SAHARA
Hau Krikiba da, lagun mina. Esteka honetan duzue, zuentzat, ikasleontzat, bere agurra eta azalpena.
1.
Kokapena
Sahara Espainiarra
Espainiaren kolonia izan zen. Afrikan dago, Sahara basamortuaren mendebaldean,
Ozeano Atlantikoko kostaldean. Marokok okupatzen du gaur egun Saharako
herriarenak ziren lur asko.
Emakume saharauiak
Baina, zer gertatu zen historian Saharako
herrialde honetan?
Espainiak kolonizazioa abian jartzeko,
Sociedad Española de Africanistas y Colonistas izeneko elkartea kokatu zen
1884an Saharan; Rio de Oroko badian, hain zuzen ere. Hango biztanleekin
hitzarmen batzuk egin ondoren, Espainiako gobernuak eremu hura bere babespeko
lurralde hartu zuen. Espainiarren kolonizazioak oztopo batzuk izan zituen;
gehienbat, Frantzia, interes handia baitzuen lurralde horretan (1904an).
1916-1934 bitartean
hartu zituen Espainiako armadak Sahara Espainiarreko lurralde guztiak (Rio de
Oro eta Sakia-el-Hamra). 1957an beretzat eskatu zuen Marokoko estatuak
lurraldea; baina, gatazka armatua izan ondoren, Espainiak irabazi zuen. 1958an,
Espainiako gobernuak ‘Sáhara Español’ (Sahara Espainiarra) izeneko herrialdea
sortu zuen, Espainiako gobernuburua Franko diktadorea zela. Horretan
oinarritzen dute sahararrek Espainiaren ardura Saharan, urte haietan sahararrek
Espainiako nortasun agiria eduki zuten eta. Hala, saharar askok gaztelania
ikasi zuten eskolan.
1963an fosfatoak
aurkitu ziren Sahara Espainiarreko iparraldean (Bukraa), eta 1972an hasi ziren
espainiarrak Bukraako fosfato meatzeak ustiatzen. Urte haietan, independentzia
gogoa handiagotzen zihoan bertakoen artean. Espainiak, koloniari eusteko
ahaleginetan, probintzia autonomoaren estatusa eman zion. Nazio Batuen
Erakundeak (NBE) ukatu egin zuen egoera hori, eta 1965ean “saharar herriaren
autodeterminazio eskubidea” onartu zuen.
Saharako Frente Polisario
Garai hartantxe hasi
ziren sortzen lehen independentzia mugimenduak, eta 1973. urtean sortu zen
Fronte Polisarioa, sahararrek beren nazioaren independentziaren alde eratu
zuten erakunde politiko-militarra. Berehala aurkeztu zen Fronte Polisarioa
iritzi publikoaren aurrean: zenbait lehergailu jarri zituen Aaiunen, eta, 1974.
urtearen hasieran, patruila militar batzuei eraso zieten. Gauzak horrela,
Marokok eskaera formala egin zuen Sahara eskuratzeko. Baina NBEk ez zion baimen
ofiziala eman.
Espainiak, 1975eko
azaroan, Maroko eta Mauritania onartu zituen Saharako administrazioa
eramateko. Urte hartan, Franco oso
gaixorik zegoen eta azaroaren 20an hil zen. Marokok Francoren ahulezia eta
gobernuaren zalantzak aprobetxatu zituen ‘Martxa Berdea’ aurrera eramateko,
azaroaren 14an, Franco hil baino sei egun lehenago. 1976ko otsailean, Espainiak
kolonia utzi ondoren, bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak. Hil
berean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte
Polisarioak (NBEko 70 estatuk onartu zuten errepublika berria), eta Maroko eta
Mauritania bi estatuen eta saharar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen.
1975ko Marokoko martxa berdea
1979an, Mauritaniako
gobernuak bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina
Marokok bere armada eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako
lurraldean. 1980. urtetik aurrerako urteetan, gerran jarraitu zuten sahararrek
Marokoko armadaren aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen NBEk
Sahara Espainiarrean, abiapuntu gisa 1974an espainiar agintariek egin zuten
errolda hartuta.
Hala eta guztiz ere, ez
da oraindik erreferendumik egin. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su
etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera
gelditu zirenean. 1992an, NBEko ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu
burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma
prestatzeko, baina oraindik ez da egin.
3.
Nortzuk ziren gatazka honetan protagonistak?
Sahararren alde
Fronte Polisario eta
Espainia Francoren garaian (50eko hamarkadatik Franco hil arte, 1975an).
Sobietar Batasuna, hasieran, neutral mantendu zen. Baina 1979ko Afganistango
gerran Maroko Estatu Batuekin lerrokatu zenez, handik aurrera Sobietar
Batasunak ikasteko bekak eta hornikuntza zibila eman zizkien sahararrei –baina
ez armak Fronte Polisariori–.
Marokoren alde
Frantzia, Espainia
(1975tik Aurrera, errege Juan Carlos Iak kargua hartu zuenetik Aurrera) eta
gaur egun, Europar Batasuna, kide komertzialtzat jotzen dute eta. Eta urrunago,
baina konplize axolagabekeriaz, Estatu Batuak (batez ere, Marokoren aldekoa da
eta).
Mariano Rajoy españako presidentea eta Mohamed VI Marokoko erregea.
4.
Zeintzuk dira gaur egun lurralde honetan dauden interes ekonomikoak edo politikoak?
Gaur egun, Marokok
okupatuta dauzkan lurraldeek produktu baliotsu hauek dituzte:
- gasa,
- petrolioa
- eta mota askotako mineralak; adibidez, zirkonita (harri preziatua, diamanteen
antzekoa) edo uranioa, arma nuklearrak egiteko erabiltzen den mineral oso
garestia.
- Saharak dituen bi aldeen artean lurralderik aberatsena da Marokorena.
Beste aldea, kontinentala dena, kostalderik gabekoa, askoz pobreagoa da, ordea.
- Horrez gain, aurreko plataforma kontinentalean –itsasoan– arrantzatzeko akordio
bat sinatu zuen Europar Batasunak Marokorekin, 1988an (berritu egiten dute
aldian-aldian; hala, 2019ko urtarrilean sinatu dute azken akordioa). Fronte
Polisarioak ez du onartzen, baina indarrean jarraitzen du.
- Presidenteak edo erregeak batzartzen diren guztietan terrorismoaren gaia aipatzen dute, elkar-kooperazioa egiteko.
- Politika maila altuko batzar haietan etorkinen kontrolari buruz ere hitz egiten dute.