domingo, 6 de marzo de 2022

Arauak apurtu?

 Arauak apurtu?

Giza Eskubideen Historia



Kaixo, historiagileok!!

Zer moduz?

Urte honetan egin dugun prioektua aurkeztu nahi dizuet gaur. Hemen, azpian utziko dizkizuet gure jarduerak:



1. Ikasleek egindako bideoak




2. Giza Eskubideak lantzeko erabili ditugun testuak.

Jarduera honekin espero dugu zuek, ikasle maiteok, Ongizatearen Estatua hobeto ulertzea eta dauden arauen zilegitasuna barneratuta, konpromiso soziala adieraztea. 

a) Habeas Corpus

b) Nepotismorik EZ!

c) Liberalismo ekonomiko eta ondorio sozialak

d) Diktadurarik EZ!

e) Zergak eta elkartasuna: Guztion eskubideak bermatuta

f) Beltza, emakumea

g) Naturaren eskubideak 








Naturaren eskubideak

 

“Naturak eskubideak ditu, nahiz eta gizakia ez izan.”

 


·      Duela 50 urte, UNESCOk –Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Mundu Erakundeak– “Gizateriaren eskubide ekologikoen Carta Magna” aldarrikatu zuen, ingurumen osasuntsua izateko eskubideak bizitza duinaren gutxieneko baldintzak ahalbidetzen dituela ulertuta. Olof Palme suediar politikari sozialdemokratak, 1972an, munduko ingurumenaren egoerari buruzko nazioarteko elkarrizketak bultzatu nahi zituen.

·      Zientzialarien kezka etengabe hazi da orduz geroztik, eta, hala ere, isuri toxikoak, hondakin industrialak eta plastikoak masan sortu, ingurune naturalera bota eta ugaldu egin dira.

·      1992. urtetik aurrera, klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen hainbat konbentzio izan dira mundu osoan zehar. Arazoa izan da, funtsean, munduko botere ekonomiko handiek ez dutela onartu berotegi-efektuko gasen emisioak mugatzea, ez dituzte-eta murriztu nahi izan beren irabazi ekonomikoak.

·      2021ean eta 2022an, zientzialariak ados daude gu guztiok ohartarazteko denbora amaitzen ari zaigula kontu horretan ziaboga egiteko. Antonio Turiel CSICeko fisikari eta matematikariak gaur egun jarraitzen du ohartarazten nazioarteko konpromiso pertsonal eta politikorik gabe ezingo dugula bermatu munduko biztanleriaren gehiengo handi baten etorkizun duina.



Beltza, emakumea...

 

    “Gaur egun, Estatu Batuetako edozein beltzek zurien eskubide zibil, politiko eta ekonomiko berberak ditu; presidente beltz bat ere eduki dute bertan: Barack Obama. Gure herrian ere babes osoa dute beltzek, arraza-bereizketarik gabe. Hala jasotzen du Konstituzioak. Bertan esaten da ez dela diskriminaziorik egon behar, ez arrazagatik, ez generoagatik.”

 


·      Beltzen eskubideen aldeko borroka garrantzitsuenetako bat 1830eko hamarkadan hasi zen, Estatu Batuetako hegoaldeko estatu esklabistetan. Bat egin zuten emakumeen borrokek eta beltzen beren eskubideen aldeko borrokak. Lurjabe handien familietako emakume burges batzuk –Hego Carolinako Grimke ahizpek, adibidez– kotoi-laborarien artean esklabotza abolitzeko borrokatu ziren 1939an. Langile batzuek beren bizitzarekin ordaindu behar izan zuten aske izateko egin zuten erresistentzia.

·      Baina, ondoren, gizon guztien boto-eskubidea onartu zen, baina, historian beste behin, emakumeena ahaztu egin zen. Horrela jabetu ziren emakumeak emakumeen sufragioaren alde borrokatzearen garrantziaz. Emakumeentzako botoa ez zen XX. mendera arte lortu. Espainian, 1931n, Bigarren Errepublikaren garaian. Frankismoan, diktadura guztietan bezala, eskubide hori eta beste batzuk indargabetu egin ziren, hala nola botoa ematekoa, alderdi politikoak sortzekoa edo euskaraz hitz egitekoa.

·      1960ko hamarkadan, Estatu Batuetan, Rosa Parks-en ausardiari edo Marthin Luther King-en hitzei esker, beltzen eskubideen aldeko borrokak aldaketak ekarri zituen politikan eta legeetan. Hala ere, legeetan diskriminaziorik ez dagoela dirudien arren, George Floyd-en heriotzak –itota hil zen polizia baten belaunaren pean– milaka lagunen protestak eragin zituen2020an. Arraza-justizia eskatzera atera ziren kalera. Pertsona zuri eta beltz asko solidario bihurtu ziren kausa horrekin, Floyd-ek hil aurretik bota zituen azken hiru hitzetan laburbilduta: "Ezin dut arnastu". Horrez gain, aldarrikatzen zuten: "Beltzen bizitzak axola du". Estatu Batuetan, beltzek eta hispanoek zuriek baino hiru aldiz probabilitate handiagoa dute kartzelara joateko.

·      Espainiako estatuan, ez dago arrazakeriarik legeetan: egia da Konstituzioak guztien berdintasuna jasotzen duela, arraza- edo sexu-bereizketarik gabe. Baina, errealitatean, etorkinen seme-alabek emaitza txarragoak lortzen jarraitzen dute eskoletan, eta lan-baldintza eskasak dituzten lanpostu txarragoak lortzen dituzte. Atzerritarrek –bereziki magrebtarrek eta beltzek– oztopo handiak izaten dituzte len sektoretik kanpo kontratatuak izateko, eta traba ugari izaten dituzte ikasketa-tituluak aitortu diezazkieten.

·      Emakumeek lan-munduan duten egoerari dagokionez, Euskadiko gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala urteko 7.213 eurokoa da batez beste, Emakunderen datuen arabera. 2020an, 2015etik 1,5 puntu jaitsi bazen ere, soldata-arrakala % 22,6koa da oraindik (gizonen batez besteko irabaziak 31.790 eurokoak; eta emakumeenak, 24.757 eurokoak).





Zergak eta elkartasuna: guztion eskubideak bermaturik

 

 “Nik ez ditut zergak ordaindu nahi. Aske izan nahi dut: askatasuna nahi dut neure diruarekin zer egin erabakitzeko. Diru asko irabazi badut, merezi dudalako da.”

 



·      Zergak ezinbestekoak dira ongizate-estatua edukitzeko. Ongizate-estatua hainbat une historikotan sortu da munduan zehar. Estatuak oinarrizko eskubideak bermatzeko –hala nola osasuna, hezkuntza, erretiro duina, gosez ez hiltzeko gutxieneko diru-sarrerak…– esku-hartzeari deitzen diogu ongizate-estatua. Zergak eta gizarte-segurantzako kotizazioak zaharren eta gazteen arteko elkartasun-moduko zerbait dira, egoera zaurgarrietan –amatasuna, aitatasuna, haurtzaroa, gaixotasuna, langabezia, zahartzaroa…– daudenei laguntzeko modua. Denok igaroko gara horrelako egoeretatik, behar beste denbora bizitzeko zortea badugu. Dirua partekatzearen arrazoia giza sufrimendua minimizatzea da.

·      Langile pobreenei elkartasuna erakutsi eta laguntzeko lehen mutualitateak Britainia Handian sortu ziren, langileak berak hasi baitziren aurrezten alargunak babesteko. Horrela, amankomunean jarri zituzten aurrezki horiek premia gorrian geratzen ziren familia zaurgarriak babesteko (1834).

·      Lehen Mundu Gerraren amaieran (1918), gerran hildako soldaduen alargunak babestu zituzten Europako estatuek. 1929ko crackean eta XX. mendeko 30eko hamarkadako ondorengo krisian, Estatu Batuetako egoera hain izan zen kritikoa, ezen New Dealekin, Roosevelt-ek erabaki baitzuen enplegu publikoa sortzea eta herritarrei miseriatik salbatzeko enplegua sortzeko eta ekonomia sustatzeko estatu-laguntzak ematea. Horretarako, zerga altuak kobratu behar izan zitzaizkien herritarrei eta irabazi handiak zituzten enpresei.

·      Aberastasuna pertsonen artean birbanatzea berdintasun-maila handiagoa sortzea da. Horretarako, behar-beharrezkoa da ondasun handiak dituztenei zergak kobratzea, gizaki guzti-guztien gutxieneko eskubideak bermatzeko. Demokraziaren gakoa, beraz, hau da: dirua jaso behar dutenen eta dirua ordaindu behar dutenen ustelkeriaren eta iruzurraren aurka borrokatzea.



Diktadurarik EZ!

 

   Gizartea aldatzeko, diktadura-garaia behar da. Langileen paradisua lortzeko, haien eskubideak aldi batez etengo (mugatuko) ditugu, eta, horrela, gizarte ideala lortuko dugu”.


 

       
  • ·       Karl Marx XIX. mendeko ekonomialari, soziologo, filosofo eta irakasle alemanaren ideien egokitzapena da esaldi hori. 1848ko Manifestu komunista bere liburuan esan zuen berdintasunezko gizarte batean sinesten zuela, aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunik gabeko gizarte batean. Hala ere, diktadura bat ezartzea ezinbestekoa zela aldarrikatzeak, praktikan, ezkerreko diktadura krudelak ekarri zituen. XX. mendean, giza eskubideen urraketa larriak eragin zituzten diktadura horiek, hala nola Mao Zedong-en Txinako iraultzaren ondorengoak edo Stalinen Sobietar Batasunekoak. Jende askok errepresioa eta tortura basatiak jasan zituen

  •   Bestalde, XX. mendean ere, Allendek –Txileko politikari demokratak– demokratikoki aukeratutako ezkerreko gobernua aurrera eraman zuen 1973an. Haren politikek estatubatuarren interes ekonomiko zapuztu zituzten. Estatu Batuek, CIA buru zutela, Allenderen gobernua ezegonkortu, erakunde demokratikoak bonbardatu, eta Pinochet jeneral txiletarraren eskuineko diktadura krudela babestu zuten. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, Estatu Batuek Latinoamerika osoan babestu zituzten eskuineko diktadurak, iparramerikarren interesak babesteko aitzakiarekin. Eskuineko diktadura horietan haurrak lapurtu zituzten, aurkari politikoak torturatu eta desagerrarazi, eta giza eskubideak nabarmen urratu zituzten.





Liberalismo ekonomiko eta ondorio sozialak

 

 “Estatuari eskatzen diogu ekonomian ez sartzeko eskua, oso enpresari txarra da eta. Negozioak egiteko askatasuna eman behar die ekintzaileei, haiek eramaten baitute gizartea aurrera”


·      Adam Smith XVIII. mendeko ekonomialari eskoziarraren tesia da hori, 1776ko Nazioen aberastasuna bere liburuan islatu zuena. Haren ideien oinarria zen garai hartako estatu-monopolioak ez zirela onak nazioarteko merkataritzarako. Europako monarkiek nazioarteko merkataritza osoa kontrolatzen zuten, estatu-enpresa monopolistetan. Smithen ideien ondorioz, estatu askok merkataritza-ibilbideak ireki zizkieten hainbat pertsona eta enpresari –negozio horietan jartzeko beste kapital zutenei, jakina– Asian, Latinoamerikan eta Afrikan. Burgesek baimena lortu zuten enpresa berriak egiteko, enpresok akziotan banatu zituzten, eta nahikoa kapital bildu zuten itsasoa zeharkatuta negozioak egiteko. Mendebaldea industrializatzeko beharrezkoak ziren lehengai merkeak inportatu, eta XIX. mendean zehar diru asko irabazi zuten, eta, hala, garapen-maila handia lortu zuten beren herrialdeetan. Prozesuak batera joan ziren: inperialismoa eta mendebaldeko potentzien garapen industriala. Beraz, kapital handiak esku gutxitan metatu ahal izan ziren, eta gero eta industrializazio arrakastatsuagoa sortu zen, bai Europan, bai Estatu Batuetan.

·      Hala ere, XIX. mendean eta XX. mendearen zati handi batean, estatu liberalek ez zuten arlo ekonomikoan kontrol handirik egiten; horrela, lantegi eta industria askotan abusuak gertatu ziren. Europako langile askoren egoera oso gogorra zen, soldata modura huskeria jasotzen zuten, eta sufrimendu handiko baldintzetan bizi behar zuten. Pixkanaka, langile-mugimenduak antolatzen hasi ziren, lan-baldintza duinagoak eta bidezkoagoak lortzeko. Britainia Handiko lehen langile-mugimendua XVIII eta XIX. mendeko “ludismoa” izan zen (1799-1830). Mugimendu horretan, langileek eraso egin zieten makinei, uste baitzuten makinek lana lapurtuko zietela. XIX. mendeko borroken ondorioz, alderdi liberalek eta laboristek langileen eskaerak jaso zituzten legeetan, eta botere publikoa lan-eskubideak babesteaz hasi zen arduratzen.



Nepotismo-rik ez!

  “Gobernura helduko banintz, lekurik hoberenetan lagunak jarriko nituzke. Seguru nago oso ondo egingo luketela, ondo ezagutzen ditut eta!”.

·      Politika-modu horri "nepotismoa" deitzen zaio, eta demokraziaren aurkakoa da. Antzinako Erregimenaren eta Europako iraultza liberalen amaierarekin, Estatu Liberala eraikitzen hasi zen herrialde askotan. Prozesu hori hainbat unetan gertatu zen. Espainian, adibidez, 1812an, Napoleonen Inperioaren aurkako gerraren testuinguruan, lehen konstituzioa onartu zuten Cadizen, absolutismoarekin amaitzeko. Ondoz ondoko iraultza-boladek (1820, 1830, 1848…) Europako erregimen autoritarioekin amaitu zuten.

·      XIX. mendearen aurreko erregimen absolutistetan, erregeak bere lagunak jartzen zituen gobernu-postuetan, aberatsenak eta dirudunenak, egundo kontra egingo ez ziotenak. Iraultza liberal eta nazionalistekin iritsi ziren nazio-estatuak Europara XIX. mendean. Herritarrak konturatzen hasi ziren gizartea zuzentzeko prozesua herriak berak erabaki behar zuela, botoa emanez. Eta horrela sortu zen sufragioa, lehenik gutxi batzuentzat, eta gero gizon guztientzat (gizonentzat bakarrik). Eta esparru publikoko lanpostuak -politikoenak- demokratikoki aukeratzen ziren, hauteskundeetan. Eta administrazio publikoan funtzionarioa izateko  gaitasun-azterketa batean frogatuta lortu behar zituzten hautagaiek: halaxe sortu ziren mediku, maisu-maistra edo poliziaren plaza publikoak.






Habeas Corpus

 

  “Norbait preso hartzen badute, zeozer egin duelako izango da. Delitugile batek ez du eskubiderik, berak bortxatu ditu-eta eskubideak”


 

·      1688an, Ingalaterran, Bill of Rights izeneko giza eskubideen deklarazioan, erregimen absolutista amaitutzat eman zen Bretainia Handian. Demokrazia eraikitzea prozesu bat izan arren, urte hori mugarria izan zen, erregeak bere gain hartzen baitzuen Parlamentuak erabakitakoa errespetatzeko betebeharra. Urrats handia izan zen Britainia Handian demokrazia eraikitzeko. Eskubideen deklarazio horretan, puntuetako bat «habeas corpus» izenekoa zen.

·      Antzinako Erregimenean, botereak eta boteretsuek inolako eskubiderik eman gabe egozten zioten errua jendeari. Askotan, frogarik gabe akusatzen zituzten pobreak edo errebeldeak, defendatzeko eskubiderik eman gabe, abokaturik gabe eta epaiketarik gabe. Eta askotan, errugaberen batzuk modu bidegabean hil zituzten heriotza-zigorraren bidez. Antzinako Erregimeneko epaiketa gehienek ez zuten justiziarik ematen. Protestan ari zena isilarazi egiten zuten, eta herria izutzeko eta makurtuta mantentzeko erabiltzen ziren epaitegiak.

·      Norbaitek besteen eskubideak urratzen baditu ere, justiziak errespetatu egin behar du legearen esparrua. Gainerako guztia diktatoriala edo estatu-terrorismoa litzateke. Norbaitek delituren bat egin badu, kode penaletan ezarritako zigorra bete beharko du.

 



lunes, 22 de noviembre de 2021

Emmeline Pankhurst

 

EMMELINE PANKHURST (1858-1928)


Esteka: Mujeres bacanas. Blog (Iturri honetan hartutako artikuluaren zatia.)

XX. mendearen hasieran Ingalaterran jaiotako emakumeen botoaren arduradun, sinbolo eta mugimendu sufragistaren lider nagusietako bat izan zen; Time aldizkariak mende horretako 100 pertsona garrantzitsuenetako batek aukeratu zuen, bere borrokaren bidez dena betiko aldatu baitzuen.

Manchesterren jaio zen, ekintzaile politikoak ziren gurasoen alaba. 1879an Richard Marsden Pankhurst abokatuarekin ezkondu zen. Abokatu horrek emakumeen alde ere lan egin zuen – Emakumeak ezkondu aurreko ondasunen jabe izan zitezen, adibidez –, baita bost alaben aita ere. 1889an, Emmelinek Women 's Franchise League sortu zuen, eta emakumeen botoaren alde borrokatzen hasi zen.



Baina bere lanik garrantzitsuena 1903an iritsi zen, alargun zegoela, zenbait kiderekin batera emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa sortu zuenean; kide eta militanteei sufragista deitzen hasi zitzaien, eta garai hartan benetako iraultza eragin zuten beren arrazoiaren edo indarraren taktikengatik: beira hautsiak, protestak, gose-grebak eta gehiago. Bere lagun asko bezala, Pankhurst ere behin baino gehiagotan atxilotu zuten.




miércoles, 10 de noviembre de 2021

Arauak apurtzen

 

Antzerkia

Estatua, zertarako?

1.     Lapurreta

Naroa —Kaixo, Miren. Zelan?

Miren Ondo, badakizu, apur bat kezkatuta nago lehenengo partzialak txarto egin ditudalako. Etxean errieta egin didate, ezin duzu imajinatu…!

Naroa —Joe, zein zorte txarra! Baina, zergatik kontatu diezu? Gero azken azterketak gaindituko dituzu, eta kitto! Ez dute zertan enteratu!

Miren Ezetz, Naroa! Aurten, batxilergoko lehen mailan gaudenez, oso adi ibiltzen dira, eta arreta handiagoa jartzen diote egutegiari. Ez dira memeloak! Gainera, esan didate batxilergoa ez dela derrigorrezko hezkuntza, eta horregatik, ez badut gainditzen, familiaren tabernan lan egiten jarriko nautela..!

Naroa —Baina esan diezu ez duzula nahi? Gainera, zer egin ahal dizute? Bost axola zuri!

Miren Momentuz, erabaki dute nire irakasgai guztiak gainditu arte ez didatela asteko pagarik emango. Naroa! Beraz, gaur ezin dut erosketarik egin zurekin: ez daukat dirurik! Zelako kaka zaharra!

Naroa —Bueno, ez larritu, Stradivarius-era joango gara paseoan. Ikusiko dugu arropa edo bitxiak, eta badago! Edo nahiago duzu auzoan geratzea eta txinatarren denda batera joatea? Nik bi euro, gutxienez, badauzkat.

Miren Berdin dio, sartu gaitezen honetan, Naroa!



Narratzailea Naroa eta Miren produktu merkeak saltzen dituen denda batean sartu dira. Txinatarrak dira denda horren jabeak. Momentu horretan, mostradorean dagoen dendariak ez du arreta jartzen, beste erosle bati kobratzen ari zaiolako.

 Naroa —Miren, hartu zeozer, eraman itzazu belarritako batzuk eta karteratxo hori. Ez da enteratuko! Nik, bitartean, patata-poltsa ordainduko diot eta arreta galtzen ari dela aprobetxatuta, lapurtu itzazu gauzatxo batzuk biontzat, bale? Penak ahazteko… kar-kar-kar!

Miren Joe, tia, ez dakit! Hik flipau eiteden! Ze heavy…!

Naroa —Ezetz, Miren, zoaz eta hartu zeozer polita kobratzeko unean dendariari kaka ematen diodan bitartean. Irtetean, mese, ez begiratu atzera! Zuk ez nauzu ezagutzen!

Miren Okei! Banoa! Barre batzuk egingo ditugu!

Narratzailea Mirenek diru-zorro txiki bat bat hartu du, belarritakoen poltsa bi, eta burua bi aldeetara begira, lapurtutakoa motxilan sartu du. Geroago, motxila bizkarrean jarri, eta irten da dendatik. Kanpoan, Naroa du zain. Oso barregarria iruditu zaie biei. Batu direnean, oraindik apur bat urduri, auzo horretatik alde egin, beste leku batera joan, eta banku batean jesarri dira. Ez dute ikusi andre batek dena kontatu diola dendariari, bien artean poliziari deitu, eta nesken deskripzioa eman diotela. Gauzen bilgarriak apurtu baino lehen, lapurtutakoari begiratu bat eman, eta tripak botatzen egon dira denboratxo batean. Bitartean, ertzain bi, abisua entzunda, autoa aparkatu eta jaitsi egin dira. Atzetik hurbildu zaie ertzain bat bi neskei, lapurtu berri dituzten gauzatxoak ikusi, eta eskatu egin dizkie. Erzainak leku zuhurrago batera joateko eskatu die. Oso beldurturik egon dira bi nerabeak. Eta han...

 

2.     Ertzainarekin. Botere betearazlea

Ertzaina —Zuen izen-abizenak eman behar dizkidazue, mesedez. Eta erakutsi NANak.

Naroa eta Miren —Naroa Perez Urkidi / Miren Elba Martinez —biek, dardarka.

Miren —Nik ez dut ekarri NANa… Ekarri ahal didate gurasoek?

Ertzaina —Egin duzuena ez da txikikeria bat. Denda horretan familia batek bizimodua ateratzen du, kostata. Gauzak ez dira errazak inorentzat, eta are gutxiago auzoko denda txikientzat. Zuek egin duzuena mundu guztiak egingo balu, denda txiki horien amaiera izango litzateke. Eta familia batek hortik ateratzen du bizimodua. Egin duzuena jabetzaren kontrako falta bat baino ez da izango, lapurtutakoaren balioa gutxi delako. Dena dela, salaketa bideratzea da gure eginbeharra. Eta auzoko andrearen eta dendariaren testigantzarekin, guk bideratutako salaketa epaitegietara joango da. Bata lapurra eta bestea laguntzaile ezinbestekoa izan zarete. Lehenengoa, zu, Miren, eta bigarrena zu, Naroa. Hilabete bat barru, etxera helduko zaizue zitazio bat epaitegietara joan zaitezten, gurasoekin batera. Han, epaile batek aztertuko du egin duzuena, eta epaia emango du. Gutxi-gorabehera 600-700 euroko isuna (edo handiagoa) jarriko dizuete epaileek, zuei edo zuen gurasoei. Gainera, aurrekari penalak izan ditzakezue, adin nagusiak bazarete. Zenbat urte dituzue?

Miren eta Naroa —16 / 15… —biak erdi-negarrez, xuabe-xuabe, garrasi barik.

Ertzainak —Zorionez, libratu zarete. Baina pentsatu behar duzue nagusiak izan bazinate, aurrekari penalak edukita, ate asko itxiko zitzaizkizuela. Adibidez, funtzionarioak izateko aukera: irakasleak, medikuak edo poliziak, arlo publikoan. Eta enpresa edo leku askotan, aurrekari penalak eskatzen dituzte pertsona bat kontratatu baino lehen… Etorkizuna jartzen ari zarete kolokan.




 3.     Epaitegietako lana. Botere judiziala

Narratzailea Momentu horretan, Miren negarrez hasi da. Naroa ere, kopetilun egon da, eta oso lotsatuta. Bitartean, ertzainek gurasoei deitu diete, eta dena azaldu. Gurasoen zain egon diren bitartean, Mirenek ezin izan dio negarrari eutsi. Naroa lasaiago egon da, eta galdetu dio ertzainari ea barkatuko zieten dendariek. Ezetz esan zion ertzainak. Gurasoak heldu, eta berehala joan dira bi familiak etxera. Neskek egun asko igaro dute epaitegietako deiaren zain. Urduri, lotsati eta kezkatuta egon dira. Batzuetan, amets ere egin dute gertatutakoarekin. Ertzainarekin eduki zuten elkarrizketa grabatuta daukate memorian. Halako batean, gutun bat heldu zaie bi nesken gurasoei, epaitegietatik.

(Ekintza hau epaitegian gertatzen ari da)

Epaileak Ju Kai Txen andrea: Berretsi egiten duzu zeure erabakia?

Ju Kai Txen Bai, ez dut salaketa honekin jarraitu nahi. Buruko min ugari ditut nik negozioarekin, gure ume txikiarekin eta dudan lan eskergarekin. Lapurtutako gauzen bilgarriak ez zeuden apurturik, eta salgai jarriko ditut berriro. Neska gazteak dira, kontzientzia gabekoak. Ertzainarekin hartu duten sustoarekin nahikoa izango dela espero dut.

Epaileak Kasua artxibatuta geratzen da!



 

(Ekintza hau Mirenen etxean gertatzen ari da)

Mirenen ama Miren, etorri hona! Berri onak heldu zaizkigu. Epaitegietatik eman digute abisua. Ju Kan Txenek ez du salaketarekin jarraitu nahi izan. Oso eskuzabala izan da egin duen horrekin. Nik uste dut zeozer egin beharko zenuketela auzoko dendariarekin Naroak eta biok txarto egin duzuena konpontzeko.


 

4.     Zergak ordaintzea, ongizate-estatua eta zintzotasuna

Miren Naroa, ondo iruditzen zaizu gurasoekin komentatu duguna egiten badugu?

Naroa —Jakina, tia, ni oso txarto sentitu naiz egun hauetan…

(Dendariarengana hurbildu dira. Eta berarekin hitz egin nahi dute)




 

Miren —Kaixo, Naroa eta Miren gara. Lapurtu genizkizun gauzak ordaintzera etorri gara, eta barkatzeko eskatzera. Gainera, laguntza eskaini nahi dizugu denda zuekin garbitzeko eta ordenatzeko, astean behin, zuek esan arte… Jakina, ezer kobratu barik egingo dugu lan zuentzat. Pentsatu, mesedez, ea ondo etor dakizuekeen… Gertatu denarekin asko akordatu gara zuekin. Orain oso txarto iruditzen zaigu lapurtzea. Gure adineko jendeak egiten duena, askotan, oso bidegabea da zuentzat. Zuek jende langilea zarete, gure auzoetara zerbitzu bat eskaintzera etorri zarete, eta guk pentsatu gabe egiten ditugu lapurretak noizbehinka. Asko sentitzen dugu.

Ju Kai Chen —Ondo dago, neskak. Onartzen dugu zuen laguntza. Pentsatuko dugu zenbat aste. Agian bi hilabete izan daitezke, astean behin. Horrela, ikusi ahal izango duzue zein zaila den dendari baten bizitza, oso berandu arte geratzen baikara denda txukuntzen, egokitzen edo garbitzen. Eta mesedez, ez egin berriro egin duzuena… Konfiantza eduki behar dugu zuengan!

Narratzailea —Garbitzera joan diren bakoitzean, elkarrizketa ederrak izan dituzte Ju Kai Txenek eta bi neskek. Apurka-apurka elkarrenganako konfiantza eraiki dute. Behin, erratza pasatzen ari direla, Ju Kai Txeni zeozer galdetzea bururatu zaie:

Miren —Eta zergatik etorri zineten familia osoa Txinatik?

Ju Kai Txen —Nire familia ez zen ondo bizi Txinan. Gobernuak senarraren eta bion ideia politikoak debekatzen zituen. Txina ez da oso estatu demokratikoa. Komunismoaren askatasun falta du, eta kapitalismoaren akats asko ere bai. Bizimodua aurrera ateratzeko eta merkatarien lana egiteko etorri gara, besterik gabe. Ea hemen hobeto bizi gaitezkeen.

Miren —Eta hemen, ordaintzen dizkiozue zergak gure Ogasunari, guk bezala?

Ju Kai Txen —Jakina, Miren! Horretarako, oso zintzoak gara. Gure enpresa txikia edukitzeagatik, guk hemengo zerga guztiak ordaintzen ditugu. Eta gainera, oso pozik gaude gure seme txikitxoa haurtzaindegi publiko batean dagoelako. Oso zintzoak izan behar dugu guztiok. Guk geure betebehar fiskalak ordaintzen baditugu, zergatik ez digu guri ordainduko jendeak saltzen duguna?

Miren (Apur bat lotsatuta)  —Jo, egia da. Orain beste modu batean ikusten dut Naroak eta biok egin genuena. Baina zuri, bene-benetan ondo iruditzen zaizkizu zergak?

Ju Kai Txen —Bai… Jakina kostatzen zaidala ordaintzea! Baina umetxoak bronkiolitisa eduki zuenean, Gurutzetako ospitalean oso ondo zaindu zuten. Edo COVID-19aren txertoa… Zuk, ordaindu behar izan duzu?

Miren —Ez, jakina!

Ju Kai Txen —Edo zure eskola… diru publikoa jasotzen du zure ikastetxeak, zure familiak parte bat ordaintzen du eta beste parte bat, askogatik handiena, diru publikoa da! Ulertzen duzu? Gutako bakoitzak dagokiona egin behar du! Nik neure beharrak ditut, eta zuek zeuenak!

Miren —Bai! Gaur oso ondo amaitu dut garbiketa. Ju Kai, banoa etxera, bale?

 

Narratzailea :

Historia hau gure artean gerta daiteke. Askotan ez ditugu gure ekintzen ondorioak kontuan hartzen. Ez dugu ulertzen “Ongizatearen Estatua”-k ahulenak defendatu behar dituela, eta guztiok garela arduradunak eta behartuak. Modu honetan, Miren eta Naroa estatuaren funtzionamendua hobeto ulertzen hasi dira.

Eta zuek? Jarraituko duzue esaten “berdin dio nik txarto egiten badut, guztiek txarto egiten dute eta?; Izan gaitezen arduratsuak!”


domingo, 19 de septiembre de 2021

Ongi etorri errefuxiatuak!

 ITSASOAK DAKARKIGUNA

Gaur, Irailak 19an, Ereagan

Kaixo, historiagileok!!

Etorkinen egoera larria da. Beti pentsatzen dut Historiak epaituko gaituela gure axolagabekeriagatik...

Mediterraneon hildakoek eta pobreziatik datozenek gure erantzuna eskatzen dute. Gaur batu naiz "Ongi Etorri Errefuxiatuak" plataformakoekin, egoera hau salatzeko. Etorri nahi duzue gurekin?




(Etb-ko berrietan agertutako albistetik hartu dut informazio honen zati bat. Nirea bihurtu dut, eta burura eta bihotzera etorri zaidana gehitu dut. Bazatozte nirekin?)

Dozenaka lagunok Europar Batasunaren migrazio politikaren aurkako protesta egin dugu igande honetan Getxoko Ereaga hondartzan, Ongi etorri errefuxiatuak etorkinen harrerarako plataformak deituta, 'Itsasoak ekartzen diguna' lelopean.




Eta...zer ekartzen digu itsasoak?

Jendea

Gizakiak

Zu eta biok bezalakoak

Gure lagun urkoa, nahiz eta urrun jaio


Zer salatu dugu? 'Amets ito gehiagorik ez' eta 'Inor ez da legez kanpokoa' esan dugu pankartekin, "bizitzaren aurkako gerran dagoen migrazio eredua" salatu dugu. "Migratzaileen esplotazioa eta tratu txarrak, gehiegikeriak eta indarkeria arrazista globala eta instituzionala salatzen ditugu", adierazi dugu gaur, Ereagan.




"Mugetako nekropolitika" deiturikoa ere kritikatu dugu, beste herrialde batera igarotzeko Europar Batasuneko mugak zeharkatzen saiatu diren etorkinei erreferentzia eginez. Zergatik "nekropolitika"? Heriotzak sortzen dituelako.


Migrazio politika duin eta eraginkorrak ezartzea eskatu dugu, "erregularizaziotik eta Atzerritarren Legea ezabatzetik igarotzen direnak". Bestalde, "harrera plan duin eta eraginkorra, giza eskubideak errespetatzen dituena, diruz hornitua eta udalekin eta foru-aldundiekin koordinatua" eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari.

Ni izan nintekeen hondartza batera heldu zena, bizitza galduta...

Azkenik, "bide legal eta seguruak" eskatu ditugu "igarotzen ari diren pertsonentzat, eta dituzten eskubideak bermatzea harrerako herrialde eta lurraldeetan eta, jakina, gurean", Afganistango egungo egoerari erreferentzia eginez. Izan ere, milaka pertsona ari dira talibanek gobernatzen duten herrialdetik ihes egiten. Eta Afganistango biztanleak gu izan bagina? Zelan sentituko ginen?



sábado, 28 de agosto de 2021

LGTBIQ+ kolektiboa Txilen

 LGTBIQ+ kolektiboaren jazarpena Txilen


Markel Unamuno

Aurreko ebalualdian Erresuma Batuko Margaret Thatcher gobernubura izan zenean homosexualen egoerari buruz egin nuen lan boluntario bat.  Klasean Itziri entzun eta gero, gai oso interesagarria iruditu zitzaidan lan  bat egiteko, hainbat gauza ikasteaz gain LGTBIQ+ kolektiboari buruzko historia ezagutzeko aukera izango zen eta.


Horregatik, ebalualdi honetan ildo beretik joatea erabaki dut. Hauxe izan zen pentsatu nuena: “bakarrik Britania Handiko egoera aztertzeak ez dit emango gai honen gaineko informazio guztia. Ebalualdi honetan ikasten ari garen politikariak Margaret Thatcher, Reagan, Gorvachov, eta Amerikan: Nixon, Allende edota Pinochet izan dira. Beraz, erabaki dut lan hau egitea gai berean -LGTBI+-sakontzeko. Zer gertatu zitzaien LGTBI-kolektibokoei momento hartan? Lan honetan ez dut Europan interesa jarri nahi izan, latinoamerikan baizik: Txilen, alegia. Zergatik Txilen? Erreza: Txile ikasten ari garen beste gai bat baita, Allende eta Pinocheten diktadura militarra aztertzen ari gara. Gauzak horrela, beraz, lan honen gaia hauxe da: homosexualen eta transexual/trasgenero-en egoera Txilen Allenderekin eta diktadura militarrean Pinochetekin.


Politikoak eta sexu-aniztasuna

Denok dakigun moduan, eta are gehiago XX. mendeko historia ikasten ari bagara, Allendek 1970an hauteskundeak irabazi zituen Unidad Popular alderdiarekin, Txileko presidentea bihurtu zen gehiegoaren botua eskuratuta eta demokratikoki erabakitako gobernua osatu zuen. Allendek ideologia sozialista-komunista zuen presidentea zen eta Txilen gizarte-eskubideak hobetzen saiatu zen. Hala ere, sexu-aniztasunari dagokionez, "norman-arauan" sartzen ez zirenek ez zuten aurrerapen nabarmenik lortu gobernu honekin. Ez zen politikarik egin egoera hobetzeko, diskriminazioa murrizteko edo eskubideak onartzeko. Aniztasuna ez zen onartzen. Dena den, esan behar da Allenderen lehendakaritzapean egin zela sexu-aniztasunaren mugimenduaren lehen martxa, eskubide horiek aldarrikatzeko. Latinoamerikan lehenengoetariko bat.


Víctor Hugo Roblesek azaltzen du protesta hori gertatzea ez dela kasualitatea izan.  Garai hartan homosexualitatea tabua baitzen, diskriminazio handia baitzegoen, poliziaren “sarekada diskriminatzaileak”, etabar. Nire ustez, urte horietan politikan eskuina eta ezkerra berdin homofoboak ziren. Allendek ez zuen bideratu homosexualek une hartan eskatzen zuten irekiera kulturalik, historiaren garai dramatikoa bizitzen ari zelako herrialdea; beraz, ezinezkoa da Allenderi aldaketak eskatzea. Gainera, ezkerreko eta eskuineko egunkariek protesta horri eman zioten erantzuna ikaragarri homofobikoa izan zen, gaur eguneko begiekin ikusita. Itzik esaten digun bezala, ezin dugu epaitu beste garaietan egindako gauzak gure garaiko egoera/pentsaera dutela pentsatzen. Baina honelako titularra - "Colipatos piden Chicha y chancho"- ez zitzaigun bidezkoa irudituko gaur egun.



Marcia Alejandra

Beste alde batetik, 1973ko martxoan, Santiagoko San Borja Arriarán Ospitalean, Marcia Alejandra izeneko emakume transexual bati sexu-berregokitzeko lehen ebakuntza egin zion Antonio Salas doktorearen taldeak.



Lehen esan dudan bezala, 1973ko apirilaren 22an, lehen martxa homosexuala egin zen Santiagon, eta martxa horretan hainbat lagunek parte hartu zuten. Hiriko arma-plazaren inguruan sexu-merkataritza egiten zuten trabestiak, ordura arte, lagun horiek ez zuten identitate-identifikazio argirik. Gure nortasun agiriarekin daude lotuta, askotan, gure eskubideak.  Beraz diskriminazioaren amaiera eskatzen zuten eta homosexualen arteko ezkontza-eskubidea, besteak beste.

Urte horretan bertan gertatu zen estatu-kolpea, eta dakigunez, 17 urtez luzatu zen Pinocheten diktadura. Diktadura garaian, garai hartako trabesti gehienek aurreko garaian egiten zituzten aktibitateak, hauek kaleko sexu-merkataritzan, atoi-etxeetan edo prostituzio-etxeetan lan egiten. Horren adibide, "izeba Karlinaren Etxea" izengoitiarena.. Etxe hartan sortu zen transformisten balet bat, "Blue Ballet" deitzen zen eta garai hartako futbol talde ezagun baten parodia egiten zuen. Horrelako tokiek aurre egin zioten Pinocheten erregimenak egindako garbiketa sozialari eta esparru askeak bihurtu ziren, denbora ilunetan. Aisialdia igaro zuten transformismoarekin edo trabesti ikuskizun artistikoekin. Gainerako hirietan trabestiek lan sexualak egiten jarraitu zuten, batez ere baliabide ekonomikoak eskuratzeko, merkataritza-guneetan batez ere; horrelako tokiak: portuko hiriak eta hiri merkatariak egokiak baitziren sexu-lanetarako. Aldi berean, sexu-berregokitze operazioak modu zuhurrean egiten jarraitu zituzten.


Baina ardura, politikoena baino ez da?

Estatuko gobernuek eta erakundeek ez ezik, homo/bi/transfobia bideratzen duen gizarte osoak ere baldintzatzen ditu sexu-aniztasuneko pertsonen bizitzak. Gainera, komunikabideek LGBTIen eskubideak ukatzen dituzte eta diskriminazioa sustatzen duen iritzi publikoa eratzen laguntzen dute. 1973ko apirilaren 22ko martxak kolektiboa agerian geratu zen, baina, hurrengo egunean, Vea aldizkariak "rebelión homosexual: los raros quieren casarse" izenburua jarri zion. Bestalde, Clarinek, Allenderen aldeko ezkerreko egunkariak, "Colipatos piden chicha y chancho" ("sexu-desbideraketak"), "Marakoak", "Behor solteak" eta "zoro galduak" aipatzen zituen. Ezkerreko zein eskuineko homofobiaren erakusgarri izan zen, Txileko gizarte osoari eragin baitzion.


Victor Hugo Roblesek, "Bandera Hueca" liburuan, bazterkeriak markatutako eguneroko bizitza ere kontatzen du. Lehenik, seme-alaben genero-identitatea edo sexu-orientazioa onartzen ez duten familiak aipatzen ditu. Baita poliziengandik jasotako tratu txarrak; izan ere, pertsona batzuek kontatu duten bezala, "Urte horietan, kalean bazeunden eta zeozergatik konturatu egiten baziren marikoia zinela, preso eramaten zintuzten, jo egiten zintuzten eta ilea mozten zizuten, marikoia izateagatik soilik" 

Pinocheten erregimenak Txileko gizartearen ikuspegi heteronormatiboa sustatzen zuen. Gabriel Salazar historialariak erakusten du gobernu militarrak gogortu egiten zituela maskulinitate eta feminitatea kontzeptuak. Presidentearen bikotea gurtzearen bidez emakumearen irudia etxekoandre gisa sustatzen da. Emakumeak bere lekua eremu pribatuan kokatu behar du, etxeko lanak egitera behartua eta etxean baztertua geratzen da. Gizona, hots, arra buruzagi, indartsu eta gizon gisa aurkezten dute. Erregimen militarretik zabaldutako eredu patriarkalak pertsonak bi roletan murrizten ditu: gizona eta emakumea, eta sexualitate bakarra: heterosexualitatea. Testuinguru horretan, ez dago sexu-aniztasunerako lekurik. Homofobia, lesbofobia eta transfobia esplizituki adierazten ez badira, eredu idealak ezartzen dituzte eta horiek markatzen dute normala dena eta "arraro" edo desegokia dena. Eta askotan, normala ez zen edozerren kontrako joera bultzatzen zuen Pinocheten erregimenak.



Kolpe militarraren ondorengo lehen egunak eta hilabeteak militarren muturreko indarkeria-erakustaldi bat izan ziren, Txileko biztaleek jasan behar zutena. Sexu-dibertsitatearen populazioa ez zen salbuetsia izan, eta aldi labur honetan gizarte-talde horren gainean gertatu ziren giza eskubideen urraketak ulertaraztea interesatzen zait.

Militarren ekintzak ez ziren umiliazio fisiko eta hitzezkoetara mugatu; horiez gain, tortura eta heriotza kasu asko egon ziren. Bereziki, transexualak eta trabestien kontrakoak, diktadura militarrak sustatutako ideal heteronormatibotik are gehiago urruntzen zirenen aurka, hain juxtu. Manzana de Adán liburuan, Paz Errazurizek (fotokazetariak) eta Claudio Donosok (testuaren egileak)  trabesti eta prostituten testigantzak bildu zituzten Talcan, 1984an. 


Pilar emakume horietako batek kolpe militarraren esperientzia zehazten du. "Lucho mutikoa eraman egin zuten eta gaur arte ez da agertu. San Pablo kaleko etxe baten jabea zen. Milikoek su eman zioten. Kolperako Valparaison geunden Leilarekin eta denok eraman gintuzten portura sustraitutako ontzi batean. Hara eraman gintuzten, begiak kamioneta batean estalita. Sei egunez egon nintzen han pilatuta, besteak zulo batean sartuta. Milikoek egin zuten lehen gauza ilea moztea izan zen, errotik erauzi eta gero gainean pixa egiten ziguten. Hainbeste jo gintuzten..! Tamara eta Tila zintzilikatu eta birarazi egin zieten. Itsasora botatzearekin mehatxatu gintuzten. Hogeita hamar homosexual ginen ontzian. Apurka-apurka askatu gintuzten. Batzuk hil zituzten kolpeen ondorioz. Mariliz, oso polita zena, Liz Taylor bezalakoa, hil egin zuten. Gabonetan gertatu zen. Bere gorpua Mapocho ibaian agertu zen, osorik baionetek eragindako zauriez josita. "Ez ziren luma-ebakiak, ez..! -Legezko Mediku Institutuan esan ziguten- "hauek ez dira luma-ebakiak. Baionetek eragindako zauriak dira."
(...)

Nire azkenengo hausnarketa

Seguru nago kontatu dizuedan guztia gaur egun ez dela modu berean gertatzen ari, imaginatzen dut gauzak asko aldatu direla bai Txilen baita gure inguruan ere. Eta aizu: zuk nire lan hau irakurri duzu. Zer pentsatzen duzu zuk? Seguru nago zure buruan zeozer aldatu dela eta erreflexionatzeko aukera izan duzula, ezta?
Gauza hauek historian zehar gertatu dira eta triste bada ere, oraindik gertatzen dira, egunero agresio homofoboak gertatzen dira hemen eta mundu osoan. Bilatzen baduzu “agresión homofoba” edozein sareko bilatzailetan kasu asko eta asko agertzen dira. Oraindik egoera injustu hau aldatzeko ibilbide luzea geratzen zaigu. Ematen du batzuk oraindik  aurreko mendeetan bizi direla..!
Eta gure artean? gure adineko askok barregarritzat hartzen dute gaia, eskerrak nik ez ditudala gauza hauek bizi!!, baina badakit beste lagun batzuek horrelakoak bizi izan dituztela. Sufrimendu horrek, benetan, triste jartzen dit, eta galdetzen diot neure buruari: Bene-benetan hau da nahi dugun mundua? Enpatia handiagoa izan dezakegu? Hori zuek hausnarketa egiteko utziko dizuet, eta espero dut lan hauek zerbait aldatzeko erabilgarriak izatea.


Arauak apurtu?

  Arauak apurtu? Giza Eskubideen Historia Kaixo, historiagileok!! Zer moduz? Urte honetan egin dugun prioektua  aurkeztu nahi dizuet gaur. H...