martes, 22 de septiembre de 2020

Inperialismoa

 Inperialismoa: (1890-1914)

Kausak eta justifikazioak



Kaixo ikasle maiteok!

Gaur joko bat proposatu nahi dizuet.

  • Joko honetan, sailkatuko ditugu kartulinetan ditugun esaldi batzuk kausa edo justifikazio bat bezala.

Baina zeren kausa edo justifikazioa?

Inperialismoko kausak eta justifikazioak

Gogoratu "Bake Armatua" izeneko garaia 1890tik 1914ra arteko garaiari deitu diotela historiagileek. Garai horretan bertan, Inperialismoa gertatu zen: Afrikan lehenago eta Asian geroago. 

Horregatik, historiagileek erlazionatzen dute Bake Armatua, Inperialismoa eta I. Mundu Gerra. Baina...nola gertatu ziren gauzak? Zeintzuk ziren Inperialismoa egiteko arrazoiak?


Desordenean irakurriko ditugu esaldi hauek eta ordenatuko ditugu kausa edo juestifikazio moduan. Kausa bat izango da "Inperialismoa zergatik edo zertarako egin zen" erantzuten duen baieztapena. Eta justifikazioa da modu bat "ondo geratzeko", "irudia garbitzeko" edo krudela zena "onargarria" bihurtzeko.


1. Herrialde "natiboak" basatiak dira. Batzuk ez dituzte arropa egokiak erabiltzen, oinutsik joaten dira oihanetan ehiza egiten. Batzuek jainko anitzak dituzte (politeistak dira!). Gure kultura eta erlijioa eman behar dizkiegu beraiek zoriontsu izateko. Herri hauek "zibilizatzea" da gure patua. Mendebaldea, hobea.

2. Garaiko potentziok (batez ere Britania Handia eta Frantzia, baina Alemania, Italia, Belgika ere) boterea ezarri nahi dugu eta gure botere militarra adierazita. Besteen beldurra gure alde jarriko dugu. Baina gure artean borrokatzen ari garenez, ados jarri behar dugu 1885ko Berlingo Konferentzian.




3. Mundua ondo kudeatu behar da. Herrialde batzuek ez dakite bere etorkizuna kudeatzen. Botere desberdinen oreka lortzeko, batu gara 1885ko Berlingo Konferentzian ordena eta bakea berreskuratzeko.

4. Kolonizatutako herrialdeetan aberastasun asko dago, baliabide naturalak. Hango biztanleek ez dakite uztiatzen eta debalde galtzen dira aberastasunak, horregatik guk (kolonizatzaileok) hartu behar ditugu baliabide eta ondasun horiek, libre direlako, ez direlako inorenak. Gure "eginbeharra" da hara joatea eta erabiltzea.

5. Europan jende gehiegi gara, iraultza demografikoa izan dugu XIX. mende honetan zehar. Beraz, migratu behar dute bizimodu hobea bilatzeko. Hala, Irlandarrak Estatu Batuetara joango dira, euskaldun asko "A hacer las Américas" joango dira, etabar etabar...




6. Koloniak oso onak dira lehengaiak ekoizten, lehenengo sektorean. Klima hobea dute lurreko lanetan espezializatzeko. Han ekoiztuko da eta Europan eraldatuko ditugu produktuak teknologia eta industria erabiliz. Afrikarrek eta Asiakoek ez dute industriarik. Haiek hobeto egiten dute nekazaritza: Abantaila konparatiboa dute horretan.

7. Asiako herrialde batzuetan industria jaioberriak daude, adibidez, Indian ohialak ekoizteko tailerrak hasiak dira. Baina Britania Handiko merkatariek ez ditugu onartzen eta ez dugu baimenduko Indiako lantegi horien garapena. Interesgarriagoa da Britania Handiko India Ingalaterrako oihalak saltzeko merkatu bat bihurtzea. Kolonia menderatuta egon behar da metropoliarekiko.

8. Afrikan eta Asian langile-nekazarien soldata oso baxuak ezarriko ditugu herrialde inperialistek, metropoliek. monopolioak/oligopolioak -edota monopsonioak/oligopsonioak- garenez...) Horrela izanda, geure merkataritzarako oso errentagarria izango da kolonialismoa, eta gure herrialdeko hiritarrak poz pozik egongo dira (Batez ere inbertsoreak). Pena 1885ean esklabotza debekatu genuela...! Hala ere, esklabu ohiek beraien besoen indarra baina ez dute merkatuan eskaintzeko, eskulan-merkea dira guretzat, azken finean.




9. Afrikako biztanleek sineskeriak dituzte. Erlijio ona eta bakarra irakatzi behar diegu beraien salbazioa lortzeko. Ebanjelizazioa bultzatzera etorri gara.

10. Afrikako biztanleak atzeratuta daude, ez dira europearrak bezain pertsona moralak, onak, intelektualak. Guk erakutsiko diegu nolakoak izan behar diren. 

11. Darwinismo soziala honela esaten du: Animalien espezieetan gertatzen den moduan indartsuenak aterako dira garaileak inperialismoaren "gerra" honetan. Zuriak hobeak, garatuagoak, inteligenteagoak gara. Horregatik menderatu dugu mundua eta honela izan behar da.

12. Bigarren industrializazioak bultzakada handia izan zuen 1850-n Britania Handian; eta geroago zabaldu zen Europa osora. Merkatuak zabaldu nahi ditugu gure etekinak maximizatzeko. Eta gure eskualdatutako produktuak salduko ditugu kolonia berrietan.

domingo, 13 de septiembre de 2020

Angelina Grimke

 ANGELINA GRIMKE


XIX. mendean gaude. 1830ko hamarkadan. Angelina Grimke Hegoaldeko Karolinan bizi ziren lurjabeen alaba zen. Gurasoek lurretan lan egiteko esklaboak zituzten, morroi. Oso gazteak zirela, Angelina eta bere ahizpa, laster ikusi zuten esklaboen bizitza eta egoera gogorra, jazanezina. Familiaren borondate eta ohituren kontra "abolizionistak" bihurtu ziren. Esklabotzaren aurkako jarrera aktiboa hartu zuten.

Angelina hitzaldiak ematen hasi zen. Oso ondo hitz egiten zuen, nahiz eta garaiko neskak eskolara urte gutxi joaten ziren. Angelinaren lagunak, bera bezala, abolizionistak ziren eta esklabotzaren deuseztapena lortu nahi zuten. Hala ere, ez zuten ontzat jotzen Angelinaren jarrera, pulikoki hitzaldiak ematen zuela morroitzaren kontra. Angelinari maiz esaten zioten, baita Theodore Weld-ek ere - geroago bere senarra izango zenak- uste zutela bere jarrera ez zela ona abolizionismoa lortzeko. Angelinak berak, haserre, erantzuten zien zergatik ez zuen hitz egin behar. Lagunen erantzuna beti berbera zen:

"Askok uste dute emakumeak ez zaretela gizonezkoak bezala. Ez daukazuela gizonen gaitasuna pentsatzeko, esaten dute. Beraz, haien aburuz, zuek ez zarete sujetu moralak, ezin duzue gizonen maila moral berean jarri, edo harroputzkeriatzat joko dute eta gure helburuaren kontra jarriko dira. Hala, zu bazara abolizionismoaren alde hitzaldia ematen duzuna, ez da joango gure proiektuaren kontra, Angelina? Ez du piztuko gizon askoren haserre bikoitza?"

Eta ez ziren okertzen gauza batean: Angelinaren hitzaldiek gizon zuri askoren haserrea piztu zuten. Ingalaterra Berriko (Estatu Batuetan) elkarte kristau batek gutun pastorala publikatu zuen egoera "deseroso" hori salatzeko. Hauek izan ziren gutun horretako hitz literalak: "Emakumea boteretsua da gizonen aginduen mende dagoelako".


Angelina Grimke (1838)

Baina Grimke, kristaua bera ere, hitzaldiak ematen jarraitu zuen; eta bere ahizparekin batera, idazten eta batzarrak egiten jarraitu zuen. Bere idazkietako hitzetan irakur daiteke fedean indarra aurkitzen zuela besteek mespretxua adierazten ziotenean.

1839an, Emakume Abolizionisten Batzar Nazionala antolatzen ari zela Filadelphian, zuri eta beltz askoren aurrean hitz egin zuen Angelinak. Batzar horretan, bera hitz egiten ari zen bitartean, kanpoan jendetza bildu zen eta harrikadak bota zituzten eraikinaren kontra, zarata eginez eta ohiuka. Barruko publikoa hunkituta geratu zen eta beldurra zabaldu zen. Hala ere, Angelinak hitz egiten jarraitu zuen. Garai horretan emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik. (Ez zen lortu 1848ra arte). Horregatik esan zuen honako hau:

"Gizonak, neba, arrebak, gurasook: 
Zer etorri zarete ikustera? Bakarrik etorri zarete kuriositatez edo sentitzen duzue bihotzeko gupida esklabuaren tormentua ikusten duzuenean?

Hegoaldeko hiritarra naizen ehinean, nire beharra da gau honetan altxatzea eta testigantza ematea esklabotzaren kontra. Deskribaezinak dira esklabuen sufrimenduak. (...)"


Momentu horretan harriak eta oihuak entzuten zituzten han bilduek eraikin horren lehioetan.

"Zer da jendetza horren sarata? Ba al da, agian, lehio guztiak apurtzean lortuko dutela arazoia beraien alde jartzea? Kanpoan dagoen jendearen kopurua handia izateak probatzen du abolizionistak okertzen ari garela? Probatzen dute harri horiek esklabotza erabunde birtuteduna dela?
(...) Zer egiten dugu? Galdetzen didate askotan. Hona hemen egin behar duguna:
Philadelphiako emakumeok, guk ezin dugu bozkatu, egia da! Baina idatzi ahal dugu "eskaerak" Kongresuan dauden gizonek entzuteko: Legeetan indargabetu behar dute esklabotza! Eskariak egin, bidali, maitasunak gidaturik esan iezaiezue Kongresuko legegizonei esklabotasuna ez dela zilegia! Indargabetzeko"

Angelina Grimké
(Esklabotzaren aurkako Hitzaldia. 
1838an. Moldaturik)


Esklabotza Estatu Batuetan ez zen indargabetu 1863-ra arte. Angelina eta hainbat gizon-emakumei esker lortu zen legeetan onartzea jende askoren bihotzetan zegoen behar etikoa.

Aurkezpena

 AURKEZPENA




Koronavirusaren garaian, argazki honetan bakarrik kenduko dut maskarilla!!

HEMEN DUZUE BLOG-AREN AURKEZPENA. Esteka klikatu eta bideoa ikusi.

KAIXO IKASLE MAITIAK!!

Hemen nauzue, aurten zuen irakaslea.
Itziar Villanueva Etxeberria naiz.
Ikasturte honetan, Ekonomia (4DBH) Historia (1Batx) eta Psikologia (2Batx) emango ditut.
Ikusten duzuenez, giza zientzietan oinarritzen diren irakasgaiak.
Eta...Nor naiz ni?

Giza eskubideen defendatzailea! Nirekin izan nahi duzue?




Ekonomiak historia bultzatzen du. Eta bizitzaren antolamenduaz arduratzen da. Kontsumoa, politika, enpresak, familiak, Estatua, zergak, iruzurkeria, paradisu fiskalak, pentsioak, akzioak...horri buruz ikasiko dugu aurten.





Historiak orainaldia markatzen du. Eta historiarik gabe, etorkizunik ez. Historia funtsezkoa da mundu garaikideko norabidea ulertzeko. Zergatik erretzen ari dira Amazonia edo Estatu batuetako lur asko? Zergatik "Black lives matter"? Zergatik daude gatazkak Afganistanen edo Pakistanen? Zergatik Lesbos irlan errefugiatuak daude? Zergatik arrazakeria, aberastasuna, munduko pobrezia? Zergatik Bielorrusian jendearen haserrea eta mobilizazioak? Zer gertatzen ari da covid19ko krisian beste kontinenteetan? Historian duzue erantzuna.



Psikologia...zer gara gu, arrazoia edo emozioa? Zer da inportanteena...pentsatzen duguna edo sentitzen duguna? Nork du lehentasuna gure bizitzetan, batak ala besteak? Zientziak ba al daki gizakia zer den? Hormonak, isuri kimikoak edo etika, morala, ...ideiak?

Nire wp-eko profilean, hauxe dago idatzita: "Nada de lo humano me es ajeno". Beraz; niretzat ez dago gizakiongan arrotza den ezer. Gauza guzti hauetan interesa daukat: MUNDUA, EKONOMIA, ADIMENA. Eta zuekin batera, ikasten jarraituko dut!





viernes, 11 de septiembre de 2020

Amerika india

 Urrea, Enkomiendak eta

Eta Fray Antonio de Montesinosen salaketa 

Amerika XVI. mendean, konkista garaian.


DIRUAREN LURRINA. URREA.



1519an Hernan Cortesek eta bere konkistatzailee Mexiko inbaditu zuten, ordura arte giza mundu bakartua izan zena. Aztekak, han bizi zen jendeak bere buruari deitzen zion bezala, laster ohartu ziren atzerritarrek sekulako interesa erakusten zutela kolore horiko metal batekiko. Bertakoentzat, indigenentzat ez zen ezaguna urrea. Polita eta lantzen erraza zenez, bitxiak eta estatuak egiteko erabiltzen zuten, eta batzuetan urre-hautsa trukerako erabiltzen zuten. Aztekek ez zuten ulertzen esainiarrek urrearekin zuten obsesioa. Bertakoek galdetu ziotenean Cortes-i zergatik zuten espainiarren hainbesteko grina urrea izateko, konkistatzaileak erantzun zuen: "Nik eta nire lagunek bihotzeko gaixotasun bat pairatzen dugulako, urreaz soilik senda daitekeena".


LAN FORTZATUAK ENKOMIENDETAN



Enkomienda (gaztelaniaz: encomienda, “zerbait edo norbait babesteko jasotako agindua eta eskubidea”) erakunde juridiko-ekonomikoa izan zen, espainiar kolonizatzaileek XVI. mende hasieratik aurrera Ameriketan ezarri zutena.

 

Baina, esan daiteke indioak babesteko egina izan zirela enkomienda horiek?

Ez, argi eta garbi, ez. kolonoek harremanak estutik kontrolatzearren erabiltzen zituzten enkomiendak. Modu xeheago batez esanda, enkomienda batean indigenek lan egiten zuten esklabu lurren jabeentzat, enkomenderoentzat, alegia. Lan fortzatuak egiten zituzten indigenek eta zerga oso altuak ordaindu behar zuten.


Sistema haren arabera, Espainiako Koroak kolonoaren esku uzten zuen mendeko zituen indiarren zergak edota lanen emaitzak, eta ordainez kolonoak babesa, elikagaiak eta kristau ikasbidea eskaini behar zizkien indiarrei. Nolanahi ere, berez esklabotasun molde bat baizik ez zen eta 1510. urtean Bartolomé de las Casas domingotar fraideak edota Antonio Montesinos dominikarrak sistema hura gogor salatu zuten.


Espainiako Koroak atzera jo eta indarrik gabe utzi nahi izan zuen indiarren morrontza hura (Burgosko legeak, 1512-1513). Kolonoek, ordea, inoiz ez zituzten xedapen haiek aintzat hartu. 1542. urtean, esklabotasuna eta derrigorrezko lanak debekatu zituen Espainiako Koroak (Indietako Lege Berriak), eta enkomienda sistema leundu egin zen, funtsean bere hartan segitu bazuen ere. 1550. urtetik aurrera lan sistema berri bat abiarazi zuten espainiarrek, enkomienda bazter utzi gabe, repartimiento de indios (indiarren banaketa) izenekoa. Molde berri horren arabera, urtero hainbat hilabetetan aritu behar zuten nahitaez indiar heldu guztiek, meatze, ola, etxalde eta herri lanetan.


XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Espainiako Koroa zerga handiagoak hasi zitzaien eskatzen kolonoei, eta handik aurrera izugarri ahuldu zen sistema hori. XVIII. mendearen bukaeran desagertu ziren enkomienda horiek. Ameriketako indiarrak bigarren mailako pertsonatzat hartzen eta erabiltzen zituen molde juridiko-ekonomikoak, ordea, XX. mendea arte iraun du, hacienda izeneko sistemen bidez bereziki.


NOR ZEN FRAY ANTONIO DE MONTESINOS?




1510ean Domingotarren Ordena iritsi zen uhartera, indiarren eskubideen alde ekarpen handiena egin zuena izan zena. Uhartera heldu ziren lehen domingotarrak lau izan ziren, horietatik soilik hiruren izena kontserbatzen bada ere: Frai Pedro de Córdoba, Frai Antonio de Montesinos eta Frai Bernardo de Santo Domingo. Gero gehiago iritsi ziren, beste lau. Laster hasi ziren aborigenen eskubideez kezkatzen.

1511ko abenduaren 21aren bezperan, kongregazioko zortzi kideek frai Antoniok transmititu zuen prediku bat prestatu zuten, indiarrak gogor defendatzen zituena. Hitzaldi hori Abendualdian eman zen. Abendu Sermoia izenez ezaguna denak honela zioen:


Enkomenderoa, XVI. mendeko marrazkia.

Ni, irla honetako basamortuan Kristoren ahotsa naizena, hona igo naiz zuei ezagutarazteko eta, beraz, komeni zait arretaz, ez edonolakoaz, baizik eta zuen bihotzez eta zentzumen guztiez entzun dezazuen; ahots hori izango baita inoiz entzun duzuen berriena, inoiz entzutea imaginatu duzuen latzena, gogorrena, ikaragarriena eta arriskutsuena. Denak heriozko bekatuan zaudete, eta bertan bizi eta hiltzen zarete, jende errugabe horiekin darabiltzazuen ankerkeria eta tiraniagatik.

 

Esaiezue, zer eskubide eta zuzenbidez dauzkazue indiar hauek hain morrontza krudel eta izugarrian? Zein autoritatez egin diezue hain gerra higuingarria jende honi, beren lur bare eta baketsuetan baitzeuden, zeinak, hain infinituak horiez, entzun gabeko heriotza eta hondamenekin agortu dituzuen? Nola dauzkazue hain zapaldurik eta nekaturik, jaten eman eta beren eritasunetan eta sendatu gabe, agintzen diezuen lan gehiegizkoagatik gaixotzen eta hiltzen zaizkizuenean; edo, hobe esanda, hiltzen dituzuenean, egunero urrea atera eta eskuratzearen ordainean? Eta zer ardura duzue doktrinatzen dituztenekin, beren Jainkoa eta hazlea ezagutu dezaten eta bataiatuak izan daitezen, meza entzun dezaten eta jaiak eta igandeak zaindu ditzaten? Hauek ez dira gizonak?

 

Ez al dute arima arrazionalik? Ez al zaudete zeuen burua bezala maitatzera behartuta? Hau ez al duzue ulertzen, hau ez al duzue sentitzen? Nola zaudete sakonera horretan, hain lo letargikoan? Pentsa ezazue, zaudeten egoeran, ezin duzuela zeuen burua gehiago salbatu, Jesukristoren federik ez duten eta nahi ez duten mairu eta turkoek baino.




Predikuak protesta handiak sortu zituen uhartean -batez ere, enkomenderoen artean eta jabeen artean-, eta Diego Colon frai Pedro de Córdobarekin (gobernadorea, alegia) hitz egitera joan zen domingotarren komentura, uhartetik Frai Antonio kanporatu zezan edo, gutxienez, hurrengo astean animoak baretuko zituen sermoi leunagoa eman zezan.

Hurrengo igandean, ezustean, predikua askoz ere beligeranteagoa izan zen indiarrekiko; eta bost printzipio eman zituen: erlijioaren legeak partikularren eta Estatuaren legeen gainetik daudela, Jainkoaren begien aurrean arraza-desberdintasunik ez dagoela, esklabotza eta morrontza bidegabeak direla, indiarrei beren askatasuna eta ondasunak itzuli behar zaizkiela, eta, eredu izanez, indiarrak kristautasunera bihurtu behar zirela.

Zenbait enkomienda-buru eta erlijioso Fernando Katolikoa erregeari kexatu zitzaizkion eta domingotarrak kanporatzeko eskatu zioten. La Españolatik Espainiara enkomienda-buruen ordezkari bat bidali zuten, frai Alonso de Espinar frantziskotarra, eta domingotarrek Antonio de Montesinos bidali zuten. Fernando erregeak biak entzun zituen eta indiarren egoera aztertzeko batzar bat egiteko agindu zuen. Burgosen 1512an bildu zen batzar horretatik, eta, ondoren, mende hasieratik aurrera Ameriketan ezarri zutenaan bildu zenetik, indiarrak defendatzeko lehen arauak sortu ziren, eta ondoren sortu ziren arauekin batera, Indietako Legeak eratu zituzten, historiako lehen giza eskubideen legedia. Hala ere, Mundu Berrian askotan ez zen aplikatzen. Lehenengo urratsa izan zen arlo juridikoan, baina errealitatean indigenak 500 urteetan baztertuak pobretuak, nekazal gunerik txarrenetan ahaztuak izan dira. Askotan zapatistek salatu zuten moduan, gobernuak berak ahaztuak.




Amerika Beltza XVI-XVII

 

AMERIKA XVI-XVII

Arrazakeriaren gurpila.

BLACK LIVES MATTER

Entzun hemen (clicka Estekan) National geografic-eko esklabuei buruzko pod-cast-a.

Euskeraz: Begiratu bideotxo honetan 2020ko haserrea Bristolen, esklabista baten estatua ibaira bota zutenean, "Black lives matter" kanpainaren garaian. (Clicka Estekan)

Eta gehiago irakurri nahi baduzu...Euskea onean, Argia aldizkarian "beltzen heriotzak..."(Clicka Estekan)



Kaixo, ikasle maiteok!!:

2020ko udako berriak entzun ondoren erabaki nuen sarrera bat egitea "Black lives matter" lelopean sortutako mugimenduaren sustraiak historian ulertzeko. Hona hemen datu historiko batzuk...

(Yuval Noah Harari-ren "Sapiens" liburutik hartutako informazioa. )

XVI. mendetik XVIII.era Europar konkistatzaileek milioika afrikar esklabo inportatu zituzten, Amerikako meatzeetan eta plantazioetan lan egiteko. Esklaboak Afrikatik inportatzea erabaki zuten, eta ez Europatik edo Asia Ekialdetik, hiru faktorerengatik.

1. Lehenik, Afrika hurbilago zegoelako. Beraz, merkeagoa zen esklaboak Senegaldik inportatzea, adibidez.

2. Bigarrenik, Afrikan ordurako esklaboen salerosketa ongi garaturik zegoelako. Bistan da, askoz errazagoa zela esklaboak existitzen zen merkatu batean erostea, hutsetik merkatu berri bat sortzea baino.

3. Hirugarrenik plantazioetan malaria eta zukar horiz josita zegoen jendea eta afrikar asko genetikoki hobeak ziren gaixotasun horiei aurre egiteko. Paradoxaz, patu gaiztoa afrikarrena: klima tropikaletara egokituagoak zeudenez, europar jabeen esklabo gisa bukatu zuten!

Egoeraren araberako faktore horiengandik, Amerikan gora zetozen gizarte berriak banaturik geratu ziren: alde batera, zuri europarrez osaturiko agintari-kasta, eta bestera, mendean harturiko afrikar beltzen kasta.


Behatu mapa hau:


Baina jendeari ez zaio gustatzen esatea arraza edo jatorri jakin bateko esklaboak hartzen dituela arrazoi ekonomikoengatik. Negozio "beltz" horrek ez du ospe onik. Amerikako europar zuuriek nahi zuten ez zitzatela har ekonomia alderik arrakasta izan zuen jendetzat soilik, baizik eta erlijiozale, justu eta objetibotzat ere. Horretarako mito erlijiosoak eta zientifikoak baliatu zituzten gizarteko zatiketa krudel hori justifikatzeko. 




Mito erlijiosoak:
Teologo batzuek, XVI, XVII eta geroko garaietan, justifikatu zuten afrikarrak Noeren seme Camen ondorengoak zirela, eta aitak honi bere ondorengoak esklaboak izango ziren madarikazioa ezarri ziola.
(Gen 9, 20-27. Interpretazio honekin, esklabotza onartzen da)




Mito biologikoak:
Biologoek argudiatu zuten beltzak ez zirela buruz zuriak bezain azkarrak, eta zentzu morala gutxiago garatua zutela. Medikuek esan zuten beltzak zikinkeria artean bizi zirela eta gaixotasunak zabaltzen zituztela; bestela esanda, lohitasun-iturri zirela. Horretan justifikatzen zuten bigarren mailako arraza zirela.

Mito horiek onarpena izan zuten Amerikako kulturan eta Mendebaldeko kulturan oro har. Eragina izaten jarraitu zuten esklabismoa sortu zuen egoera desagertu baino askoz geroago. XIX. mendearen hasierako Britaniar Inperioak legez kanpo utzi zuen esklabismoa, eta Athlantikoan zeharreko esklaboen merkataritza gelditu zuen, eta ondoko hamarkadetan, esklabismoa pixkanaka legez kanpo geratu zen Amerikako kontinentean. Alabaina, esklaboak askatu zituzten arren, esklabismoa justifikatzen zuten mito arrazistek iraun egin zuten Arrazen bereizketa mantendu egin zuten lege arrazistek eta ohitura sozialak.


Kausa-efektuzko zikloa
Desabantaila ekonomikoak beltzentzat

Emaitza gero eta gehiago indartzen joan zen kausa eta efektuzko ziklo bat izan zen, sorgin-gurpil bat. Har dezagun, adibidez, Amerikako Estatu Batuen (AEB) hegoaldea Gerra Zibilaren justu ostean. 1865ean AEBen lege batek legez kanpo utzi zuen esklabismoa, eta geroago, beste lege batek debekatu egin zuen arrazagatik herritartasuna eta babes berdina inori ukatzea. Alabaina, bi mendeetako esklabismoaren ondorioz, beltzen familia gehienak zurien familia gehienak baino pobreagoak eta gutxiago eskolatuak ziren. Horrela bada, Alabaman 1865ean jaiotako pertsona beltz batek zuri batek baino askoz aukera gutxiago zuen prestakuntza ona eta ondo ordaindutako lana izateko. Haren seme-alabak, 1880ko eta 1890eko hamarkadetan jaioak, desabantaila berberekin hasi ziren bizi izaten, haiek ere prestakuntza eskaseko familia pobreetan jaioak baitziren.



Arrazakeria lan munduan

Baina desabantaila ekonomikoa ez zen guztia. Zuri pobre askoren bizilekua zen Alabama, eta horiei ere falta zitzaien egoera ekonomiko ona. Industria-iraultza heldu zenean, zer gertatu zen? Zergatik ez ziren berdindu zuri eta beltzen arteko aldeak? 
1865erako zuriek, eta baita beltz asko ere, gauza jakintzat zeukaten beltzak ez zirela zuriak bezain azkarrak buruz, indarkeriara eta lizunkeriara emanagoak eta alferrak zirela, eta garbitasun pertsonalaz zurak baino gutxiago arduratzen zirela. Horrela bada, indarkeriaren, lapurreten, bortxaketen eta gaixotasunen, bestela esateko, lohitasunaren errudun ziren. 1895ean alabamar beltz batek mirariz prestakuntza ona izatea lortzen bazuen eta lanpostu duin bat, esate baterako, banku bateko kutxazain izateko hautagai izatera iristen bazen, onartua izateko probabilitate eskasagoak zituen hautagai zuriak baino.
Azalak patua markatzen zuen...


  • Zergatik sortu zen Black Lives matter mugimendua? Zoaz
La vanguardia egunkariaren esteka honetara.
  • 9 de cada 10 protestas del "Black lives matter fueron pacíficas. Zoaz La noticia egunkariaren esteka honetara.

martes, 8 de septiembre de 2020

Apunteak eginez

 Apunteak egingo dituzu!!



Kaixo ikasle maiteok!!

Berriro hemen..!

Sarrera honetan kontatu nahi dizuet zelan egin apunte onak. Eta ez hori bakarrik! Zelan egin bi helburu lortzeko:

    1. Hobeto ikasteko (buruz barneratzeko hainbat aldiz errepikatu gabe), hobeto ulertzeko eta barneratzeko.

    2. Lanetan zuen notak hobetzeko. Lerro hauetan esango dizuet zelan baloratuko dudan, ok?



PROZEDURA:


a) ARBELEKOA KOPIATU. Normalean eskema moduan eginda izango da, edo kontzeptuen mapa...Lehenengoz, begiratu irakasleak zer idazten duen arbelean; eta zuk ere, idatzi zure koadernoan.

Baina... oso inportantea da: saiatu irakaslea entzuten, ulertzen! Ok? eta ez baduzu ulertzen...galdetu!




b) ERREDAKTATU Geroago, bai klasean (irakasleak denbora ematen badizu) bai etxean (denbora ez baduzu izan) osatu eskema hori erredaktatzen. Ikasle askori asko kostatzen zaie euskeraz idaztea irakaslearen azalpena entzuten duten bitartean. Baina hori egin behar da. Ezin baduzu, gero etxean testua aurrean izanda, osatu azalpen batzuk teoria erredaktatzen, eskemaren azpian.


c) HIZTEGI HISTORIKOA Amaitzeko, egin hiztegi historiko (edo ekonomikoa). Zer da hori?? Hitzik inportanteak bilatu eta eman iezaziezu definizio bat. Euskera onean. Baina...nola egiten da?


d) DEFINIZIO ERREDAKTATUAK Aholku moduan, Bilboko erdigunean gure testuinguru soziala askotan gaztelerazkoa denez, jarri dezakezu hitzak euskeraz eta gazteleraz. Baina inportanteena definizioa ematea da. Eta definizio hori euskeraz emango duzu. Nola egingo duzu? 

b.1 BILATU LIBURUAN EDO BLOGEAN:Lehenengoz begiratu blogean dagoen, testu-liburuan bertan.

b.2 BILATU INTERNETEN Ez bada agertzen bilatu dezakezu wikipedian, adibidez. Baina ez kopiatu agertzen den guztia!! Bakarrik funtsezkoa eta ulertzen duzuna. Eta gaia amaitu arte, utzi hutsuneak hitz guztien azpian definizio hori osatzeko eta borobiltzeko. Pazienzia kontua da...

b.3 GALDETU IRAKASLEARI ea INTERNETEKO ITURRIAK fidagarriak diren.




Ez ahaztu azkenengo gauza hauek:

1. Unitatearen titulua jarri.

2. Azpitituluak jarri.

3. Eskema edo tituluak kolore batean eta erredakzioa bestean (agian...) Horrela errazten diozu lana irakasleari!

4. Orrialdeetako zenbakiak jarri.


Nola ebaluatuko dizut??

1. Ordena eta eskema: GAINDITUTA. (5/10)

2. Hau egin ondoren, erredakzioa egin baduzu (hiztegia eta definizioak): oso Ondo. (7-8/10)

3. Erredakzioa ederra, egokia eta zuzena bada, euskeraz badado eta klasean osatu egin baduzu (Beraz, zure hitzak agertuko dira, adibideak egongo dira, etabar...): Bikain (9-10/10)




Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...