sábado, 28 de noviembre de 2020

LGTBIQ+ Erresuma Batuan 1985

 

MEATZARIAK, LESBIANAK eta HOMOSEXUALAK

 Margareth Thatcherren garaian


 

Kaixo historiagileok!!

Hona hemen, Markelen lana. Tabua apurtzen...

"Klasean nengoen eta LGTBIQ+ ri buruzko komentario bat entzun nion irakasleari. Orduan, buruan ideia bat piztu zitzaidan, interesgarria iruditu zitzaidan kolektiboaren gaineko ikerketa bat egitea, historia irakasgaian. Zergatik izan daiteke interesgarria? Homosexualak, lesbiatak etab. lehenaldian bizi izan zuten egoera bat delako, baina gaur egun ere, antzeko egoerak bizitzen ditugu oraindik. Egia da LGTBIQ+ kolektiboko kideek sufritu dutela askotan. Sufrimenduko momentu guzti horiek agerikoak dira eta oso esanguratsuak. Hala ere, ikerketa honetan Margaret Thatcherren garaian zentratu naiz. XX. Mendeko 80ko hamarkadan (1984-85an). Eta garai horretako borrokan kokatu naiz; nire asmoa zen ondo ulertzea zer gertatzen ari zen garai horretan LGTBIQko kideekin eta batera, zein egoeratan bizitzen ari ziren meatzariak. Bi kolektibo horiek elkartasun-sarea eraiki zuten eta. Erresuma Batuko -EB- lehengo ministrarentzat Parlamentuko jarduerak interesgarriak eta bereziak izan ziren oso bere bigarren egonaldian: eragina izan zezakeen jende askoren bizimoduan. Eta horregatik, testuinguru historiko horretan jarri naiz. “Denbora-bidaia” horretarako Pride pelikula ikusi dut. Benetan pelikula hunkigarria da eta guretzako LGTBIQ+-ko kideentzat ez ezik, denontzat ere, oso esanguratsua iruditu zait.

 




Testuingurua aztertzeko lehen ulertu behar dugu nor den Margaret Thatcher eta zelako egoera zegoen EB-n 1984an. Margaret Thatcher EB-n hautatutako lehen emakume ministra izan zen bi aldiz aukeratua: 1979 eta 1983an.

 



 Hamarkada horretan, ekonomian gauzak okertu ziren: esate baterako, langabezia bikoiztu zen. Horren ondorioz, grebak bata bestearen atzetik gertatu ziren eta horrekin batera, Margaret Thatcherren onarpena asko jaitsi zen. EB krisialdian zegoen. Krisi horretatik irtetzeko modurik hobeterena eta ministraren proiektuarekin jarraitzeko, gerra bat egon zen: Malvinetako gerra, 1982 urtean hasi eta amaitu izan zena. 

Arlo soziala jorratu nahi badugu LGTBIQ+ kolektiboaren egoeran jarriko dut arreta. Eta ondorioztatu dezaket kolektiboari burla bezalako zerbait egin zigula Thatcherrek. 60ko hamarkadan bera izan zen homosexualen deskirminazioaren alde egin zuen parlamentarioren bat. Thatcherrek ideiak oso kontserbadoreak zituen eta boterera ailegatu eta gero, 1988an sekzio 28 izenezko lege bat ezarri zuen. Oso lege negatiboa izan zen kolektibo honen askatasunak erabat murrizten zituelako. Sekzio 28 horretan homosexualei buruzko edozein propaganda egitea galarazi zuten. Ustezko “propagandaz” gain, eskoletan, hezkuntza sisteman homosexualitatea edo LGTBI­Q+ren gainean ikastea debekatuta zegoen. Niretzat -eta espero dut denontzat- bai harrigarria ikustea nola jendeari ez zioten uzten 20 urteetan zehar norberaren sexualitateari buruz hitz egitea!. Baina horrez gain, eskoletan gaiari buruz ezin zuten ezta hitz egin ere!. Horren ondorioz, ez zait hain harrigarria egiten homofobia tasa hain altua izatea garai horretan, ezta?. Hildo beretik, ez da arraroa homosexualitate-tasa hain baxua izatea. Gainera, denbora horretan SIDA-HIEZaren existentziaren kulpa/errua botatzen zitzaien kolektiboko kideei.

Beraz, homosexualak diskriminatu zituzten , jo, eskubideak kendu eta haien gainean gauza oso itsusiak esaten zituzten. Zoritxarrez, egoera triste hauek ez ziren EBan bakarrik gertatzen, mundu osoan baizik. Penagarria izaten bada ere, leku batzuetan  LGTBIQ+ taldekideen kontrako diskriminazioa badago oraindik ere.


 

Benetan nire ustez M. Thatcher etsigarria izan da, lehenengo emakumea izan zelako kargu hori hartzen. Ni bezalako norbaitentzat berri ona da, feminista naizelako eta emakumea aritzen denean arlo politikoan, txalokatzen eta aldarrikatzen dut. Baina zailagoa egiten zait ulertzea zelan ezarri zuen sekzio 28ko bezalako legea: kolektibo minoritario honen eskubideak urratzen zuen legea, hain zuzen. Seguruenik emakumea izanda emakumeen egoera zailak uler zitzakeen. Beraz, zergatik lege hori? Egia da bera kontserbadorea zela, baina hasiera batean beraien alde egin -itxuraz, behintzat- eta boterera ailegatzean beren kontra jartzea, benetan zentzurik gabekoa eta nahiko itsusia den ekintza da, nire ustez. Lege “homofobo” hau 2003an kendu egin zen. Hala, esan daiteke 20 urteko oztopo instiuzionala pairatu behar zutela LGTBIQ+ko kideek, gay eta lesbianak zirenek. Luzea, kondena.

 

Hemen azpian jarri dizkizuet bi bideo, you tubekoak, ulertzeko garai horretako meatzarien egoera eta M. Thatcherren hitzaldia, hurrenez urren:

 

Hau izan zen Margaret-en homosexualen kontrako diskurtso bat

 

Meategietako greba

 


 

Filmara bueltatzen, filma honek erakusten digu eskuzabaltasun keinua meatzari eta gay eta lesbianen kolektiboen artean. Horrez gain, ikus daiteke nola laguntza behar dugunean edonoren laguntza onartzen dugu, orokorrean. Dogmatismoz beteriko pertsonak izan ezik, laguntza esker onez jasotzen dugu. Baina, nortzuk dira dogmatikoak? Modu apalean esanda,  dituzten ideak hoberenak direla pentsatzen duten horiek. Filmean ikusi ahal dugu 1984 eta 1985 bitartean egon zen greba, meategietako langileak egina. 1984an greba hasi zuten meatzarien egoera ekonomikoa larria zelako eta gainera, egoera larriagoa bihurtu zen krisiarekin langabezia bizkoitu zelako. Orduan, kalera atera ziren meatzariak eskubideak eta lanak mantentzeko. Gay eta lesbianen talde bat meatzariei laguntzeko prest zeuden. Hala ere, meatzarien sindikatuek ez zieten behar zuten arreta eman homosexualak zirelako, eta garaiko gizartea aurreiritziz beteta zegoelako: penagarria, baina horrela izan zen! Homosexualak eta lesbianek haientzat ez zen erreza izan kontuan hartuta izatea.

Egun batean Gales-eko herri bateko persona batzuei deitu zieten. Erantzun zuten eta lehenengo aldiz homosexual eta lesbianen talde honen laguntza onartu zuen lehenengo herria bihurtu zen hura. Harrigarria iruditu arren meatzarien herrietan kolektibo honek eskaintzen zuen laguntza ez zuten onartu nahi! Laguntza onartzen zuten, ez zuten eskatzen! Baina…homosexualak ziren. Hori zen dena. Gainera, hasierako momentuan, meatzarien artean haustura bat zegoen. Haietako askok ez zuten laguntza hori onartu nahi “zikina” izango balitz bezela, homosexualek eta lesbianek emana zen eta.

1985ean laguntza hori eta beste batzuei esker, greba amaitu zen. Meatzariak eta antolakuntza horretan zeuden batzuk LGTBIQ+ kolektiboko kideen zordun sentitzen ziren. Horregatik, beraiek jasotako laguntza bueltatu nahi zieten. Hala, 1985an lagunak  sentitzen zirenez, “pride” ospatzen zeneko egunean desfileetara joan ziren. Modu horretan, meatzariek kolektibo homosexualari laguntzen zioten bakoitzaren sexualitate, geure sexualitatearen eskubideak aldarrikatzen “Pride” eguneko desfilean.

Oso modu polita izan zen eskuzabaltasuna adierazteko, ahal zuten moduan mesede-elkartasuna bueltatzen. Gainera pelikulan zehar ikusi ahal dugu nola jende homosexuala etxetik joan/ihez egin behar ziren gurasoek eta familiek onartzen ez zituztelako ziren moduan. Hau nekez onartu ahal dut, naskagarria iruditzen zait, eta gaur egun oraindik gertatzen da, zoritxarrez.

 PRIDE FILMA Honekin zer ikusi ahal dugu?

 


1.      ELKARREKIN HOBETO. Azkenean ikusten da nola bi kolektibo hauek batera doazenean gehiago lortzen dutela borroketan, haiek bakarrik baino.

2.      LAGUNTZA, LAGUNTZA DA. Beste alde batetik, ikusten dugu jendeak laguntza behar duenean, edozein laguntza onartuko duela. Aurreiritziak albo batera utzita.

3.      BORROKATU DUENAK ULERTZEN DITU BORROKAK. Nik uste dut borroka bat badago zure eskubideen alde, borrokatu behar baduzu eta beste bat ere egin behar badu, ziur nago elkar lagunduko dutela. Zergatik, ba? Egoera zailetatik pasatu ondoren beste pertsonaren sentimenduak hobeto ulertuko dituzulako. Sufrimendua eta borroka nolakoa den badakizulako.

4.      DISKRIMINAZIOA EZ DA AMAITU. TABUA DA ORAINDIK. Azkenik esan nahi nuke hau ikusita gaur egun bagaudela posizio hobe batean baina oraindik diskriminazio asko dago eta nire ustez kritika eraikitzaile bezala, oso gutxi irakasten eta hitz egiten da kolektiboari buruz.  Arlo batzuetan gai hau tabu da oraindik. Nire iritziz, gure %100 askatasuna lortzeko asko geratzen da oraindik.

5.      ASKATASUNAREN GILTZA. Guk geuk, mundu honetako etorkizuna garenez, askatasunaren giltza dugu, Frantziako iraultza ireki zuen horrelako ate bat (ez literalki gerrak eta abar egon zirelako) eskubideak lortzeko. Aukera paregabea gurea, etorkizunean oraindik mundu irekiago bat lortzeko.

 

Markel Unamuno




miércoles, 25 de noviembre de 2020

Buruko estimulagailuak

 BURUKO ESTIMULAGAILUAK 




Kaixo, ikasle maiteok!!

Gaur nire hausnarketa aurkeztu nahi dizuet. Yuval Noah Harari-ren liburua irakurtzen ari nintzela, pasarte honek -azpian duzuenak- txunditu egin ninduen. Iruditu zitzaidan egilea etorkizuna idazten ari zela. Eta oso gogorra egin zitzaidan "distopia" horren irudia imaginatzea. Alde batetik, teknologiaren aurrerapenek itxaropena piztu ahal dute, agian. Baina beste alde batetik, ematen du gure bizitzak guztiz aldatu ditzaketela. Horrela, galdera hauek etorri zitzaizkidan burura: atea irekitzen dio teknologiak Homo sapiensen amaierari? "Supergizakia" sortzea ekarriko al du teknologiak?


(YUVAL NOAH HARARI-ren HOMO DEUS liburutik)

"[Gizakion burua ikertzeko zenbait esperimentu esanguratsutan, kasko berezi batzuk erabiltzen dira (garunean zeharreko korronte jarraituko estimulagailuak), kanpoaldetik buruko larruazalera finkatzen diren elektrodoak dituztenak.] 

Estatu Batuetako armadak horrelako kaskoak erabiltzen dituzte, soldaduek –bai prestakuntza-saioetan, bai gerran– kontzentrazioa zorrozteko eta errendimendua hobetzeko esperimentuetan. Giza Eraginkortasunerako Zuzendaritza Orokorrean egiten dira esperimenturik garrantzitsuenak, Ohioko aireko indarraren base batean. Oraindik ere ondorioak batere argiak ez badira ere, eta publizitate-kanpainetan garunean zeharreko estimulagailuekin lor daitekeenaz esajeratzen bada ere, ikerketa batzuen arabera jakinarazi da badirela aski eraginkorrak luzaroan arreta betean egon behar dutenekin (drone-operadoreak, aire-kontrolatzaileak, frankotiratzaileak…).



Behin hala, baimena eman zioten Sally Adee New Scientist aldizkariko kazetariari frankotiratzaileak trebatzeko kuartel bat bisitatu zezan, eta han aukera izan zuen efektuak bere larruan esperimentatzeko. Hasieran, kaskorik gabe (estimulagailurik gabe) sartu zen gerra-simulagailuan. Sallyk deskribatzen du nola sentitu zen itota izu-ikaragatik, hogei gizon ikusi zituenean berari eraso egiten, aurpegia estalita zutela, lehergailuak gorputzari itsatsita eta errifleak eskuan. “Hiltzen dudan gizon bakoitzeko —idatzi zuen Sallyk—, beste hiru soldadu agertzen dira, ezerezetik sortuak. Bistan dago ez dudala behar bezain azkar tirokatzen, eta izuagatik eta gaitasun faltagatik behin eta berriro trabatzen zait erriflea”. Erasotzaileak, Sallyren zorionerako, inguratzen zuten pantaila erraldoien gainean proiektatutako bideo-irudiak baino ez ziren. Hala eta guztiz ere, hain etsita zegoen errendimendu gutxi erakusteagatik, non bere arma utzi eta simulagailutik irteteko puntuan egon zen.




Gero, estimulagailua jarri zioten buruan. Ez zuen aparteko ezer sentitzen, salbu eta inurridura arin bat, eta metal-zapore bitxi bat ahoan. Baina terroristak banan-banan akabatzen hasi zen, hotz eta metodikoki, Rambo edo Clint Eastwood balitz bezala. «Beren armak airean haietako hogei niganantz korrika hasten dira, eta nik, lasai asko, erriflea destatu, eta tartetxo bat hartzen dut arnasa sakon hartzeko, tiro egiten diot hurbilen daukadanari, eta patxada handiz aukeratzen dut zein izango den hurrengoa. Irudipena dut ez dela pasatu apenas denbora, eta ahots ozen bat entzuten dut halako batean: “Ederto. Amaitu da”. Pizten dira simulazio-gelako argiak… Bat-bateko isiltasun hartan, inguratzen nauten gorpuen artean, erasotzaileak gehiago izango zirela espero nuen, eta apur bat zapuztuta sentitzen naiz elektrodoak kentzen hasten direnean. Gorantz begiratu, eta neure artean galdetzen dut ea inork aurreratu ote dituen erlojuak. Harrigarria bada ere, hogei minutu pasatu dira guztira. “Zenbat aldiz jo dut helburuan?”, galdetzen diot laguntzaileari. Zur eta lur begiratzen dit. “Guztietan”.»

Esperimentu hark errotik aldatu zuen Sallyren bizitza. Hurrengo egunetan sentitu zuenaren arabera, bere hitzetan: «Esperientzia ia espiritual bat bizi izan nuen […]; ez zen azkarragoa sentitzen nintzela edo arinago ikas nezakeela: oin azpian hutsune handi bat sentitu banuen, nire bizi guztian aurreneko aldiz buruan dena isildu zitzaidalako izan zen. […] Burmuinetik segurtasun-eza erabat desagertzea agerkunde bat bezalakoa izan zen niretzat. Bat-batean, erabateko isiltasun hura buruan […]. Espero dut ulertuko didazuela: esperientzia hura pasatu eta hurrengo asteetan, irrika bizian egon nintzen bueltatzeko eta elektrodoekin konektatuta egoteko. Eta hainbat galdera etortzen zitzaizkidan burura: Alde batera utzita nire burmuina populatzen duten gnomo sumindu eta bihozgabe haiek, zerbait desberdina probatzeko beldur handiegia izaten dudalako porrotera eramaten nauten gnomo haiek, nor nintzen ni? Eta nondik zetozen ahots haiek?».




Ahots haietako batzuek gizartearen aurreiritziak islatzen dituzte; norberaren historiaren oihartzuna izaten dira beste batzuk; eta areago: gure herentzia genetikoa artikulatzen dute beste batzuek. Denek batera, Sallyk dioenez, kontakizun ikusezin bat osatzen dute, nekez ulertzen ditugun gure erabaki kontzienteak modelatzen dituena. Zer gertatuko litzateke aldian behin aukera bagenu gure barneko monologoak berriz idazteko edo –areago– erabat isiltzeko?

2016an, garunean zeharreko estimulagailuak oraindik ere haurtzaroan zeuden, eta ez dago argi denborarekin teknologia guztiz garatua bihurtuko ote diren, ez eta, gertatzekotan, noiz gertatuko den ere. Gaur-gaurkoz, tarte laburretarako baino ez dute eskaintzen gure gaitasunak hobetzea; Sally Adee-ren hogei minutuko esperientzia hura ohiz kanpoko zerbait izan liteke (edo, besterik gabe, plazebo-efektu famatuaren ondorio hutsa). Estimulagailu horien gaineko ikerketa gehienetan –argitaratu direnetan, behinik behin–, laginak txikiak dira (lagun gutxik eta gainera oso baldintza berezietan aritutakoek osatzen dituzte), eta ez dakigu ezertxo ere estimulagailuek epe luzera ekar ditzaketen ondorioei eta arriskuei buruz. Baina teknologia hori nabarmen garatuko balitz edo burmuinaren jokabide elektrikoak manipulatzeko beste metodoren bat aurkituko balitz, zer-nolako eragina edukiko luke gizataldeetan eta gizakietan?

Gure burmuineko zirkuitu elektrikoak aldatu genitzake… ez terroristak akabatzeko bakarrik, baizik eta helburu liberal apalago batzuk lortzeko: eraginkorragoa izateko ikasteko eta lan egiteko orduan, joko eta denbora-pasetan murgiltzeko, edo unean uneko gure interesgunean arreta osoa jartzeko –matematika izan zein futbola izan–. Edonola ere, manipulazio horiek eguneroko praktika bihurtuko balira, bezeroen ustezko aukeramena edo buruaren jabetasuna eros litekeen beste produktu bat besterik ez litzateke izango. Piano-jotzaile apartak izan nahi dugula, baina praktikatzeko ordua heltzen den bakoitzean telebista ikusi dugula nahiago? Arazorik ez: kaskoa jarri, programa egokia instalatu, eta sekulako gogoa izango genuke pianoa jotzeko.

Norbaitek argudia lezake buruko ahotsak isildu edo hobetu ahal izateak indartu egingo lukeela aukeramena, ez ahuldu. Orain, askotan, kanpoko zerbaitek arreta galarazten digunez, ez gara gai izaten gure amets benetakoenak eta gutiziatuenak betetzen. Kaskoaren edo antzeko gailu baten laguntzarekin, berriz, apaizen, manipulatzaileen, publizitatearen eta ingurukoen ahots arrotzei askoz ere errazago entzungor eginez, nahi dugun horretantxe kontzentra gintezke. Baina ‘ni’ bakarra daukagulako ideia –eta, beraz, gure benetako desirak eta kanpoko ahotsak bereizi egin ditzakegula– beste mito liberal bat baino ez da; berriki argitaratu diren ikerketa batzuetan frogatu denez, faltsua." 

Y.N.H

  1. Buruko abots horiek...Zer dira? Psikologiako korronte batzuetan agertzen dira. Esate baterako, S. Freud-ek super-niaz hitz egin zuen. Gizarteko superegitura barneratua, beste korronte filosofiko batzuen ustez. Azaldu zure hitzekin.

  2. Kendu ahal diogu gizakiari “enpatia”, beste norbaiten larruan jartzeko gaitasuna? Zer lekarke horrek? Zer gertatuko litzateke gerran? Eta terrorista kalifikatzean akatsak egingo balituzte?

  3. Zein aplikazio positiboa eduki dezake? (Medikuntzan, arreta handia eskatzen duten beste lanbide batzuetan?)

  4. Zer gara ugaztunok, emoziorik gabe? Nora eramango du honek historia, zure ustez?



Neskameak eta andreak

 NESKAMEAK ETA ANDREAK 

(THE HELP)

 

 

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEgm-i9iWj6TrAka_UhLmZTUJDjSzp8c5M7iw7OfvRKd7Jk7gNF3HiLfpRfrHh6q04d-BlsV61vMQlwf6sdv40iONgNNYfP3mb6Lqf-GcHfyYVUmTcSuJQ5iFuzuWhyVB3YajeB53C8BDOI/s640/criadas+y+se%25C3%25B1oras.jpg

 

 

Zenbait esaldi hizketaldirako…

 

Lehen elkarrizketan, Skeeter-ek galdetzen dio Aibileen-i ea jakin zuen txikitan neskame jardungo zuela etorkizunean. Aibileen-en erantzuna ezin argiagoa da: “Bai, jakin nuen: ama neskamea izan zen; amama, esklaboa…”. 

 

1. Zuen ustez, baldintzatzen dituzte aiten rolek semeak? Eta amen rolek alabak? Zuen familian, zer bizipen dituzue horren gainean? Eman dezagun gogorregia egiten zaizuela “baldintzatu” aditza; horren ordez “nabarmenki eragin” erabiliko bagenu, zein lirateke zuen erantzunak? 

 

Bada beste esaldi bat, Aibileen-ek zaintzen duen azken neskatotxoari (Mae Mobley) behin eta berriz esaten diona, zer pentsatua ekar diezagukeena: “Zu ona zara; zu azkarra zara; zu garrantzitsua zara”. Eta, horri kontrajarrita, umetxoaren amari (Elizabeth) diotsona, pentsarazten diguna: “Alaba ez zaizu iruditzen polita… Mesedez, egin ahalegina neskato honi aukera bat emateko”. Nahiz eta amak edertasun-kanona altua eduki, alabatxoak sekula iritsiko ez duena, buruan darabilen gogoeta hitzez adierazten du Skeeter-ek, kezkati: “Kezkatzen nau umea loditzeak, eta jakiteak ez dela inoiz edertasunaren erregina izango”.  

 

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEgDGg2kgzyT6Tzt-CyULZK7QPuj3zfR3qDit2fYhxgdRPQ1Fa7whnnziFtlyS18VXSyC-LHr2RRnfB5LV7RWrV9vWHHNhNn6NG2inGcohb4CfsrqubKtjCWniDV0OpOLuu_lIvau2NzFo8/s640/The-Help-film-635x480.jpg

 

 

2. Denok joan gara eraikitzen hainbat modutan gure autoestimua. Zuen ustez, eragina izan dute gurasoek zuen autoestimuaren eraikitze horretan? Zerk sorrarazten du edertasun-kanona, umetxoarentzat iritsezina dena? Zuen ustez, badago emakumeei ezartzen zaien kanon jakin bat? 

 

Zer deritzozue esaldi honi?: (Skeeter-ek, Jackson Journal-era joan, eta lanpostua lortu du bertan.) “Beno –diotso lagun batek—, badaukazu lana: azken geralekua ezkondu aurretik”.

Zer esan nahi du? Matxista deritzozue? Zer iruditzen zaizue emakume batek esatea hori?

Zer esaten dio egunkariaren zuzendariak Skeeter-en curriculuma irakurri eta gero? 

 

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEjaYVSwe6mNq4mZ2zHXNHbY9R-OHw2sMKAfqfCc8O9JXCOsHp4x4-EqYpgvZgUNK30kM6F9r1M9FianLcZRG6j_NDYoW-XWv9fJqQSQArtAvESMBsChtrc0BgNMW9uwHHs1RXCsA0D5DtA/s640/squitter.jpg

 

 

3. Bada Aibileen-en beste esaldi bat, nabarmendu beharrekoa: “Andereño Hilly-k umea izan zuenean, eurentzat guztientzat 11. Agindua balitz bezala izan zen, eta denek ekin zioten umea edukitzeari”. 

 

Gure gizartean nagusi den giroak, zuen ustez, bultzatzen ditu emakumeak seme-alabak izatera? Zuen ustez, libre aukeratzen den zerbait da emakume guztientzat? Presio bera dago gizonezkoen gainean? Beste pasarte batean, Skeeter soineko bat saiatzen ari dela, honela esaten dio amak: “[Hogeita hiru urte ditu Skeeter-ek] «Obuluak hiltzen ari zaizkizu». […] Nahiz eta gizon hori asko gustatu ez, jakizu amodioa eta gorrotoa txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla. Eta txanpon bat behar duzu!”. 

 

4. Zuen ustez, bikotean bizi gaitezen dago diseinatuta gure gizarte hau? Bakarrik bizitzea, bikotean bizitzea bezain oniritzita dago? Zuen ustez, gizon bat bakarrik egotea baino txarragotzat hartzen da emakume bat bakarrik egotea? Harrapatu duzue pelikulan kontu horren gaineko pasarterik? Ezagutzen duzue horrelakorik? Normalean, zer esaten da bakarrik bizi diren gizonez eta zer bakarrik bizi diren emakumeez? Zer iruditzen zaizue amodioa eta gorrotoa txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direlako kontu hori?

 

5. Zer iruditzen zaizue auzo aberatseko emakumeen arteko giroa? Esan genezake nolabaiteko lehia dagoela haien artean? Zer dela-eta norgehiagoka, zeren atzetik dabiltza? 

 

6. Zergatik ez dute onartzen emakumeek Celia Foote? Zer bekatu egin zuen? Zuen ustez, bere “jabego pribatutzat” hartzen zuen Hilly-k senarra? Zuen ustez, zergatik haserretzen da Hilly Celiarekin eta ez senarrarekin? Gogoratzen duzue zer dioten neskameek ongintza-ekitaldian Celia agertzen denean? Gizonaren zer irudi islatzen da? Zuen ustez, pasioen esklabo bizi dira gizon guztiak? Eta emakumeak dira gizonen bekatu-iturria? 

 

7. Celiak honela dio umea galdutakoan: “Eta zer egingo dit Johnny-k?”. Gogoratzen duzue zer erantzuten dion Minny-k?.

 

8. Minny-k honela dio Celia-ren etxean dagoela: “Oilaskoa frijitzen duzunean, asebete sentitzen zara bizitzarekin. Erotu egin nau oilasko frijituak!”. Aldatu ditzakegu ikusmolde horiek? Hemen zaudeten gizonezkoen/mutilen artean, nortzuek kozinatzen duzue etxean? Eta emakumeetatik/nesketatik, nortzuek? Zuen aitek, kozinatzen dute? Eta amek?


Txerta dezagun teoria apur bat… 

 

Badakizue zer diren mikromatxismoak?

 

Indarkeria-praktika batzuk dira, egunerokotasunean txertatuta dauzkagunak; hain disimulatuak, non gehienetan oharkabean pasatzen zaizkigun (txiki-txikitatik barneratuta dauzkagulako, hainbat eta hainbat modutan). Oharkabean pasatu arren, oso garrantzitsua da detektatzea: azken finean, jarrera matxistak islatzen dituzte, eta erakusten dute emakumeek desparekotasuna pairatzen dutela gizonekiko; are txarragoa, betikotu edo iraunarazi ere egiten dituzte jarrera matxistak eta desparekotasuna bera. Pertsonen arteko harremanetan geratzen diren maniobra asko eta askotarikoak dira mikromatxismoak, eta, izan ere, haiexek ohi dira indarkeria matxistaren bestelako agerpenen iturri eta haztegi: tratu txar psikologikoak, emozionalak, fisikoak, sexualak eta ekonomikoak. Indarkeria matxistaren gainerako agerpen agerikoago horiek (mota askotako tratu txar horiek) salatu edo gaitzetsi ohi ditu ingurune sozialak; mikromatxismo-jokabideak, ostera, legitimatu egiten ditu nolabait. 

 

Zuen ustez, ageri dira pelikulan mikromatxismoen adibideak? 

 

1. Skeeter-en laneko elkarrizketan:

a/(Zer gertatzen da zuzendariak bere kurrikuluma irakurtzen duenean?

 

b/ Miss Myrna gaixorik jarri dela aipatzen duenean, egunkariko zuzendariak beste ateraldi gutxiesgarri bat botatzen du gaixotasuna dela-eta: “Ile-laka irentsiko zuen”. Horrela, zoratuta dagoela iradokita, baliogabetu egiten du Miss Myrna-ren gaixotasuna, eta gutxiagotasun-posizioan uzten du. Gogoratu nola esaten duen “Garbiketari buruzko aholkuak idazten ditu. Ez dira artikuluak”. Horrekin, aditzera ematen du garbiketa-lanak –etxeko lanak, oro har– bigarren mailakoak direla, garrantzi gutxiagokoak, idazten dituen aholkuak ez direla iristen artikulu-kategoriara; hitz gutxitan, “emakumeen kontuak” direla. 

 

9. Flashback-pasarte batean, Skeeter-ek diotso Constantine bere neskameari inork ez duela gonbidatu dantzaldira. Eta haurtzainak erantzuten dio: “Zure amak ez zuen aukeratu bere bizitza. Bizitzak aukeratu zuen zure ama. Baina zuk… zuk zerbait desberdina egin dezakezu. Zatoz nirekin dantzaldia amaitzen den arte”. 

 

10. Une batean, Stuart-ek Skeeter bere neska-lagunari honela diotso: “Liluratuta naikazu. Azkarra zara. Eta polita. Espero dut benetan sinisten duzun zerbait idaztea”. Zer iruditzen zaizue? Lotu daiteke hori haien arteko harremana amaitzearekin? Noiz aldatzen dira gauzak? Zer gertatzen zaio Stuart-i? Berekoia da Skeeter? Orduan? 

 

Eta amaiera aldera...

 

11. Leroy senarrak behin eta berriz jipoitzen du Minny, eta bestelako tratu txarrak ematen dizkio.  Noiz lortzen du Minny-k senarra uztea?

 

12. Aibileen eta Minny adiskideak batera daudela, Minny-k diotso Skeeter-i: “Neuk zainduko Aibileen, eta berak zainduko nau ni”. Noiz gertatzen da hori? Zuen ustez, zer-nolako garrantzia du esaldi horrek pelikulan? 

 

13. Zer egiten du Skeeter-ek liburuaren mozkinekin? Ohikoa izaten da jarrera hori? Zer dela-eta? 

 

Aibileen-en azken hitzak (pelikulan) hauek dira: 

 

“Arerioak maitatzea, Jainkoak eskatzen digun bezala, oso zaila da. Baina egia kontatzen has gaitezke. Inork ez dit inoiz galdetu ni izanda nola sentitzen nintzen. Horren gaineko egia kontatu nuenean, libre sentitu, eta hasi nintzen pentsatzen ezagutzen dudan jende guztiari buruz, eta ikusi eta egin ditudan gauza guztiei buruz. Esaten zen idazle bat edukiko genuela familian; eta badirudi ni neu izango naizela”. 

 

 

14. Zertaz ari gara “maitasun erromantikoari” buruz hitz egiten dugunean?

 

Aspaldi honetan, analista batzuek oharrarazten dute literatura-kontakizunen, pelikulen eta kantuen bidez finkatzen eta zabaltzen direla mota horretako maitasunaren ezaugarri nagusiak:  bizi guztirakoa jotzen da (“beti maitatuko zaitut”), ez da beste inorenganakoa (“ezin dut izango dut beste inor maitatuko zu beste”), baldintzagabea (“datorrena datorrela maitatuko zaitut”), eta norberaren nahiei uko egitearen maila altua dakarrena (“bizitza bera baino maiteagoa zaitut”). 

Pilar Sampedro-k honela deskribatzen du amodio erromantikoa: «Elementu batzuk prototipikoak dira: bat-batean hasten da (lehen begi-kolpeko maitasuna), neke handiak hartzen dira bestearengatik, behin eta berriro eskaintzen dira maitasun-frogak, bestearekin guztiz bat egiten da, norberaren bizitza ahaztu egiten da, eta itxaropen magikoak edukitzen dira, hala nola norberaren izaki osagarri perfektua aurkitu izanarena (norberarentzako moduko munduko bikotekide bakarra) eta sinbiosian bizitzearena (arnasa hartzeko eta mugitzeko ere batak bestearen premia balute bezala jokatzen dute partaideek: horrelaxe ezartzen dira sinbiosiak, eta horrelaxe sortzen da bien artean osotasun apurtezin bat)». 

 

Feminismoak asko kritikatzen du maitatzeko modu hori. Zer da “kritikagarriena”? Zer pentsatzen duzue gizonezkook/mutilok? Eta emakumeok/neskok? 

 

Matxismoaz gain, zer beste gai jorratzen ditu pelikulak, sakonki jorratu ere, nahiz eta guk azaletik ikusi ditugun?

 

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEgYmOkFZRyPxDtO2rkEBcn0yXeN-Gn3YEUI1UdonIRisg9SDXC_wAwnnlui7SULG7hrIVpkk1BCsZm2aehzqDNcS-iRVDXOyOj9pksVT8f2kyTQsHxVA4y6V9RBC8taZO8FaqeZXy7cx8c/s400/Criadas_y_se_oras-858009891-large.jpg


lunes, 16 de noviembre de 2020

Emakume-emakumeak


EMAKUME-EMAKUMEAK



Kaixo, historiagileok!!

Gaur aurkeztu nahi dizuet Marina F.M-ren lana. Emakume batzuen adibideak hartu ditu eta bere hausnarketa  egin du. Adi egon!

Sara Moore Grimke

Charlestonen, 1792ko azaroaren 26an – Hyde Park, 1873ko abenduaren 23a

 · Abolizionista, idazlea eta AEBetako emakumeen eskubideen aldeko mugimenduaren kide izan zen.




· Rose Bader Ginsburg AEBetako legelari baten bizitza kontatzen du filmak (Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko magistratua gaur egun)

· 1960ko eta 1970eko hamarkadetako legeriaren eta konstituzio matxistaren aurkako gurutzada egiten zuen



Estatu Batuetako Gorte Goreneko sei kasu nagusietako buru izan zen, eta bost irabazi zituen.

· 1971n, auzitegiak lehen aldiz diktaminatu zuen gizon bat ez dena emakume bat bezala tratatzen Konstituzioa urratzen ari zela eta legez kanpokoa zela.


NIRE IRITZIA:

Emakumeak mendeetan zehar isildu izan dira, baina aurkeztu ditudan emakumeak ez dira konformatu. Ez ziren geratu aldaketa baten zain, haiek izan ziren aldaketa. Horrelako pertsonei esker, gaur egun denok gara "ikusgai", agerian gaude. Harro nago pertsona gisa onartua izateaz, emakume horien lanari esker. Emakume indartsu eta ausartak, entzunak izateko gogor lan egin zutenak eta gizon batzuek lortu ez dituzten gauzak lortu zituztenak.

Emakumeenganako nahiz beste gizarte-talde batzuekiko bidegabekerien aurka altxatu ziren lehen emakume feministetako bat izan zen Sara. Bestalde, Ginsburg izan zen matxismoa auzitegietan salatzen lehena, eta bere kasua gorte gorenera eramateko gai izan zen. Gaur egun, oso zaila da maila horretan entzutea. Baina berak lortu zuen, nahiz eta ia ikusezina izan gizarte hartan. Emakumeak eta gizonak legearen aurrean berdinak izatea eragin zuen mugimendua hasi zuen. 

Mundua oraindik ere "gizonezkoena" da, baina pixkanaka, emakumeen eta gizonen arteko botereak parekatzen ari gara. Emakume horiek hasi zuten lana, eta gu horretan jarraitzen ari gara.

Marina Fedez. Matsneva




domingo, 15 de noviembre de 2020

Historia eta matxismoa

Kaixo, ikasle maiteok!!

Gaur erakutzi nahi dizuet Elenaren lana. Interesgarria benetan!

HISTORIA ETA MATXISMOA

 



«Benetako pertsonak (hau da, gizonak) ugaltzeko

giza espezieak garatu duen

amarrua dira emakumeak»

ARTHUR SCHOPENHAUER


 Historia liburu askotan "ahaztu" egin zitzaien kontatzea 1789an Frantzian ezarritako Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Adierazpenak, ez zuela emakumeei buruz hitz egiten. Eskerrak Olympe de Gouges iritsi zela, esanez: "Gizon, zuzena izateko gai zara?". Horrela hasi zen idatzi zuen Frantziako Iraultzaren funtsezko dokumentua, gillotinarantz eramango ziona. Rousseau pentsalari frantsesak, argi eta garbi azaltzen du emakumeak "pasiboa eta ahula" izan behar duela, "erresistentzia gutxi" jartzen duelako eta "bereziki gizonari atsegin emateko eginak" daudelako. Mary Wollstonecraft, Rousseauren jarrera hau kritikatzen du, esanez: "emakumeek ez dute gizonen gaineko botererik nahi, haien buruaren gaineko boterea baizik." 1848an, Seneka Falls-eko Konbentzioan, emakumeek salaketa bat sinatu zuten: ezin zutelako ez bozkatu, ez hauteskundeetara aurkeztu, ezta kargu publikorik bete ere. Gai horiei buruz hausnartu zuen Engelsek bere liburuan, askorentzat, emakumearen gaiari buruzko marxismoaren lehen adierazpena. Honela esaten zuen (moldaturik): Berdintasuna ikusi zuten gizonak inguruan feministak ziren emakumeak zituztenak ziren.

Beste aldetik, Arthur Schopenhauer filosofoak honela esaten zuen: "Emakumeak espeziearen maltzurkeria dira, benetako gizakia, gizakia dena (hemen erreferentzia egiten die "gizonei") ugaldu dadin, bere adimenak gidatua egingo ez lukeena". Hau da, egileak egin nahi duena da azpimarratzea andra tentazioa dela gizonentzat, gizonek egin dezaten bere zentzu osasuntsuan egingo ez luketena. Emakumeak dira, beraz, gaitzaren islada, tentazioaren ispilua edo espeziearen "tresna irrazionala".

Hildo beretik, Kant-ek, emakumeek betebehar moralak betetzeko beharrezko arrazionaltasuna ez zutela adierazi zuen: "Emakumeen eginkizuna ederra izatea da; gizonena, noblea izatea.(...) Nik ez dut uste arrazoiaren oinarriek sexu ederra (hemen, erreferentzia egiten die emakumeei) gidatzen dutenik."


Tentazioen artean, emakumearen gorputza

NIRE IRITZIA

Sinestezina da, nola historia markatu zuten pentsalari askoren lana hainbeste balioesten den, eta zein gutxi onartzen den gehienek emakumearen balio handia diskriminatu eta zapaldu zutela. Hala ere, gaur egun, horrelako arrakasta izango zuten, zabaldu zuten matxismoa jakinda? Ziur aski baietz...

Beste alde batetik, XVIII. mendean, nori inporta zitzaizkion emakumeak? Non zeuden haien eskubideak? Eta haien askatasunak? 




Askorentzat zaila da onartzea, baina ez ziren orokorrean gizonak izan emakumearen defentsarako lehenengo pausoak eman zituztenak, emakumeak baizik. Emakume horien aurrerapausuak egon ez balira garai hartan, gizonezkoren bat gai izango zatekeen haien eskubideez kezkatzeko? 

Pentsalari handi horietakoren bat gai izango zen bere buru distiratsua erabiltzeko eta diskriminatzen ari zen gizartearen talde horrengan arreta jartzeko? Eskerrak emakume horiek aurpegia emateko gai izan zirela, bestela, ez dut imajinatu nahi zer egoera edukiko genukeen gaur egun… 

Egia da filosofo hauek erreferente eta maisu handiak izan zirela historiarako, baina hainbeste miresten ditugula, (zein irizpide zituzten jakinda) gure ezjakintasuna islatzen duen, etengabe ari garelako zapaltzen emakume askoren ahalegin historikoa. Ahaleginak egin zituzten emakumeen kontrako pentsamendu krudelak ezabatzeko. Eta batzuetan, miresmenak eramaten gaitu emakumeen sufrimenduak ahaztera.

ELENA LUCERA



Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...