Menhirak, trikuharriak eta mairu-baratzeak
Gipuzkoan mendirik mendi
Oianlekuko jentilbaratza, harrespila
Kaixo, historiagileok!
Egin nahi duzue txango bat gurekin? Ikusi nahi dituzue harrespilak, trikuharriak eta menhirrak?
Zatozte, orduan, gurekin mendirik mendi!
Oianlekuko mairu-baratzea
Altzibarretik (Oiartzun) Oianlekuko jentilbaratza ikustera joango gara. Egun honetan Munagirre eta Zaria mendiak igotzea da gure ideia. Horretarako, oso bide ederra egin behar da hara heltzeko, eta Aiako Harriako ingurune naturalaren oinetan iraganerako bidaia bat egiten egongo bazinete bezala sentituko zarete. Karrika ibaiaren alboan igoko zarete gurekin. Niri benetan zoragarria iruditu zitzaidan.
Oianlekuko ingurunea megalitikoa da. Inguruko monumentu nagusia Oianlekuko cromlecha edo harrespila da. "Cromlech" izena bretoieratik dator eta crom (zirkulua) eta lech (harria) hitzek osatzen dute. Oianlekuko megalito honen berezitasunetako bat da bi zirkuluz osatua dagoela (cromlech gehien-gehienek bat baino ez daukate, jakina). Lehen zirkuluak 9,5 m-ko diametroa du, eta 29 mugarriz osatua dago; eta bigarrena, berriz, 6,8 m-ko diametrokoa da.
Baina, zer da cromlecha edo harrespila edo mairu-baratzea?
(K. a. 2.500-100 urte) Harrespila edo cromlecha monumentu megalitiko bat da, harri eta zutarriekin zirkulu edo elipse bat osatuz eraikitzen dena.
Euskal Herrian ugari dira mota honetako megalitoak, baina Oria eta Leitzaran bailarak dituzte mugatzat, bailara horietatik mendebaldera ez baita harrespil bat ere aurkitu. Euskal mitologian, bestalde, toki berezitzat hartzen dira; hain zuzen, jentil-baratze edo mairu-baratze ere deitzen zaie, antzinako euskaldunek uste baitzuten jentilek edo mairuek eraiki zituztela.
Harrespil asko talde txikitan elkartuta agertzen dira, lekuaren garrantzia agerian ipiniz. Hala ere, harrespil bakunak ere badira. Eztabaida dago harrespilak eraikitzeko asmo eta helburuei buruz: batzuk nekropolitzat (hilobiak) erabili diren arren, gizataldeen biltoki eta astronomia behaleku moduan ere interpretatu dira.
Trikuharriak
Beste egun batean Igorin, Urdaburu eta Aldura mendiak igo genituen. Berriz ere etorriko zarete gurekin? Horrela, are atzerago joan gaitezke iraganerako bidaian. Bai, Gipuzkoako mendietan oso gauza hunkigarria aurkituko duzue, gurekin bazatozte: Historiaurreko trikuharriak. Dena den, gure aurkikuntzak konpartitu baino lehen, erakutsiko dizuet oso trikuharri dotorea: Hemen, nire letra hauen azpian oso "ale" dotorea duzue:
Sorginaren txabola. Elvillar, Araba
Baina, zer da trikuharri bat?
Dolmen edo trikuharriak ere monumentu megalitikoak dira, gorpuak ehorzteko eraikitakoak.
Trikuharriak edo haien aztarnak, beste monumentu megalitikoekin batera, Mendebaldeko Europa osoan daude.
Europako trikuharri zaharrenak Neolitiko eta Kalkolitiko aroetan eraiki eta erabili ziren gehienbat, K. a. 4500 urtearen inguruan hasita eta K.a. 2500 urtera arte gutxi gorabehera, orduan iritsi baitzen Europako fenomeno megalitiko hauen bukaera.
Lurrean zutik finkatutako harlauza batzuek (Arkeologian ortostato deitzen dira) eta haien gainean horizontalean jarritako beste harlauza batek osatzen dute dolmena.
Hilobi hauek lurrez nahiz harriz eraikitako muinoen gainean (tumulu izenekoak) jartzen ziren maiz, eta haren mugak, batzuetan, harriz osaturiko zirkuluez inguratzen ziren, harrespil edo cromlech bezalakoak.
Dolmenetan tipologia zabala dago: dolmen sinpleak (hilobi kamara soila duten hilobiak), korridore-dolmenak eta galeria-dolmenak.
Landarbasoko trikuharriak
Trikuharri batzuk topatu genituen, tumulu batekin, hilobi ganera estalkirik gabekoa. Aspalditik, ahozko tradizioak "jentilei" egotzi izan die hilobi horien eraikuntza. Gizagaindiko indarra zuten pertsonaia mitologiko horien lurperatzea urrez betetako kanpaiekin egiten zela pentsatzen zen. Kondaira horren bidez, duela gutxi arte, hilobi horiek arakatzea suspertu zen; ondorioz, kalteak egin zituzten bertan.
Jentilak, pertsonaia mitologikoak
Etenetako menhira eta Mulisko Gainako Kanposantu Zaharra
Beste egun batean Adarra eta Oindi mendiak igo genituen, Besabitik. Badituzue oraindik indarrak gurekin etortzeko? Han ere bilatu genituen historiaurreko aztarnak, oso interesgarriak lurralde honetan. Mendiz mendi ibiliz gozatzeaz gain, historiaurreari begirada bat eman diezaiokezue gurekin. Animatu, eta segi ibiltzen!!
Baina, jarraitu baino lehen... Zer da menhir bat?
Menhirra, zutarria edo iruinarria Antzinaroko monumentu megalitikoa da, lurrean zutik jarritako harri luze batez osaturikoa, eta bereziki Europa Mendebaldean agertzen dena. Bakarrik ager daitezke, monolito moduan, nahiz beste zutarriekin batera egitura konplexuak osatuz eta beste monumentu megalitiko handiagoen elementu osagarri handi moduan. Letra hauen gainean duzue Etenetako menhirraren argazki bat.
Eta, orain, harri zaharren pilaketarik hunkigarriena, historiaurreko "santutegia": Mulisko Gaina.
Mulisko gaina, Kanposantu Zaharra ere deitua bertakoen artean, Oindi (Onyi) mendiko hego-ekialdeko magalean dagoen multzo megalitiko bat da, lau cromlechek, zista bikoitz batek, monolito batek eta beste bi egitura zehazgabek osatua, denak bertako hareharriekin eratuak. Administratiboki Urnietan kokatzen da, Urnieta eta Hernaniren arteko mugatik berrehun metrora.
Mulisko Gaina
Eta gaurko txangoa amaitzeko, utziko dizuet Mulisko Gainetik ikusten den Oindi-Mandoegiko estazio megalitikoaren mapa. Erreparatu ezazue zenbat puntu agertzen diren, zer-nolako denbora-bidaiak egin ditzakegun! Etorriko zarete hurrengoan ere gurekin?