2016-2021
Txina: mehatxuka ari zaizkio AEBak
militarki, edo gidatzen ari zaigu pandemia honetan?
Kaixo,
historialariok!
Zuekin nago berriro
ere. Gaur, Wuhan ikusi dut albisteetan. Oso hiri ospetsua bihurtu da azken
urtean, bertan hasi omen zelako COVID-19aren pandemia, orain dela urtebete,
luze-luzea egin zaigun urtebete pasatxo. Harrigarria badirudi ere, hilak
daramatzate han COVID-19aren kasurik gabe. Itxaropentsua da ikustea hobeto
daudela eta normaltasunera itzuli direla; gu, berriz, COVID-19aren hirugarren
olatuan gaude bete-betean. Wuhan-go biztanle guztiei gutxienez PCR bat egin diete,
guzti-guztiei, eta ematen du gaitza desagertzea ekarri dutela itxialdi gogorrek.
Txertoen kanpainak ikusten ditugu guk telebistan eta sare sozialetan, egunero. Politikari
batzuen ustelkeria ikusten ari gara, dagokien momentua heldu baino lehen
txertoa jarri dutelako; ‘negazionistak’, ‘arduratsuak’, ‘gel hidroalkoholikoa’
eta ‘itxialdi perimetralak’… denetarik ikusten eta ikasten ari gara pandemia
honetan. Pandemiaren negu gorrian gaude eta nik pentsatu dut interesgarria izan
litekeela gaur, berriz ere, begirada Txinara itzultzea. Bazatozte nirekin?
Horretarako, John
Pilger-en dokumental hau ikusiko dugu: The
coming war on China [Txinari aurki datorkion gerra].
Ez pentsatu dena
gustatu zaidanik, ez: momentu batzuetan, apur bat apokaliptikoa iruditu zait filma; gainera, 2016koa da, eta
dokumentalean iragarritako gerra ez da oraindik agertu etorkizun ilun horretan
irudikatzen zuten moduan. Trump-ek Etxe Zuria utzi berri du, eta idazten ari
naizen egun honetan, Joe Biden-en agintaldia hasi da Ipar Amerikan. Beraz, agian,
ez da beteko dokumentalean aurreikusten den etorkizun katastrofikoa. Hala ere,
ikustea merezi duelakoan nago. Goazen, ba, eta has gaitezen ikusten!
1.
Txina gaur: estatubatuarren
hesi militarra Hego Txinako itsasoan
John Pilger-ek, dokumentalaren
hasieran, Txinako itsasoko eskualde batera hurbilarazten gaitu, gaur egun lurralde-gatazkan
dauden irla txiki batzuetara: Txinak beretzat hartzen ditu, eta AEBek ez dute
onartzen Txinaren jabetzea. AEBek, izan ere, interes handia daukate irla
horietan, haien kokapen estrategikoagatik, bermatu nahi baitute Hego Txinako itsasoan daukaten kontrol
militarra. Lehen minutuetan, CNN Kateko informatiboek mezu hau igortzen die
estatubatuar herritarrei (gogoratu 2016an gaudela): “Bai mundua, bai AEBetako
gobernua, munduaren segurtasunaren bermatzaile gisa, prest daude Txina
etsaitzat hartzeko”. Dokumentalaren lehen zatian, erakusten digute non dauden
kokatuta estatubatuarren base militarrak, eta nola osatzen duten halako babes-hesi bat –edo urka-bilurra, nondik begiratzen diogun–, AEBek Txina isolatu eta
kontrolatzeko erabiltzen dutena: base militarrak, Txinarantz begira dauden
misilak, bonbaketariak, gerraontziak… Gero, hainbat gertaera historiko
zerrendatzen ditu. Baina, XIX. mendeko Txinaren historia sakon aztertu
aurretik, gaur egungo munduaren errealitateari heltzen dio. Hala, aditzera ematen
du Txina munduko bigarren ekonomia izatera heldu dela azken urteotan, baina
oraindik AEBak direla lehen potentzia ekonomikoa, eta, zer esanik ez, lehen
potentzia militarra. Dena dela, Txinak hurbil dauka lehen postua ekonomian,
pauso sendoak ematen ari da horretan, eta, beraz, Washington mehatxatuta
sentitzen da. Baina galdera bat datorkigu…: Zein da mehatxu hori, eta non
dago? Azken finean, zein zeinentzat da
mehatxua?
2. Historia gogoratzen: (1946-1958) Saio nuklearrak Bikini atoloian
Goazen
urte batzuk atzera historian. Japoniarrek,
II. Mundu Gerran, Marshall uharteak konkistatu zituzten, Ozeano Barean. Gero,
bertan ezarri ziren AEBak, ingurua kontrolatzeko leku estrategikoa delako.
Hainbat saio nuklear egin zituzten 1946 eta 1958 artean itsaso hartan. Uhartedi
hartako biztanleek, ordura arte benetako paradisuan bizitzen ohituta, patu
gaiztoa pairatu behar izan zuten, infernurako bidea: giza akuri modura erabili
zituzten estatubatuarrek, aztertzeko zer-nolako kalteak ekar zitzakeen
erradiazio nuklearrak lurrean, itsasoan eta gizakiengan. Ondorio ikaragarri
latzak utzi zizkieten uharteetako biztanleei proba haiek: tiroideetako
minbiziak eragindako heriotza goiztiarrak, proba nuklearrak garatu bitartean eta
ondoren jaiotako haurrengan malformazioak, bizi-itxaropena erabat gutxitzea,
erredura garratzak erradiazioagatik…
Dokumentalean, esperimentu
lazgarri hartatik bizirik irten ziren pertsona batzuek esaten dute patu gaizto
haren erruduna AEBetako gobernua dela, ondo baino hobeto baitzekien zer
gertatzen ari zen, eta hala eta guztiz ere esperimentuekin jarraitzeko baimena
eman baitzuen, sekulako arrazismoa eta ankerkeria agertuta; gordin esanda:
jarrera erabat kriminala agertuta. Estatubatuar armada han aritu zen bonba
nuklearren ondorioak aztertzen, eta 2015-2016 urteetan ere jarraitzen dute aztertzen
estatubatuarrek. Aitzakia, uharteetako jendeari laguntzea: osasun-etxe moduko batzuetan, edonor joan daiteke doako
probak egitera neurtzeko zenbat plutonio daukaten gorputzetan. Dohainik neurtu
bai, baina inork ez du erantzukizunik hartzen giza eskubideen urratze hark
sortu dituen gaixotasunen eta sufrikarioaren aurrean. Nola arraio liteke?
Bonbak bota baino lehengo irudiak
3.
AEBek independentzia
mugatua eman zieten Marshall uharteei (1986)
1986an, Marshall
Uharteek EABetatik independizatzea lortu zuten… neurriz. Independentzia
gorabehera, uharteetako biztanle autoktonoen errealitateak oso gordina izaten
jarraitzen du: miseria gorrian bizi dira, egurrezko etxeetan, elektrizitate eta
ur korronterik gabe. Aldamenean, kontrasterik krudelenean, estatubatuarren base
militarrak eraiki zituzten, punta-puntako gerra-teknologiarekin.
Izan ere,
1986an independentzia onartu zutenean, marshalldarrek baldintza izugarri bat
onartu behar izan zuten ezinbestean: saio nuklearrengatik sortutako kalteak
direla-eta AEBek eman behar zieten ordaina 150 milioi $-ekoa
baino ez izatea. Baina diru hori huskeria bat da, kontuan harturik zer
egoeratan bizi diren marshalldarrak, zer desparekotasun sortu den
marshalldarren eta irletan finkatutako estatubatuarren artean, zer demaseko kutsadura
dagoen bertako naturan (itsasotik ezin da baliagairik atera)...
Zalantzarik
gabe, sortu duten kalterako, urri-urria da kalte-ordain hori. Lau txakur txiki
horiekin, ez dago inolaz ere miseriatik irteteko modurik. Gainera, kontrastea
ikaragarria da: bertakoek bizirik irauteko ezer gutxi daukate; base
militarretan lan egiten duten estatubatuarrek, ostera, ia-ia luxuzko
bizi-estandarra dutela esan genezake, AEBetan bizi diren herritarrena baino
hobea. Baina, zergatik daukate AEBek interesa Txinako Itsasoan horrenbesteko
indar militarrari eusteko?
Erakuts dezake historiak zer dela-eta Txinaren eta
Mendebaldearen arteko harreman gaizto hori? Itzul gaitezen XIX. mendera:
kolonizazioaren, industrializazioaren eta ondasunen pilaketaren garaira.
4. Opioaren Lehenengo Gerra (1839-1842 ): dirua Ipar Amerikako (eta Britainia
Handikorako, Frantziakorako…) industria-iraultzarako, eta opioa txinatar
herriarentzat.
XIX. mendeko
estatubatuar elitearentzat, urre-meategia bezalakoa zen Txina, baina drogei
dagokienez. Hala, Warren Delano Jr., Franklin Delano Roosevelt-en aitita,
opioaren erregea zen Txinan, eta
AEBetako opio-trafikatzailerik handiena, britainiarren atzetik. Berak hartu
zuen lehen estatubatuar itsasontzia Opioaren Gerretan laguntzeko. Britainiarrek
bultzatu zituzten gerra haiek, Txinarekin zeukaten merkataritza-balantzak
defizita baitzuen Txinaren alde (te ugari erosten zieten txinatarrei). Indiako
opioa hasi ziren Txinan sartzen, eta ondorio latzak ekarri zizkien herritarrei.
Txinatarrak opioaren salerosketa debekatzen ahalegindu zirenean, Erresuma
Batuak gerra piztu zuen, eta irabazi. Ondorioz, Hong Kong britainiarren mendean
geratu zen, eta Kanton eta beste itsas portu batzuk zabaldu behar izan zituzten
kanpoko merkataritzarako; Shanghai, besteak beste. Handik bi urtera, AEBek Txinarekin
bere hitzarmena sinatu, eta merkataritza-berme sendoak eta onura handiak lortu
zituzten. Opioaren Bigarren Gerraren (1856-1860) ondoren, portuak merkataritzara zabaltzea,
lur-sailak alokairuan ustiatzea eta trenbideen emakidak lortu zituzten
mendebaldarrek, bai eta Txinako Inperioa lau eragin-eremutan banatzea:
errusiarrentzat, iparraldea; alemanentzat, ipar-ekialdea; britainiarrentzat,
Yangzi ibaiaren harana; eta frantsesentzat, hego-ekialdea.
AEBetako kostaldeko
leku ugari, hala nola Columbia, Harvard, Yale eta Princeton (gaur egun oso
unibertsitate entzutetsuak kokatzen dira bertan), opioaren diruari esker sortu
ziren. Negozio ilun horretatik zetorren dirutza ikaragarritik finantzatu zen,
neurri handi batean, Estatu Batuetako industria-iraultza. Opioaren
negozioarekin, britainiarrak aberastu, eta estatubatuarrek beren industrializazioa
finantzatu zuten.
Dokumentaleko 44.
minutuan, James Bradley-k, The China Mirage: The Hidden History of
American Disaster in Asia
[Txinako ispilatzea: Asiako amerikar hondamendiaren historia ezkutua]
liburuaren egileak, azaltzen digu nondik zetorkion Roosevelt familiari aberastasun
itzel hura: F.D. Roosevelt-en aititarentzat oso onuragarria izan zen legez
kanpoko negozio batetik. Txundituta geratzen gara jakitean Franklin Delano
Roosevelt liberal, demokrata eta Estatu Batuetako New Deal-aren bultzatzaile
hark gerratik eta drogatik eratorritako dirutza zeukala. Forbes familiaren
ondasunak ere jatorri ilun berbera du. Opioaren diruarekin finantzatu zen
Massachusetts hiri industriala eraikitzea, bai eta AEBetako lehen bost
trenbideak ere, eta Ekialdeko kostaldea ere diru horrexekin garatu zen.
Historiako kapitulu hau ez da harrotzeko moduko gertaera Mendebaldearentzat,
eta horrexegatik ozta-ozta hitz egiten da horretaz: ezkutatu egiten da iraganeko
pasarte hori. Edonola ere, AEBek txinatar herriarekin duten harremana ulertu
nahirik, beste galdera hau datorkigu gogora: Onartu zituzten txinatarrak
‘askatasunaren Amerikan’? Joan gaitezen 1882ra galderari erantzun egokia
emateko.
Txinatarrak, egia
esan, Estatu Batuetako lehen industria-hazkundeko urteetan hasi ziren kokatzen bertan,
XIX. mendean. Baina James Bradley-k dokumentalean dioenez, esan liteke XIX. mende
osoan ia-ia legez kanpokoa zen txinatar batekin harremanak edukitzea Estatu
Batuetan. Enpresari modura heldu ziren batzuk, eta urre-meategietan lan egitera
eta trenbideak eraikitzera beste batzuk; beraz, esan liteke haien laguntzarekin
garatu zela, ziztu bizian garatu ere, herrialdea. Baina estatubatuarrek ez
zuten nahi txinatarrak edukitzea bertan lehian, eta 1882an kanporatze-lege
batzuk ezarri zituzten, gutxienez 100 urtean txinatarrak AEBetatik mugetatik
kanpo mantendu zituztenak. Bidenabar esanda, garai hartantsu eraiki zen Askatasunaren Estatua (1886).
Estatua
harekin, ematen zuen honelako mezua zabaldu nahi zutela estatubatuarrek: “mundu
guztia da ongi etorria askatasunaren lurraldera”. Baina mezua ez omen zitzaien
aplikatzen txinatarrei. Beraz, beste galdera batzuk datozkigu gogora: Nork
idazten du historia? Badago halako propaganda Txinaren aurka Mendebaldean?
James Bradley-ren
arabera, hain da Mendebaldea txinatarren gaitasunaren beldur, ezen gaur egun
ere pelikuletan-eta ume modukoak eta zakarrak, edo maltzurrak eta arriskutsuak balira
bezala jarraitzen dute txinatarrak irudikatzen. Mendebaldeko herri-kulturaren
eta politikaren begietan, urte askoan “arrisku horia” izan ziren txinatarrak.
Zinema mutuaren garaian, haien arraza-klixea zerbait mehatxugarriarekin eta
beldurgarriarekin identifikatzen zen; eta 60ko hamarkadan, etsaiarekin edo gaiztoarekin. Irrigarri uzten zuen herri
oso bat karikatura horrek, baina aldi berean egia latz bat ezkutatzeko balio
zuen: Mendebaldearen aberastasunaren iturri garrantzitsuenetako bat Opioaren
Gerra izan zela. Hala, itzul gaitezen historiara…
5.
Txinako kolonizazio
partziala. Britainia Handia, Japonia, Frantzia eta AEBak (1894-1900)
Beraz, konturatzen
gara lasai asko hitz egin daitekeela tearen edo zetaren merkataritzaren
gainean, baina ezin dela horren lasai esan opioak sekulako onura ekarri ziela
Mendebaldeko potentziei XIX. mendean, eta atzerapen ekonomiko handia eta
sufrimendua eragin zituela horrek Txinan. Opioaren Gerren ondorioz, Txina
inbaditzea eta kolonizatzea lortu zuten garai hartako potentziek: Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Japonia
eta AEBak.
1894an, Txinaren
aurkako gerra bat hasi zuen Japoniak. Txinaren aliatua, Korea kontrolatu nahi
zuten japoniarrek. Txina galtzaile atera zen gerran, eta Korearen
independentzia onartu zen, nahiz eta praktikan Japoniaren mendean geratu.
Hala, hainbat eta
hainbat hiri konkistatu zituzten atzerritarrek, hala nola Shanghai. Leku
horiek, kasu askotan, atzerritarrei kontzesio modura eman zizkieten. Luxuzko
bizimodua eramaten zuten, pribilejioz betea; txinatarrak, ostera, miseria
gorrian bizitzera behartuta zeuden.
Japoniak eragindako
umiliazioagatik eta Mendebaldeko potentzien gero eta esku-hartze
handiagoagatik, talde nazionalistak sortzen hasi ziren atzerritarren aurka
egiteko. Boxer-en matxinada (1898-1900) Qing dinastiaren garaian sortutako
mugimendu bat izan zen, atzerritarren eragin komertzial, politiko, erlijioso
eta teknologikoaren aurka altxatu zena, Pekinen, Cixi enperatrizaren
babesarekin: 1900ean, milaka txinatar kristau eta Mendebaldeko hainbat
misiolari hil zituzten matxinoek, eta atzerritarrak bizi ziren auzo
diplomatikoko eraikinak setiatu zituzten zenbait hiletan. Amaieran,
Mendebaldeko zazpi potentziak eta Japoniak osatutako espedizio militar batek
Pekin menderatu zuen, eta milaka eta milaka matxinatu akabatu. Berriz ere,
kalte-ordainak pagatu behar izan zizkien Txinak, eta abantaila ekonomiko
gehiago atera zituzten atzerritarrek (dokumentalean, 45. minutuan). Beste behin
ere, gerrak markatu zuen Historia.
Txina zapaltze hark
erakutsi zuen zer ereduren arabera jokatu behar zuen Mendebaldeak Txinarekin
XX. mendea ondo aurreratuta egon arte.
6.
Txinako Errepublika, Gerra
Zibila eta Iraultza Komunista (1911-1949)
Txinan, porrot
haiek guztiek Inperioaren amaiera ekarri zuten: 1911n, Errepublika ezarri zen. 1927an,
gerra zibil bat piztu zen, oso odoltsua, Kuomingtan-eko nazionalisten eta
komunisten artean. Azkenean, Mao Zedong buru zuten komunistek irabazi, eta Txinako
Iraultza Komunista hasi zen1949an.
Chiang Kai-Shek, Kuomingtan-eko burua, argi eta garbi zen estatubatuarren
interesen defendatzailea. Hori dela eta, Mao-ren aurkako propaganda nabarmen
areagotu zen Mendebaldean; izan ere, mundua bete-betean zegoen murgilduta Gerra
Hotzean (1945-1989). Testuinguru hartan, Mendebalde demokratikoaren etsai
nagusiak Txina eta Sobietar Batasuna izanik (komunismoa, oro har), estatubatuar
presidenteek uko egin zioten, bata bestearen atzetik, Txinarekin berdinerik berdinerako harremanak ezartzeari. Hala, joan den mendeko 70eko hamarkadan, Mao-k
“AEBek Asian dituen arazo guztiak” irudikatzen zituela adierazten zuen Nixon-ek
(dokumentalean, 48. minutuan).
7.
“Goitik” ezarritako boterea
eta “behetik” ezarritako boterea: herrien erresistentzia
Orain, alde batera
utziko dut John Pilger-en dokumentala. Kitzikatu nahi izan zaituztet, gaur
egungo munduarekiko zuen jakin-mina pizteko, orain dela urte asko eta asko hasi
zen historia baten segida baino ez baita XXI. mendeko mundu hau. Laburregia
izan da analisi hau, eta ezin die erantzun pilatzen zaizkigun galderei. Baina
abiapuntua izan liteke botere militarraren historiaren azpian
erresistentzia-historia batzuk deskubritzeko. Eta beste koska bat izatea nahi
nuke buruan kendu ezinik dudan auzi sozial eta pertsonalarekin: Nola defendatu
gaur egun giza eskubideak? Eta, amaitzeko, erronka bat botako dizuet: amaitu
dokumentala ikusten, eta saiatu galdera hauei erantzuten:
1.
Zer ekarpen positibo
eskaintzen du Txinako ekonomia-motak?
2.
Zer gertatu zen
Tiannanmen-en 1989an?
3.
Gaur-gaurkoz, desparekotasun
handiko herrialdea da Txina, edo ekitate-maila handia lortu dute han?
4.
Zer esan nahi du
zuretzat ‘estatu-kapitalismo’ak edo Txinan esaten duten moduan "Merkatu Ekonomia Sozialista"?
5.
Bizirik dirau
protesta-mugimenduak/erresistentziak Txinan?
Fumiko Shimabukuro
6.
Zer gertatu da
Okinawa Japoniako uhartean? ‘Erresistentzian’ ari dira han? Kontatu Fumiko
Shimabukuro-ren historia.
7.
Nola ikusten duzu
gaurko Txina? AEBek jazarrita dago? Lider da COVID-19aren pandemian? Zer da:
arriskua, herri ezezaguna, potentzia ekonomiko geldiezina…? Garatu itzazu
ideiak testu koherente bat osatuta.