu ñimiñoak baino ez dira; Walter-i ez zaio interesatzen nola sentitzen ziren erasora jotzen zutenean, edo ihes egiten zutenean, edo hiltzen zutenean, edo hiltzen zirenean. Aurpegirik gabeko gizataldea da.




Orain, har dezagun beste koadro bat, Pieter Snayers-ena oraingoan, Mendi Zuriko Guduaren gainekoa. Hogeita Hamar Urteetako Gerrako gudu hartan, katolikoek garaipen entzutetsu bat lortu zuten, protestante heretiko matxinoak menderatuta. Margolanean, argi eta garbi ageri dira bereizita erregimentuak, zer arma zeramatzaten edo nola zeuden kokatuta gudu-zelaian. Berriz ere, soldadu xeheen sentimendu eta bizipenak islatzea alde batera utzi zuen Snayers-ek. Errege edo jainkoentzako kokagune olinpikotik begiratuta, ikuspegi pribilegiatuarekin, iruditzen zaigu xake-partida erraldoia besterik ez dela gudua. Handipen handiko lenteekin begiratuta, berriz, xehetasun esanguratsu batzuk ikus daitezke. Hala, kanoi-bala batek soldadu bat txikitu egiten duela ikusita, ulertu behar dugu katolikoen garaipenaren erakusgarri dela. Goialdean, aingeru batzuk ageri dira beren talaiatik so, gudu-zelaiaren gain-gainetik; horrek adierazten du Jainkoaren laguntza izan zuela Fernando II.a enperadoreak etsaiak menderatzeko 1620ko azaroaren 8 hartan.




Gorago esan bezala, milaka eta milaka urtetan, ‘gerra’ kontzeptua gogora ekarri, eta jainkoak, enperadoreak, jeneralak eta heroi apartak ikusten zituen jendeak. Azken bi mendeetan, ostera, errege eta jeneral horiek galtzen joan dira begirune moduko hori, eta arretagunea aldatuz joan da soldadu xeheenganantz eta haien bizipenetarantz.

Gerrari buruzko Dena lasai mendebaldeko frontean eleberrian eta Platoon pelikulan, protagonista soldadu gazte eta inozentea da hasieran, munduaz –eta are bere buruaz– ezer gutxi dakiena, baina esperantzaz eta ametsez beteriko zama astuna daramana. Gerra zerbait loriatsua dela uste du; bere kausa, guztiz bidezkoa, eta jenerala, jenio bat. Gerraren errealitatean zenbait astez murgilduta egon eta gero (lokatz, odol eta heriotzaren kirats artean), ordea, amets guztiak bata bestearen atzetik zapuzten zaizkio. Bizirik irautea lortuz gero, hasierako gazte xalo hark gizon askoz ere jakintsuago bihurtuta bukatuko du gerra, estereotipo eta idealetan zuen fedea zeharo galduta. “Gerra ez da pelikuletan ikusten dena bezalakoa!”: ikuspegi horrekin gaztigatzen digute, paradoxikoki, Hollywoodeko arrakasta biribileko hainbat obrak, hala nola Apocalyse Now, Full Metal Jacket eta Black Hawk Eraitsia pelikulek. 



Margolariei ere, dagoeneko, ez zaie interesatzen nola mugitzen diren zaldiak maniobra taktikoetan edo zer erabakitzen duten jeneral arranditsuek. Aitzitik, soldadu xeheak nola sentitzen diren islatzen ahalegintzen dira orain. Horren frogagarri, azter ditzagun beste bi margolan, arte belikoen arloan XX. mendeko maisulantzak jotzen direnak: Otto Dix-en Gerra eta Thomas Lea-ren The Two-Thousand Yard Stare [Bi mila yardako begirada].




Dix armada alemaneko sarjentu modura ibili zen Lehen Mundu Gerran, eta Lea berriemale-lanetan aritu zen 1944an Peleliu irlako guduan Life aldizkarirako. Biek ala biek emoziozko gertakaritzat jotzen zuten gerra, eta erakutsi nahi izan ziguten nola sentiarazten gaituen. Hala, Dix-en soldadua berdin egon zitekeen Verdun-en zein Somme-n: ez du axola zein lekutan, gerra beti eta edonon baita infernua; Peleliura bidalitako infanteriako soldadu estatubatuarra da Lea-rena, baina bi mila yardako haren begirada berdin-berdin ikus zitekeen Iwo Jima-ko japoniar soldadu baten aurpegian, edo Stalingrad-en soldadu aleman batengan, edo Dunkerque-n soldadu ingeles batengan. 

Dix-ek, Lea-k eta haiek bezalako beste artista batzuek irauli egin zuten gerraren ohiko hierarkia. Aspaldiko garaietan, gerrak XX. mendekoak bezain izugarriak izan zitezkeen, baina orduko esperientzia krudelenak ere bestelako testuinguru batean kokatzen ziren, nolabaiteko zentzu positiboa eransten zien testuinguru zabalago batean. Hala, Mendi Zuriko guduan borrokan ari zen soldadu katoliko batek honela esan zezakeen bere artean: “Bai, sufritzen ari naiz. Baina Aita Santuak eta enperadoreak diote kausa zuzen baten alde ari garela borrokan, eta beraz nire sufrimenduak zentzu betea dauka”. Otto Dix-ek aurkako logika darabil. Beraren ustez, norberaren bizipena da zentzuaren iturburua, eta, hortaz, pentsabide horren arabera honela mintzatu zitekeen soldadua: “Sufritzen ari naiz (eta hori gaizki dago); beraz, gerra guztiak dira gaiztoak. Eta hala eta guztiz ere kaiserra eta apaizak gerraren alde badaude, oker dabiltza ezinbestean”. 

Dix-ek, Lea-k eta haiek bezalako beste artista batzuek irauli egin zuten gerraren ohiko hierarkia. Aspaldiko garaietan, gerrak XX. mendekoak bezain izugarriak izan zitezkeen, baina orduko esperientzia krudelenak ere bestelako testuinguru batean kokatzen ziren, nolabaiteko zentzu positiboa eransten zien testuinguru zabalago batean. Hala, Mendi Zuriko guduan borrokan ari zen soldadu katoliko batek honela esan zezakeen bere artean: “Bai, sufritzen ari naiz. Baina Aita Santuak eta enperadoreak diote kausa zuzen baten alde ari garela borrokan, eta beraz nire sufrimenduak zentzu betea dauka”. Otto Dix-ek aurkako logika darabil. Beraren ustez, norberaren bizipena da zentzuaren iturburua, eta, hortaz, pentsabide horren arabera honela mintzatu zitekeen soldadua: “Sufritzen ari naiz (eta hori gaizki dago); beraz, gerra guztiak dira gaiztoak. Eta hala eta guztiz ere kaiserra eta apaizak gerraren alde badaude, oker dabiltza ezinbestean”.  




Orain arte, Harariren “Homo Deus” liburuko zati bat irakurri dugu. Hemendik aurrera, hausnarketa pertsonala proposatuko dizut puntu batzuk kontuan hartuta:

1. Aztertu ezazu Los desastres de la guerra [Gerraren hondamendiak] izeneko F. Goyaren obren bilduma. Bilatu zein garaitan pintatu zituen, eta zer islatu nahi izan zuen grabatu horietan.

2. CALL OF DUTY: Zoaz esteka honetara! Gaur egun, hainbat eta hainbat gazte ibiltzen dira etengabe izaera belikoko ordenagailu-jokoekin jolasean. Egizu haien gaineko gogoeta: Zer da joko horien funtsa? Nork egiten du aurrera eta nola menderatzen ditu aurkariak? Argi ikusten da irudietan zein diren gerraren ondorioak: zaurituen sufrimendua, hildakoak…? Sufritzen dute soldaduek? Nor da protagonista jokoetan?

martes, 10 de noviembre de 2020

Sufragistak filma

 SUFRAGISTAK


Informazioa zabaltzeko:
Nueva Tribuna. Artikulua

Pelikula honetan historia hau kontatzen digute: 1912an, Londresen, nola borrokatu ziren emakume batzuk, Emmeline Pankhurst-ekin batera, emakumeen boto-eskubidea lortzeko. Sufragistak esaten zaie, eta aktibistak izan ziren emakumeek botoa gizonezkoen baldintza berberetan eman ahal izateko.

Londresko langile-auzo batean kokatzen da pelikula; bertan, emakume langileen eguneroko bizimodua ikaragarri latza da: miseria gorrian bizi dira, soldata urriak kobratzen dituzte, lanaldi amaitezinak pairatzen dituzte, ezin konta ahala eginkizunetan jardun behar izaten dute eta lantegiaren jabearen apeten pentzutan egoten dira. Kontakizuna hasi bezain laster, emakume sufragista horiek adreiluak jaurtitzen ikusten ditugu hiriguneko dendetako kristalak apurtzeko. Beren aldarrikapenen gainean jendearen eta prentsaren arreta ekartzeko jo dute eraso hori.

Pelikulako lehen eszenetan, ikusten dugu nola heltzen dion prentsak sufragisten mugimenduari: urrunetik eta hotz-hotz. Esaterako, prentsa idatzian, honela laburbiltzen da lerroburuetan gertatutakoa: “Sufragisten bidegabeko erasoa. Pankhurst anderea, ezkutatuta”.



Eraso hura gertatu eta gero, David Lloyd George ministro kontserbadoreak audientzian hartu zituen emakume langile batzuk, oso une garrantzitsua emakume sindikalisten borrokan. Audientzia hartan, Maud Watts aktibistak, eta hark bezala mugimenduko beste hainbat emakumek, politikariek aintzat hartuko zituela espero zuten, jaramon egingo zietela. Itxura batean entzuteko prest zeuden politikari haien aurrean, hau da Maudek emandako testigantza: “Amak 14 urte zituenetik egin zuen lan garbitegi batean. Bizkarrean lotuta eramaten ninduen. Nagusiak bazekien hori, eta onartzen zuen amak baldintza horretan lan egitea. 18 urterekin hil zen ama, lan-istripu batean, ur irakina gainera jausita. Ez dut inoiz ezagutu aita. Zazpi urte nituenetik lanaldi erdian ibili naiz garbitegian, eta hamabi urte bete nituenetik, lanaldi osoan. Arduradun izendatu ninduten hamazazpi urterekin, eta langileburu hogeirekin. Gure lana izugarri latza da: garbitzean dugun gorputz-jarrera dela eta, gerriko min kronikoa pairatzen dugu; eztul kronikoa eta zangoetan ultzerak, erabiltzen ditugun likidoak direla eta. Garbiketan eta lisaketan arnastu behar ditugun gas toxiko beroak direla eta, buruko min ugari izaten ditugu. Astean 13 txelineko soldata kobratzen dugu, baina gizonezkoek 19koa, nahiz eta gu haien lanaldia baino heren bat gehiago lanean egon, zeren gizonezkoek lehenago amaitzen baitute laneguna; gainera, osasun-baldintza hobeak izaten dituzte, aire zabalera irteten baitira arropa-fardelak banatzera”.

Zeharka bada ere, neskatoek jasaten dituzten sexu-abusuena da pelikulak jorratzen duen beste gai bat. Protagonistak berak, eta haren lankide eta borrokakidearen alabak, biek jasaten dute abusua lantegiaren jabearengandik. Tamalez, uste izan den baino ohikoagoak izan ziren kasu horiek, emakume langileen gainean agintea zeukaten gizonek egindako abusu ikaragarriak. Garai hartako moralak aurpegi biko zigorra ezartzen zien emakumeei: eraso mingarri hura jasan, eta gainera isilean gorde behar izatea, inork ez zezan emakumea gezurtitzat jo, edo gizarteak –baita familiak ere– estigma ezarri.



Itzul gaitezen politikara. Audientzian, langileen testigantza entzun, eta ministroak hitz hauekin hauspotzen du emakumeen esperantza: “Lege-proiektuaren zuzenketa batek ekar lezake legea aldatzea emakumearen botoaren alde”. Handik denboragarrenera, bera entzutera bildu den emakume-saldoaren aurrean berriz ere, ministroak jakinarazten die legea ez dela aldatuko, eta beraz emakumeek ez dutela izango boto-eskubidea eta juridikoki adingabeak balira bezala jarraituko dutela.

Etxera itzuli, senarrarekin topo egin, eta Maud konturatzen da senarrak ez diola babesik emango. Maudek “eskubideak erabiltzea” aipatu, eta senarrak erantzuten dio “zaindu” egin nahi duela. Maudek ea semea izan beharrean alaba eduki izan balute zer gertatuko zen galdetzen dionean, senarrak erantzuten dio alabaren bizimodua Maudena bezalakoa izango zela. Senar-emazteen eszena horietan, arian-arian jabetzen gara nola garai hartako legeriak ezartzen zuen seme-alabak aitaren jabetza zirela, ez amarena: senar-emazteak ados jarri ezean, amari ez zitzaion aitortzen inolako eskumenik seme-alaben gainean. Amaieran, Maudek ezinbestean eta betiko banandu behar du semearengandik, senarrak hala ebatzita.



Emmeline Pankhurstek emakumeen boto-eskubidearen aldeko 50 urteko borroka baketsuaren berri ematen du bere hitzaldian. Baina ondorio honetara heltzen da: indarkeria erabili gabe, borrokak ez du onurarik ekarri. Hona pelikulak jasotzen dituen Pankhursten hitz batzuk:  “Badakit zuetako batzuk lehen eramaten zenuten bizimodutik oso urrun zaudetela. Indarkeria erabili gabe egin dugu borroka 50 urte hauetan. Baina barregarri utzi gaituzte, gaizki tratatu, erdeinatu… Jaiotzen diren neskato guztiek beren nebek dituzten eskubide berberak izan ditzaten borrokatu behar dugu. Jakina, ez ditugu legeak urratu nahi; kontrara, idatzi nahi ditugu legeak. Izan zaitezte oldartsuak –premiatzen ditu entzuleak–: ahal izanez gero, apurtu erakusleihoak; behar izanez gero, suntsitu jabetzaren idolo sakratua”.  

Horrela, beste bide bati ekiten diote aktibistek, prentsak beren borroka aitortu eta gizarteak hobeto ezagutzeko: lehergailuak jartzen dituzte leku enblematikoetan. Baina gobernuak isilarazi egiten du prentsa. Eta, horren bidez, legeak ez dira aldatzen. Maudek, konpromiso politikoaren heldutasun betera iritsita, sufragisten ardura duen poliziarekin mezuak trukatzean, hitz hauek idazten dizkio: “Legeak badio ezin dudala semea ikusi, borrokatuko naiz legea aldatze aldera. Zein bere erara, biok gara soldaduak. Biok borrokatzen ari gara ideal bategatik. Nik ez diet traiziorik egingo neure ahizpei; salduko zenituzke zuk anaiak?”.

Mugimendu sufragistan, zatiketa gertatzen da lehergailuak erabiltzea dela eta. Mugimendua erradikalizatu egiten da. Esaterako, lehergailuak jaurtitzen dituzte Lloyd George ministroaren etxearen aurka; orduan, poliziak galdetzen dio Maudi ea zer gertatuko zen lehergailuak eztanda egin eta eskularruen bila itzuli zen garbitzailea –emakumea– hil izan balu. Gero, konpromiso handiena erakusten duten emakumeek erabakitzen dute kolpe efektista ikaragarri bat jotzea erregea ikusten egongo den zaldi-lasterketa batean. Emily Wilding Davison, pistara irten, eta zaldi batek azpian harrapatzen du. Aktibistaren heriotzaren albistea mundu osoan zabalduta, emakumeen eskubideen aldeko aldarriari entzute handia ematen hasi zitzaion nonahi.


Borroka hargatik, milatik gora britainiar emakumek pasatu behar izan zuten espetxetik. Haietako askok eta askok gose-grebari ekin zioten preso politikoen estatusa lortzearren. Askok eta askok irainak, laidoak eta tratu txarrak jasan behar izan zituzten.

1918an, boto-eskubidea aitortu zitzaien 30 urtetik gorako zenbait emakumeri. 1925ean, emakumeek seme-alaben gainean eskubideak zituztela onartu zuen legeak Britainia Handian. Azkenik, 1928an, gizonena bezalako boto-eskubidea lortu zuten emakumeek.


 

1893: Zeelanda Berria

1902: Australia

1913: Norvegia

1917: Errusia

1918: Austria, Alemania, Polonia

1920: Estatu Batuak

1931: Espainia

1932: Brasil

1934: Turkia

1944: Frantzia


Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...